UEUko harrobia

Mujika, Alfontso

Elhuyar Fundazioa

Jose Ramon Etxebarria

Etorkizuneko Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugunok proiektu oso zabal baten partaide eta burutzaile garelakoan nago: herri- edo nazio-proiektu baten partaide garela esango nuke. Eta analogia egitea zilegi bazait, antzinako katedralen proiektuaren irudia hartuko dut, horrela nik baino lehenago sarri hartu izan den alegoria bat pentsaketara ekartzeko.

Dakigunez, duela zenbait mende eginiko katedralak harrizkoak dira eta horri esker diraute oraindik ere zutik. Zer gutxiago egin dezakegu geure harrizko herri honetan, etorkizunerako oinarriak finkatzeko harria oinarri hartzea baino! Sendo eta zutik iraun nahi badugu, behintzat. Horregatik ez dut lekuz kanpokotzat katedralaren iruditik abiatzea, gure proiektua sakratua izan ez arren ere, asmoaren ederrak bizi osoaren ahalegina merezi duelakoan.

Egunkaria

Seguruen behin baino gehiagotan entzungo zenuen harrobiko hiru harginen pasadizo famatu hura. Hiruek ziharduten harria lantzen, zeinek berea, hirurak berdinak, paralepipedo-forma xumekoak, harri errektangeluarrak, alegia; baina harginen jarreren artean bazen alderik, galdezka joan zitzaienari erantzutean argiro ikus daitekeenez. Hain justu, zertan ziharduten galdetzean, lehenak honelaxe erantzun omen zuen, gutxi gora behera: “eguneroko ogia irabazten ari naiz”. Bigarrenak “horma baterako harria lantzen ari naiz” edo horrelako zerbait esan zuen, oso hargin fina izanik ondo menperatzen baitzuen teknika. Hirugarrenak, ordea, zur eta lur utzi zuen emaniko erantzunaz: “katedrala eraikitzen ari naiz”.

Badakit, jakin, askoz ere jarrera gehiago egon daitezkeela eta agian aipaturiko hauek topikotzat har daitezkeela, baina horiez baliatuko naiz UEUren historia ez hain laburrean bertako harginek —barka, partaideek— izaniko jarrera adierazteko, irakurleak UEU zer den aldez aurretik ere badakielakoan. Dena den, zalantzarik egon ez dadin, gogora ekarriko dut Udako Euskal Unibertsitateaz ari naizela, duela hogeita bost urte euskara hutsez sortu eta bizi den unibertsitate estraofizialaz; Baionan jaio bazen ere, handik Iruñera pasatu eta gaur egun bere ekitaldiak euskal lurralde guztietara hedaturik duen horretaz, sasi —edo muga administratibo-estatal— guztien gainetik eta hodei —edo itomen ekonomikorako ahalegin— guztien azpitik bada ere. Euskal herrien lurraldekotasuna osotasunean eta praktikan onartzen duen unibertsitate bakarraz ari naiz.

Proiektu nazional baten —demangun katedrala dela— parte da UEU, proiektu horrek bestelako arkitekto eta lan-zuzendari asko ere behar dituelarik, arlo guztiak ondo koordinaturik joan daitezen nahi badugu, bederen. Eta proiektua martxan da, irakaskuntzaren arloa eraikuntza horretarako harrobi modukoa delarik, ez baitago herri hau eraikitzerik herritarren prestakuntza egokirik gabe.

Proiektua hizkuntzaren batean idatzi behar denez, dioadan asko garela uste dugunok benetako katedral euskaldunik nahi badugu euskaraz baino ezin idatz daitekeela. Hortaz, euskal harrobia behar genuela konturaturik, lehenagoko beste harrobien bidetik abiatuta —ikastolek markatu baitzuten iparra—, 1973ra iritsi aurreko urtetan harrobi berriaren premia genuela ikusi zuten aitzindari batzuek, hemen banan-banan aipatuko ez ditudanak, baina guztion memoria kolektiboan inoz ezabatuko ez direnak. Eta haiek eginiko deiari erantzunez, hargin asko hurbildu ginen hurrengo urteetan Donibane Lohizunera, Uztaritzera eta Iruñera, besteak beste, geure harrizko hizkuntza unibertsitate euskaldunerako lantzeko asmoz.

Urteotan, ezinbestez, mota desberdineko harginak hurbildu dira UEUko ekitaldietara. Ateak guztientzako irekita egon baitira betidanik, baldintza bakarra ekitaldietan euskara hutsez parte hartzea izanik. Proiektu hau guztiontzakoa baita, bestela ezinezkoa izango baita herri honetan harrizko katedrala eraikitzea. Dena den, egia esanda urte horietan harriaz bestelako materiala ere erabili nahi izan dutenak ere hurbildu dira harrobira —zientifikotasunaren mailaren izenean, hizkuntza hain garrantzizkoa ez zela ziotenak eta garrantzizkoena gaia bera zela ziotenak, adibidez— baina guk geureari eutsi diogu, izatekotan katedrala harrizkoa behar zuela pentsatuz.

Hasieran kontaturiko harrobiko ipuinean bezalaxe, gutxienez hiru motako harginak aurkitu izan ditut nik. Izenik emango ez dudanez, ez dut uste inork haserretu beharrik duenik, zein taldetan bere burua sartu, hori berak juzka dezakeelako; nik ideia baino ez diot emango, nork bere buruari buruzko epaia eman dezakeelakoan.

UEU ogia lortzeko modutzat hartu dutenak izan dira batetik, hainbat eta hainbat. Zuhurrak edo berekoiak —hori nork jakin?—, euskaraz jantzita egonik lanpostua errazago lortzeko aukera ikusi dute batzuek UEUra joanda; eta horretara joan dira. Bestalde, hain gordin jokatu ez arren eta hasierako asmoa hori izan ez arren, bertan euskara landu eta horri esker lanbide hoberik lortu ondoren UEU erabat alboratu dutenak ere ez dira gutxi izan. Dena den, jakin badakigu, harrobira ogi bila doazenak sekula ez direla faltako eta, agian, gehiengoa osatuko dutela. Eta horiek ere lan egiten dute harrobian.

UEUko zuzendari ohiak, "dinosauru" nagusiak. Ezkerretik hasita: Martin Orbe, Kepa Altonaga, Inaki Irazabalbeitia eta Baleren Bakaikoa.

Hargin finik ere izan da UEUn, lan oso zehatza egin duena eta egunero egiten diharduena, teknikari edo zientzilari ezin hobea dena, euskara bikain lantzen duena, kalitatearen gorakadan zerikusi handia duena, baina beste helbururik ez duena edo, nahiago baduzu, harrietatik harantzago ikusten ez duena. Horietako batzuek UEUk bere betebeharra buruturik duela uste dute eta jadanik erreleboa emateko bidean hasi behar dela; zehatzago esateko, jadanik erakunde ofizialak antolaturik egonik, euskalgintzaren ardura berauen eskuetan utzi behar dela uste dute eta ofizialtasunean integraturik datorrela etorkizuna.

Uste izatekoa denez, harrobi guztietan aurki daitezke teknikari onak, paralelepipedoaren forma doitasun handiz zizelduko dutenak, hormak zuzen egiteko bidea eskainiko dutenak. Zalantzarik ez dut hargin horiek laguntza handia eman dezaketela katedralaren eraikuntza zuzen eta egoki abia dadin, harria baita funtsa; baina katedralaren diseinuan ez dute parte hartuko, asmorik ere ez, eta, agian sekula ez dute katedralik egingo, aski baitute alde goirik gabeko horma zuzenarekin.

Gutxiago ikusi ditut harria lantzen duten bitartean katedrala buruan dutenak. Baina badira eta ez gutxi; aski ere izan daitezke, proiektuari eusten badiote. Zeren proiektu hau arnas luzekoa baita, belaunaldi bakar batean burutu ezinekoa, gaur egun miresten ditugun katedralak izan ziren moduan. Belaunaldiz gaineko proiektua baita gurea, gerora bizi nahi duen herri zahar-berrituarena.

Ametsak amets eta irudiak irudi, benetan uste dut UEUko lanik xumeenean ere harrizko Euskal Herria eraikitzen ari garela, baina horretarako prozesu luzean (agian amaigabea datekeena) harriak ongi lantzeaz gain —teknikari edo zientzilaririk onenak bezain fin lan eginez— ikastaldirik sinpleena ematen ari garenean, ideia berriak bideratzen saiatzen ari garenean, proiektu bereko kideen arteko giroa eta errespetua ernetzen dihardugunean, sekula ez dugu ahantzi behar proiektuaren helburua; euskal nazioaren eraikuntza. Bestela ez baitago harrizko katedralik eraikitzerik.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group