Artizarra denon ahotan da berriro ere. 60-70 hamarkadetan, zeresan handia eman zuen, hainbat misioren helburua izan zen eta --gogoan izan sobietarren Venera ontziak eta estatubatuarren Mariner -ak, esate baterako--. Baina, azkenaldian, ahaztu antzera izan dute espazio-agentziek.
Orain, ordea, Europako Espazio Agentziak begiz jo du; eta Venus Express zunda bidali du Artizarreko berri eman dezan.
Zer dela eta bidali duten zunda bat Artizarrera? Bada, errazagoa da galdera horri erantzutea aurkakoari baino; hau da, ez da erraza azaltzea zergatik bidali diren zundak urrunago dauden planetetara, eta Artizarrera ez. Nolanahi ere, Venus Express bidali izanaren arrazoi nagusia ez da Artizarra Lurretik gertu egotea, zer irakatsi handia duela baizik --adituek uste dute han ikasitakoa Lurrean aplikatzeko modukoa izango dela--.
Lurraren ahizpa omen da Artizarra; izan ere, antzekoak dira ezaugarri batzuei dagokienez: lur-planetak dira biak eta uste da alde solidoaren konposizioa antzekoa dutela, tamainaz ere berdintsuak dira... Gainera, planeta biak sortu zirenean, are eta antz
handiagoa omen zuten. Beraz, Artizarra hobeto ezagututa, planeton sorreraren berri izan dezakegu.
Hala ere, bien arteko desberdintasunek dituzte adituak txundituta, eta ez antzekotasunek. Artizarrak misterio bat baino gehiago ditu. Eta, jakina, erronka polita da misteriook argitzea. Dirudienez, jatorrian antzekoak izan ziren arren, oso eboluzio-bide desberdinak izan zituzten. Atmosfera da horren erakusle.
Artizarraren azalean, tenperatura ikaragarri altua da (batez beste 465 ºC inguru); Lurrean, aldiz, 15 bat Celsius gradu. Artizarra Eguzkitik gertuago dago, bai, baina ez da hori diferentziaren arrazoia (Artizarraren azalera lurrazalera baino eguzki-energia gutxiago iristen omen da). Gakoa berotegi-efektua da.
Berotegi-efektua bortitza da Artizarrean. Atmosfera oso trinkoa du --Artizarraren azaleko presioa Lurrekoa baino 90 aldiz handiagoa da--, eta bertako osagai nagusia karbono dioxidoa da. Muturreko egoera batean dago, eta, orain arte, ezin izan da berotegi-efektu hori behar den bezala aztertu, Lurrerako egindako eredu matematikoek ez baitute balio.
Beraz, Artizarreko berotegi-efektua aztertu nahi da, Lurrekoari aurre egiten lagunduko duelakoan.
Azalpen-eske dagoen beste kontu bat ere bada: superrotazioa. Artizarrak, 50-65 kilometroko garaieran, hodeiak ditu, azido sulfuriko tantaz osatutako hodeiak. Haizearen abiadura ikaragarria da garaiera horretan (300 kilometro orduko, gutxi gorabehera) eta, ondorioz, hodeiak oso azkar mugitzen dira. Hala, superrotazio deritzon fenomenoa gertatzen da: Artizarraren atmosferak planetak berak baino askoz ere azkarrago biratzen du. Hodeiek lau egun baino ez dituzte behar planetari bira emateko; planetak, ostera, oso errotazio motela du: 243 egun behar ditu bere ardatzaren inguruan bira bat egiteko, eta ordurako bira bat eman dio Eguzkiari. Horregatik, Artizarrean urtea eguna baino laburragoa dela esaten da.
Fenomeno horien eta beste hainbaten azalpena emateko, Artizarraren atmosfera aztertuko du Venus Express -ek: atmosferaren konposizioa, egitura bertikala (hau da, nolako ezaugarriak dituen atmosferak garaieraren arabera), hodeien dinamika, meteorologia eta abar.
Artizarraren gainazala ere aztertuko du. Izan ere, krater zaharrenek bostehun milioi urte baino ez omen dituzte. Adituen ustean, horrek adierazten du Artizarraren gainazala berritu egiten dela noizik eta behin. Lurrean, etengabe askatzen da planetaren barnealdeko energia, sumendiak direla, lurrikarak direla... Artizarrean, aldiz, uste dute energia hori planetaren barnean metatzen dela. Halako batean, planeta osoa hartzen duen erupzio bat gertatu eta gainazala berritu egiten da, eta aurrez zeuden kraterrak desagertu egiten dira.
Antza denez, Artizarraren gainazala eta atmosfera oso lotuta daude. Eta Venus Express -ek erlazio hori argitzeko datuak jasoko ditu.
Misio hau 2001eko martxoan jaio zen. Europako Espazio Agentziak (ESA) Mars Express zundaren diseinua berrerabiltzeko proposamenak eskatu zituen. Diseinu bera erabili nahi zuten, eta industria-lantalde berak. Baina, denboraz larri zebiltzan: ahalik eta arinen prestatu behar zuten misio berria, 2005. urtean jaurti behar zuten eta.
Pentsatu eta egin. 2005eko azaroaren 8an jaurti zuten Venus Express zunda Baikonur-reko kosmodromotik (Kazakhstan). Jaurtiketarako, Soyuz-Fregat bat erabili zuten, eta, une honetan, Artizarrerako bidean da.
VIRTIS kamera omen da zundaren tresnarik konplexuena. Tresna horrek jasotako datuak Euskal Herriko Unibertsitateko adituek, besteak beste, aztertuko dituzte Agustin Sanchez-Lavega fisikari eta astronomoa buru dutela.
Eguzki-sistemako planeta handien atmosferak --Jupiter, Urano, Saturno eta Neptuno-- aztertu izan dituzte, eta, oraingoan, Artizarraren atmosferaren ikerketan parte hartzeko aukera izango dute.
Jesus Arregi lantalde horretako partaidea da, eta, haren ustez, oso informazio aberatsa ekarriko die VIRTIS kamerak. "Datu horiekin ahaleginduko gara aztertzen, batez ere, atmosferaren egitura (zer geruza dituen), hodeiak eta horien mugimendua, uhinak, mugimendu ondulatoriorik ba ote dagoen eta horrelako kontuak".
Zunda martxoan sartuko da Artizarraren orbitan. Bidean, tresnak probatzen joango dira, eta, oraingoz, testak ondo doaz. Venus Express -ek orbita finkatu eta berehala hasiko dira tresnak lanean, eta, Jesus Arregiren esanean, "maiatza alderako hasiko gara datuak jasotzen; eta, hortik aurrera, azterketa-lana izango da".
Zundako tresneria 486 egunez lan egiteko prestatuta dago. Dena dela, ondo badabiltza, lanean jarraituko dute, eta Artizarraren irudia osatzen lagunduko duten datuak jasotzen jarraituko dute Europako fisikari- eta astronomo-taldeek. Gu emaitzen zain geratuko gara.