Pneumatikoak baliabide bihurtzeko bideak

Pneumatikoen zabortegiak arriskutsuak dira, gaixotasun kutsagarriak eragin ditzaketelako eta sutea gertatzen denean poluzio atmosferikoa sor dezaketelako. Europako Batasunean, 1991n pneumatiko erabilien bi milioi tona baino gehiago sortu ziren, horietatik 16.600 tona Euskal Herrian. Hala ere, hondakin horiek berreskuratu eta baliabide bihur daitezke.

90eko hamarkadaren hasieran, Europako Batasunean 150 milioi ibilgailu baino gehiago zeuden. Ibilgailuen pneumatiko erabilien kantitatea, berriz, bi milioi tona baino handiagoa izan zen. Urte berean Euskal Autonomia Erkidegoan 16.600 tona pneumatiko erabili sortu ziren, kamioienak, turismoenak, autobusenak, motorrenak, traktoreenak eta atoienak kontuan hartuta.

Pneumatikoak kautxuzko produktuak dira. Kilo-erdi goma ekoizteko, upel-erdi petrolio gordin behar da eta kostu energetikoa 8.000 kcal-koa da. Autoen pneumatikoek dute kautxuaren portzentaje altuena. Pneumatikoek bulkada-indarra transmititzen dute eta gainera, esekiduraren bidez, errepidearen desberdintasunak orekatzen dituzte. Presio egokia eraman ezean, ibilgailuak erregai gehiegi kontsumitzen du eta, horren ondorioz, emisio kaltegarriak sortzen ditu. Herrialde garatuetan ondorio negatibo horiek baztertzen ahalegindu dira eta pneumatikoak, arazo ekologiko izan beharrean, baliabide garrantzitsu dira.

Turismoen pneumatikoen % 48 kautxua izaten da, eta erretzean eratzen duten kate polimerikoen apurketaren bidez hidrokarburo arin bihur daitezke. Hidrokarburo horiek motore termikoetan erregai moduan erabil daitezke. Kezko beltza eta altzairua pneumatiko berriak egiteko erraz birzikla daitezke. Hala ere, kezko beltza lurrina sortzeko edo turbinei eragiteko ere erabil daiteke.

Pneumatiko erabiliak Europako Batasuneko herrialdeetan.

Zabortegiak

Egunero botatzen diren pneumatikoen kopurua murriztea arazo larria da, zabortegietan gero eta pneumatiko gehiago ikusten baitira. Gainera, pneumatikoak sarritan zabortegietatik kanpo ere botatzen dira.

90eko hamarkadaren hasieran, Europako Batasunean 150 milioi ibilgailu baino gehiago zeuden.

Pneumatikoen zabortegiak gaixotasun kutsagarrien iturri arriskutsuak izan daitezke eta sutea gertatzen bada, poluzio atmosferikoaren iturri ere badira.

Pneumatiko-piloak intsektu kaltegarrien garapenerako habitat ezin hobeak dira. Eltxo batzuek ziztadaren bidez sukarra eta entzefalitisa sor ditzakete. Eltxo horiek pneumatikoak dauden ur-zingiratan naturan baino 4.000 aldiz azkarrago ugaltzen dira. Gainera, arratoiak pneumatikoetan bizi dira harrapariez babesteko, eta, beraz, kanpoan baino arinago ugaltzen dira.

Zabortegietako suteek, arrisku ekologikoa izateaz gain, gizakien osasunerako ere arriskutsuak dira. Laurogei eta laurogeita hamargarren hamarkadetan, Kanadan eta Estatu Batuetan pneumatikoen hamaika sute gertatu ziren. Hagersvillen (Kanadan), suteak hamazazpi egun iraun zuen; Winchesterren (Estatu Batuetan) 9.000.000 pneumatiko erre ziren eta bederatzi hilabete behar izan zituzten sua guztiz itzaltzeko; eta Saint-Amablen (Kanadan) hondamen izugarria izan zen, 2.000.000 litro olio pirolitikok lurra poluitu baitzuen eta lurpeko uretara iragazi baitzen.

Pneumatikoak erretzean, errekuntza-pirolisia datzan mekanismoa gertatzen da. Karbono monoxidoa, karbono dioxidoa, sufre dioxidoa, nitrogenoa, zink- eta berun-oxidoak, kedarra, bentzenoa, toluenoa, xilenoa, fenoleak, furanoak eta hidrokarburo aromatikoak (poliziklikoak, pirenoa, bentzopirenoa eta naftalenoa) aska daitezke, guztiak substantzia arriskutsuak edo arriskutsu izan litezkeenak.

Errekuntza-pirolisiaren ondorioz, gizakiak eragin kaltegarria jasan dezake denbora laburrean, hala nola, sufre-gasak eragindako narriadura, karbono monoxidoaren pozoidurak eta nerbio-sistemaren aldaketak. Luzarora, poluitzaileen emisioek, bentzenoarenek edo hidrokarburo aromatiko poliziklikoenek biriketako minbizia sor dezakete.

Pneumatikoen pirolisitik sortutako fenolak uretan disolbagarriak dira eta gizakientzat arriskutsuak izan daitezke. Eratutako lurrun organikoen zati bat, tenperatura altuak direla eta, kondentsatu egiten da, eta gainerakoa atmosferan barreiatzen da eta hozten den neurrian kondentsatu egiten da. Horregatik, lurrun organikoak ez dira oso arriskutsuak gizakiarentzat, baina ekosistema arriskuan jartzen dute. Gainera, gasek eroaten duten kedarrak minbizia sortzen duten hidrokarburo aromatiko poliziklikoak (HPA) dauzka. Horretaz gain, pneumatikoaren egitura den metalaren oxidazioa saihesteko erabiltzen den zinka uretako faunarako toxikoa da. Behar den airea jasotzen ez duten pneumatikoak pirolizatu egiten dira eta olio isuriak sortzen dituzte, ondorioz, lurzorupeko geruza desberdinetan zehar iragazten diren ibaiak eta lurpeko urak poluitzen dituzte.

Kudeaketa

Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 araudiak hondakinen ekoizpenerako eta kudeaketarako araubide juridikoa ezarri zuen, eta hondakin-mota guztietarako balio du. Araudi horren helburua hondakinen balorizazioa sustatzea da. Hondakinen balorizazioa hondakinen baliabideak berreskuratzean datza, baina gizakien osasuna arriskuan jarri gabe eta ingurumenerako metodo kaltegarriak erabili gabe.

Presio egokia izan ezean, ibilgailuak erregai gehiegi kontsumitzen du eta, horren ondorioz, emisio kaltegarriak sortzen ditu.

Pneumatikoak bezalako industria-hondakinen kudeaketa balorizazioaren bidez egin daiteke, hots, tratamendu termikoaren bidez, eta erabiliena errekuntza bera da. Horrela, tratamendu honen azken hondarrak ingurumenerako arriskutsuak ez diren substantzia bihurtzen dira.

Hondar toxiko eta arriskutsuei buruzko oinarrizko araudiaren arabera, ekoizpen- edo eraldaketa-prozesuan eta erabileran edo kontsumoan lortutakoak material solidoak, likidoak eta ontzietako gasak, hondar toxiko eta arriskutsuak dira. Gainera, substantzia horiek ekoizleak bertan behera utzi eta beraien konposizioan gizakien osasunerako, naturaren baliabideetarako edo ingurumenerako kaltegarriak diren substantziak edo materiak dituzte.

Ingurumen atmosferikoaren babesari buruzko araudiaren helburuak poluzio atmosferikoa aurreikustea eta zuzentzea dira, eta airearen kalitaterako mailak, substantzia poluitzaileen emisioen mugak eta erregaien kalitateak erregulatzen ditu.

Pneumatiko erabilien izaera Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeetan.

Balorizazioa

Balorizazioa metatzen diren pneumatikoen bolumena murriztean datza, metatzeak, paisaia itsusteaz gain, poluzio atmosferikoaren ondorio larriak ekarriko dituen sute-arrisku handia baitu.

Pneumatikoak baloritzatzeko lau era daude: berrerabiltzea, berreskuratzea, birziklatzea eta energia-iturri gisa erabiltzea. Azkena da deigarriena; pneumatiko erabiliak hondakin izan beharrean baliabide izango baitira.

Pneumatiko erabilien lehenengo operazioa birrintzea da. Birrintzeak pneumatikoen bolumena murriztu egiten du eta, horren ondorioz, tratamendurako instalazioetarainoko garraio-kosteak murriztu egiten dira.

Pneumatiko erabilien birrintzea unitate ibiltarien bidez egiten da, eta 0,6-15 cm bitarteko zatiak lortzen dira. Bigarren birrintzea pneumatikoen tratamendurako instalazioetan egiten da eta kautxu-pikortak lortzen dira.

Zatitutako edo birrindutako pneumatikoek intsektuen edota karraskarien ugaltzeak sortzen duen osasunerako arriskua murrizten dute eta, sutea gertatuta ere, pneumatiko osoak pilatuta daudenean baino kontrolatzeko errazagoa izango litzateke, errekuntzari laguntzen dioten aire-poltsak daudelako.

Birrintzeaz gain, pneumatikoak erregai moduan ere erabil daitezke; hots, balorizazio energetikoa lor daiteke. Pneumatikoak, konposatu organikoen nahastea direnez eta lehergairik edo erradioaktibitaterik ez dutenez, erre egin daitezke. ,

Hondakinen molekula organikoak lortzeko tratamendua errekuntza da. Lortutako hondakin solidoak solidotze-tratamendu osagarrian sar daitezke. Tratamendu horretan metalak eta ingurumenerako arriskutsuak diren beste substantzia batzuk blokeatu egiten dira. Errekuntzaren ondorioz poluzio gehigarririk ez sortzeko, tratamenduak edo kudeaketa behar duten hondar konposatuak lortuko dira. Oro har, konposatu horiek keak eta keen tratamenduan lorturiko hondar likidoak dira.

Hondakinen bero-ahalmen txikiak energiarako duen ahalmena adierazten du eta horren arabera aplikatzen zaie balorizazio energetikoa. Kautxuaren bero-ahalmen txikia 1,8 10 7 kcal/t baino altuagoa da, eta 100 pneumatikoren pisua tona bat da. Euskal Autonomia Erkidegoan pneumatikoen % 65 biltzen dela kontuan hartuz, 9.700 tona urteko sortzen direnez gero, pneumatiko erabiliak Euskal Autonomia Erkidegorako energia-iturri garrantzitsua izan litezke.

Pneumatikoek bulkada-indarra transmititzen dute eta, gainera, esekiduraren bidez errepidearen desberdintasunak orekatzen dituzte.

Hala ere, errekuntzarako eraikuntzen eraginkortasunerako, errekuntzarako tenperatura egokia, egoitza-denbora eta erregaiaren eta oxigenoaren arteko ukipena dira faktorerik garrantzizkoenak.

Pneumatikoen errekuntzarako ohiko instalazioak zementu-labeak dira, errekuntzaren tenperatua altua delako, errekuntzarako azaleran egoitza-denborak luzeak direlako eta pneumatikoaren altzairuari edo zementu gordinari labearen emisioak aldatu gabe gehitzen zaiolako. Horrela, pneumatiko erabiliak hondakin izatetik baliabide izatera pasatuko lirateke eta zementu-labeetan erregai-laguntzaile izango litzateke.

Ingurumenari dagokionez, zementu-labeetan erregai-laguntzaile moduan pneumatiko erabiliak betiko erregaiekin (ikatzarekin, fuel-oilarekin) konparatuta abantailak dauzka: nitrogeno erabiltzaileak oxidoen (NOx-en) emisioak betiko erregaienak baino % 10 txikiagoak dira; ez dago erregabeko hondakinik; tenperatura altua eta egoitza-denbora luzea dira eta ez da furanorik sortzen. Pneumatiko erabilien ehunekoa pisuan % 4,7 den bitartean ikatzarena % 6,23 da.

Egur-orea eta papera ekoizteko enpresek, egur-hondakinez gain, erabilitako eta birrindutako pneumatikoak erregai moduan erabilita diru asko aurreratzen dute. Batzuetan alanbrerik gabe egotea eskatzen da, prozesua garestia izan ez dadin, baina, hala ere, aurreztea lortzen da.

Alanbrerik gabeko pneumatikoak derrigor erabili behar dira enpresak hautsak ongarri moduan erabiltzeko saltzen dituenean, nekazariek altzairurik gabeko hautsa eskatzen baitute. Errekuntzak sortzen dituen emisioak egur-hondakinen errekuntzaren emisioen antzekoak dira, baina hidrokarburo polinuklear aromatikoen emisioak ez du gora egiten. Hala ere, zinkaren emisioak zertxobait gora egiten du baina baimendutako mugen barruan.

Ikatzak eta pneumatiko erabiliak sortutako hautsen batez besteko osagaien konposizioa.

Lurrinaren edota korronte elektrikoaren ekoizpena

Pneumatikoak edo pneumatiko birrinduak erabiliz energia elektrikoa ekoizteko instalazioen proiektu nagusiak Kalifornian garatu dira. Pneumatiko erabiliak energia-iturri gisa erabiliz eta gainerakoa beste aplikazio baterako salduz etekin maximoa lortu zen. 1987an Oxford energy Co. enpresak Modesto-n (Kalifornian) 14 MW-eko gaitasuna zuen lehenengo instalazioa eraiki zuen; geroago, Connecticuten 26 MW-eko gaitasuneko instalazioa, eta azkenik Nevadan 26 MW-eko gaitasunekoa eraiki ziren.

Herrialde garatuetan ondorio negatiboak baztertzen ahalegindu dira eta pneumatikoak, arazo ekologiko izan beharrean, baliabide garrantzitsu dira.

Sistema horietan, errekuntza 1.800 ºC-tan gertatzen da. Errekuntza osoa gertatzen den bitartean, pneumatiko osoak edo birrindutakoak, tenperatura altuetan, deformaziorik jasaten ez duten metalezko barraz egindako parrillan eusten dira. Tenperatura altuak pneumatikoen errekuntza osoa bideratzen du eta, horrela, dioxinen eta furanoen emisioa minimoa da. Parrillaren diseinua airea goiko aldetik eta beheko aldetik sartzeko egin da. Horren ondorioz, errekuntza zuzen egiten da eta parrilla hoztu egiten da. Parrillak zinta eroalera botatzen ditu hautsak eta ontzi berezietan biltzen dira, gero azpiproduktu moduan saltzeko.

Birberotutako errekuntza-gasak galdararaino eramaten dira lurrin beroa sortzeko. Erregailu bakoitzak bere galdara dauka, eta energia elektrikoa sortzeko, turbinazko sistema sortzaileari lurrina ematen diote. Emisio-balioak baimendutako mugetan edukitzeko, energia elektrikorako instalazioak poluzioa kontrolatzeko sistemak ere baditu, hots, irteerako gasen desulfuraziorakoa, NOx-en kontrol termikoa eta mahuka-iragazkia.

Energiaren berreskurapenari dagokionez, ikusi da lurrinaren ekoizpena ikatza erabiltzean lortzen dena baino handiagoa eta garbiagoa dela.

Erregai batzuen kostu erlatiboak.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila