Elhuyar Fundazioa
"Jacob-en makila" izeneko tresnak, arazoa zerbait konpondu zuen. Kurtsorez hornitutako makilatxo bat zen hura, eta latitudea neurtzeko balio zuen. Kurtsoreari bira eraziz, horizontea eta eguzkiak osatzen zuten angelua gutxi gorabehera neur zitekeen. Longitudea nola neurtu ordea? Arazo hau konpontzea, zailagoa zen. Baina ebazpidea Ptolomeoren Geografia aztertzetik asmatu zen.
Dena dela, lehen Atlantikoko esploratzaileak, XIV. mendearen hasieran abiatu ziren Afrikako Kostetara. Urrea, espeziak eta merkataritzarako bide berriak behar zituen. Mediterranioan otomanoak zeudenez, Indietarako beste bide baten bila hasi ziren genovar, veneziar eta portugaldarrak. Azoreak Irlak, Madeira, Zaire eta abar deskubritu zituzten. Portugalko Enrike Itsasgizona izan zen bidaia haien bultzatzailerik handienetakoa.
Kristobal Colomb-ek, beste proiektu bat zuen. Lurra biribila zelakoan, Indietara mendebaldetik itsasoan zehar iritsi nahi zuen. "Pinta", "Niña" eta "Santa Maria" itsasuntziekin abiatu zen, euskal marinelak ere berekin zituela, eta Karibe Itsasoko Guanahaní izeneko irlatxoan lurreratu zen Indietan zegoelakoan. Colomb-ek harrez gero beste hiru bidaia ere egin zituen mendebaldeko Indietara.
Americo Vespucci italiarra, mendebaldeko Indiek kontinente berria osatzen zutenaz ohartu zen, eta hortik Ameriketa izena.
1519. urtean Magallanes bost untzirekin abiatu zen mendebaldera Asiako Indietara iristekotan. Azkenean, untzi bakarra itzuli zen etxera Elkano getariarraren agindupean munduari buelta osoa lehen aldiz emanda.
Ingeles eta frantsesak, Ameriketako iparraldera (Groenlandia, Kanada, etab.) joan ziren, euskaldunak balearen arrantzara joan ohi ziren bezalaxe.
Ameriketarako bidea deskubritu zenetik gainera, itsasoko merkatalgoaren gorakada izugarria izan zen. Horren eraginez, Euskal Herriko untzioletan lan asko egin zen. Frantziako Henry V.aren enkarguz adibidez, bi mastako itsasuntzia egin zuten Baionan 1418.ean.
Euskal Herrian, "nao" izeneko untzia egiten zen nagusiki. Merkataritzarako untzi handia zen. Gaztelu bat zuen brankan eta bestea popan. Brankako mastan eta masta nagusian, bela karratuak zituen, baina mesanakoan latindarra. Gazteluetan, untziaren defentsarako arkulariak eta alkabuzariak babesten ziren.
1400 eta 1600 bitarteko untzien aldaketa.
Euskal Herriko untzioletan, "galeoiak" ere egiten zituzten. Galeoiak hiru masta zituen, bela karratuz horniturik, eta Ameriketara bidaiak egiteko erabiltzen ziren. Untzi handi, bizkor eta ongi armatuak zirela garbi dago. Pasaian egindako "Santa Ana" izenekoa adibidez, 68 kainoi zituen.
Itsasuntzitan kainoiak eduki behar izaten zituzten, noski. Ozeanoren konkistan potentzia desberdinak zebiltzan lehian, eta edozein untzik erasotzen zion itsasoan beste bati. Gero eta kainoi, arma eta karga ugariago eraman behar zenez, untzi handiagoak egiten hasi ziren. Baina bestetik, erasotzaileengandik ihes egiteko untzi azkarrak behar zituzten. Arazoa, beste era batera konpontu zuten. Untziek taldeka egiten zituzten Ameriketarako bidaiak. Untzi batzuk jeneroa garraiatzen zuten bitartean, beste batzuk babesa eskaintzen zuten inor lapurtzera etorrita ere.