PCBak (eta II): kudeaketaren inguruko arantzak

PCBek sortzen dituzten ondorioen berri eman genizuen aurreko artikuluan. Oraingoan, berriz, hauek tratatzeko metodoen eta arazoari aurre egiteko bitartekoen berri emango dizuegu, arazoaren ikuspegi orokorra izan dezazuen. “Eztabaidan dagoen lege-zirriborroa ikusita deskontrol- -egoerak sortuko direla pentsa daiteke.”

PCBak tratatzeko ez dago kalterik gabeko aukerarik

PCBak tratatzeko metodo termiko, kimiko eta biologikoak erabiltzen dira. Guztiek sortzen dituzte arazoak alde batetik edo bestetik. Guztien artean, errausketa da okerrena, PCBak, beren molekulan kloroa edukitzeagatik, dibenzo-p-dioxina polikloratuak eta dibenzofurano polikloratuen aitzindari baitira. CTZ deritzon suntsiketa termokimikozko prozesua, bestalde, konposatu organiko halogenatuen eta kaltzio silikatuen arteko erreakzio exotermikoan oinarritzen da, oxigenorik gabeko ingurunean eta 600-800 °C-ko tenperaturan. Sistema honetan baldintza-aldaketarik gertatuz gero, substantzia arriskutsuek ihes egin dezakete. Ez da, beraz, guztiz ziurra.

Tratamendu kimikoen artean, bestalde, bada bat baino gehiago. Sun Ohio PCBX delakoa sodio konposatu organikoen erabileran oinarritzen da, sodio kloruroa eta degradatzeko joera duten polimeroen hondarrak sortzen direlarik bertan. Sistema honek 2 ppm-tik beherako kontzentrazioetan ere deskontaminatzen du. Kanadan eta Zeelanda Berrian ari dira sistema hori erabiltzen.

Bestalde, Oinarrizko Deklorazio Katalitiko/(BCD, Base Catalyzed Dechlorination) deritzon sisteman, presio handian dagoen hidrogeno-gasa erabiltzen da produktuak dekloratzeko. Alderdirik negatiboena hidrogeno-gasak lehertzeko duen arriskua da. Euskal Herrian bada sistema honekin funtzionatzen duen proiektu bat; ez da oraindik martxan ipini eta PCBak tratatu ordez, lindanoa eraldatzeko pentsatuta dago. Greenpeace-k PCBak tratatzeko sistema guztien artean horixe jotzen du gomendagarrientzat.

PCBak degradazio biologikoko prozesuen bidez ere ezaba daitezke. Hala frogatu da orain arte eginiko ikerketa askoren bidez. Baina sistema hau ez da oraindik zabalki aplikatu.

Metaketa ere tratamendu-sistematzat har daiteke. Honek ez du PCBa ezabatzerik lortzen, denbora baterako aukera bat besterik ez baita. Alabaina, tratamendu aproposak asmatzen diren artean PCBak ingurugirotik ongi isolatuta edukitzeak aukera onargarria dirudi. Metodo honek, betiere, kontrol-mekanismo egokiak izatea eskatzen du.

Arazoari aurre egiteko bitartekoak

Konposatu hauen arriskugarritasun ikaragarria ikusita, akordio bat sinatu zen nazioarte-mailan PCB guztiak 2010 urteari begira ezabatzeko xedez. Espainiako Estatuak ere, bat egin zuen 92/3 Parcon Hitzarmena deritzon akordio honekin. Europako Elkarteak, bestalde, Arteztarau bat argitaratu zuen, estatu partaide guztiak aipatu urte hori baino lehen PCB guztiak eliminatzera behartuz.

Espainiari eta Hego Euskal Herriari dagokionez, egoera ilun samarra da. PCBak dituzten transformadore eta kondentsadoreei buruzko zenbait inbentario eginda badago ere, arazoa zenbaterainokoa den ez dago oraindik argi, bi arrazoi direla medio: batetik, inbentarioak ez dira publiko egiten eta, bestetik, estimazioen datu oso desberdinak daude. Batzuek estatu osoan 65.000 tona transformadore eta kondentsadore daudela diote eta beste batzuek, berriz, 115.000ko zifra ematen dute.

Bada, inbentarioek sinesgarritasun gutxi dutela nabarmena da. Une honetan lege-zirriborro bat dago eztabaidan. Proposamen generalistegia izateaz gain, PCBen kudeaketarako irizpideak elkarte autonomoen esku soiletan uzten ditu. Horiek honekin deskontrol-egoerak sortuko direla pentsa daiteke. Gainera, inbentario on bat egitea konposatu toxiko horren kudeaketa egokirako lehen-leheneko baldintza dela zentzuzkoa dirudien arren, lege-proposamenak ez du halakorik egin behar denik argi adierazten.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila