Lerro eta gertaera nagusiak azaltzen saiatuko naiz, jakinaren gainean egonik, bestalde, ez naizela objektiboa izango historia horren lekuko, protagonista eta, neurri batean, eragile izan naizelako. Ikuspegi subjektiboa izango da eta hautuak egin beharko ditut, baina lekukotasunaren izenean barkamena eskatzen dut, aldez aurretik, ikuspegia pertsonalegia suertatzen bada.
Elhuyarren erroak 60ko hamarkadaren bukaeran bilatu behar dira. Garai hura biziki aberasgarria gertatu zen Euskal Herriko bizitza soziopolitikoan. Frankismoak 25 urte zeramatzan boterean. Adierazpen politiko, sozial eta kulturala oso-oso mugatuta eta kontrolatuta zegoen eta erregimenak markatutako arau estu-estuen barnean jokatu behar zen. Egoeraren erakusgarri izan liteke, beste askoren artean bat aukeratzeagatik, kantu-jaialdietako kantuek aurretiko zentsura pasatu behar izana.
Giro horretan aldaketa handiak gertatzen ari ziren euskal gizartean. Batetik, gerra zibilaren eragina zuzen-zuzenean pairatu ez zuen belaunaldi batek, aurreko belaunaldiaren etsipena zalantzan jartzen zuenak, protagonismo soziala hartu zuen. Bestetik, kulturaren mundu zabala pil-pilean zegoen eta premisa berriak ezarri ziren arte plastikoetan, literaturan, kantagintzan zein hizkuntzaren garapenean.
Belaunaldi gazteak euskararen estatusarekiko planteamendu berritzaileak zituen. Euskara ez zen etxean, lagunartean edo elizan bakarrik erabiltzeko hizkuntza, giza komunikazioaren alor guztietan erabili behar zen erreminta baizik. Etxepareren esaldia parafraseatuz, euskarak etxeko txokotik plazara irten behar zuen, horrek zituen ondorio guztiekin. Hamarkada horretakoak dira euskara batua, ikastolen suspertzea, euskalduntze-alfabetatze mugimendua abiatzea, Euskal Kultur Taldeak (EKT), etab.
EKT horietako batean izan zuen jatorria Elhuyar Kultur Elkarteak, Donostiako Industri Injineruen Eskolakoan, hain justu. Eskolaren giroak, batetik (zuzendaritzak euskal gaietarako erakutsi tolerantziak, euskaldun-portzentaia handiak, etab.ek), eta, bestetik, bertako zenbait ikasleren nortasun eta kezka handiak euskal giro sendo eta eraginkorra egotea ekarri zuten. Horren ondorioz, zientzia eta euskara uztartzeko ardura hartu zuten injineru-ikasle horiek.
Kezka eta ardura horiek eraginkorki bideratzeko modua 1972ko otsailaren inguruan gauzatu zen, eskola horretako hiru ikasle ohi (Luis Mari Bandres, Jesus Mari Goñi eta Andoni Sagarna) eta bi ikasle (Juanjo Gabiña eta Mikel Zalbide) bilerak egiten hasi zirenean euskara zientziaren mundura zabaltzeko asmoarekin. Elhuyar taldea jaio zen eta geroztik larunbatero izan zuen hitzordua arratsaldeko lau eta erdietan Donostiako San Ignazio Zirkuluan.
Elhuyarrek Euskal Herriko Adiskideen Elkartearen babesa lortu zuen eta urtetan haren adarra izan zen, nahiz eta erabateko autonomia izan eta Elkarteak konturik inoiz eskatu ez.
Injineru-talde sortzailea berehala zabaldu zen eta Elhuyarren bileretara injineru teknikoak (taldearen historian oso pisu handia duen Iñaki Azkune Mendia, esaterako), arkitektoak, informatikariak (Harluxet-tarrak), injineru gehiago (Felix Azpiroz, Xabier Larrea eta Kepa Zalbide, esaterako), kimika-ikasleak (1976), medikuak (1977) eta ekonomilariak (1978) bertaratu ziren. 70eko hamarkadaren bukaerarako talde multidisziplinarioa zen Elhuyar.
Taldeak ezaugarri nagusi bi zeuzkan garai hartan: batetik, irekitasuna eta, bestetik, larunbat arratsaldero taldekideak biltzea. Larunbateroko bilerek eman zioten indarra taldeari. Lanerako pertsona liberaturik ez zegoen eta taldekideek beren ohizko lanetatik at egiten zituzten taldeak erabakitako lanak. Larunbateroko bileretan zer, nork eta nola egin deliberatzen zen eta, nolabait esatearren, planifikazio estrategikoa egiten zen. Dena den, bilera horietan eztabaida terminologiko eta linguistikoek pisu handia izan zuten lehen urte haietan. Horietako eztabaida bat da Elhuyarreko nire lehen egunaz dudan oroitzapena.
Bilerak, gainera, irekiak ziren: euskara eta zientzia uztartzeko lan egiteko prest zegoen edonork parte har zezakeen; ez zuen beste meriturik edo aita pontekorik behar. Giro horretan, bilerek Elhuyarren kohesioa eta iraunkortasuna bermatu zuten, eta, zergatik ez aitortu, ondorengo txikiteoak ere nolabaiteko talde-sena. Ez zegoen, beraz, taldekide-izaera definiturik eta larunbatetako bileretan maiztasunez parte hartzeak bihurtzen zuen pertsona bat elhuyarkide. Elhuyarkideen lehen zerrenda ofiziala 1977ko memorian agertzen da eta bertan 17 lagun agertzen dira osatzaile legez eta beste 20 laguntzaile moduan.
Elhuyarrek hasiera-hasieratik izan du beste erakundeekin elkarlanean aritzeko joera. Lehen urte haietan, Udako Euskal Unibertsitatea bultzatzen eginiko lanak, Euskaltzaindiaren Matematika Hiztegiko batzordean parte hartzea edo Arkitektoen Elkargo Ofizialarekin landutako arkitektura-hiztegia aipa daitezke, besteak beste.
Elhuyarren hasierako lanek trebakuntza dute oinarrian: hizkuntzarena eta pertsonena (idazleena zein irakurleena). Euskara eta zientziaren alorrean ia dena egiteko zegoen eta salbuespen bakan batzuk, oso gutxi izan ziren 70eko hamarkada baino lehen zientzi gaiez euskaraz idatzi zutenak, Gabirel Jauregi izan ezik. Lehen lanak ikastoletarako testuliburuak eta hiztegitxoak prestatzea izan ziren. Gero, Elhuyar aldizkaria etorri zen (1974).
Hiztegigintzaren alorrean 1976, 1977 eta 1978an landutako Zientzia eta Teknikarako Hitzen Bilduma izenekoa azpimarratzekoa da, egun ahaztuxea dugulako besterik ez bada ere. Makina bat ordu eman zituzten taldekideek horretan, gero, apika, ustiaketa egokiegia izan ez dutenak. Euskal tradizio idatzia arakatuz eta hustuz zientzia eta teknologiarekin erlazionatutako 50.000 hitzeko fitxategia osatzea lortu zen. Fitxa orotan euskarazko terminoa eta haren gaztelaniazko ordaina ematen ziren. Hiztegia euskarri informatikoan jarri zen (informatika hiztegigintzari aplikatzean aintzindariak izan ginen) eta inoiz argitaratzeko asmoa egon bazen ere, azkenik Euskaltzaindiaren esku jarri zen materiala.
Taldearen lanaren bolumena handiagotu ahala, Elhuyarrek nolabait profesionaltasunaren bidea jorratu behar zuela ikusi zen. 1977an egin zen urrats hori. Egun erdiko lanaldiarekin bi lagun jarri ziren lanean: bata, matematikaren didaktikarako taldean eta, bestea, administrari gisa. Egungo gure administraritza-arduraduna, Maria Luisa Aizpuru, izan zen azken hau. Dena dela, taldekideen lan militanteak funtsezkoa izaten segitu zuen. 1984ean taldekideen lan militantea koantifikatu egin zen. 24.000.000 pta. inguruko aurrekontuan taldekide ez-profesionalen lanaren balioa 7.500.000 pta.koa izan zen.
Urte berekoa da, halaber, lehen diru-balantze dokumentatua. Bertan, 1.043.000 pta.ko sarrerak eta 1.061.000 pta.ko irteerak ageri dira, taldearen babesle nagusiak, harpidedunez gain, Lankide Aurrezkia, Gipuzkoako Kutxa, Donostiako Kutxa eta Banco Industrial de Guipuzcoa ageri direlarik. Gastuetan, aldizkariaren kostua osoaren erditik gora ibili zen.
Hiztegiak, testuliburuak eta aldizkaria ez ziren aski euskara eta zientziaren mundua uztartzeko, baldin eta gerora erreminta horiek baliatu behar zituzten profesionalak beren zeregina euskaraz egiteko gai ez baziren. Gauza jakina da orduko zenbait ikastolatan zientzi gaiak gaztelaniaz irakasten zirela, irakaslea euskalduna izanik ere, bere jakintzagaia euskaraz lantzeko gauza ez zelako, ikasketa guztiak gaztelaniaz egiteagatik. Arazo horri aurre egiteko eta profesionalak beren arloan euskalduntzeko, zientzietako irakasleei zuzendutako lehen trebakuntza-ikastaro berezituak antolatu zituen Elhuyarrek 1979an. Lau izan ziren guztira eta Alfabetatze Teknikoko ikastaro esan zitzaien.
1980.a aldaketa-urtea izan zen. Elhuyarrek San Ignazio Zirkulua utzi eta Atotxako frantziskotarren lokaletan egonaldi laburra egin ostean, Donostiako Garibai kaleko 23an finkatu zuen bere lehen egoitza propioa. Era berean, epe luzera eragin handia izan zuten erabaki garrantzitsuak hartu ziren urte bukaerako bileran: Elhuyar aldizkariaren kudeaketarako arduradun bat izendatzea, taldeari lege-nortasun propioa lortzeko lehen pausoak ematea, taldearen egunerokotasunak sortutako arazoez arduratzeko talde iraunkor bat sortzea eta testugintzan bigarren mailako irakaskuntzako testuei leku gehiago ematea. Horietako erabaki batzuek berehala izan zuten ondorioak. 1981ean aldizkariaren edukiak eta egitura berritu ziren eta Elhuyar berezko izaera juridikoko kultur elkartea bilakatu zen.
Iharduerak ugaritu ahala, Elhuyarreko profesionalen kopurua haziz joan zen, baita horren pisua erakundearen aurrekontuetan ere. 1984an zazpi liberatu zeuzkan Elhuyarrek: bat administrazio-lanetarako, beste bi mekanografi lanak egiteko eta lau aldizkariaz eta testugintzaz arduratzeko. Horrek taldeak egoitza handiagoa hartzea ekarri zuen eta Garibai kaletik Urbieta kaleko 7ra aldatu zen Elhuyar.
Taldean gero eta profesional gehiago izateak aldaketa nabarmena ekarri zuen lan egiteko moduan. Aldaketa ez zen bat-batekoa izan, urtetan zehar ia konturatu gabe gertatu zen. Langile-taldeak eta 1980an sortutako talde eragileak (nagusiki taldeko profesionalak ez zirenek osatua) hasi ziren taldearen ibilbidearen nondik-norakoak gobernatzen. Gero, 80ko hamarkadaren bukaerarako lan-talde profesionalak hartu zuen ia osorik taldearen kudeaketa.
1984an Onura Publikoko Aitormena eman zion Eusko Jaurlaritzak Elhuyarri. Inoiz ez dugu izendapen horren benetako balio erabilgarria zein den jakin. Urte berean lehen ordenadorea erosi genuen Elhuyarren; testu- eta grafiko-lanketarako Rank-Xerox 8012 postua izan zen, 3.000.000 pta. inguru kostatu zena. 1986an urtean erosi genuen lehen Macintosha. Horren balio erabilgarriaz, ordea, berehala jabetu ginen.
Bestetik, 1984an Elkar argitaletxearekin akordioa egin zen testuliburuak elkarrekin argitaratzeko. Hitzarmenaren helburua, elkarlana bultzatzeaz landa, Elhuyarrek liburuak argitaratzeko egin beharreko inbertsioak murriztea izan zen. Hitzarmena oso positiboa gertatu zaigu, kaxoian lozorroan geldituko ziratekeen testuliburu asko kaleratzea ahalbidetu digulako.
1985 berrikuntza askotako urtea izan zen. Elhuyar aldizkariaren osagarri dibulgatzailea indartzea erabaki zen. Horretarako bitan banatu zen: oso-osorik zientziaren dibulgaziora zuzendutako Elhuyar. Zientzia eta Teknika eta ikerketa-mailako Elhuyar . Aldizkari berria bihilabetekaria zen eta formatuz eta itxuraz dibulgazio-aldizkari estandarren parekoa. Durangoko azokan aurkeztu zen 0 alea. Gerora, 1989an, hilabetekari bihurtu zen Elhuyar. Zientzia eta Teknika . Harrera ezin hobea izan zuen aldizkari berriak eta epe laburrean harpidedun-kopurua bikoiztu egin genuen; 700 ingurutik 1.400era pasatu ginen.
Irakaskuntza-materialen munduan bi alor berri hasi ginen jorratzen: bideogintza ( Robotika izeneko bideoa ekoiztu zen) eta ordenadorerako hezkuntza-programak.
Dena den 1985ak ekarri zuen berrikuntzarik handiena euskalduntze/alfabetatzearen atalekoa izan zen. Irispide luzeko berrikuntza izan zen, izan ere. Hain zuzen ere, urratu gabeko bideak bazirela uste izan genuen. Irakasleek eskolak euskaraz ematen trebatzeko ematen ziren Alfabetatze Teknikoak enpresa-mundura zabaldu eta langileei beren lana euskaraz egiteko prestakuntza espezifikoa eskaintzea pentsatu zen. Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalean eta Donostiako Udaletxean eman ziren lehen bi ikastaroak. Hurrengo urteetan anitz ikastaro eman zen eta horiekin batera MOPI eta LAKET izeneko proiektuak landu ziren. Ekinbide horren ondorio nagusia arduradun politiko zein enpresetan, euskara eta enpresa bikotearekiko ikuspegi berritzailea sortaraztea izan zen: euskarak enpresa-munduan trataera espezifikoa behar du. Horren haritik, enpresetan euskararen erabilera areagotzeko Eusko Jaurlaritzarekin sei urte iraun duen hitzarmena sinatu zen (1991-1996). Hitzarmen horren bitartez metodologia espezifiko batez eta esperientzia sakonaz jabetu gara. Beraz, euskarazko zerbitzuak lan-munduan lantzea da Elhuyarren etorkizuneko iharduera-esparru nagusietako bat.
Gerora horrenbeste neke eta pozkida emandako Hiztegi Entziklopedikoaren lehen aztarna 1988ko memoriaren eranskinean dago, berari eransten baitzaio proiektuaren lehen zirriborroa. 1989an zehar dirulaguntzak bilatzen aritu eta gero, 1990ean abiatu zen Hiztegi Entziklopedikoaren erredakzioa.
80ko hamarkadaren bukaeran Elhuyarren iharduera anitzen bolumen handia zela kausa, Donostiako Urbieta kaleko egoitza txiki gelditu zitzaigun, tokiz zein azpiegituraz. Hainbat aukera aztertu ostean, Usurbilgo Asteasuain industri poligonoan 400 m 2 inguruko lokala erosi genuen 1990ean.
Hamarkada honetako gertaerak eta lorpenak hur, hurregi agian, dauzkagu hoztasun-puntu batez juzkatzeko, baina ezin uka daiteke Elhuyar asko hazi dela eginez zein lankidez.
Oroimena berritzeko zerrenda ditzagun laburki azken urteotako lanik eta iharduerarik nabarmenenak: Eusenorren sorrera (1991), Hiztegi Entziklopedikoa (1993), Euskara-Gaztelania/Gastellano-Vasco Hiztegia (1996), euskarazko lehen CD-ROMa izan den Ezagutu Gipuzkoa (1994), ZETIAZ zerbitzua (1994), CAFeko mikroplangintza (1995), CAF-Elhuyar Zientzi Dibulgaziorako Sariak (1994) eta komunikazio-zerbitzuak (1995).
25 urte begira ditugu. Historia badugu. Euskalgintzari ekarpenak egin dizkiogu. Kultur enpresa bezala sendotu egin da Elhuyar euskalgintzaren baitan. Dena den, egoera ez da xamurra. Bidegurutze batean dagoela esan daiteke. Erabaki handiak hartu beharko dira eta horiek bermatuko dute gure proiektuaren bideragarritasuna. Horretan elhuyarkideok erantzukizunik handiena dugu, baina euskalgintza kudeatzen duten arduradun politikoena ez da, horratik, txikia; beraien erabakiek edo erabakirik ezak erraztuko baitute Elhuyarrek eta euskalgintzako beste erakundeek etorkizuna izango duten ala ez.