2008/11/01
247. zenbakia
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
Ukitu gabe, artelanen muinera
Garai bateko artelanei egin ziren egunean bezala iraunarazterik badago, horixe nahi izaten dugu. Oro har, museo batera joan eta egileak bukatu zuen unean utzi zuen bezala ikusi nahi izaten dugu artelana. Horretarako, logikari jarraituz, zenbat eta esku-hartze txikiagoa, hainbat eta hobe. Alegia, artelan horiek aztertzeko, zaharberritzeko eta kontserbatzeko teknika ez-suntsitzaileak erabiltzen badira, hobe.
Ukitu gabe, artelanen muinera
2008/11/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa)
Izenak dioen bezala, teknika ez-suntsitzaileek ez dute artelana hondatzen, eta maiz erabiltzen dira horrelakoak museoetan artelanak aztertzeko, zaharberritzeko eta kontserbatzeko. Hori aurrez aurre ikusteko, Bilboko Arte Eder Museoan izan gara bisitan, María José Ruiz-Ozaita Kontserbazio eta Zaharberritze saileko teknikariarekin. "Teknika ez-suntsitzaileak lagina ukitu gabe egindako ikerketetan oinarritzen dira, eta, horretarako, erradiazio ikusgaia nahiz ikusezina erabiltzen dute" aipatu digu Ruiz-Ozaitak.
Argiarekin jolasean
Argi ikusgaiaren eremuan, argazkigintza da beharbada artelanen azterketa zientifikoa egiteko teknika arruntenetako bat, eta oso erabilgarria da, gainera. Oro har, argazkigintzaren teknika hauek erabiltzen dira: argi intzidentearen bidez egiten diren zuri-beltzeko nahiz koloretako argazkiak eta arraseko argiaren eta argi igorriaren bidez ateratako argazkiak.
Arraseko argia erabiltzea argi-fokua objektuaren plano berean kokatzea da. Hala, argiak planotik kanpo dauden elementu guztiak argitzen ditu, eta artelana osatzen duten geruza guztien nolabaiteko informazio-mapa bat ematen du.
María José Ruiz-Ozaita; teknika ez- suntsitzaileekin lan egiten du Bilboko Arte Eder Museoan.
I. Kortabitarte
"Argi igorriaren kasuan, berriz, artelanaren atzealdean ezartzen dira argi-fokuak, eta gainazaleko pinturen berri ematen digun irudia jasotzen dugu guk" dio Ruiz-Ozaitak. Informazio ugari ematen du horrek. Izan ere, argi horrek objektu zeharrargitsuak ere zeharka ditzake, hein handi batean, baita arrailak, urradurak, galdutako zatiak edo zati gardenak dituzten objektu opakuak ere. Zenbait eremutan egon litezkeen krakeladuren edota altxatzeen berri ematen du, eta material ezberdinen artean sor daitezkeen tentsioen eta elkarrekintzen inguruko informazioa ere bai. Hala, artistak artelana nola egin duen azter daiteke, besteak beste.
Horretaz gain, artelanaren xehetasunak ezagutzeko, makroargazkigintza eta mikroargazkigintza erabiltzen dira. Bi horien arteko ezberdintasuna irudia handiagotzean datza. Makroargazkigintzan, irudi erreala hamar aldiz handiagotzea lor daiteke. Hala, interes espezifikoko xehetasunen behaketa, teknikaren eta materialen egoeraren azterketa eta tratamenduen eraginkortasunaren nolabaiteko kontrola egin daiteke.
Mikroargazkigintzan, berriz, makroargazkigintzan baino handipen handiagoak lortzen dira. Azken finean, batek zein besteak margoen egituraren berri ematen dute maila makroskopiko eta mikroskopikoan.
Francisco Iturrinoren Xalak margolanaren zati baten makroargazkia (eskuinean goian) eta mikroargazkia (eskuinean behean). Batak zein besteak margoen egituraren berri ematen dute handipen ezberdinetan.
(Argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa)
Ikusezina
Espektro ikusgaitik at, argi ultramorea, infragorria eta X izpiak ere erabiltzen dira ondare artistikoa zaintzeko. "Artelana argi ultramorearekin argiztatzeko, Wood lanpara erabiltzen dugu, eta argiztapen horrek hamaika tonutako fluoreszentzia eragiten du objektuaren gainazalean. Guk tonu horiek aztertzen ditugu" dio Ruiz-Ozaitak. "Tonu horiek batez ere bernizei buruzko informazioa ematen digute, eta orban ilun gisa ikusten ditugu guk. Azken finean, orban horiek artelanak urteetan zehar izan dituen ukituen berri ematen digute". Ukitu horiek koadroetako pertsonaien eskotea zertxobait txikitzeko edota biluziak estaltzeko erabiltzen dira, besteak beste.
Infragorri-erreflektografian, berriz, artelana lanpara gori batez argitzen da, eta infragorriko espektroa jasotzen da. Objektuak islatutako erradiazioa argi infragorriekiko sentikorra den sistema batek detektatzen du, eta irudi ikusgai bihurtzen du. Sistema horri videcon deritzo, eta erreminta horrek bihurtzen du, hain zuzen ere, ikusgai artelanaren espektro infragorria. Irudi ikusgaia pantaila batean jasotzen da. Horixe da infragorri-erreflektrograma. Metodo horren bidez, ez da sekula artelanaren barrualdeko egitura ezagutzen, argi infragorriak ez baitu objektuen barreneraino sartzeko ahalmenik. Dena den, hainbat pintura-geruza zeharka daitezke. Hala, besteak beste, artelanaren ekoizpen-prozesu osoa ezagutzeko aukera dago.
Orazio Gentileschi margolariaren Lot eta haren alabak margolana arraseko argiarekin eta argi ultramorearekin argiztatua. Goiko irudian ikus daitekeenez (arraseko argia), margoa euskarritik desitsatsita dago. Beheko irudia, berriz, argi ultramorearekin ateratakoa da, eta hor ageri diren orban ilunak margolanak izan dituen ukituen ondorio dira.
(Argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa)
Artelanaren barrenak ezagutzeko, X izpiak erabiltzen dira. "Esaterako, Lipchitz-en igeltsu horren bolumena nahiko handia da, eta teknikoki hutsune ireki asko ditu (igeltsua material hauskorra da). Kasu horretan, interesgarria da oso artelan horren barrualdean zer ezkutatzen den jakitea. Horretarako, X izpiak erabiltzen ditugu" dio Ruiz-Ozaitak.
Izan ere, X izpiek barru-barruko informazioa ematen digute, barneratze-ahalmen handienetarikoa duten izpiak baitira. Zeharkatu beharreko materialaren pisu atomikoaren arabera, barruragoko edo azaleragoko informazioa jasotzen dugu X izpien bitartez.
Zurezko artelanen kasuan, esaterako, artelan hori zenbait panelez osatuta dagoen, euskarria osatzen duten elementuen artean lotura metalikorik dagoen, edota elementu osagarririk duten esaten dute X izpien azterketek.
Jacques Lipchitzen artelanaren X izpien bidezko erradiografiak agerian uzten du artelan horrek hiru elementu metaliko dituela barrualdean.
Bilboko Arte Eder Museoa
"Lipchitz-en artelan horretan, adibidez, ikusi dugu material metalikoa duela barrualdean artelanak. Horrek beste zenbait gauza ulertzeko balio izan digu" gehitu du Ruiz-Ozaitak. "Besteak beste, artelanean oxidatuta azaltzen diren zenbait eremuren zergatia ulertu ahal izan dugu. Izan ere, oxidazio horrek barrualdeko egitura-elementu batean duela jatorria ondorioztatu dugu".
X izpien bidez lortzen den erradiografiak artelan horri buruzko informazio baliotsua ematen du, aplikatu beharreko tratamendua proposatzeko. Garai bateko artelanen kasuan, erradiografia horiek artelanak izan dituen aldaketen, hark izandako konponketen eta abarren berri ematen dute. Alegia, artelanaren egiturari buruzko informazioa ematen dute, eta hori ezagutzea ezinbestekoa da edozein artelanen kalteak azaltzeko orduan.
Azken finean, teknika horien guztien helburua da ahalik eta esku-hartze txikienarekin artelanak kontserbatzea. "Teknika ez-suntsitzaileekin lortutako informazio guztiak artelanen kontserbazio-egoeraren balorazioa egiten eta kalteak zenbatzen laguntzen digu. Alegia, oro har, informazio hori abiapuntutzat hartuta proposatzen dira artelan bakoitzarentzako tratamendu egokiak".
Lorategi Handia artelanaren kontserbazioa eta zaharberritzea, kasu praktiko bat
Rafael Balerdiren Lorategi Handia 240 x 571 cm-ko oihal gaineko olio-pintura Bilboko Arte Eder Museoan dago. Urteak daramatza han, eta hango teknikariek lan handia egin dute hura kontserbatzeko eta zaharberritzeko.
Lehenik eta behin, artelanaren kontserbazio-egoera zehaztu behar zen. Horretarako, alde batetik dokumentazioa aztertu zuten, eta, bestetik, Lorategi Handia osatzen duten materialen azterketa fisikoa egin zuten. Pinturaren tamaina izugarriagatik eta izaera abstraktuagatik, gainazala zortzi sektore berdinetan banatu zuten, lortutako informazio guztia sistematizatu ahal izateko. Hasteko, ikusizko azterketa bat egin zuten, eta ondoren, mihisearen aurrealdearen zein atzealdearen argazkiak atera zituzten argi intzidentearen, argi igorriaren eta arraseko argiaren bidez, sektore bakoitzaren patologien mapa osatu arte. Halaber, gainazal guztia miatu zuten, euskarriaren zein pinturako materialen kalteak zehatz-mehatz aztertuz. Mapa horiek funtsezkoak izan ziren prozesu osoan zehar. Izan ere, kontserbazio-egoerari buruzko informazio guztia biltzeaz gain, tratamendua modu eraginkorrean antolatzea ahalbidetu zieten.
Materialen identifikazioa
Balerdi Lorategi Handia margotzen, Andoaingo eskolan.
(Argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa)
Pintura-laginen eta ehun-zuntzen azterketa mikroskopikoei eta materialak identifikatzeko azterketa kimikoei esker, artistak erabilitako teknikak ikusi ahal izan zituzten, eta, batez ere, materialen arteko elkarrekintzak eta patologiekin zituzten loturak aurkitu zituzten.
Patologiak
Lorategi Handia -ren lekualdaketa guztiak, Balerdik 1966an hasi zuenetik 1979an amaitu zuen arte, mihisea biribilduz egin ziren, eta horrek kalte handiak eragin zizkion oihalari eta pintura-materialari.
Ezkerraldean, euskarriaren eta pintura-geruzaren deformazioak; eskuinaldean, euskarriaren arraildurak eta pintura-geruzaren altxatzeak.
(Argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa)
Batzuetan, eragiketa hori pintura artean bustita zegoela egin zen: lanaren atzealdearen azterketak agerian utzi zituen itsatsitako kolore-hondarrak, biribilkatutako gainazalarekin bat zetozenak.
Mihiseari eusten zion armazoiaren ikerketa sakonak, bestalde, agerian utzi zituen elementu horren hutsuneak. Are gehiago, artelanaren kontserbazio-egoera kaskarra armazoiaren ezaugarriek eragina dela esan daiteke. Izan ere, armazoia ez zen gai mihisearen tentsioei eta pisuari eusteko. Euskarriaren deformazioak eta hainbat tamainatako arraildurak sortu ziren, eta horrek kalte handia eragin zien, besteak beste, pintura-geruzei, altxatzeak eta galera nabarmenak, besteak beste.
Tratamendua
Tratamendua 2002an hasi zen. Aurrealdean, pintura-geruzak sendotzeko lurrun-arkatz bat erabili zuten; kaltetutako tokian aire-zorrotada bero eta heze arin bat botatzean datza teknika hori. Gehienetan, hala ere, pintura euskarrian finkatzeko itsasgarri bat ere behar izaten da. Kasu honetan, funori izeneko itsasgarria erabili zuten, Gloiopeltis furcata algatik ateratako sulfato polisakarido bat. Atzealdean, berriz, behe-presioko mahaitxoa erabili zuten deformazioak zuzentzeko. Bi teknikak aldi berean aplikatu zituzten. Hortaz, tratamenduen bateragarritasuna frogatu ez ezik, emaitza optimizatu ere egin zuten, biak aldi berean erabiliz.
Kortabitarte Egiguren, Irati
3
247
2008
11
029
Museoak; Teknologia
Artikulua
23
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.