Farmazian doktorea. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzailea
Farmazia Fakultatea UPV-EHU, Vitoria-Gasteiz
Farmazia eta Elikagaien Zientziak Departamentua, EHU
Farmazia eta Elikagaien Zientziak Departamentua, EHU
Farmazia eta Elikagaien Zientziak Departamentua, EHU
Fisiologia Departamentua, EHU
Rada Fernandez de Jauregi, Diego
Fisiologia Departamentua, EHU
Pertsonak jateari egiten dion borondatezko ukoa ezaugarri duen sindromea da nerbio-anorexia. Pisu-galera eta gorputzeko organo eta sistemen asaldura larriak —desoreka endokrino eta metabolikoak adibidez— nabarmenak izaten dira gaixotasun honetan.
Bi nerbio-anorexia azpimota bereiz daitezke: alde batetik, nerbio-anorexia murriztailea dago, zeinetan pisua dieta eginez edo intentsitate handiko ariketa fisikoarekin jaisten den; bestetik, nerbio-anorexia bulimikoa. Bigarren kasu horretan, gaixoak gehiegizko elikagai-kantitateak hartzen ditu, eta botaka eginez amaitzen du.
DSM-IV eskuliburuaren (Diagnostic and Statistical Manual of Mental Disordersen) arabera, nerbio-anorexia diagnostikatzeko irizpide nagusiak hauek dira: gorputz-pisua adinari eta altuerari dagokien pisu normalaren % 85 azpitik mantentzea, loditasunari beldurra izatea, norberaren gorputz-itxuraren pertzepzio distortsionatua eta hiru ziklo jarraitan, gutxienez, hilekorik ez izatea. Koadro kliniko horren sintomatologia, berriz, hau da: pubertaro berantiarra, aktibitate fisikoaren igoera, termoerregulazio-arazoak, depresioa eta autolisi-arriskua, adikzio-arazoak eta familia-bizitzaren eta harreman sozialen antolakuntzarik eza.
Gaixotasun horren prebalentziarik handiena neska nerabeetan izan ohi da. Azken urteotan, gaixotasun horren maiztasuna areagotuz joan da eta, gaur egun, 200 nerabetik batek nerbio-anorexia garatzen du. Horietatik, % 50 erabat sendatzen da; % 30ek, hondar-sintomak izaten ditu ondorengo urteetan; % 10ean kroniko bihurtzen da, eta % 8 hil egiten da.
Ugari dira nerbio-anorexiaren kausatzat ikertzen diren faktoreak. Hala ere, ez dirudi bakarra denik gaixotasunaren sortzaile. Are gehiago, adituak ez dira ados jartzen gaixotasunaren zenbait ezaugarri nahastearen eragile diren edo aldez aurreko gertakarien ondorio.
Hainbat eragilek eman diezaiokete hasiera gaixotasunari. Batetik, gizarte garatuetako komunikabideetako emakume argalaren mitoak emakumea bere fisikoaz obsesiboki arduratzera darama eta, zenbait kasutan, nahaste emozionalak eta elikadura-asaldurak garatzera ere bai. Bestetik, garrantzitsua da familian jasotzen den elikadura-ohiturei buruzko heziketa. Gazteei ez bazaie elikatzeko portaera egokia irakasten, elikadura-nahasteak gara ditzakete. Horietaz gain, pisuarekin arazoak dituzten gaixoek autoestimu baxuagoa dutela egiaztatu da, eta zenbait ikerketak frogatu dute arazo hori duten emakumeek ondorengo urteetan elikadura-nahasteak izan ditzaketela. Amaitzeko, kausa biologikoak aipatu behar dira, nerbio-anorexia jangurarekin erlazionatutako gaixotasuna baita.
Etiologia anitzeko sindromea izan arren, kausa biologikoei arreta berezia jarri beharra dago. Nerbio-sistema zentraleko hipotalamoa, janguraren gune erregulatzailea, pertsonak janariarekiko duen erakarpenaren edo errefusaren arduraduna da. Hor izaten diren aldaketek nabarmenki eragiten dute pertsonaren elikaduran. Horrenbestez, janguraren kontrol horretan parte hartzen duten konposatuen jokaera aztertuz, nerbio-anorexiaren zergati biologikoa ulertzera hel gaitezke. Are gehiago, hipotalamoko aldaketak zuzentzeko tratamenduak planteatuz, gaixotasuna sendatzea posible izan daiteke.
Ez dago elikadura-nahasteak tratatzeko terapia errazik. Horren adierazgarri da tratamendua hasi eta bost urte geroago ere gaixoen heren batek eritasunaren zenbait ezaugarri izaten jarraitzen duela. Nerbio-anorexia gaixotasun larria denez eta anbulategi-pronostiko eskasa duenez, ospitale-tratamendua beharrezkoa da. Hala ere, badira ospitaleratzearekin ados ez dauden gaixoak, beren burua osasuntsutzat daukatenak eta inongo terapiak justifikaziorik ez duela uste dutenak.
Tratamenduaren lehen helburua pisua berreskuratzea izan ohi da. Horretarako, gaixoaren eta familiaren artean sortzen den aurkakotasun-giroa apurtzea garrantzitsua da, tratamendu psikoterapeutikoarekin batera kontrolatutako elikadura lortzeko. Ondoren, lortutako pisua mantentzen ahalegindu behar da, berriz gaixotzeari aurrea hartu behar baitzaio.
Aipagarria da gaixoa fisikoki erabat sendatu ostean asaldura psikologikoak ez direla desagertzen. Osatzea lortu duten emakumeek portaera obsesiboak, malgutasunik gabeko pentsaera, emozioak azaltzeko arazoak eta autokontrolik eta bulkaden kontrolik ezdutela ikusi da. Horrez gain, argaltasunarekin obsesionaturik jarraitzen dute eta jateko ohiturekin erlazionatutako psikopatologia ageri dute. Perfekzioa bilatzen dute etengabe, eta simetriarekin eta ordenarekin itsututa egoten dira.
Berriz gaixotzea prebenitzeari buruzko ikerketek esperantza handia piztu dute. Terapia psikologikoa fluoxetina antidepresiboarekin batera erabiltzean emaitza onak lortzen direla eta berriz gaixotzea murrizten dela ikusi da. Gainera, fluoxetinak elikadura-nahasteak eragindako sintoma zentralak gutxitu egiten ditu, hala nola depresioa, antsietatea, obsesioa eta izaera konpultsiboa. Dena den, farmakoaren efektu negatiboak direla eta (ekintza-mekanismoa, albo-ondorioak, etab) botika hori gaizki elikatutako gaixoetan ez da erabilgarria.
Saunaren erabilerak nerbio-anorexia duten pertsonen gorputz-pisua murrizten laguntzen duela pentsatzea zentzuzkoa da. Kontrara, badirudi saunak patologiaren garapena prebenitu eta gaixoaren egoera hobetu egiten duela. Baliteke hobekuntza hori dela eta anorexia duten pertsonek sauna ez erabiltzea, eta jarduera hori ez jotzea gaixotasun horren arrisku-faktoretzat. Bestalde, saunaren izaera prebentiboa dela eta, anorexia izateko joera dutenek sauna erabiliz gero ez lukete gaixotasuna guztiz garatuko.
Beroaren bidezko tratamendua, hasieran, hiperaktibitatea kontrolatzen laguntzeko erabili zen, nerbio-anorexia duten gaixoetan maiz azaltzen baitira hiperaktibitate-sintomak. Gaixo horiek ezin dute aktibo egotea saihestu, eta une oro mugitzen dira, inolako helburu jakinik gabe. Askotan, gehiegizko aktibitate fisikoa egiten dute, neurririk gabe egiten dute lan, ez dute atsedenerako tarterik hartzen, eta horrek asko gogobetetzen ditu. Gainera, zenbait ikerketetan ikusi da gehiegizko jarduera edo ariketa fisikoa baldin badago elikagai-hartzearen murrizketa nabaria izaten dela.
Beti uste izan da nerbio-anorexian gehiegizko ariketa fisikoa gaixoek pisua galtzeko desioarekin sortutako jokabidea dela. Baina ideia hori baztertzen ari da, eta horrenordez, hiperaktibitatea gaixotasunaren sintoma zentraltzat jotzen duen ikuspegi psikobiologikoa gailentzen ari da. Gaur egun nagusitzen ari den hipotesia hau da: nerbio-anorexiako gehiegizko jarduera ez da kaloriak erretzeko nahitako estrategia, baizik eta janari-murrizketaren ondorio den homeostasi termoerregulatzailearen asaldurak eragindako jokabidea. Horrez gain, hiperaktibitateak, elikaduraren inhibizioa dela medio, nerbio-anorexian mantentze-faktore gisa jokatzen du, hipotesi horren arabera.
Nerbio-anorexia ikertzeko animalia-eredu asko garatu dira, baina, momentuz, horietako bat bera ere ez da guztiz egokia izan. Hala ere, animalia horien artean ABA, Activity-Based Anorexia, deritzon eredua nabarmenduko genuke. Eredu horretan, animaliek prozedura berezia jasaten dute, elikatzeko denbora-tartea murriztu egiten zaie, hots, animaliek egunean ordu eta erdi besterik ez dute jateko. Tarte horretan, nahi beste jan dezakete. Horrez gain, aktibitate-gurpil batera sartzeko askatasun osoa ematen zaie. Horrela, animaliak, elikagai-murrizketak sorrarazten duen estresa dela eta, hiperaktibitate portaera-patroia garatzen du (gurpilean korrika aritzen da etengabe). ABA prozedura jasan duten animalien eta nerbio-anorexia duten gaixoen sintomak antzekoak dira, hala nola hiperaktibitatea, hipotermia, nahitako janari-murrizketa eta pisu-galera. Hori dela eta, ABA eredua gizakien nerbio-anorexiarako aukerazko eredu izatea proposatzen da. Beraz, anorexian gerta daitezkeen asaldurak ikertzeko erabiltzen da.
Lehen aipatu dugunez, jangura hipotalamoan sortzen den sentipena da, eta haren erregulazioa, berriz, konposatu askoren mende dagoen prozesu konplexua. Prozesu horretan bi motatako sistemak hartu behar dira kontuan: orexigenoak, edo janguraren sortzaileak, eta anorexigenoak, edo jangura murrizten dutenak. Horiek guztiek hipotalamoan eragiten dute, eta haien arteko elkarrekintzek gosea eta asetasuna sorrarazten dituzte. Sistema horien aldaketek, berriz, nerbio-anorexia sorraraz dezakete. Hori dela eta, Santiago de CompostelakoUnibertsitateko Gutiérrez doktoreak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Echevarría doktoreak zuzentzen dituzten ikerketa-taldeek (2009) ABA animalia-ereduan hipotalamoko sistema anorexigeno nagusietako bat ikertu zuten, melanokortinen sistema alegia. Izan ere, melanokortinek, janguraren erregulazioan eragiteaz gain, portaeran eta erregulazio termikoan ere eragiten dute. ABA animalia-eredua kontrol-animalia batekin konparatzean, ikusi zuten ABA animaliek melanokortinen sistemaren hiperaktibitatea pairatzen zutela, eta hori izan zitekeela animalion janguraren jaitsieraren, hiperaktibitatearen eta, beraz, gorputz-pisuaren murriztearen arrazoia.
Beroak nerbio-anorexian izan ditzakeen onura posibleen interesa ABA animalia-ereduan giro-tenperaturak duen eraginean oinarritzen da. Ahidura-egoeran dauden animaliek elikagaiak digeritzeko ahalmena galtzen dute, eta badirudi efektu hori beroaren bidezko terapia erabilita itzultzen dela. Beraz, giro-tenperatura altuak ABA prozedura jasaten duten arratoien autoahiduraren garapena prebenitu edo atzeratu egin dezake. Bestalde, beroak ABA animalietan melanokortinen sistemaren murrizpena eragin zuen. Hein batean bederen, beroaren ekintza-mekanismoa izan daiteke murrizketa horren eragile. Berotutako animaliek jangura eta gorputz-pisua berreskuratu egin zuten, eta aktibitate-tasatxikiagotu. Aipagarria da, halaber, elikagai-murrizketarik gabeko arratoietan, hau da, kontroletan, tenperatura igotzean ez zela inolako efektu berezirik atzeman, ez aktibitateari , ez elikatze-portaerari dagokienez.
Animalietan eraginkorra izan den bero-tratamendua gizakietan ere eraginkorra den ikustea litzateke hurrengo pausoa. Pentsa daiteke gaixoek beroa saihestu egingo luketela pisu-irabazia sumatuz gero. Baina, harrigarria bada ere, gaixo askok beroa bilatzen dutela ikusi da: beren burua berotzen dute, edari beroak edanez, berogailuetatik gertu ipiniz edota mantekin estaliz.
Ikerketa batean Gutierrezek, Kanada eta Australiako ikertzaile batzuekin batera, hiperaktibitatea ezaugarri nagusitzat zuten zenbait anorexikori beroa aplikatu zien (2004). Hiru estrategia erabili zituen horretarako: giro-beroaren etengabeko esposizioa, txaleko termikoen erabilera eta infragorri-kabinan sauna bainuak hartzea. Emaitzak uste baino hobeak izan ziren, eta aztertutako hiru kasuetan patroi berdina ikusi zen: tratamenduaren hasieratik hiperaktibitatearen berehalako murrizketa, eta gaixoen osatze progresiboa. Beraz, badirudi bero-tratamenduak onurak berez dakartzala, erabiltzen den estrategia edozein izanda ere. Esanguratsua da hiperaktibitateak hobera egin ahala gaixoek ez zutela antsietate eta depresiorik adierazten; logura, idorreria eta beste zenbait gorputz-funtzio hobetu egiten zirela, eta kilokalorien kontaketa obsesiboa, loditzeko beldurra eta gorputz-formaren pertzepzio distortsionatua murriztu egiten zirela. Gutiérrezek, beste entsegu batean, derrigorrezko berrelikadurapean zeuden ospitaleratutako nerbio-anorexia gaixoetan pisua irabazteko txaleko termikoen bitarteko bero-tratamenduaren eraginkortasuna aztertu zuten. Emaitzetan, beroa jaso zutenen eta ez zutenen artean ez zen pisu-irabazian ezberdintasunik aurkitu, baina gaixoek beste sintoma batzuen hobekuntza sumatu zuten, hala nola digestio hobeak eta estresaren murrizketa.