Ustekabeko lehen erradiografia

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

X izpiak zer diren azaltzea ez da batere zaila gaur egun, aski ezagunak baitira. Baina orain dela mende bat argi-izpi horiek ezagutu ere ez ziren egiten. Alemaniar bati zor zaio hainbat arlotan aplikazioa duten X izpiak topatzea.
Erradiografiak X izpien eraginaren ondorioz lortzen diren irudiak dira.

Beti esan izan da aurkikuntzak lanari, jakintzari eta denborari esker erdiesten direla, baina kasu batzuetan zorteak ere asko laguntzen du. Pentsa liteke 1895ean Wilhelm Conrad Röntgen zientzialariaren kasuan faktore horiek guztiek izan zutela eragina. Laborategian presio baxuko gas batean zehar korronte elektrikoa igarotzean zer gertatzen zen aztertzen ari zen, eta lan horri esker, izpi-mota berri eta desberdinak aurkitu zituen.

1895eko azaroaren 8ko arratsaldea zen hura. Deskarga-hodia kartoi lodi batez inguratu, eta argitasunetik isolatutako gela ilun batean ari zen lanean. Deskarga-hodi horrekiko aurrez aurre bario platinozianurozko xafla mehe bat jarri eta ikusi zuen horrek deskarga-hodia martxan zen bitartean izpi fluoreszenteak igortzen zituela. Jarraian egindako esperimentuetan, lodiera desberdineko objektuak tartekatu zituen izpien ibilbidean, eta egiaztatu zuen objektu horiek plaka fotografikoan islatzean gardentasun-maila desberdina zutela. Une batez, emaztearen eskua jarri zuen izpien ibilbidean, eta emaztearen eskuko hezurren itzala argi eta garbi agertu zen plaka fotografikoaren gainean. Eskuko haragia ere nabarmen zitekeen, hezurrekin alderatuta lausoago bazen ere.

Wilhelm Conrad Röntgen (1845-1923).

Horixe izan zen lortutako lehen röntgenograma . Harrezkero egindako esperimentuetan, Röntgenek frogatu zuen izpi katodikoek objektu materialaren kontra talka egitean sortzen direla izpi berri horiek. Matematikariek zenbaki ezezagunari X esaten diote eta, usadio horri segituz, Röntgenek ere X izpia izenaz bataiatu zuen bere harridura eragin zuen izpia. Geroago, Max von Lauek eta haren ikertzaile-taldeak ikusi zuten izpiek argiaren jatorri elektromagnetiko bera zutela.

X izpiak

Baina, zer dira X izpiak? X izpiak uhin elektromagnetiko mota bat dira. Eta argi ikusgaiak baino hamar mila aldiz uhin-luzera motzagoa dute (10 -12 cm-ko uhin-luzera). Horrenbestez, argi ikusgaia baino askoz energetikoagoak dira. Oso sarkorrak dira eta organismoan kalte larriak eragin ditzakete (ehunak deuseztatu, azala erre, DNA kaltetu...). Erradiazioak eragiten dituzten efektu biologikoak dosi baliokidearen bidez neurtzen dira, eta horien unitatea sievert (Sv) da. Jasotako dosiak altuak badira, kalteak berehalakoak izaten dira. Dosi baxuetan, aldiz, kalteak epe luzeagoan agertzen dira.

Lortutako lehen röntgenograma.

Gorputzen ehunen lodieraren, dentsitatearen edo konposizioaren arabera, modu desberdinean xurgatzen dira X izpiak, gorputza zeharkatu ahala. Esaterako, X izpiek gure gorputza zeharkatzen dutenean, modu nabarmenagoan indargabetzen dira hezurretan eta, beraz, hezurren itzala garbiagoa da X izpiko irudian. Beraz, erradiografietan itzalek ematen digute barneko egiturari buruzko informazioa.

Gizakiak ezin ditu begiz ikusi, baina argazkigintzako emultsioak belzteko gai direnez, berehala hasi ziren erabiltzen medikuntzan, besteak beste, erradiografiak egiteko. Izan ere, erradiografiak X izpien eraginaren ondorioz lortzen diren irudiak dira.

X izpien erabilerak

X izpien bidez egiten diren erradiografiak aipatzean, berehala etortzen zaizkigu burura ospitalean edo anbulatorioan egiten diren horiek. Hala ere, ez da ahaztu behar gure hezurrak arakatzeaz gain beste hainbat zereginetarako ere oso erabilgarriak direla.

Medikuntzan ez ezik, industrian ere asko erabiltzen dira X izpiak. Konposizio kimikoetan gertatutako aldaketak eta materialen barruan gertatzen diren akatsak zuzentzeko egiten da X izpien difrakzioa. X izpien difrakzio bidezko espektroskopiak kristal-egitura soilik azter dezake. Hala ere, garrantzi handia hartu du analisi-teknika horrek, proteinak ikertzeko besteak beste. Izan ere, proteinak isolatu eta kristaldu egiten dituzte lehenik. Gero, X izpiak bidaltzen dira, eta difraktatzen diren izpien kopurua eta kokapena neurtuz gero, molekularen hiru dimentsioko egitura zein den jakin ahal da.

Goiko irudian, NASAren Chandra teleskopioak X izpien bidez jasotako irudia. Behean, berriz, irudi optikoa. (Argazkiak: NASA).

Beste erabilera garrantzitsu bat lan artistikoetan egiten da, batik bat, koadroetan. Izan ere, X izpien bidez pinturak zein egoeratan dauden aztertu eta noizkoak diren jakin daiteke. Pintoreak erabili dituen teknikak edota lanari eman dizkion azken ukituak ere ‘salatzen’ ditu erradiografiak.

Astronomian ere badute beren aplikazioa X izpiek. Izan ere, teleskopio batzuek, NASAren Chandra teleskopioak esaterako, X izpiak jasotzen dituzte argi ikusgaiaren ordez, eta, ondoren, normalean, bai irudi optikoa eta bai X izpien bidez jasotakoa parekatzen dituzte. Azken horretan, betiere, detaileak zehaztasun handiagoz behatzen dira.

Aurkikuntza garrantzitsu honetatik eskuratutako ospeari esker, Röntgenek bere bizitzako zati handi bat naturari eskaini ahal izan zion, mendizale amorratua eta naturaren maitalea baitzen. 1923ko otsailaren 10ean hesteetako kartzinomaz hil zen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila