Elhuyar: “Zaharkinak” erakusketaren jatorria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailan aurkeztutako proiektua da. Zertan datza egitasmo hori?
F. Leizaola: Aranzadiko Etnografia Sailak urte asko eman ditu gipuzkoarron ondare historikoa ikertzen. Lan horri kohesioa ematea eta jendartean ezagutaraztea beharrezkoa zela iruditzen zitzaigun. Diputazioan aurkeztutakoa ikerketa horien emaitzak biribiltzeko saioa da. Etnografoon ikuspuntutik, etxeetan edo baserrietan pilaturik dauden piezek balio historiko handia dute. Zoritxarrez, herritarrek ez dute pertzepzio bera izaten eta baztertu behar diren objektuak direla uste dute. Ahaztu egiten dugu gurea ondare horrekin uztarturik bizi den herria dela, bildu ditugun pieza txiki horiek guztiek gure bizitzari zentzua ematen diotela.
Bestalde, ondarea eraikuntzek edo balio ekonomiko handia duten piezek osatzen dutela uste izan da. Aitzitik, hauts artean aurkitzen diren gauza txiki horiei ez diegu duten garrantzia ematen. Alabaina, gauza txiki horiek informazio itzela ematen digute gure ondare higigarria osatzen baitute. Horretaz jabearaztea eta gure historiaz harro sentiaraztea dira “Zaharkinak” egitasmoaren helburu nagusiak.
Elhuyar: Dagoeneko, Gipuzkoako hainbat herritan egin duzue esperientzia hori. Zeintzuk dira eman behar diren urratsak objektu horiek guk ikusi ahal izateko?.
F. Leizaola: Egitasmoarekiko interesa erakutsi duten udaletara jotzen dugu eta herrian pisu espezifiko handia duten giza-taldeak proiektuan inplikatzen saiatzen gara. Udaletxeko ordezkarioi eta Aranzadiko kideoi herriko eskoletako gazteak ere elkartzen zaizkigu. Izan ere, gazteak berreskurapen-proiektu honetan eragile izatea nahi izan da. Lan praktikoari ekin aurretik, bi eguneko azalpen-saioak egiten ditugu irizpideak finkatzeko. Hori egin ondoren hasten da kanpo-lana.
Ikasleak taldekatu eta gero, herriko baserriak bisitatzera abiatzen dira. Guk aurretik emandako irizpideen arabera, baserrian aurkitu dituzten objektu interesgarrien zerrenda egiten dute. Etnografiaren ikuspuntutik, datu horiek oso zehatzak ez badira ere, lehen hurbilpena egiteko balio dute. Horrekin ikasleekin egiten den lana lan pedagogikoa dela eta ez zientifikoa esan nahi da. Esperientzia horrek herrian bertan dagoen eta beraiena ez den errealitatea ezagutzeko aukera ematen die.
Lanaren lehen fase horrek 2 hilabeteko iraupena izaten du. Ikasleek bildutako datuetan oinarrituz, Aranzadi Elkarteko kideok baserri horietara jotzen dugu etnografiaren ikuspuntutik interesgarriak diren objektuak ikusi eta zerrendatzera. Ondoren garrantzitsuenak hartu egiten ditugu jendaurrean erakusteko. Erraza iruditu arren, azken urrats hori lan eskerga da. Batetik, objektu horien jabeek gurekiko izan dezaketen mesfidantza gainditu egin behar dugu eta, bestetik, objektu horiek duten garrantziaz ohartarazi behar ditugu. Jendeak uste baino zailagoa da hori.
Elhuyar: Erakusketan ikusgai dauden pieza horiek herritarrentzat balio sentimentala dutela ukaezina da. Zientifikoki, ordea, zertarako erabiliko ditu datu horiek Aranzadiko Etnografia Sailak?
F. Leizaola: Egitasmo honek bi helburu nagusi ditu. Bertakoei herrian duten ondareaz jabearaztea batetik eta Gipuzkoako Ondare Historikoa osatzea, bestetik. Lehen helburuari dagokionez, herrietako erakusketek gizarteratze aukera hori eskaini digute. Bigarrenari dagokionez, berriz, ondare higigarriaren katalogoa egiten ari gara. Herrietan bildutako piezen % 50 inguru sailkatu eta fitxatu egiten dugu. Horretarako erabiltzen dugun irizpide nagusia gure ondarearen islada izatea da. Honekin gure ondarearen egoera zein den aztertzeari lehentasuna eman diogula esan nahi da. Jende askorentzat baliogabeak badira ere, gure historiaren zati garrantzitsua den neurritik, gorde eta errespetatu egin behar dela aldarrikatu nahi izan dugu.
Elhuyar: Nola baloratuko zenuke orain arte egindako lana?
F. Leizaola: Oso aberasgarria izan da. Aranzadin urte asko eman ditugu zeregin beretsuetan, baina proiektu honek erradiografia zehatzagoa egiteko aukera eman digu. Orain arte, Andoain, Zerain, Asteasu, Azpeitia, Zaldibia, Deba, Errezil eta Usurbilen izan gara eta herri gehiagotara jo nahiko genuke gure lana biribiltzeko. Nolanahi ere, orain arte egindakoa herri horietan abegitsu hartu gaituztenen laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Aranzadi Elkartea ahalegin handia egiten ari da gure ondarea hobeto ezagutarazteko. Balio beza horrek gure iraganaren duintasuna berreskuratzen laguntzeko.
Fermin Leizaola kexu azaldu zen gaur egun gizarteak ondare historikoaz erakutsi duen axolagabekeria dela eta. “Etxeetan edo baserrietan pilaturik dauden piezek balio etnografiko handia dute. Zoritxarrez, herritarrek ez dute pertzepzio bera izaten eta askotan objektu horiek baztertu egiten dituzte. Ahaztu egiten dugu gurea ondare horrekin uztarturik bizi den herria dela, bildu ditugun pieza txiki horiek guztiek gure bizitzari zentzua ematen diotela”.
Ondare higigarria osatzen duten gauza txiki horiek eraikuntza handiek adinako balio historikoa dutela azpimarratu zuen Ferminek: “Hauts artean aurkitzen diren gauza txiki horiei ez diegu duten garrantzia ematen. Alabaina, gauza txiki horiek informazio itzela ematen digute gure ondare higigarria osatzen baitute. Horretaz jabearaztea eta gure historiaz harro sentiaraztea dira “Zaharkinak” egitasmoaren helburu nagusiak”.
Ondoren argazkien azalpen laburra egingo dugu.
Lehenengo eta bigarren argazkietan baserriko lanabesak ikus daitezke. Leizaolak esan zigunez, era horretako materialak aurre-prestaketa handia eskatzen du, besteak beste, piezak garbitu, tratatu eta erakusgarri jartzeko moduan utzi behar direlako. Edonola ere, “Zaharkinak” egitasmoa erakusketa soila da eta beraz, piezei ez zaie museoetan jarri ahal izateko behar den tratamendu xehea ematen.
Hirugarren argazkian uztarriak daude. Aranzadi Zientzi Elkarteko koordinatzaileak zioenez, era askotako uztarriak bildu ahal izan dituzte. Euskal Herriko uztarriek berezko ezaugarriak dituztela ere esan zigun Ferminek.
Laugarrenean etxebarruko tresnak ikus daitezke: josteko makinak, lisa-burdinak, etab. Bisitariarentzat bereziki erakargarriak dira pieza horiek. Antzinako bizimodua nolakoa zen azaltzen dute eta gaur egun erabiltzen ditugun etxeko tresnekin zerikusi zuzena badute ere, urteotako bilakaera nabarmen ikus daiteke.
Bostgarrenean erlazainek erabiltzen duten ke-hauspoa eta erlauntza erakusten ditu Ferminek.
Seigarren argazkian anguletako tresnak azaltzen dira. Tokian tokiko berezitasunei lekua uztearren, Usurbilgo “Zaharkinak” egitasmoak angulak harrapatzeko erabiltzen ziren eta diren tresnak erakutsi ditu.
Zazpigarren argazkian aroztegiko tresnak ikus ditzakezue. Pieza txikiak eta handiak batera jarri zituzten Usurbilgo erakusketan.
Zortzigarren argazkian kaiku zaharra ikus dezakezue. Euskal Herriaz landa, ez da kaikurik erabiltzen eta horrek berezko balioa ematen dio gure baserrietan behiak eta ardiak jeizteko erabiltzen zen kaikuari.
Bederatzigarren argazkian herriko baserritarrek utzitako argazki, irudi eta dokumentu zaharrak azaltzen zaizkigu. Bitxikeria iruditu arren, pieza horiek balio handia dute gizartearen bilakaera aztertzeko.