AER Europako proiektuaren helburua museoetan erabilitako teknologiek eta hazten ari den ikusle-kopuruak artelanetan dituzten ondorio konplexuak aztertzea da. 1996az geroztik ari dira talde-lanean mikroklimatologo, kimikari eta mikrobiologoak Dario Camuffo ren gainbegiradapean.
Zientzialariek Europako lau museo guztiz desberdinetan une berean lan egitea erabaki zuten: Veneziako San Markosen plazan dagoen Correr Museoan (kostaldean kokatua, bisitari ugari jasotzen ditu, Po bailarako klima guztiz berezia du eta inguruko industrialdeek isuritako poluitzaileen eraginpean dago); Norwich-eko Ikusezko Artearen Sainsbury Zentroa (beira eta aluminiozko eraikin modernoa, erabilera anitzetara moldatzeko egoitza, erakustoki hutsa baino gehiago); eta Vienako Kunsthistorisches Museum eta Antwerp-eko Koninklijk Museum voor Schone Kunsten (XIX. mendeko bi museo ‘klasiko’). Azterketa toki sentikorrenak identifikatzeko, arriskuak neurtzeko, irtenbideak proposatzeko eta, maila orokorragoan, kontserbazionista eta arkitektoei laguntzeko jokamolde egokien gida egiteko diseinatuta dago.
Dario Camufforen hitzetan, “diziplina-anitzeko ikuspuntua ezinbestekoa da, benetan kultur ondareari babes gorena eman nahi bazaio. Aztertutako geletako bakoitzean, arteari eragingo dioten neurrian, batetik aldagai termiko eta higronomikoak kontrolatzen dituzten fenomeno termodinamikoak ulertu behar dira, eta, bestetik, airearen mugimenduak garraiatutako poluitzaile kimiko edo biologikoen zantzua jarraitu behar da (…) Horrelako taldeek lan handia eskatzen dute. Taldekide bakoitzak gainerakoen diziplinaren oinarrizko ezagutza izan behar baitu beti.”
Aldagai asko daude jokoan: tenperaturaren eta hezetasunaren aldaketa espazialak, kondentsazioa mikroporoetan eta lanen deformazioa, poluitzaile kimikoen dispertsioa eta aire-masen leku-aldatzeak, argiaren eta erradiazioaren eragina, esekiduran dauden partikulen hauspeatzea, eta poluitzaile kimikoen eta mikroorganismoen detekzio eta identifikazioa. Neurketak zehaztasun handienarekin egiten dira. Hainbat egunetan (ahal dela urtean bitan, neguan eta udaran), mikroklimatologoek egoitzak sistematikoki aztertzen dituzte sentsoreen bidez; horrela, tenperatura eta hezetasuna hainbat egunetan eta hainbat tokitan neurtzen dituzte.
Ondoren, datuak ordenagailuetan sartu eta egoitzetako kondizio atmosferikoen hiru dimentsioko irudia egiteko erabiltzen dira. Aldi berean, kimikariek eta mikrobiologoek laginak hartzen dituzte, laborategian mikroanalisiak egin eta gai kaltegarriak identifikatzeko.
Azterketak amaitu ez badituzte ere, egokiak ez diren hainbat kondizio nabarmendu daitezke. Correr Museum-en, berogailuak eta aire girotuaren sistemak tenperatura- eta hezetasun-mailan ziklo kaltegarriak sortzen dituzte. Esekiduran partikula gehiegi ere badago, margoen oihaletan jalki daitekeena. Are gehiago, partikula gehienak kaltzioan aberatsak dira (paretetako igeltsutik askatua) eta kaltzioa bereziki kaltegarria da. Egoera gehiago larritzen da alfonbrak eta xurgagailua erabilita, bai eta errezelak maiz astinduta ere. Analisi kimiko eta biologikoek ozono-maila eta sufredun konposatuen maila handiak ere aurkitu dituzte, baita margoen gantzez elikatzen diren bakterio lipofilikoak ere.
Norwich-eko Ikusezko Arteen Sainsbury Zentroan, neurketek agerian jarri dute eraikinaren diseinu orokorraren helburua jendearen ongizatea eta estetika atsegina lortzea dela eta ez artelanetan eragina izan dezakeen mikroklima egokia lortzea. Metalezko eta beirazko egiturak (aireztatze-sistemak lagunduta) atmosfera erabat ezegonkorra sortzen dute. Eta hori izango litzake artelanen ‘estresaren’ eragile nagusia plexiglassez babestuta ez baleude. Azken finean, barruko edukiari dagokionez, erakustoki moderno horretako ingurune-osasuna ez da eraikin historikoetan dauden museoetakoa baina hobea.
“Irtenbide zehatzak bila daitezke kasu bakoitzerako. Baina kontserbazioaren arloan, esperientziak kontu handia izan behar dugula eta erakustokia bere osotasunean aztertu behar dugula erakutsi digu, gainerakoan arazo bat konpondu baina beste bat sortu baikenezake. Oreka egokia bilatzeko beharra dugu, eta hori ez da erraza”.
Aire girotua eta hezetasuna kontrolatzekoakAire girotuaren sistemek aire hotza botatzen dute. Gailua lurretik gertu baldin badago, ponpatzen den aire hotza horizontalki banatzen da, gainerakoa baino dentsoagoa baita; aire hotz hori eta gainerakoa banatzen dituen ‘geruza’ pixkanaka igotzen da. Gainera, bisitariek CO 2 -a eta ur-lurruna askoz ere tenperatura altuagoan isurtzen dituzte; hori igo eta egoitzako goiko mailetan metatzen da. Aire girotuaren gailua sabaian baldin badago, aire hotza euria bailitzan jausten da, eta, ondorioz, inguruko airearekin nahastu eta oreka termala apurtzen da. Aire hotza leun leun bana badaiteke ere, gailuen inguruko airearen mugimenduek konbergentziak sortzen dituzte. Hezetasuna kontrolatzeko gailuek lurrun-lainoak sortu edo airea lehortu egiten dute. Egokiena egoitzaren erdialdean kokatzea da eta ez lan baliotsuenetatik hurbil, askotan ikus daitezkeen moduan. |
ArgiztapenaGehiegizko argitasunak, jatorri naturalekoa zein artifizialekoa izan, berotegi-efektua sor dezake, eta, gainera, argi artifizial guztiek osagai suntsitzaileak dituzte. Izpi ultramoreek pigmentuak deuseztatzen dituzte, finkatzaile organikoei eragiten diete eta oxidazioak zein bestelako erreakzio kimikoak azkartzen dituzte. Argi ikusgarriak egiturak berotzea, lehortzea eta dilatatzea eragiten du. Eta argi infragorriak ere antzera, edo are okerrago. Kalte horiek guztiak zuntz optikoak erabilita eragotz daitezke. Beste aldagai garrantzitsua argi-iturriaren kokapena da. Zuzeneko argiak artelanak gehiegi berotzen ditu, eta deshidratazioa eragiten die. Argia beheko aldean jarriz gero, goranzko korrontea sortzen da; ondorioz, airean dauden hauts eta bestelako partikulak arte lanen gainera bideratzen dira. Kalte txikiena eragiteko, argi-iturriak frekuentzia ikusgarriko izpiak igorri beharko lituzke, intentsitate txikikoak, lausoak eta goitik behera (sabaian freskoren bat ez badaukagu behitzat). |