Prestige petrolio-ontziak fuel-olio astuna zeraman, petrolioa distilatzean hondoan gelditzen den frakzioa, alegia. Fuel-olioa konbustio industrialean, zentral termikoetan, adibidez, eta potentzia handiko diesel ontzi astunetan erabiltzen da.
Oso likido likatsua da, solidoa ia, eta petrolioaren frakzio toxikoenetako bat, konposatu aromatikoetan aberatsa delako. Prestige -ren kasuan, hidrokarburo aromatiko poliziklikoek (HAP) zalaparta handia sortu dute, animalietan behintzat minbizia eta mutazioak sor ditzaketela ikusi da eta. Ondorioz, fuela jasotzen ibilitako lagunek segurtasun-neurri bereziak hartu behar izan dituzte.
Itsas animaliek, ordea, ez dute segurtasun-neurri horiek hartzeko aukerarik izan, eta isuriak bete-betean jo ditu. Ionan Marigomez ikertzailearen arabera, bi mailatako inpaktuak bereizi behar dira. “Hasieran, orbanak berak inpaktu fisiko handia sorrarazten du; hegazti piloa hiltzen da, adibidez, petrolioak lumak hondatzen dizkielako. Inpaktu fisiko hori amaitu egiten da orbanak desagertzen direnean, baina orbanen osagai toxikoen eragina ez.” Ionan Marigomez Biologia zelularreko katedraduna da EHUn eta begi-bistakoa ez den inpaktu hori ikertzen dihardu. “Konposatu toxikoek gibeleko minbizia sortzen dute arrainetan eta muskuiluetan digestio-guruinei eragiten die”. Kalte horiek, ordea, epe luzera baino ez dira ikusten.
Petrolio-isuri batek itsas bizitzan duen eragina isuritako petrolio-motaren eta inguruko bizidunen sentikortasunaren araberakoa izan ohi da. Hidrokarburo arinetan aberatsak direnak, petrolio gordina esaterako, hilgarriagoak dira epe laburrean. Izan ere, “lurrunkorrak direnez eta nahiko erraz disolbatu eta degradatzen direnez, gutxiago irauten dute ingurunean, baina, arrazoi beragatik, efektu zuzenagoa dute bizidunen gainean eta hilketa masiboak eragiten dituzte”.
Prestige -k zeraman fuel-olioa, ordea, beste muturrean dago. Hidrokarburo astunetan zen aberatsa. Horiek, toxikotasun akutu txikiagoa duten arren, gehiago irauten dute inguruan eta pixkanaka metatu egiten dira animalietan. Metatu eta eraldatu, animaliek metabolizatu egiten baitituzte. “Prozesu horretan uretan disolbagarriagoak diren konposatuak sortzen dira” gorputzean zabaltzeko gaitasun handiagoa dutenak, alegia, “eta, kasu honetan, mutazioak zein minbizia sortzeko ahalmena dutenak”.
Baina kalteak ez dira organismo mailan bakarrik gertatzen. Isuriek, noski, ekosistema mailan ere eragiten dute eta, berriz ere, epe luzeko kalteak dira larrienak. Konposatu toxikoak kate trofikoan sartzen dira eta itsas komunitate eta ekosistemen egitura eta funtzionamendua asaldatzen dute. Prestige ontziaren kasuan, hori gertatzeko arriskua dagoela uste du Ionan Marigomezek: “egoerari jarraipena egin behar zaio kalteak zenbatekoak izango diren jakiteko”.
Horretarako, espezie guztiak aztertzea ezinezkoa denez, sentikorrak direla ezagun den batzuekin egiten dute lan ikertzaileek. “Kostaldean, adibidez, muskuiluekin egiten dugu lan. Inguruaren diagnostikoa egiteko, zein konposatu metatu dituzten eta zein kalte pairatu dituzten neurtzen da, jarraipen-programen bidez. Muskuiluen, itsas zizareen eta kostaldeko arrain baten segimendua eginda, gunearen egoeraren berri jakiten dugu”.
Askoz ere zailagoa da itsaso zabalean kalte egiten duen ala ez jakitea, “esparru horretan oso ikerketa gutxi egiten baita”. Baina egin diren gutxi horiek baiezkoaren aldekoak direla dirudi. Petrolioa naturalki isurtzen den guneetan, Kaliforniako Santa Barbara kanalean, esaterako, oso biodibertsitate txikia dagoela ikusi dute ikertzaileek. Bakterioak eta ornogabeak dira hango biztanle bakarrak. EHUko Biologia Zelularreko ikerketa-taldea, bestalde, Ipar Itsasoan ibili zen joan den urtean, sardinzarrean eta bakailaoan hango petrolio-plataformek izan duten eragina aztertzen, eta poluzioak arrain horiek kaltetzen dituela ikusi zuten.
Itsas zabalean, oro har, interes komertziala duten arrain-espezieak aukeratu dira zentinela moduan. Bizkaiko Golkoan, adibidez, antxoaren eta legatzaren jarraipena egiten ari da EHUko Biologia Zelularreko ikerketa-taldea. Galizia aldean, berriz, bakalada eta itsas-oilarra aztertzen ari dira.
Kalteak argi ez dauden moduan, egoera noiz leheneratuko den ez dago jakiterik. “ Exxon Valdez -en istripua gertatu eta hamalau urte geroago patologiak deskribatzen ari dira oraindik”.
Prestige -ren kasuan, gainera, ezin ahantz daiteke ontzia oraindik fuel-olioa isurtzen ari dela, tona bat egunean, eta ezer egin ezean, berdin segi dezakeela beste berrogei urtez, hustu arte. Eta ez hori bakarrik; orbanak ez dira oraindik Bizkaiko Golkotik desagertu, eta, beraz, konposatu toxikoak ingurunera pasatzen ari dira etengabe. Hilabeteetako eta agian urteetako isuri kroniko bilakatzen ari da Prestige -rena.
Baina txarrenetik ere ikas daitekeenez, baliabideak jarriz gero, petrolio-isuri kronikoen inguruan ikasteko aukera ere bilaka daiteke. Izan ere, itsasora isurtzen den petrolioaren % 8 baino ez da marea beltzen ondorio.
Azkeneko datuak Estatu Batuetako Zientzien Akademiak (NSF) argitaratu ditu, Petrolioa itsasoan txostenean. Mundu osorako gutxi gorabeherako kalkuluak egin dituzte eta, horien arabera, itsasoak urtero jasotzen duen petrolioaren % 55 naturatik eta itsasontzien ohiko jardueretatik dator, garbiketetatik eta karga/deskargatik batez ere. % 40 berriz, giza kontsumoari dagokio.
NSFk bereziki kezkagarritzat jo du datu hori, askoz ere handiagoa izan daitekeela susmatzen dutelako. Izan ere, oso zaila da isuri horiek zehaztasunez neurtzea. Halere, ez dago batere argi isuri-mota honen kaltegarritasuna zein den, dena batera asko den arren, petrolioak sortutako poluzioa lokala baita. Beraz, isuriak iturrian toxikoak izan badaitezke ere, diluzio handia jasaten dute itsasora iristen direnerako.
Isuri kronikoen eraginaz marea beltzenaz baino askoz gutxiago ezagutzen da eta, horregatik, petrolioa erauzten diren puntuetan ikerketak egitea proposatzen dute adituek, eredu interesgarria izan daitezkeelako. Ildo horretatik, agian Prestige -k ere balio dezake.
Euskal Herriari dagokionez, Marigomezek ez du uste gure kostaldearen egoera oso larria denik, toki jakin batzuetan arriskutsua izan badaiteke ere. Askoz ere okerrago dago, adibidez, Mediterraneoa. WWF/Adenaren arabera, 20 Prestige isurtzen dira han urtero.
“Krisi industriala, teknologia berriak, araztegiak... direla eta, egoera asko hobetu da azken hamar urteetan, baina poluzio arriskuak hor segitzen du. Izan ere, ura garbiago egon arren, sedimentuetan tonaka konposatu toxiko dago harrapatuta. Konposatu horiek, uretan materia organiko asko eta oxigeno gutxi zegoelako, finkatuta egon dira orain arte. Baina ingurunea oxigenatzean, oxidatu eta askatu egingo dira. Beraz, itxuraz garbiago badago ere, poluzio arriskua ez da desagertu.” Faktura garestia ekartzen du petrolioak.
Faktura garestia ekartzen du petrolioak, baina, hala ere, barra-barra erabiltzen segitzen dugu; azken finean, petroliozkoak baitira gure gizartearen oinarriak. Eta petroliozkoa gure bizimodua. Zerrenda egiten jarriz gero, bost minutuan erraz bete daiteke folio bat petroliotik deribatutako produktuekin, egunerokoekin. Autoaren erregaia eta makina bat pieza, telefonoaren karkasa, supermerkatuko barazkien estalkia, poltsak, ordenagailua, disketeak, altzariak, ur-botilak, kreditu-txartelak... Hori guztia egiteko, 2000n 11 milioi tona petrolio ekoitzi ziren egunean, 1973an baino % 25 gehiago.
Gainera, petrolio hori guztia ez zen gehien kontsumitzen den eskualdeetan ekoitzi, Pertsiar Golkoan baizik. Han, petrolioaren % 26 ekoizten da, baina % 5,5 baino ez dute kontsumitzen. Gainerakoa, Europako eta Estatu Batuetako findegietara garraiatzen da, tratatu eta berriz banatzeko. Horrek itsasontziak jartzen ditu jokoan, petrolioa, batik bat, itsasoz garraiatzen baita.
Etorkizunera begira, eta energia berriztagarrien alde asko hitz egiten bada ere, ez dirudi, epe laburrean behintzat, gauzak asko aldatuko direnik. Izan ere, 2020 urterako petrolioaren kontsumoa % 2,6 handituko dela iragarri du NSFk. Eta, orain arte bezala, petrolioa itsasontzietatik erauziko dugu mendebaldean, ezagutzen diren erreserben % 57 Pertsiar Golkoan baitaude. Beste Prestige batzuk ez dira urrun ibiliko.
Hegaztiak, hondamendi beltzaren ikurrak
Itsas hegaztiena, petrolio-isuriek gehien kaltetutako taldea izan ohi da. Ez da harritzekoa, beraz, dagoeneko marea beltzen aurkako ikono bihurtu izana. Izan ere, petrolio-orbanak armiarma-sare bihurtzen dira hegaztientzat. Petrolioak lumen iragazgaiztasuna eta babes termikoa suntsitzen ditu, eta hegaztiak defentsarik gabe uzten ditu.
Hegan eta igerian egin eta urpean ibiltzeko gaitasuna galtzen dute, gorputzeko tenperatura mantentzeko energia gehiago xahutu behar izaten dute eta, betiko moduan jan ezin dutenez, ahuldu eta hil egiten dira.
Bestalde, petrolioaren osagaiek, bereziki konposatu aromatikoek, kalte fisiologiko handiak sorrarazten dizkiete, jan edo arnastuz gero. Hori halabeharrez gertatzen da, lumak garbitu nahian petrolioa irensten baitute. Gutxi dira armiarma-saretik ihes egitea lortzen duten hegaztiak.Kontuan izan behar da, gainera, konposatu aromatikoek ugal aparatua ere kaltetzen dutela, eta, ondorioz, marea beltzek hurrengo belaunaldiak ere arriskuan jartzen dituztela.
Prestige hondoratu zenetik, 23.000tik gora hegazti bildu dira Espainian, Portugalen eta Frantzian, martinak, batik bat, eta gehienak hilda. Baina kaltetuak askoz gehiago dira, kalkuluen arabera hildako hegaztien % 10-20 baino ez baita jasotzen. Ornitologoak kezkatuta daude, azken lau urteak latzak izan baitira Atlantikoaren alde honetan. Erika, Tricolor eta Prestige ontziek sortutako marea beltzek 275.000-500.000 hegazti hil dituztela zenbatetsi du SEO/BirdLife erakundeak. Horietako asko gazteak izaki, urte batzuk beharko dira mareen benetako kalteak zenbatekoak izan diren jakiteko.