Usurbilgo organoa haize berriz

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Usurbilgo Salbatore parrokiako Mutin/Cavaillé-Coll organoa eraiki zutela ehun urte beteko dira datorren urtean, eta 87 instrumentu hura Usurbilera ekarri zutela. Urteak ez dira alferrik igarotzen, eta, ondo zaindutako instrumentua izan arren, denboraren igarotzea nabari zaio hainbat elementu mekanikotan, haizean eta sonoritatean.
Usurbilgo organoa haize berriz
2006/10/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: E. Carton)
Organoak zaharberritzeko hainbat irizpide erabiltzen dira, eta oinarria haren elementuak, historia eta izan dituen aldaketak aztertzea da. Usurbilgo kasuan, esaterako, organoaren hainbat erregistrori aldaketak egin zaizkie ehun urte hauetan. Aldaketak borondaterik onenarekin egin ziren arren, ez datoz bat gaur egun organoak, eta, oro har, artelanak zaharberritzeko erabiltzen diren irizpideekin. Komeni da, beraz, hasieran zeuden bezala uztea erregistroak.

Horretarako, adituek instrumentu hori jotzen dutenekin, alegia organo-joleekin, hausnartzen dituzte organoa hobetzeko egin daitezkeen aldaketak. Izan ere, lana ondo egiteko, ezinbestekoa da organo-joleen eta zaharberritze- lanetan esperientzia handia eta ezagutza duten adituen arteko elkarlana.

Usurbilgo organoaren zaharberritze-lanak egiteko aukeratutako organo-fabrikatzailea --DLFO (Manufacture d'Orgues)-- Frantziako organo erromantikoak zaharberritzen esperientzia handia duen enpresa bat da. Prozesuaren helburu nagusia da organoari jatorrizko ezaugarriak itzultzea --hau da, Mutinen soinu- eta teknika-ekarpenak, Fernand Princek 1920an egokituak--, eta organoaren estiloari dagozkion soinu-aukera berri eta egokiak eranstea instrumentuari, egiturari kalterik egin gabe.

Prozesu luzea da. Gutxi gorabehera 10.000 lanordu behar izango dituzte guztia egiteko. Zazpi pertsonako lantaldea da, eta irailaren 13an hasi ziren organoa desmuntatzeko lanetan. Denis Lacorre da proiektuaren arduraduna, eta, hark, esaterako, organoa erabat desmuntatu ondoren, hainbat aste hartzen ditu pentsatzeko eta zaharberritze-lanetan zer bide hartu erabakitzeko; baita organo-joleei zer egingo duten azaltzeko eta haiekin hainbat kontu kontsultatzeko ere. Haren esanean, "zaharberritze-lanek hainbat etapa izaten dituzte, eta aldi berean lan bat baino gehiago izaten ditugu eskuartean, lan-etenaldirik ez izateko".

Ezaugarri bereziak

Denis Lacorre frantsesa aditua da organo erromantikoak eta sinfonikoak aztertzen, zaharberritzen eta berreraikitzen.
E. Carton

Organo honek bi jatorri garrantzitsu ditu; zein baino zein garrantzitsuagoak. Oinarrian, areto-organo bat zen. Usurbilgo elizara ekartzeko, ordea, hainbat eraldaketa jasan behar izan zituen, eta eliza-organo bilakatu zen. Gaur egun oraindik ere areto-organoaren hainbat ezaugarri mantentzen dituen arren, helburua ez da jatorri hori berreskuratzea.

Helburua XIX. mendearen hasieran zuen estilo sinfoniko frantsesa berreskuratzea da, betiere Cavaillé-Coll etxearen izaerari eutsita. Besteak beste, asmoetako bat da aurrealdeko baranda aurrera ekartzea (gutxi gorabehera metro bat edo metro-erdi) eta kontsolari buelta ematea. Hala, garai batean zen bezalakoa geratuko litzateke; alegia, organo-joleak organoari begira joko luke, eta, hala, zuzendariaren eta organo-jolearen arteko harremana estuagoa izango litzateke.

Halaber, Usurbilgo organoak jatorrizko ezaugarri tekniko bereziak ditu, gure ingurunean ez ezik estatu espainiar osoan parekorik ez dutenak. Eskuko teklatuek 64 nota dituzte; pedalek, 34. Estatu espainiarrean ez dago organorik Usurbilgoak adinako teklatu-hedadura duenik.

Era berean, Mutinen jatorrizko bost konbinazio doigarriak oso elementu interesgarriak dira organogile eta organo-jole ororentzat. Organo-joleak organoa jotzen ari den bitartean sonoritatea aldatu nahi badu, pedal bati zapalduta aldatu egiten dira aldez aurretik prestatutako konbinazioak, eta soinuak ere aldatu egiten dira.

64 notadun teklatua lehenengo egunean desmuntatu zuten. Hala ere, Juan Luis Atxega organo-jolearekin lehenago egindako bisitan, hainbat pieza entzuteko aukera izan genuen.
E. Carton
Aukera hori beste hainbat organok ere badute, baina organo-joleak laguntzaile bat behar izaten du, eskuz konbinazio horiek aldatu ahal izateko. Beraz, Usurbilgo organoan joko duen organo-joleak nolabaiteko askatasuna du alde horretatik. Ezaugarri horiei guztiei esker, instrumentu aparta da Usurbilgoa. Baina ehun urte beteko ditu laster, eta 'astindu' bat emateko garaia da.

Organoaren barrualdea hustu arte

Organoa piezaz pieza desmuntatu dute. Kaxa huts-hutsik laga arte. Zalantzarik gabe, fabrikazio paregabeko organoa dela badakite. Baina ikusi dute hainbat egurrezko elementu pipiak janda daudela, eta, beraz, berritu egin behar direla. Gainera, Denis Lacorrek ez zuen uste pipia hain sakonera iritsiko zenik, "baina arazo horrekin oso ohituta gaude".

Lan konplexua dirudien arren, organoa desmuntatzea nahiko sinplea omen da, betiere instrumentua bera ondo ezagutzen bada. Oro har, metodologia bati jarraitzen diote. Denis Lacorre aditu frantsesak beste hainbat organogilerekin ikasi zuen metodologia hori, eta, azken finean, egin eta egin ikasten den zerbait dela azpimarratzen du. "Egun, erreflexu baten antzekoa bilakatu zait". Ezbairik gabe, instrumentu bakoitzaren ezaugarrietan arreta jarri behar da, baina ohituraren poderioz, lana ia-ia berez egiten dutela dio.

Organoaren barrualdean elementu ugari daude, eta horietako bakoitza, gainera, oso handia da. Lehenengo eta behin, funtsezko elementu guztiak (hauspoak, pieza mekanikoak, haize-kaxak, espresio-kaxak, tutueria eta kontsola) goitik behera garbitu behar dira. Mekanikari eta hauspoari dagozkion pieza guztiak desmuntatu eta berritu egin behar dira.

Bost konbinazioen heldulekuak. Usurbilgo organoan erdi-automatikoki alda litezke.
E. Carton

Organo-kaxa da bere horretan ia-ia ukitu gabe geratuko den elementu bakarra. Haritzezkoa da; egitura, berriz, lerki-pinuzkoa (hari gorriak dituen izeia, oso gogorra). Hautsa kenduko diete organo-kaxari eta egiturari, eta pipien eta lizunaren aurkako tratamendua emango diete. Ebanisteriari, aldiz, likido nutritiboa emango diote. Zur tinkozko sabaia fabrikatuko dute, organo nagusia eta pedala babesteko eta jokoen soinua homogeneoagoa izateko.

Haize-kaxen edo sekretuen zaharberritzea da, beharbada, zatirik garrantzitsuena, organoak behar bezala funtziona dezan. Haize-kaxak fidagarriak izan daitezen, oso-osorik berritu behar dira. Izan ere, organoak haizearen bidez funtzionatzen du. Beraz, ezinbestekoa da une oro nahikoa haizez hornitzea, soinua sortzeko. Haizearen hornikuntza eskasak edo ezegonkorrak arazo larriak eragin ditzake. Horrexegatik, pixkanaka haizearen elikatze-sistemak hobetzen joan dira, haren hornikuntza hobetzeko, eta fluxu jarraitu eta egonkorra lortzeko. Batetik, atmosferako airea biltzen dute, eta konprimitu egiten dute, jarraian hori behar bezala banatzeko. Azken finean, airea biltzen eta gordetzen duen sistema bat besterik ez da.

Sekretuek konprimitutako aire hori tutuetara bideratzen dute. Sekretuetan tutu asko daude, eta tutu horietara haizea iristeko oso ondo kalkulatuta egon behar du denak. Alegia, ez du inolako haize-ihesik izan behar. Sekretu horiek ez dira inoiz ireki; batek daki zer aurkituko duten horietan. Sekretuetako tutu horiek larru bereziz egiten dira; adibidez, antxume-larruz. Ahuntza ernari dagoenean, abortua eragiten zaio, antxumearen larruak ilerik izan ez dezan.

Sekretu bakoitza zaharberritzeko, gutxi gorabehera 600 ordu beharko dituztela uste du Denis Lacorrek. Ireki eta zaharberritu ostean, haritzezko kaxa horiek kola bereziarekin ixten dituzte. Besteak beste, behien hezur eta nerbioekin edo untxien larruarekin egindako kola erabiltzen dute. Kola organikoak erabiltzen dituzte, sintetikoak beharrean.

Itxura hau zuen organoaren barrualdeak goiko argazkian ikusten diren desmuntatze-lanei ekin aurretik.
E. Carton
Metalezko tutuak, berriz, konpresore bidez garbituko dituzte dauden tokian bertan, alegia, hainbat tutu ez dituzte Frantziara eramango, oso hondatuta dauden jokoak izan ezik. Ondoren, metalezko tutu horiek guztiak berriz tenkatzea komeni da. Izan ere, denboraren poderioz gogortasuna galtzen dute gorputzek, eta ezin izaten diote eutsi soinuaren indarrari. Orduan, soinu txarra izaten du tutuak, dar-dar egiten du eta luzeegia bihurtzen da. Oso erraz nabaritzen da hori flauta harmonikoetan.

Do, re, mi...

Organo baten zaharberritzean, beharbada, alderdi teknikotik lanik konplexuena bukaerako gozatzea da, instrumentuaren onena ateratzeko. Horrek luze jotzen du, eta, normalean, azkenerako uzten dituzte definizio-lan horiek. Izan ere, hamaika gogoeta egin behar izaten dituzte adituek organo-joleekin eta benetan etxe horretako organoak ezagutzen dituztenekin.

Harmonizazioari dagokionez, lan bikaina egin zuen aurretik Princek, Usurbilgo instrumentua berriz muntatu eta harmonizatu zuen harmonistak. Horrenbestez, ia osorik kontserbatu da 1920ko organoa. Cavaillé-Collen estetika du, eta ez Mutinen 1920ko hamarkadako soinua --tinbreak gogorrak eta neurriz gainekoak ziren--. Tutuen tamainak, tailatzeak eta materialek soinu noblea eta sakona ematen diote. Princek berak esaten zuenez, organoak harmonistaren eskuetatik pasatu ondoren lortzen du soinurik onena.

Pieza guztiak goitik behera garbitu eta berriak balira bezala utziko dituzte.
E. Carton

Desmuntatze- eta zaharberritze-lanak amaitu ostean, hori guztia berriz ere muntatu beharko da. Aditu frantsesaren esanean, berreraikitzea zertxobait zailagoa da. Izan ere, instrumentu bakoitza ezberdina da, eta bakoitzaren mugak aurkitu behar izaten dituzte, emaitza onena lortzeko. "Instrumentu bakoitzaren mugak kontrolatzea ezinbestekoa da sonoritate eta teklatu-ukitu hobea izateko".

Prozesua luzea da, baina, lanak amaitutakoan, organoan hainbat aldaketa igarriko dira. Besteak beste, ez da haize-ihesik egongo, eta, hortaz, soinua garbiagoa izango da; hau da, gozatuagoa eta erregistro guztian homogeneoagoa izango da. Halaber, estilo sinfonikoko hainbat jokoz aberastu nahi dute organoa, XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako musikagile handien errepertorio zabala hartu ahal izateko. Horretarako, potentzia handiko jokoak erantsiko dituzte, eta organoa indartsuagoa izango da. Tinbre biribilagoa izango du, eta joko-aukera zabalagoa eskainiko du. Gutxi gorabehera bi urte itxaron beharko dugu Usurbilgo organoan jotako piezak entzuteko, baina mereziko du.

Usurbilgo organoen kronologia
Usurbilgo Salbatore Parrokian organo bat dagoela aipatzen duen lehen berria 1572koa da. Joan de Saria apaiz zaharraren testamentuan agertzen da.
Historia gatazkatsua izan zuen organo hark. Garai hartan apaiz/organo-jole funtzioak ez ziren bereizten, eta soldatarik ere ez zen izaten organo-jolearentzat. Ondorioz, botere liskarrak sortu ziren Usurbilen apaiz organo-jole eta ez organo-jole baten artean. Etorkizunean horiek errepika ez zitezen, Miguel de Urdayaga lizentziatuak kapilautza bat sortzeko erabakia hartu zuen XVII. mendearen hirugarren hamarkadan. Kapilautza horren kapitala organorako bakarrik zen, eta hori erabiltzeko hainbat bateratasun-baldintza ezarri zituen Urdayagak, baina, gatazkak baretu ordez areagotu egin ziren. Urteetan iraun zuten harik eta organo berria eraiki beharra ikusi zuten arte.
1666-1668 bitartean eraiki zen bigarren organoa, eta elizako goi-koruko epistolaren alboan jarri zuten. Txikia zen instrumentua, eta, dirudienez, hasieran fabrikazio-akats larriak zeuzkan.
Argazkian, kontsola eta organoaren aurrealdea. Organo-jolea organoari begira ari da jotzen, eta horrela egingo du Usurbilen ere, lanak amaitutakoan.
(Argazkia: Usurbilgo Salbatore parrokia)
1801etik 1811ra beste organo txiki bat egon zen herrian. Geroago, 1844an, Oñatiko Jose Maria Ugarte organogileak organo berria eraikitzeko enkargua jaso zuen, erregistroak dioenez. 1847 eta 1849 bitartean hainbat konponketa egin zitzaizkion organo hari. Instrumentu berri hura 29.500 erreal gehi organo zaharra kostatu zen.
XIX. mendearen bigarren erdialdean, Gipuzkoako hainbat udalerrik (Azkoitiak, Ordiziak, Bidaniak, Loiolak, Errezilek, Tolosak, Bergarak, Donostiak...) organo handiak inportatu zituzten Frantziatik. Frantziako organoak erosteko joera hark XX. mendearen hasierara arte iraun zuen. 1920an, Frantziako organoaren moda berri horrek bultzatuta eta inguruko beste udalerri batzuk baino gutxiago ez izatearren, organo berria erostea erabaki zuen usurbildar-talde batek. Guillermo Aranak, orduko Usurbilgo parrokoak, sinatu zuen gaur egungo Mutin Cavaillé-Coll organoa (1907an eraikia) erosteko kontratua.
Cavaillé-Coll organoek fama handia zuten. 1855etik 1884ra Aristide Cavaillé-Coll izan zen Euskal Herrian lan egin zuen Frantziako lehen organogilea, eta bakarra. Hogei bat organo eraiki zituen.
Usurbilgo organoa l'Éspée baroiaren gazteluko hasierako kokalekuan. Argazkiaren behealdean ikus daiteke argazkia noiz atera zen, 1920an, eta erizain-talde bat, garai hartan ospitale gisa erabiltzen zelako eraikina.
(Argazkia: Usurbilgo Salbatore parrokia)
Cavaillé-Coll 1898an hil zen, eta tailerra Charles Mutinen esku geratu zen. Zuzendari-lanetan zebilen Mutin ordurako, aspalditxotik. Haren zuzendaritzapean, Mutin/Cavaillé-Coll etxeak 700 instrumentu baino gehiago eraiki eta konpondu zituen hainbat kontinentetako herrialde ugaritan. Hala ere, kalitate eta ospe handieneko instrumentuak enpresaren hasierako urteetan eraikitakoak dira. Garai hartakoak dira Moskuko Kontserbatorio Inperialeko organo monumentala edo Usurbilgoa (1907). Azken hori areto-organo gisa egon zen hasieran Ilbarritz gazteluan (Biarritz inguruan): eskuko hiru teklatu eta pedaleko bat zeuzkan.
Gaztelu hura l'Espée baroi aberats, eszentriko eta melomanoarena zen. Baroiari inprobisatzea gustatzen zitzaion, eta maitasun-istorioak, mendekuak, misterioa eta heriotza ziren haren obretako gai nagusiak. Biarritz eta Parisko klase altua eta organo-jole ospetsuak gonbidatzen zituen baroiak bere saioetara, organoaren soinuaz gozatzera.
Gaur egun ere, mundu osoko organozaleek (Frantziakoek, batez ere) garrantzi handia ematen diote egun Usurbilen dagoen instrumentuari.
Kortabitarte Egiguren, Irati
3
224
2006
10
036
Historia; Giza zientziak; Bestelakoak
Artikulua
27
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila