Wilbur eta Orville artzain-semeak ziren. Betidanik egon ziren oso elkartuta, nahiz eta oso ezberdinak izan: nagusia isila eta bakartia zen, eta lasaitasuna, hausnarketa, borondatea ziren haren izaeraren ardatzak; txikia, berriz, irekiagoa zen; ez zen anaia bezain jeniala eta intuitiboa, baina hura baino askoz ere lagunkoiagoa zen.
1878an piztu zitzaien aeronautikarekiko zaletasuna. Aitak paperezko helikoptero txiki bat oparitu zien, gomazko motor batek mugitzen zuena. Dena den, asmamena geroago etorri zen.
Lehenik eta behin, kazetaritzan jardun zuten: The Midget eta The Evening Item izeneko egunkariak sortu zituzten. Ondoren, bizikleta-denda bat jarri zuten eta, hain zuzen, haren tailerrean hasi ziren lehen makina hegalariak asmatzen. 1896an, Otto Lillienthal aitzindari alemana hil egin zen berak eraikitako planeagailu batekin istripua izan ondoren, eta, horren berri izan zutenean, haren metodoez baliatzea erabaki zuten motordun lehen aparatua oinarri sendoen gainean eraikitzeko.
Octave Chanute jatorri frantziarreko ingeniariarekin jarri ziren harremanetan, hark 1894an abiazioari buruz idatzitako liburua Progress in Flying Machines irakurri ondoren. Chanutek harreman ona zuen Louis Mouillard frantziarrarekin, beste aitzindari bat, eta Ferber kapitainarekin. Azken horri berehala berotu zitzaion gogoa Wright anaien lanak ezagutu zituenean, eta Frantzian ezagutzera eman zituen.
Oraindik ez dago garbi hegoen biraketa Wright anaiek beren kabuz asmatu zuten ala Mouillard-en L’Empire de l’air liburuan oinarritu ziren, sistema hura oso ondo deskribatzen baita liburu horretan.
Chanute-ren ideietan oinarrituta, 1,50 metroko kometa biplano txiki bat eraiki zuten: hegalen puntak lau kablez lotuta zeuden, eta, haiei eraginda, kometa lurretik birarazten zuten. Huffmann izeneko Dayton-eko bankari batek lursail bat alokatu zien saiakuntzak egiteko, baina ez zen horretarako oso egokia, eta beste baten bila hasi ziren. Ipar Karolinan aurkitu zuten: Kitty Hawk izeneko lekua. Tate delako batek esana zien lekua hareazko dunaz josita zegoela eta haizeak etengabe jotzen zuela.
Eta, hain zuzen ere, Tateren etxeko atarian muntatu zuten 1900ean lehen planeagailua. 5 metroko hego-luzera eta 15 metroko hego-azalerako biplanoa zen. Aurrealdean sakonera-lema zuen jarrita. Pilotuak haren gainean etzanda joan behar zuen, eta haizeak uzten zionean bakarrik kontrola zezakeen. Dena den, kometa moduan erabili zuten batez ere, hau da, lurretik maniobratzen zuten soka batzuk erabiliz.
Saio guztiak ez ziren arrakastatsuak izan.1900eko irailean, hauxe idatzi zion Wilburrek aitari: “Ezin da esan aparatuak hegan egiten duenik. Hegaldiko oreka-arazoei konponbidea aurkitzeko bakarrik erabiltzen dut. Bestela, nire proiektuak oso aurreratuta daude nire aurrekoen metodoekin konparatuta. Kontua da lehenik eta behin aparatua erabat kontrolatzea, nola edo hala, hori lortutakoan motorraren arazoa berehala konponduko da eta".
1901ean, Wright anaiak planeagailu handiago eta hobe batekin hasi ziren probatzen. Hegaldi librean, gai zen pilotuari eusteko haizea abiadura ertainekoa bazen. Saiakuntza haiek Kitty Hawk-en hegoaldetik 7 kilometrora egin zituzten. Chanute, ordurako hirurogeita hamar urteko gizona, han izan zen, animatzen.
Bizikleta-lantegiko baliabideak aprobetxatuta egin zuten Flyer hegazkina.Makina ez zen egonkorra, baina oso esperientzia ederrak eskaini zizkien. Gainera, ordura arte ezagutzen ziren teoria guztiak aztertzeko aukera eman zien. Egia da batzuetan esperientziok etsitzekoak izan zirela; baina, behintzat, haien bitartez, Daytonen benetako haize-tunela eraikitzera heldu ziren. Karratua zen: 35 zentimetro zabal eta 2 metro luze. Tunel hartan, hainbat hego-profilen portaera aztertu zuten, haizagailu batez haizea emanez.
1902ko irailean, hirugarren planeagailu batekin probatu zuten: hego luzeagoak zituen eta atzean deriba. Bi hilabetean mila planeotik gora egin zituen eta berrehun metroraino igotzea lortu zuen.
Oraindik alde bateko orekaren arazoa konpondu gabe jarraitzen zuten, hego okertuak erresistentzia sortzeko joera zuen eta. Akats hori zuzentzeko, norabide-lema hegoa biratzeko sistemarekin konbinatu zuten eta, horrela, bi gailuak batera manipula zitzakeen pilotuak. Oso irtenbide eraginkorra izan zen. Beraz, planeagailuaren kontrol aerodinamikoa lortuta, hurrengo etapara pasatzeko moduan zeuden: motordun aeroplanoa.
Automobil-fabrikatzaileengana jo zuten motorra lortzeko, baina ez zuten motorrik aurkitu. Horregatik, beraiek fabrikatu zuten Charles Taylor mekanikoak lagunduta. Lineako 4 zilindrodun motorra eraiki zuten: 12 zp-tik 16rako indarra zuen eta kate batzuen bidez helizeak mugitzen zituen zurezko birakari batzuen kontra, horiek ere beraiek fabrikatutakoak.
1903. urtearen amaieran, Wright anaiak prest zeuden berriro aeroplano berriarekin probatzen hasteko. Flyer jarri zioten izena eta probak Kitty Hawk-etik hurbil dagoen Kill Devil Hill-en burutu zituzten. 1902ko planeagailuaren antzeko aparatua zen, baina 12,34 metroko hego-luzera, 45 metroko hego-azalera eta 6,82 metroko luzera zituen. Pilotuak hegoaren gainean etzanda joan behar zuen, planeagailuetan bezala.
Lehen saiakera abenduaren 14an egin zuten. Aparatuak irristailuak zituen errazago lurreratzeko, eta duna baten maldan jarritako zurezko errail batetik irristatzen zen haizearen kontra errazago aireratzeko. Zotz egin zuten aparatuak nork estreinatu erabakitzeko, eta Wilburri egokitu zitzaion. Aparatuak aireratzea lortu zuen, baina berehala okertu eta lurrera erori zen. Abiadura galtzea izan zen arrazoia.
Harrigarria. Flyer hegazkinak hamar metroko altuera hartu zuen lehen hegaldietan.Abenduaren 17an lautada bat aukeratu zuten. Hotz eta haize handia ziren. Orvilleren txanda zen. Horrela deskribatu zuen mundu osoan ospetsu egin zuen saialdia: «Altxatu ginenean, 35 km/h inguruko haizeak jotzen zuen iparretik. Minutu batzuetan motorrari eta helizeei birarazi egin genien bero zitezen. Gero aparatuan jarri nintzen lehen saialdia egiteko: 10:35 ziren eta haizea oraindik hotza zen. Aparatuari eusten zion kablea askatu eta gero eta azkarrago mugitzen hasi zen: 12 edo 13 km/h edo. Errailaren laugarren atalera heltzen ari ginela, aireratu egin zen. Noraezean ibili zen. Haizearen indarrak eta pilotuaren esperientzia-faltak eraginda gora eta behera egiten zuen. Hegazkina errailaren amaieratik 35 metrora zegoela, amildu egin zen. Hegaldiak 12 segundo iraun zuen. Historian lehen aldiz, makina bat bere kabuz goratu zen aldean pertsona bat zeramala. Abiadura murriztu gabe nabigatu zuen, eta airea hartu zuen altuera-puntuan hartu zuen lurra ere».
Wilburrek eta Orvillek beste bi hegaldi egin zituzten, bakoitzak bat: 12 eta 15 segundo iraun zuten. Gero, Wilbur azken aldiz aireratu zen: 59 segundoko hegaldia izan zen eta 260 metroko ibilbidea egin zuen. Bukaeran, baina, aparatua erori eta hondatu egin zen. Saialdia 5 lekukok ikusi zuten eta, horregatik, horixe hartzen da historiaren lehen hegalditzat.
Juan Arantzamendi ondarrutarrak dokumentu hau bidali digu. 1903ko urriaren 4an ABC egunkariak argitaratu zuen zutabea da, Alfredo Marquerie kazetariak idatzia. Ordurako, Wright anaiek lehen saioak egin zituzten, baina oraindik ez zuten lortu lehen hegaldia egitea. Dokumentuaren xarma eta interes historikoa direla eta, bere horretan argitaratu dugu. Eskerrik asko, Juan, testu interesgarri hau bidaltzeagatik.
|