Elhuyar Fundazioa
Lehen urpekuntzia, David Bushell-ek eraiki zuen Iparrameriketan. 1771. urtean proiektua osatua edukitzetik 1776.ean uretaratu bitartean oso denbora gutxi igaro zitzaion, noski. Britainiarren aurkako independentzi gerra izan ere, eragile bortitza bait zen.
Bushnell-en urpekuntziak, alderdi launetik lotutako bi maskorren itxura zuen. Erabat zurezkoa zen, eta goiko zulo eliptiko bati esker, pertsona bakarra sar zitekeen. Sabaizuloa, larruz hornitua zegoen eta barrutik nahiz kanpotik eragin zitezkeen torlojo bikoitzez erabat ixten zen.
Urpekuntziak barruan, arrautza itxurako gela bakarra zuen. Zuloa eta kanpoko hormaren arteko lekua, ur eta lastarentzako espazioa zen. Torlojo-sistema baten bidez, ura sartu eta untzia hondora zitekeen. Ura kanpora botatzeko, ponpa batzuei eskuz eragin behar zitzaien. Lasta ere (berunezko pieza bat), bota zitekeen azkar azaleratu nahi bazen.
Urpekuntzia aurrera desplazatzeko, helize bat zuen; eskuz eragin behar zitzaion helizea. Urpekuntzia, lema baten bidez gida zitekeen eta torpedoa ere bazeraman etsaien untziari azpian itsastearren.
Urpekuntziko gidaria, aulki finko batean eserita zegoen, eta eskueran zituen aginte-tresna guztiak, ilunpetan ere erabiltzeko moduan.
Barruko aire-berrikuntzarako, bi tutu zituen. Batetik, kanpoko aire garbia sartzen zen, eta bestetik barrukoa ateratzen. Balbula-sistema bati esker, urak barrura sartzeko modurik ez zuen.
Gidariak, leihatila batzuk zituen untzitik kanpora zegoena ikustearren. Sakonera-iragartzeko tresna gainera, gai fosforeszentez estalia zegoen eta haren argia ere lagungarri gertatzen zen kanpokoa ikusteko.
Urpekuntzi hartan Erza Lee sarjentua saiatu zen 1776. urteko udan New York inguruko fragata britainiar bat hondatzen. Bi urte geroago, sarjentu berberak Cerbero untzi britainiarrari torpedoa itsastea lortu zuen.
1797. urtean, Robert Fulton eta David Bushnell-ek topo egin zuten Frantzian. Bushnell-ek urpeko nabiagazioaz aholkuak eman zizkion Fulton-i eta horien ondorioz grinatu zen urpekuntzi bat egitera.
Fulton-ek baldintza batzuk ipini zizkion Frantziako gobernuari eta 1798.ean akordio batera iritsi baziren ere, 1800.ean egin zituzten lehen probak Sena ibaian. Gero, itsaso zabalean saiatu ziren.
Fulton-en Nautilus urpekuntziak, arrainaren forma zuen, baina kanpoko estalkiak uraren azalean belauntziaren antza ematen zion. Sistema bereziei esker, masta jaitsi egiten zuten eta bi minututan urperatzea lor zazakeen. Barruan, hiru gizon joan zitezkeen eta arnasa hartzeko sistema egokia zuten. Kanpoko aire garbia sartzearren ez zegoen tuturik. Airea, 200 atmosferatan pilatuta gordetzen zen urpekuntziaren barruan bonbona erregulagarri batean.
Nautilus urpekuntziak gerran parte hartzerik ez zuen lortu. Mantxako Kanalean untzi britainiarrek ihes egin bait zioten bitan.
Fulton-ek beraz, 1803. urtean bere Nautilus a baztertu egin zuen eta desegin. Europan ordea, urpekuntziak egiteko eta hobetzeko hazia ereinda zegoen. Alemanian, Wilhelm Bauer-ek 1850.ean bere Brantaucher edo urpeko suemailea burutua zuen. Helizeari eskuz eragin behar zitzaion, eta polea batzuen bidez barruko pisua lekuz alda zitekeen. Urpekuntzia altzairuz egina zen.
Katalunian, Cadaques-en Narcis Monturiol-ek koralaren arrantzoan zeuden oztopoak aztertu zituen. Orduan burutu zuen Ictineo aren (untzi-arrainaren) proiektua. Arrain formakoa zen untzia; zazpi metro luzekoa. Barneko gela zilindrikoan sei pertsona sartzen ziren, eta beren eraginez desplazatzen zen urpekuntiza. 1859. urteko ekainaren 28an itsasoratu zuten Bartzelonan. Bi ordu t'erdiz ibili zen uretan batera eta bestera.
1864.urteko urriaren 2an, bigarren Ictineo a itsasoratu zuen Monturiol-ek. Bigarren urpekuntzi hau, hamazazpi metro luzekoa zen eta bi metroko altuera zuen. Altzairuzko kasko bikoitzeko untzi ura, zortzi orduz ibili zen batetik bestera itsasoan 30 metroko sakoneran. Ictineo ak sei zaldiko lurrin-makina zuen urazalean desplazatzeko, eta bi zaldiko beste bat urpean joan ahal izateko. Urazalean, galdara ikatzez berotzen zen. Urpean berriz, erreakzio kimikoen beroaz. Metal-hautsez kloratoak deskonposatuz, Monturiol-ek beroa eta arnasteko oxigenoa bide batez lortzen zituen.
Karbono(IV) oxidoa karesnez zurgatuta, arnasteko airea garbitzen zen. Bi kaskoen arteko tartea airez ala urez beteta, itsasoan azaleratzea ala hondoratzea lortzen zuen. Ibiltzeko berriz, pala bikoitzeko helizearen eraginaz baliatzen zen.
Monturiol-ek eraikitakoa zen benetako lehen urpekuntzia. Baina gobernuak laguntzeari utzi egin zion, eta proiektu berriak bertan behera gelditu ziren.
Garai hartantxe, 1863.ean, Frantzian Plongeur izeneko urpekuntzia eraiki zuten. Bere 42,5 metro luze eta 6 metro zabalekin, 453 tona garraiatzeko gai zen. Altzairuz osatutako untzi hark, aire konprimatuzko propultsioa zuen. Oreka- eta maniobra-lanak burutzeko zailtasunak bazituen ere, Plongeur urpekuntziak bide eman zuen gero emaitza bikainak lor zitezen.