Mila eta bat perfume

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

“Bazekien lurrin hori hobetzeko gai zela. Gizatiarra bakarrik ez, gizakiaz gaindiko lurrin bat sortuko zuen, aingeru-lurrina, hain zoragarria eta indarrez betea, ezen usaintzen zuena sorginduta geldituko baitzen eta lurrin hori zeramana —hau da, bera, Grenouille— bihotz-bihotzetik maitatzea beste aukerarik ez baitzuen izango.”

Paragrafo hori Patrick Süskind-ek idatzitako Perfumea nobelatik hartuta dago, eta argi eta garbi adierazten du zein den perfumeen helburua: ingurukoak liluratzea. Perfume-iragarkiek ere horixe ematen dute aditzera. Baina... ez al dute esaten usaimena ahaztutako zentzumena dela? Zergatik dute, orduan, hainbesteko ahalmena perfumeek?

Izan ere, gizakiak ez dio garrantzi handirik ematen gaur egun usaimenari. Munduaz jabetzeko eta harekin harremanetan jartzeko, ez zaio ikusmena eta entzumena bezain garrantzitsua iruditzen. Usaimenik gabe, ezer gutxi galduko lukeela iruditzen zaio sarritan.

Zein da euriaren usaina? Usain hori izendatzeko hitz aproposik ez izan arren, antzemateko gai gara.

Gainera, neurri batean, beste zentzumenekiko usaimena baztertzea ez da oraingoa. Fosilei esker, gizakiaren eboluzioan izan diren aldaketa morfologikoen berri dute adituek, eta, eboluzionatzean, laringearen kokapena aldatzen joan zela ikusten da. Gaurko gizakiek primateek baino askoz ere beherago dute laringea. Hori oso baliagarria izan zen hizketarako gaitasuna garatzeko. Horrekin batera, ordea, beste gaitasun batzuk galdu zituen: adibidez, gizakiak ezin du ura edan eta aldi berean arnasa hartu, eta usaimen mugatua du.

Hala eta guztiz ere, usaimenaren ahalmena ukaezina da. Gizakiak ez dauka hiztegi apropos bat usainak izendatzeko, baina kafe-usaina, ustel-kiratsa, itsas usaina eta beste asko antzemateko eta bereizteko gai da. Hain zuzen, 50 usain-sentsazio primario jaso ditzake. Ikusmenaren bidez, berriz, hiru kolore primario besterik ez ditu bereizten —gorria, horia eta berdea—, eta dastamenak lau zapore hartzen ditu —gazia, gozoa, mingotsa eta garratza—.

Usaimenaren bidez, 50 usain-sentsazio primario jaso ditzakegu.

Horretaz gain, oroitzapenak azaleratzeko askoz ere gaitasun handiagoa du usaimenak beste zentzumenek baino. Neurologoek frogatu dute usaimen-nerbioak eta emozioak kontrolatzen dituen garunaren egitura, amigdala, lotuta daudela, eta baita oroimenarekin zerikusia duen hipokanpoa ere. Horregatik da hain zirraragarria usaimenaren alderdi emozionala: usain batzuk era neutroan eta objektiboan hartzen dira, baina beste batzuek iraganean gertatutakoa eta orduko emozioak berritzeko gaitasuna dute. Are gehiago; usaimenaren bidez berreskuratutako emozioak gertakizunak baino indar handiagoz gogoratzen dira.

Jainkoen mundurako zubia

Biblian, perfumeei buruzko aipamen ugari daude. Murilloren koadro honetan ikusten den bezala, Jesus jaioberriari intentsua eta mirra eskaini zizkioten erregeek.

Perfume hitza latinezko per fumum esamoldetik dator, eta ‘kearen bidez’ esan nahi du. Antzina, jainkoei zuzendutako otoitzak kearen bidez errazago iritsiko zitzaizkielakoan, intsentsua erretzen zuten. Perfumeak eta erlijioa oso lotuta zeuden, eta oso gutxik zuten lurrin preziatu horiek usaintzeko eta erabiltzeko aukera.

K.a. 4000 eta 2000 urteen artean, Egiptoko, Txinako, Indiako eta Mesopotamiako zibilizazio handiak sortu ziren, eta poliki-poliki, perfumeak eta haiek gordetzeko ontziak garatu zituzten. Adibidez, duela 5.000 urte, Mesopotamian landareak beratzen eta zanpatzen zituzten haien esentziak lortzeko. Esentzia horiek ez ziren Jainkoak gurtzeko bakarrik erabiltzen, medikuntzan ere baliatzen baitziren.

Denborarekin, beste zibilizazio batzuek aurrekoak ordezkatu zituzten, baina perfumeek beren balioa gorde zuten. Greziarrek landareen usainak erauzteko eta gordetzeko teknika berriak asmatu zituzten. Olioak, erretxinak eta talko lurrintsuak erabiltzen zituzten, eta substantzia horiek merkaturatzen lehenak izan ziren. Erromatarrek, ezagutza horietaz baliatzeaz gain, beste aurrerapauso batzuk ere eman zituzten. Inperioa zabaldu ahala, lehengai berriak iritsi ziren Erromara, eta lurrin-barietate handia lortu zuten.

Frantziako Luis XV.a erregearen eta haren maitale Mme. Pompadour-en gorteari 'Gorte perfumatua' deitu zioten.

Erromatar inperioaren gainbeherarekin, Europa garai ilun batean sartu zen. Aldiz, arabiarrek kultura aberats eta findua garatu zuten, eta lurringintzan nagusitasuna lortu zuten. Asiarekin harreman komertzial handia zuten, eta urrutiko lehengaiak distilatzen ikasi zuten. Bitartean, herrialde kristauei kiratsa zerien; erabilera erlijiosoa alde batera utzita, usain txarrak estaltzeko bakarrik erabiltzen ziren lurrinak, izpilikuarena, adibidez. Salbuespenak ere bazeuden, noski; lurralde musulmanen mugan zegoen Constantinoplan, Zoe enperatrizak perfumegileak zituen bere gortean, perfumeek deabruak uxatzen zituztela uste baitzuen.

XI-XIII. mendeetako gurutzadetan, herrialde kristauek ekialdeko oparotasuna ezagutu eta hango perfumeak, beirazko ontzi dotoreak, espezieak, loreak eta egur lurrintsuak ekarri zituzten mendebaldera. Gaztelak Granada menperatu eta gero, mairuek lurringintza garatu zuten, eta Ameriketatik ekarritako lehengaiekin perfume berriak sortu zituzten.

Alkimiatik kimikara

Deigarria bada ere, 1347-1351 urteetan izandako izurrite beltzaren eraginez, lehen baino askoz gehiago hasi ziren erabiltzen lurrinak. Izan ere, gaitza aire kirastua arnasteagatik kutsatzen zela uste zuten, eta, hildakoen gorpuen ustel-usainari aurre egiteko, jendeak lore-sortatxoak eramaten zituen. Gorputza kez edo intsentsuz igurzten zuten, horrek ere gaitzetik babestuko zituelakoan.

Bestetik, aberatsek eskularru lurrintsuak erabiltzen zituzten, tindatutako larruak berez oso usain txarra baitzuen. Garai haietan, halaber, beiragintza asko aurreratu zen, eta alanbikeen bidez distilatutako lurrinak ontzi dotoreetan gordetzen zituzten. Frantziako hegoaldeko Grasse eskualdean, lurringintza gero eta indar gehiago hartzen hasi zen, eta gaur egun ere irauten du industria horrek.

XVI.-a eta XVII.-a itsas esplorazioen mendeak izan ziren, eta urrutiko lurraldeetako lurrinak heldu ziren Europara. Aurrerapenak alderdi guztietan gertatu ziren: Paracelsok (1493-1541) distilazio-metodoa hobetu zuen, eta, XVII. mendearen amaieran, beira gorria egiteko teknika asmatu zuen Johann Kunckel-ek. Nolanahi ere, perfumeek luxuzko produktua izaten jarraitzen zuten. Ingalaterrako Elizabeth I.a erregina oso perfumezalea zen, eta gortean zabaldu zuen perfumeak erabiltzeko ohitura. Diotenez, horretarako beharra izan ala ez, hiru hilabetetik behin bainatzen zen.

Eau de Cologne, Napoleonen perfumerik gustukoena.

Gorte guztietan zeuden lurringileak, eta perfumeak egiteko teknikei buruzko lehen liburuak eta idatziak azaldu ziren. Medikuntzan ere erabiltzen ziren lurrinak; esate baterako, Nostradamusek kea eta intsentsua arnasten zituen bere iragarpenak egiteko, eta arrosen petaloen pilulak hartzen zituen ahoa freskatzeko eta hortzak garbitzeko.

Iraultza frantziarraren ondoren, mundu osoan izan ziren aldaketak. Langileak antolatu egin ziren, eta lurringileak ere profesionalagoak bilakatu ziren. Zenbait lurringile ospetsuk izen handiko perfumeak sortu zituzten; adibidez, 1710ean sortutako Eau de Cologne asko zabaldu zen. Antza, Napoleon Bonaparteri ere izugarri gustatzen zitzaion lurrin hori, eta hilean 60 ontzi gastatzen zituen. Josefinak, ordea, Eau de Cologne bezalako perfume freskoak baino nahiago omen zituen animalietatik ateratako lurrinak, batez ere, musketa.

Landare batzuek nektarra ekoizten dute intsektuak erakartzeko.

Ingalaterran, berriz, Victoria erreginak patxuliz bustitako arropak erabiltzen zituen, eta, norberaren azalean beharrean, lurrinak erropetan edo eskuzapietan botatzeko ohitura zabaldu zuen.

Garai hartan sortu ziren lurringileen izenak oraindik ere ezagunak dira: Lillie Yardley, Atkinsons, Gerlain... Ingalaterrako, Espainiako eta batik bat Frantziako lurringileen produktuak mundu osoko merkatuetara zabaldu ziren. XIX. mendearen bukaeran, kimikaren, teknikaren eta merkataritzaren aurrerapenek perfumeak jende guztiarengana iristea ahalbidetu zuten. Gero, XX. mendean, modaren garaia iritsi zen, eta, sintesi kimikoa indartu ahala, lurrinak hamaika produktutan erabiltzeko modua egon zen.

Nabarmena da historian zehar perfumeen ontziek izan duten bilakaera.

Bestalde, Asian ere lurringintzak bere bidea egin du, eta mendebaldean baino usain sarkorragoa eta sentsualagoa duten perfumeak sortu dituzte. Gaur egun, lurringileek mendebaldeko eta ekialdeko gustuak bereizten jarraitzen dute, baina gero eta ohikoagoa da ekialdeko kutsua duten perfumeak egitea mendebaldean, eta alderantziz.

Naturatik saiodira

Lurringintzaren inspirazio-iturri nagusia natura da. Animalia askok beste sexua erakartzeko edo elkarrekin komunikatzeko balio dieten molekula usaindunak ekoizten dituzte. Landare batzuek nektarra ekoizten dute, polena zabaltzen lagunduko dieten intsektuak erakartzeko, eta beste zenbaitek erretxina jariatzen dute erasotzaileetatik babesteko.

Hamaika dira lurringintzan erabiltzen diren landareak eta ia edozein zati izan daiteke baliagarria: loreak, hostoak, fruituak, azalak eta sustraiak, haziak, egurrak, erretxinak, espeziak... Goroldioak eta likenak ere erabiltzen dira.

Animalia-jatorriko lurrin gutxiago daude, eta batez ere landareetatik lortutako lurrinak finkatzeko erabiltzen dira. Gainera, beste sexukoak erakartzeko ahalmena egozten zaie. Musketa, anbar arrea, eta kastorekia dira erabilienak.

Musketak usain sarkorra, mingotsa eta akrea du, eta Asiaren erdialdeko orein musketadunak sabelean duen poltsa batetik hartzen da. Anbar arrea kaxaloteen hesteetan ekoizten da, eta oso usain iraunkorra du. Kastorekia, berriz, kastoreek ekoizten duten substantzia koipetsu bat da, eta usain berezia ematen die perfumeei.

Animalia-jatorrikoak baino are gutxiago erabiltzen dira produktu mineralak, baina badira batzuk, hala nola, petrolioa eta hidrogeno sulfuroa.

Gaur egun, gero eta gehiago erabiltzen dira lurrin sintetikoak. Nahiz eta produktu naturalak ezinbestekoak izan, laborategian egindako substantziek lurrin natural asko ordezkatu dituzte. Lehen lurrin sintetikoa 1893an lortu zen, ionona deitu zioten, eta haren usainak bioletarenaren antz handia du.

Lurrin sintetikoek, merkeagoak izateaz gain, badute beste abantaila bat: naturalak baino egonkorragoak dira, eta ez hain lurrunkorrak; beraz, denbora gehiago irauten dute. Halaber, produktu askotan erabil daitezke, ez baitira degradatzen beste osagaiekin kontaktuan jartzean. Produktu naturalei, berriz, usaina eta kolorea aldatu egiten zaizkie batzuetan.

Madagaskarren sortzen den ylang-ylang lorea oso preziatua da lurringintzan, eta, besteak beste, Nº 5 ospetsuaren osagaietako bat da.

Hasieran, lurrin sintetikoak txiripaz egiten zituzten; adibidez, nitromusketa TNT lehergaiarekin erlazionatutako gai kimikoekin lanean ari zirela aurkitu zuten. Baina, kimika organikoa garatu ahala, bilaketa gero eta metodikoagoa bihurtu zen. Lehenengo pausoa substantzia naturalen egitura kimikoa identifikatzea da. Gero, egitura bera sintetizatzen saiatzen dira kimikariak, eta aldaketak egiten dituzte, egitura-aldaketa horiek usainean edo egonkortasunean izan ditzaketen eraginak aztertzeko. Azkenik, egitura egokiena aukeratzen dute.

Erauzketa-teknikak

Lurrin sintetikoek bultzada garrantzitsua jaso zuten 1921ean, Coco Chanelek aldehido alifatiko sintetikoak zituen Nº 5 perfumea atera zuenean. Hala ere, perfume garestienak lehengai naturaletan oinarritzen dira.

Hainbat landereren esentzia-olioak aromaterapian ere erabiltzen dira.

Lehengai naturaletatik lurrinak erauzteko teknika zaharrena zapaltzea da. Presioa ezarriz, landareek beren olio lurrintsua askatzen dute. Adibidez, laranja bat estutuz gero, olioa gordetzen duten azaleko guruinek laranja-olioa jariatzen dute. Merkatuan dauden zitrikoen esentzia asko horrela prestatzen dira.

Beratzea ere aspalditik erabiltzen da: antzinako egiptoarrak teknika horretaz baliatzen ziren. Lurrinak gantzetan harrapatzean datza; izan ere, lurrinak oliotsuak direnez, koipera joateko joera dute. Landareak gantz berotan sartuz ala hotzean ( enfleurage ) egin daiteke. Enfleurage teknikan, landareek airera askatzen duten lurrinak jasotzen ditu gantzak, eta horrela esentzia-olioak ez dira batere kaltetzen. Gero etanolarekin tratatzen da gantza, esentzia-olioak oso disolbagarriak baitira etanolean. Etanol hori hutseko distilazioaren bidez kenduta, berriz, esentzia-olio purua lortzen da.

Diotenez, perfume batzuek feromonak dituzte eta, horiei esker, beste sexukoak erakartzeko ahalmena handitzen dute.

Alanbikeen bidezko distilazioa asko erabiltzen da. Ur-lurrunak esentzia-olioak harrapatzen ditu, eta alanbikearen hodi bihurrietan hoztean, kondentsatu egiten da. Olioak likidoaren gainaldean gelditzen dira; beraz, erraz bereizten dira. Distilazioa hutsean edo presio baxuan egin daiteke; hartara, tenperatura baxuagoak erabiltzen dira, eta gutxiago hondatzen dira molekula organiko lurrintsuak.

Disolbatzaile lurrunkorren bidez ere harrapa daitezke landareen lurrinak. Petrolio-eterra, metanola, azetona eta beste batzuk erabiltzen dira, eta azkenaldian karbono dioxidoa ere hasi dira erabiltzen asmo horrekin. Disolbatzaileekin lortutako emaitza etanolarekin tratatu edo distilatu egin behar da. Azkenik, hidrokarburoak kentzen badira, terpenorik gabeko olioa lortzen da, denetan puruena eta lurrintsuena.

Esentzia-olioen osagaiak identifikatzeko, kimikarientzat arruntak diren teknikak erabiltzen dira, hala nola, gas-kromatografia eta masa-espektroskopia.

Perfumearen formula

Landareen esentzia olioa lortzeko, asko erabiltzen da alanbikeen bidezko distilazioa.

Ziurrenik, perfumea egiteko prozesu guztiaren pausorik zailena hori da: formula egokia asmatzea. Kimikaren eta teknikaren aurrerapenek asko lagundu dute lurrinen erauzketan eta identifikazioan, baina perfume on bat lortzeko, beharrezkoa da maisuen ‘sudur’ fina.

Perfume bat usaintzeko, egokiena zapi batera bota eta zapia airean astintzea da. Hasieran hartzen diren usainak hasierako notak dira, eta oso lurrunkorrak izaten dira; gehienetan zitrikoenak dira. Horien ondotik, nota ertainak antzematen dira: gehiago irauten dute eta loreenak, frutenak... izaten dira. Azkenik, iraunkortasuna lortzeko, lurrunkortasun txikiko substantziak erabiltzen dira; patxulia eta goroldioa, kasu.

Dena dela, oso garrantzitsua da batetik besterako pausoak ez nabarmentzea gehiegi; bilakaerak jarraitua izan behar du. Adituen arabera, perfume batek atsegina izateko ezinbestekoa du hiru nota horien arteko oreka. Hori da, beraz, lurringilearen lana: oreka bilatzea. Bizitzaren beste alderdi askotan bezalaxe.

Usainik gabeko mundua

Usaintzeko ezintasunari anosmia deitzen zaio. Anosmia iragankorra izan daiteke; adibidez, sudurra mukiz beteta badago, ezin da usainik hartu. Sudurreko polipoek, sudur-trenkada okertuta edukitzeak eta sinusitisak ere galarazten dute usaimena.

Aldiz, arazoa usaimenarekin lotutako nerbioena bada, betiko gal daiteke usaimena. Eta horrek uste baino ondorio okerragoak izan ditzake; esaterako, gas-isuri bat gertatuz gero, ez dago usaimenaren bidez ohartzeko modurik.

Alderantzizkoa ere, gehiegi usaintzea, alegia, gertatzen da batzuetan. Haurdunaldian eta menopausia-garaian ohikoa da usainak indar handiagoz antzematea, baita usainak beste era batera hartzea ere: berez txarra ez den usain batek nazka sortzea, adibidez. Hainbat gaixotasunen sintoma ere izan daiteke usaimenaren asaldura hori.


Landareak, lurrin-iturri

Landareak dira perfumeen lehengai nagusiak. Besteak beste, hauek dira landareetatik erauzitako esentzia-olio erabilienak:

  • Loreetatik: arrosa, bioleta, jasmina, laranja-lorea...
  • Hostoetatik: eukaliptoa, urkia, geranioa...
  • Fruituetatik: laranja, limoia, bergamota, mandarina...
  • Azal eta sustraietatik: kanela, jengibrea, kalamua, aingeru-belarra...
  • Hazietatik: anisa, almendra...
  • Egurra: zedroa, sandaloa, pinua, patxulia...
  • Erretxinetatik: intsentsua, mirra, benjuia...
  • Espezieetatik: banilla, martorria, iltzea...

Chanelen Nº 5

1921. urtean Coco Chanelek Nº 5 aurkeztu zuenean, perfumeen mundua irauli zuen. Perfume horrek aldehido alifatiko sintetiko bat zeraman, 2-metilundekanal izenekoa, eta, horrekin batera, ylang-ylang, laranja-lorea, maiatzeko arrosa eta Grasseko jasmina zituen.

Emaitza erabat berria eta erakargarria zen, eta garai haietan erabiltzen ziren perfumeetatik guztiz desberdina. Izenak ere ordura artekoekin hausten zuen; pasioari, maitasunari, loreei... aipamena egiten zieten izen haien ondoan, zenbaki bat proposatu zuen Chanelek. Hain zuzen, prestatu zituen perfumeen artean aukeratutakoa bosgarrena zelako jarri zion izen hori. Beirazko ontzi karratua modernitatearen eta abstrakzioaren irudia zen, eta etiketa ere bat zetorren irudi horrekin.

Coco Chanelek bete-betean asmatu zuen: oraindik ere gehien saltzen den perfumeetako bat da.

Hamar perfume onenak

Fernando Mijangosen Usainak eta perfumeak: literaturatik kimikara liburuaren arabera, hauek dira onenak:

  • L’Heure Bleu, Guerlain
  • Shalimar, Guerlain
  • Nº 5, Chanel
  • Arpège, Lanvin
  • Joy, Patou
  • Femme, Rochas
  • Miss Dior, Dior
  • L’Air du Temps, Nina Ricci
  • Opium, Yves Saint-Laurent
  • Trésor, Lancôme
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila