Maiz gure trenei buruz ari garenean eta hauen akatsak, atzerapenak eta desegokitasunak aipatzen ditugunean, gure Herria Europa ez denaren beste froga bat dela esaten dugu. Eta horrela dirudi trenbidearen kasuan bederen. Europan trenbidea bultzatzen ari direnean eta etorkizunerako plan zabal eta eragingarriak planteatzen ari diren une berean, gure artean errentagarritasun delako hitz magikoa aho-ezpainetan dutelarik trenak ixteari ekiten diote gure agintariek. Horrek ez dirudi bide egokia... irakur bestela.
Europako herri gehienetan, trenbide-sare berri edo berriztatu bat martxan jartzen ari dira (ikus mapa). Gainera, trenbide-sare hori tunel eta errepide berriekien hertsiki loturik dago. Horregatik eta etorkizunean eraikiko diren tunel eta zubiei esker, Dunedin-etik Ankararaino trenetik jaitsi gabe joan ahal izango da. Eskoziako Dunedinen trenera igoko den bidaiaria Britainia Haundiko Inter City abiadura azkarreko trena hartutik Dover-eraino joango da.
Bertan, trena utzi gabe, Mantxako Kanalaren azpitik doan tunelaren ahoan barrena abiatuko da. Frantziara iritsi ondoren, Europa kontinentaleko trenbide-sarea erabiliz Istambuleraino iritsiko da eta Europa eta Asia, Bosforoa gurutzatuz, lotuz egongo den tunelaren bidez Ankararaino ailegatuko da. Bidaia osoa azkarra, erosoa eta segurua izango da gainera.
Azter ditzagun banan-banan hori lortzeko eman nahi diren urratsak.
Britainia Haundian badago jadanik abiadura azkarreko trenbidezko lotura Dunedin eta hegoaldeko kostaldearen artean. Mantxako Kanalaren azpian doan tunela, trenbide-tunela izango dena, eraikitzen hasi dira jadanik eta 1993.erako bukatua egon liteke. Britainia Haundian asmoa trenen abiadura bizkortzea da; 200 km/htik 225 km/hra.
Frantziako Train à Grande Vitesse (TGV) txit ezaguna da. Tren honen lehenengo linea 1983.ean zabaldu zen Paris eta Lyon artean. Inbertsioak handiak, itzelak zehatzago esan, izan ziren, baina TGVk izan duen arrakastak (16 milioi bidaiari urteko) guztiz justifikatzen du egindako inbertsio hori. TGVko linea berri bat egiten ari dira egun. Honek Y itxura du eta adar bat Nantesera doan bitartean bestea Bordeleraino helduko da. Azken hau Euskal Herriraino iritsiko da azkenik; Hendaia bait du azken itua. TGV berri honi esker Paris eta Bordele arteko bidaia lau ordutik hiru ordura laburtuko da. TGVaren beste linea batek, Paris-Brussela-Kolonia linearen adarra izango denak, Mantxako tunelaren lotura egingo du.
Alemaniako Errepublika Federalean bi linea azkar berri eraikitzen ari dira. Linea hauek Mannhein eta Stuttgart hiriak eta Hannover eta Würzburg hiriak lotuko dituzte. Mendebaldeko Alemaniako trenek 400 km/h abiaduraz ibiliko dira. Trenbide berriak 1991.erako bukatuko dira eta hasiera batean trenak 250 km/h abiaduraz bakarrik ibiliko dira.
Italian ere lanean ari dira arlo honetan. Erroma eta Firenze arteko Direttisima eraikitzen ari dira une honetan. Italiako gobernuak 1969.ean onartu zuen linea hau eraikitzea, baina arazo bat dela, bestea dela, 1986.erarte ez da lehenengo zatia zabaldu eta 1989.ean zabalduko da erabat. Bien bitartean Messinako itsasartea gurutzatuz Sizilia eta kontinentea lotuko dituen zubiaren eraikuntzarako lehenengo urratsak aurten ematen hasiak dira. Zubi hau eraikitzea, Kanaleko tunela eraikitzea bezain garestia izango da. Honen arrazoia Sicilia lurrikarekiko sentikorra izatea da. Horrexegatik zubiak lurrikarak pairatzeko gai izan behar du.
Europako trenbide berrien proiektuari ematen ari garen gainbegirada bukatzeko, Jugoslavia iparretik hegoaldera zeharkatzen duen 1300 kmko trenbidea bikoizten eta hobatzen ari direla esan behar da. Trenbide honen asmoa Europako Ekonomi Elkartea osatzen duten beste herriak Greziarekin trenez egoki lotzea da.
Azaldutakoan ikusten denez, asmo eta proiektu asko dago Europa guztian zehar trenbideak zabaltzeko eta berauen zerbitzua hobatzeko; etorkizunean trenak merkantzien zein bidaiarien garraioan zati handi bat berreskuratzearen alde egin bait da. Azkar, eroso eta seguru, horixe da lema.