Arrek eta emeek ez dute berdin jaten; ezta iparraldekoek eta hegoaldekoek ere. Animalia taldekoiak dira, eta elkarrengandik edo elkarrekin ikasten dute. Sai arreen ohiturak eta portaerak ikertzen urteak daramatza Eneko Arrondo Floristan biologoak, eta aurkikuntza deigarriak egin ditu.
Hegoak zabal-zabal airean, begiak zorrotz, inguruak arakatzen. Soslai nahasezina dute sai arreek. Gai dira kilometrotara sarraskia antzemateko. Hori da haien bizitzeko modua; sarraskia dute elikagai bakar. Baina sarraski guztia ez da berdina. “Sarraskijale batek aurkitzen duen lehenengo gauza jango duela pentsatu ohi da —dio Eneko Arrondo Floristan biologo nafarrak—, baina ikusi dugu saiek badituztela zaletasunak”.
Hain zuzen ere, sai arreen dieta oso modu zehatzean ikertu dute Arrondok eta kideek, eta emaitza harrigarriak lortu dituzte. Inork espero ez zuen portaera konplexu bat topatu dute. Ikusi dute iparraldeko eta hegoaldeko saiek elikadura-ohitura desberdinak dituztela, eta, batzuk eta besteak Extremadura inguruko dehesetara joaten direnean, bakoitzak bere ohiturei eusten diela. Saien kultura deitu diote horri, “Vulture culture: dietary specialization of an obligate scavenger” izeneko artikuluan.
Nafarroako Errege Bardea Parke Naturalak eta Andaluziako Juntak finantzatutako ikerketa horretan, Errege Bardean harrapatutako 30 sairi, eta Cazorlan (Jaen) harrapatutako 35i GPS-gailuak jarri zizkieten. Gailu horiek azelerometro bat ere bazuten, eta horri esker, saiak non ibili ziren jakiteaz gain, jateko noiz gelditzen ziren ere jakin zezaketen.
Hiru urtez aritu dira ikertzen. Hamar ikertzaileren artean, azelerometroek adierazitako 4.000 puntu bisitatu zituzten, gelditzen ziren hondarrak aztertuz saiek leku hartan zer jan zuten zehazteko. “Lan handia izan da, eta asko kostatu zaigu, baina oso pozik gaude emaitzarekin”, aitortu du Arrondok. “Ez da beste inon egin tamaina honetako ikerketarik: hiru urte, 60 banako, bi populazio, hainbeste puntu…”.
“Saien dieta ezagutzen zen populazio mailan, eta, beraz, dietaren osagaiei buruz ez dugu ezer berririk aurkitu”, azaldu du. “Baina, orain, azelerometroei esker, jakin ahal izan dugu sai bakoitzak zer jan duen eta noiz jan duen”. Eta, datu horiek aztertu dituztenean, ikusi dute denek ez dutela berdin jaten.
Batetik, sexuen arteko diferentziak topatu dituzte. Arrek nahiago dituzte gizakiarekin lotutako baliabideak, hala nola abeltzaintza intentsibokoak eta zabortegietakoak; emeek, berriz, gehiago jotzen dute ehizak edo abeltzaintza estentsiboak utzitako baliabideetara. Desberdintasun horrek ez ditu asko harritu. “Beste lan batzuetan, ikusi da arren eta emeen artean badaudela desberdintasunak egoera fisikoan, mugikortasunean, hilkortasunean…”, dio Arrondok. “Bitxia da, saien kasuan ez baitago dimorfismo sexualik, ez dago desberdintasun morfologikorik; eta pentsa zitekeen portaeran ere ez zela egongo, baina ez da hala”.
Hain zuzen ere, sexuen arteko beste desberdintasun batzuk ari dira ikertzen orain; adibidez, kumeen hazkuntzan duten portaera. “Argi eta garbi rol desberdinak dituzte, eta horrek ondorioak ditu, baita janaria bilatzeko moduan ere. Arrek joera dute arrisku gehiago hartzeko, eta, ondorioz, gehiago hiltzen dira”.
Bestetik, desberdintasunak topatu dituzte, halaber, Nafarroako eta Jaengo populazioen artean. Hori ere espero izatekoa zen, bi eremuetan eskura dituzten baliabideak desberdinak baitira. “Ebroko harana eremu oso antropizatua da, eta abeltzaintza intentsibo asko dago. Cazorla inguruan, berriz, abeltzaintza estentsiboa da, eta ehiza-barruti asko dago”, azaldu du Arrondok. Ondorioz, nolako baliabideak, halako dieta dute leku bakoitzeko saiek.
Sorpresa izan da dehesara mugitzen direnean gertatzen dena”, dio Arrondok. Izan ere, iaz argitaratu zuten beste lan batek erakutsi zuenez, penintsula osoko saiak, eta baita Frantziako batzuk ere, Extremadurako, Gaztela-Mantxako eta Andaluziako dehesetara joaten dira. “Hori ere ez genuen inondik ere espero —aitortu du Arrondok—; are gutxiago populazio guztietan gertatzea”.
Bost populazio aztertu zituzten (Pirinio frantziarra, Pirinio katalana, Ebroko harana, Cazorla eta Cadiz), eta ikusi zuten denak joaten direla dehesetara. Han denbora bat pasatu, oso aldakorra, eta jatorrizko koloniara bueltatzen dira. Batzuek 1.500 km-ko joan-etorriko bidaia egiten dute.
“Bardean markatu genituen guztiak joan ziren dehesetara. Batzuk urtean behin, beste batzuk urtean hainbatetan, eta beste batzuk, ikerketak iraun zuen denboran, behin bakarrik; baina denak joan ziren”. Deigarria da kumeak habian daudela ere egiten dutela bidaia hori, hainbat egunekoa, eta gehienetan emeek egiten dutela. Kasu horietan, kumeak arrekin gelditzen dira.
Azterketa horretako bost populazioetakoez gain, beste batzuetakoak ere joaten direla badakite. “Ausartzen naiz esaten penintsulako sai guztiak pasatzen direla dehesetatik goizago edo beranduago”, dio Arrondok.
“Saien despentsak dira dehesak”, azaldu du. Zuhaitzak, larreak, laboreak eta mendi-eremuak tartekatzen dira; leku oso aberatsak dira biodibertsitatean, eta askotariko baliabideak eta ugari dituzte han saiek. Izan ere, estentsiboko ganadutegi asko dago, intentsibokoa ere bai, eta baita orein eta basurde asko ere. Azken horiek ugaritu egin dira, gainera, azken urteotan.
Alegia, saiek denetik eta asko daukatela dehesetan. “Hori ez da leku askotan gertatzen. Leku batzuetan egon liteke janari asko, baina ez askotarikoa”, dio Arrondok. “Orduan, zuk janari-mota bat nahiago baduzu, edozein dela ere, dehesan aurkituko duzu”. Eta horixe da, hain zuzen ere, ikusi dutena. Elikagai-mota guztiak eskura egonda ere, saiek euren jatorriko elikadura-ohiturei eusten dietela.
Saiek ez dute, beraz, aurkitzen duten lehenengo gauza jaten; ez, behintzat, aukeratzerik badute. Eta saiek gustu jakin batzuk dituzte, jatorriaren arabera. Horregatik diote saiek badutela kultura-modu bat. “Noski, ez du zerikusirik, adibidez, txinpantze batzuek besteei tresnak erabiltzen erakustearekin; baina, funtsean, antzeko zerbait da: sai batzuek besteengandik ikasten dute zer jan eta non jan. Horregatik diogu ezaugarri kultural batzuek eragiten dutela saien dietan. Hori oso deigarria eta harrigarria izan da. Hegazti hauek ez dira diruditen bezain baboak eta astakirtenak”.
“Ez dira zehazki animalia sozialak ere”, zehaztu du Arrondok. Ez dute egitura sozial bat, otsoek edo lehoiek bezala. “Nik batzuetan klan erabiltzen dut; ez da oso hitz teknikoa, baina ideia bat ematen duela uste dut: elkar ezagutzen dugu, elkarrengandik ikasten dugu, gutxi gorabehera antzera portatzen gara, taldekoiak gara, baina ez dugu lotura oso esturik ere…”. Edonola ere, “argi dagoena da badagoela informazio-transmisio edo ikasketa sozial bat”.
Hain zuzen ere, ikasketa hori noiz eta non gertatzen den jakitea da Arrondo eta kideen hurrengo helburuetako bat: “Falta zaigu jakitea gurasoengandik ikasten ote duten, lehen hilabeteetan, edo koloniara batzen direnean (gehienetan gurasoen kolonia bera izaten da, baina ez beti)...”.
Bestalde, azken urteotan batean eta bestean zabaldu da saien kultura aldatzen ari ote den sarraskijale izatetik animalia biziei eraso egitera. Saien dietari buruzko azken ikerketa horretan ezin izan dute hori aztertu: saiek jandakoa aztertzera denbora baten buruan joaten ziren, eta, beraz, ezinezkoa zen jakitea animalia horiek bizirik edo hilda zeuden. Baina ikertu izan dute gaia lehenago, eta kalkulatu zuten frogatutako salaketak kontuan hartuta mila aberetik bati eragiten ziotela.
Gainera, Arrondoren arabera, frogatutako kasu horien atzean zer dagoen ere ongi aztertu beharko litzateke: “Esaterako, asko luzatzen den erditze bat, non animaliak odol asko galdu duen, eta oso ahul dagoen. Animalia hori bizirik dagoela esango dugu, bihotzak taupa egiten diolako, baina, ekologikoki, eta sai batentzat, hilda egongo balitz bezala da. Eta hortik ondorioztatzea saiak harrapakari bihurtzen ari direla ez da zentzuzkoa. Inoiz gerta badaiteke ere, erabat ohiz kanpokoa da”.
Behi eroen garaian hasi zen kontua. Saientzako janlekuak itxi egin ziren eta abereen gorpuak landan uztea debekatu zen. “Egia da sarraski-eskasia egon zela garai hartan; baina, geroztik, debeku horiek lasaitzen joan dira, eta orain ez da egia saiak goseak daudenik”, argitu du Arrondok.
Bestalde, abereen gorpuak tratatzeko politikek asko eragiten diete saiei. Duela urte batzuk konturatu ziren sai arreek eta beltzek ez zutela Portugal eta Espainiaren arteko muga gurutzatzen. Muga geografikorik egon ez arren, ikusi zuten ez zutela gurutzatzen muga administratibo ikusezin hori. Eta arrazoia da mugaren alde batean eta bestean desberdin jokatzen dela abereen gorpuekin.
Behi eroen krisia pasatu zenetik, Espainian onartzen da landan hiltzen diren abereak uztea. Portugalen, berriz, lurperatu edo erraustu egin behar dituzte. “Saiek ikasi dute ez duela merezi Portugalera pasatzea, han zailagoa delako janaria aurkitzea”, dio Arrondok.
Politika horiei dagokienez, Arrondoren ustez, “abeltzaintza estentsiboaren kasuan, ez dago justifikatuta gorpuak erretiratzea edo erraustea”. Izan ere, kostu ekonomiko handia du, eta ingurumenari kalte egiten dio. Saiek, berriz, doan egiten digute zerbitzu hori. Horregatik, besteak beste, dira saiak hain espezie garrantzitsuak.
Sarraskijaleen paradigma dira”, dio Arrondok. “Sarraskiaz soilik elikatzen diren ornodun bakarrak dira; eta, hain espezializatuak daudenez, sarraskia desegiten eraginkorrenak dira. Saiak daudenean, sarraskiak askoz gutxiago irauten du. Saiak gako dira”.
Indian gertatu zena ekarri du gogora. Urte gutxian milioika sai desagertu ziren, diklofenako farmakoarekin pozoituta. “Sarraski mordo bat pilatu zen, eta, ondorioz, zakur basatiak asko ugaritu ziren. Zakur basati haiek amorrua zuten, eta izugarri handitu ziren gaitz horrek eragindako pertsonen heriotzak”.
Diklofenakoak Indiako eta Pakistango saien % 95 desagerrarazi zuen 1990eko hamarkadan. Han debekatu egin zuten farmako hori albaitaritzan erabiltzea. Europan, ordea, erabil daiteke. 2021ean, zientzialari-talde batek, Sciencen argitaratutako gutun batean, eskatu zuten Europan ere debekatzeko.
Zentzu horretan, saiek abeltzaintza intentsiboko baliabideekiko mendekotasuna izateak baditu arrisku batzuk. “Teorian, abeltzaintza intentsiboko abereen gorpuak ezin dira utzi saiak jateko moduan. Baina, gauza bategatik edo besteagatik (batzuetan ilegalki, beste askotan nahi gabe), beti gelditzen da zerbait; eta, hainbeste intentsibo dago, ezen ‘zerbait’ hori asko baita azkenean. Eta saiak, azkenean, baliabide horietaz elikatzen dira”.
Horren ondorioak ere ikusi dituzte: iparraldeko saiek hegoaldekoek baino osasun txarragoa dute. “Itxuraz ez dirudi gaizki daudenik, ezta tamainaz eta pisuz ere; baina beste parametro batzuei begiratuta, hala nola kortikosterona-maila edo telomeroak, ikusi dugu estresatuagoak daudela iparraldekoak”. Gainera, gizakiak eragindako arriskuetara gehiago hurbiltzen direnez, gehiago hiltzen dira, esaterako, elektrokutatuta eta errepidean ibilgailuek jota.
Gauza horiek kontuan hartzea ezinbestekoa da saiak zaindu nahi badira. Adibidez, argi dago abeltzaintza estentsiboa positiboa dela saientzat. “Dena balantzan jarri eta erabaki beharko litzateke zer sustatzea komeni den”, dio Arrondok.
Eta azpimarratu du dehesak kontserbatzearen garrantzia. “Ikusi dugun bezala, paisaia horiek, inguru antropizatuak izan arren, oinarrizkoak dira, gaur egun, saientzat. Pasaia hori kontserbatzea ezinbestekoa da saientzat eta beste askorentzat”.
Elhuyarrek garatutako teknologia