Venus Express: Europatik Artizarrera

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Eguzkiaren eta Ilargiaren ondoren, zeruko argirik dirdiratsuena da Artizarra. Hori dela eta, antzinatik ezagutzen da; baina horrek ez du esan nahi ondo ezagutzen denik. Aitzitik, erantzunik gabeko galdera asko dituzte astronomoek Artizarraren gainean egiteko. Galdera horiek argitzea izango da Venus Express zundaren zeregina.

Venus Express: Europatik Artizarrera
2006/02/01 | Rementeria Argote, Nagore | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Venus Express zunda metro eta erdi luze da, eta 1,2 tonako pisua du.
ESA

Artizarra denon ahotan da berriro ere. 60-70 hamarkadetan, zeresan handia eman zuen, hainbat misioren helburua izan zen eta --gogoan izan sobietarren Venera ontziak eta estatubatuarren Mariner -ak, esate baterako--. Baina, azkenaldian, ahaztu antzera izan dute espazio-agentziek.

Orain, ordea, Europako Espazio Agentziak begiz jo du; eta Venus Express zunda bidali du Artizarreko berri eman dezan.

Zer dela eta bidali duten zunda bat Artizarrera? Bada, errazagoa da galdera horri erantzutea aurkakoari baino; hau da, ez da erraza azaltzea zergatik bidali diren zundak urrunago dauden planetetara, eta Artizarrera ez. Nolanahi ere, Venus Express bidali izanaren arrazoi nagusia ez da Artizarra Lurretik gertu egotea, zer irakatsi handia duela baizik --adituek uste dute han ikasitakoa Lurrean aplikatzeko modukoa izango dela--.

Lurraren ahizpa omen da Artizarra; izan ere, antzekoak dira ezaugarri batzuei dagokienez: lur-planetak dira biak eta uste da alde solidoaren konposizioa antzekoa dutela, tamainaz ere berdintsuak dira... Gainera, planeta biak sortu zirenean, are eta antz

handiagoa omen zuten. Beraz, Artizarra hobeto ezagututa, planeton sorreraren berri izan dezakegu.

(Argazkia: -)

Hala ere, bien arteko desberdintasunek dituzte adituak txundituta, eta ez antzekotasunek. Artizarrak misterio bat baino gehiago ditu. Eta, jakina, erronka polita da misteriook argitzea. Dirudienez, jatorrian antzekoak izan ziren arren, oso eboluzio-bide desberdinak izan zituzten. Atmosfera da horren erakusle.

Misioaren jomuga: Artizarraren atmosfera

Artizarraren azalean, tenperatura ikaragarri altua da (batez beste 465 ºC inguru); Lurrean, aldiz, 15 bat Celsius gradu. Artizarra Eguzkitik gertuago dago, bai, baina ez da hori diferentziaren arrazoia (Artizarraren azalera lurrazalera baino eguzki-energia gutxiago iristen omen da). Gakoa berotegi-efektua da.

Berotegi-efektua bortitza da Artizarrean. Atmosfera oso trinkoa du --Artizarraren azaleko presioa Lurrekoa baino 90 aldiz handiagoa da--, eta bertako osagai nagusia karbono dioxidoa da. Muturreko egoera batean dago, eta, orain arte, ezin izan da berotegi-efektu hori behar den bezala aztertu, Lurrerako egindako eredu matematikoek ez baitute balio.

Beraz, Artizarreko berotegi-efektua aztertu nahi da, Lurrekoari aurre egiten lagunduko duelakoan.

Eguzkiaren eta Ilargiaren (irudian lehen planoan) ondoren, zeruko argirik dirdiratsuena da Artizarra.
(Argazkia: NASA)

Azalpen-eske dagoen beste kontu bat ere bada: superrotazioa. Artizarrak, 50-65 kilometroko garaieran, hodeiak ditu, azido sulfuriko tantaz osatutako hodeiak. Haizearen abiadura ikaragarria da garaiera horretan (300 kilometro orduko, gutxi gorabehera) eta, ondorioz, hodeiak oso azkar mugitzen dira. Hala, superrotazio deritzon fenomenoa gertatzen da: Artizarraren atmosferak planetak berak baino askoz ere azkarrago biratzen du. Hodeiek lau egun baino ez dituzte behar planetari bira emateko; planetak, ostera, oso errotazio motela du: 243 egun behar ditu bere ardatzaren inguruan bira bat egiteko, eta ordurako bira bat eman dio Eguzkiari. Horregatik, Artizarrean urtea eguna baino laburragoa dela esaten da.

Fenomeno horien eta beste hainbaten azalpena emateko, Artizarraren atmosfera aztertuko du Venus Express -ek: atmosferaren konposizioa, egitura bertikala (hau da, nolako ezaugarriak dituen atmosferak garaieraren arabera), hodeien dinamika, meteorologia eta abar.

Artizarraren gainazala ere aztertuko du. Izan ere, krater zaharrenek bostehun milioi urte baino ez omen dituzte. Adituen ustean, horrek adierazten du Artizarraren gainazala berritu egiten dela noizik eta behin. Lurrean, etengabe askatzen da planetaren barnealdeko energia, sumendiak direla, lurrikarak direla... Artizarrean, aldiz, uste dute energia hori planetaren barnean metatzen dela. Halako batean, planeta osoa hartzen duen erupzio bat gertatu eta gainazala berritu egiten da, eta aurrez zeuden kraterrak desagertu egiten dira.

Baikonur-ko kosmodromotik (Kazakhstan) jaurti zuten zunda 2005eko azaroaren 8an.
(Argazkia: ESA)
Hipotesi horren arabera, duela bostehun bat milioi urte gertatu bide zen azken erupzio globala. Horregatik ez dago adin hori baino zaharragoko kraterrik. Prozesu geologiko horiek oso interesgarriak dira Lurrekoekin konparatzeko, eta ulertzeko zergatik dagoen plaken tektonika Lurrean eta Artizarrean ez, itxuraz behintzat.

Antza denez, Artizarraren gainazala eta atmosfera oso lotuta daude. Eta Venus Express -ek erlazio hori argitzeko datuak jasoko ditu.

Berrerabili eta aurreztu

Misio hau 2001eko martxoan jaio zen. Europako Espazio Agentziak (ESA) Mars Express zundaren diseinua berrerabiltzeko proposamenak eskatu zituen. Diseinu bera erabili nahi zuten, eta industria-lantalde berak. Baina, denboraz larri zebiltzan: ahalik eta arinen prestatu behar zuten misio berria, 2005. urtean jaurti behar zuten eta.

Pentsatu eta egin. 2005eko azaroaren 8an jaurti zuten Venus Express zunda Baikonur-reko kosmodromotik (Kazakhstan). Jaurtiketarako, Soyuz-Fregat bat erabili zuten, eta, une honetan, Artizarrerako bidean da.

Venus Express zundak bezala, Rosetta -k ere badu VIRTIS kamera bat; argazkiak aldi berean uhin-luzera askotan atera ditzake, eta honelako irudiak jasotzen ditu.
ESA
Beraz, Artizarrerako misio honek abantaila handi bat du sorreratik bertatik: beste misio batzuetako teknologia bera erabili da. Mars Express eta Rosetta misioetako ordezko pieza batzuk erabili dira, baita gainerako piezak egiteko azpiegiturak ere. Hala, aurreratu egin da diseinu kontuetan. Dena dela, badira hiru pieza Venus Express -erako bereziki moldatu behar izan direnak, besteak beste VIRTIS izeneko kamera.

Euskal Herrian ere Artizarrari begira

VIRTIS kamera omen da zundaren tresnarik konplexuena. Tresna horrek jasotako datuak Euskal Herriko Unibertsitateko adituek, besteak beste, aztertuko dituzte Agustin Sanchez-Lavega fisikari eta astronomoa buru dutela.

Eguzki-sistemako planeta handien atmosferak --Jupiter, Urano, Saturno eta Neptuno-- aztertu izan dituzte, eta, oraingoan, Artizarraren atmosferaren ikerketan parte hartzeko aukera izango dute.

Jesus Arregi lantalde horretako partaidea da, eta, haren ustez, oso informazio aberatsa ekarriko die VIRTIS kamerak. "Datu horiekin ahaleginduko gara aztertzen, batez ere, atmosferaren egitura (zer geruza dituen), hodeiak eta horien mugimendua, uhinak, mugimendu ondulatoriorik ba ote dagoen eta horrelako kontuak".

Venus Express- ek Artizarraren gainazala ere aztertuko du atmosferaz gain.
ESA
"Lehenengo misioak egin zirela badira 33-35 bat urte dagoeneko. Radar-mapak egin dira eta bertan lur hartu duten zundak ere izan dira, nahiz eta oso denbora gutxi iraun bertako baldintza bortitzak direla eta: tenperatura oso altuak, presio izugarria eta, txarragoa izan daitekeena, hodeiak azido sulfurikozkoak izatea (oso korrosiboak). Orain aukera izango dugu orain artekoarekin egin dugun irudi hori aberasteko, bai konposaketari dagokionez, bai hodeien fisikari eta kimikari dagokionez, baita atmosferak eguzki-haizearekin duen elkarrekintzari dagokionez ere."

Zunda martxoan sartuko da Artizarraren orbitan. Bidean, tresnak probatzen joango dira, eta, oraingoz, testak ondo doaz. Venus Express -ek orbita finkatu eta berehala hasiko dira tresnak lanean, eta, Jesus Arregiren esanean, "maiatza alderako hasiko gara datuak jasotzen; eta, hortik aurrera, azterketa-lana izango da".

Zundako tresneria 486 egunez lan egiteko prestatuta dago. Dena dela, ondo badabiltza, lanean jarraituko dute, eta Artizarraren irudia osatzen lagunduko duten datuak jasotzen jarraituko dute Europako fisikari- eta astronomo-taldeek. Gu emaitzen zain geratuko gara.

38
Misioak erantzun beharreko galderak:
· Nolako ezaugarriak ditu Artizarraren atmosferak, osotasunean hartuta?
· Nola mugitzen da?
· Nola aldatzen da atmosferaren konposizioa garaieraren arabera?
· Nola eragiten diote elkarri atmosferak eta gainazalak?
· Nolakoa da goi-atmosferaren eta eguzki-haizearen arteko elkarrekintza?
Gazi-gozoak Artizarrerako misioetan
1961 eta 1989 urteen artean, hogeita hamar espazio-ontzi baino gehiago bidali ziren Artizarrera. Batzuk iritsi ziren, besteak ez. Arrakasta lortzen lehenengo misioa NASAren Mariner 2 izan zen: biraka jarri zen Artizarraren inguruan, eta bidali zituen datuek frogatu zuten planetaren gainazaleko tenperatura oso altua zela. 1962an gertatu zen hori.
1970ean, berriz, Venera 7 lurreratu zen Artizarraren gainazalean: gizakiak egindako tresna bat Lurra ez zen beste planeta batean lurreratzen zen lehenengo aldia zen. Hogei minutu baino ez zituen iraun, ordea: atmosfera sendoak eragindako presioak eta tenperatura altuek erabat hondatu zuten.
Venera 1.
(Argazkia: Virtual Space Museum)
Venera 9 -ak (aurrekoaren oinordekoak) gainazalaren lehenengo irudiak bidali zituen 1975ean: irudian 30-40 zentimetroko arroka batzuk ageri ziren, itxuraz higatu gabeak.
Hain atmosfera trinkoa izanik, ez da erraza izan Artizarraren gainazalaren mapa egitea. Egin, egin da, ordea; radar bidez. NASAren Magellan ontziak, esate baterako, Artizarraren inguruan orbitatu zuen 1990 eta 1994 artean; egunean zortzi bira ematen zituen planetaren inguruan.
Venus Express-en tresneria
ASPERA-4: plasma neutroa eta ionizatua analizatuko ditu. Mars Express -en ASPERA-3-ren ondorengoa da.
MAG : magnetometro bat da, eta eremu magnetikoaren indarra eta noranzkoa neurtuko ditu. Rosetta Lander -en ROMAPen ondorengoa da.
PFS : atmosfera bertikalki zundatuko du infragorriko Fourier-en espektroskopiaz. Mars Express -en PFSren oinordekoa da.
-
SPICAV : erradiazio ultramorearentzako eta infragorriarentzako espektrometroa. Mars Express -en SPICAMen ondorengoa da.
VeRa : Atmosferaren eta gainazalaren irrati-bidezko zundaketa egingo du. Rosetta -ren RSIren ondorengoa da.
VIRTIS : hurbileko eremu ultramorean, ikusgaian eta infragorrian lan egingo duen espektrometroa da.
VMC : eremu ultramoreko, ikusgaiko eta hurbileko infragorriko irudiak jasoko dituen kamera bat da. Mars Express -en HRSC/SRC eta Rosetta -ren OSIRISen ondorengoa da.
Rementeria Argote, Nagore
3
217
2006
2
038
Astronautika; Astronomia; Astrofisika

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.