Hipoakusia esaten zaio pertsona baten entzumen-zorroztasuna edo entzuteko gaitasuna gutxitu eta maila normalaren azpitik geratzeari. Eta hori gertatzeko arrazoiak asko eta oso diferenteak dira:
Bitxia badirudi ere, adineko pertsonak hobeto egokitzen dira entzumen-galerara ikusmen-galerara baino. Norbaitek ongi ikusten ez badu berehala joaten da okulistarengana, eta honek antiojoak jartzen dizkio; baina ez da gauza bera gertatzen entzumeneko arazoekin. Hirugarren adinekoen artean egindako inkesta batek argi utzi duen bezala, zaharren % 6,2k du entzumena hobetzeko protesiren bat, baina horietatik erdiak ez du erabiltzen: deserosoak direlako, garestiak direlako, oraindik ere akatsak dituztelako, eta, azken finean, erabiltzaileak ez duelako protesiarekin hobekuntza handirik nabaritzen.
Azken belaunaldiko audifonoek, ordea, (audifono analogiko esaten zaie) sentikortasun handiagoa dute aurretik datorren soinuarekiko, eta horrela pertsonak hobeto entzuten du begiratzen duen norabidean. Gainera, protesi berri hauek zarataren eta hizketaren artean bereizteko gai dira, eta murtxikatzerakoan edo telefonoz hitz egiterakoan sortzen diren txistu-hotsak eliminatzen dituzte.
Hobeak, sentikorragoak eta indartsuagoak izateaz gain, protesi txikiagoak egiten ahalegindu dira ekoizleak, ia ikusezinak bilakatzeraino. Badira belarri atzeko protesiak, badira kanalaren barruan ezartzen direnak (entzunbidean jartzen direnak azkazal baten tamainakoak izan ohi dira), eta baita betaurrekoen beso edo patillei lotzen zaizkienak ere.
Baina aurrerapausorik nabarmenena kokleako inplanteetan eman da. Operazio baten bidez, espezialistak dispositibo edo gailu bat ezartzen dio pazienteari barne-belarrian, koklearen funtzioak betetzeko. Inplanteak seinale akustikoak jaso, eta nerbio auditiboa kitzikatzen duten seinale elektriko bihurtzen ditu. Ondoren, seinale elektriko horiek, nerbio-bulkadak bailiran, garunera eramaten dira, han interpretatzeko
Emaitzak harrigarriak izan daitezke, batez ere lehendik ere beren gaitasun linguistikoa garatua zuten pertsonen artean. Gainera, jaiotzatik bertatik gorrak diren umeen edota oso goiz gortutako umeen arteko komunikazioa hobetzeko aukera oso egokia izan daiteke. Dena den, ebakuntza kirurgikoaren ondotik errehabilitazioa ezinbestekoa da: 3-4 asteren buruan, paziente asko esaten zaien % 80 inguru ulertzera iristen dira, solaskidearen ezpainetan irakurtzen aritzeko premiarik gabe. Soinuak zertxobait metalizatuak antzematen dira, baina afektatuak entzumenaren parte handi bat berreskura dezake inplanteari esker.
Entzuteko gaitasuna neurtu egin daiteke eta, horretarako probak asko diren arren, audiometria da funtsezkoena. Gela intsonorizatuan egiten da, eta audiometroaren bidez, frekuentzia eta intentsitate jakineko soinuak jaulkitzen dira, pazienteak identifika ditzan. Horrela jakin dezake espezialistak zein soinu aditzen diren eta zein ez.
Baina, soinu-uhinak garezurreko hezurren bidez ere transmititzen direnez, audiometria aereoaz gain hezurrezkoa ere egiten da. Eta soinu-audiometria osatzeko audiometria bokala burutzen da: pazienteari esaldiak, hitzak entzunarazten zaizkio, ea nola bereizten dituen ikusteko.
Gorreria-motak
Gorreria edo hipoakusiaren arrazoiak asko izan daitezke, lehen ikusi dugun bezala, baina belarriko zein egiturari eragiten dion kontuan hartuta, bi talde nagusi sailka daitezke: transmisio edo kondukzioko hipoakusiak eta pertzepziozko hipoakusiak edo neurosentsorialak.
Kasu hauetan kanpoko eta/edo erdiko belarrian dago arazoa. Soinu-uhinak ez dira behar bezala iristen barne-belarrira, eta ez dira behar bezalako intentsitatearekin entzuten. Soinu grabeak dira gehien erasaten direnak.
Kasu hauetan asaldura barne-belarriko lesio batengatik gertatzen da, entzumen-nerbioaren edo garunean soinua atzematen duen gunearen lesio batengatik. Prozesu infekziosoak, inflamatorioak, toxikoak nahiz degeneratiboak egon daitezke egitura delikatu horien lesioen atzean. Soinu akutuak (tinbre edo telefonoen txirrinak, esaterako) dira gutxien entzuten direnak, baina ohizkoa da era berean entzundakoa ongi ez ulertzea. Normalean lesioak atzeraezinak izaten dira, eta soluzio bakarra soinuak anplifikatzen dituzten protesiak erabiltzea da. Audifonoa erabili arren emaitzak onak ez badira, kokleako inplanteak egiten saiatzea da alternatiba egoki bakarra.
Nola detektatu haurtxoak ez duela ongi entzuten
Gurasoak ezinbestekoak dira haurtxoaren ustezko entzumen-arazoak detektatzeko. Diagnostikoa garaiz egin eta berehala tratamendua egiten hasiz gero, arazoaren ondoriorik larriena (umeak ez hitz egitea) prebeni daiteke. Onena sei hilabete egin aurretik tratatzea da, baina zoritxarrez kasu asko eta asko bi urte eta erdi pasatu ondoren hasten dira diagnostikatzen. Garaiz ibili, beraz!