Zaharra berri

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

Espazioaren esplorazioan istripuak edo porrotak gertatzen direnean ohizkoa da jardun horren arrazoia eta zentzuna kolokan jartzea. Gure herriko egunkari batek, Mars Polar Lander galdu eta gero Marteren esplorazioan horrelako dirutza usatzea zilegi ote den galdetu berri du; munduko gosea eta miseria aitzakia, jakina.

Neronek, egia esan, zalantza-izpirik ez dut. Espazioaren esplorazioan usatutako dirua ondo inbertuta dago oro har. Espazioan sateliteak, zundak, estazioak, laborategiak edo transbordadoreak jarri izanak ez du soil-soilik giza ezagutza izugarri handitu, gure egunereko bizitza zeharo aldatu du. Inportantea da oso Jupiterrek eraztunak dituela edo Io sumendiek astintzen dutela jakitea, unibertsoa beste begi batzuekin ikusteko edo nondik gatozen eta nora goazen jakiteko besterik ez bada ere. Marte ikertuta gure planetaren eboluzioa hobeto uletzeko aztarnak aurki ditzakegu. Artizarrak berotegi-efektuak noraino eraman gaitzakeen begibistan jarri digu.

Bestalde, teknologia espazialaren bilakaerak sekulako eragina izan du gizartearen egunerokotasunean; maila guztietan. Komunikazio-sateliteek txikiagoa egin dute mundua: urrutikoa auzo bilakatu zaigu. Eguraldi iragarpena ez genuke Meteosaten irudirik gabe konprenituko. Amazonasko desforestazioa ezin izango genuke teledetekzio-sateliterik gabe monitorizatu. Belauneko protesien zeramikak eta titanioa ameskeria izango lirateke. Zartaginetan arraultzak itsatiko lirateke eta ezingo genituzke velcroz kirolerako oinetakoak lotu.

Espazio-esplorazioan erabiltako dirutzari buruz dudatzea izan daiteke zilegi eraginkortasunari eta fidagarritasunari erreparatzen bazaie. 1992ko Mars Observer zundaren porrotaren ostean, NASAtik bultzatutako 'txikiago, merkeago eta azkarrago' politika merke-zuhurrean ez ote den jausi aztertu beharko litzateke. Argi eta garbi dago, Voyager moduko garai bateko espazio-esplorazioa (ontzi handi, garesti eta zereginez mukuru) ezin dela planteatu. Karta batean 1.000 milioi dolar jokatzea arrisku lar hartzea da eta ez ekonomikoa bakarrik. Honelako misio baten porrotak zientzialari-balaunaldi bat zeri heldu gabe uzten du. Hala ere, Mars Polar Landeren 165 milioi dolar gutxiegi izan daitezke espaziora tresna bat arrakastaz bidaltzeko behar den segurtasun-neurri eta kalitate minimoa bermatzeko.

Edonola ere, Mars Polar Landeren kostua hainbat futbolarien deuseste-klaupsularen zifra baino txikiagoa da eta zeinek sortzen ditu aberastasun eta onura gehiago?

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila