Lorategiak, gizakia sentsazio bila

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Lasaitasuna, naturarekin kontaktua, usainak, koloreak, argia... Lorategiek hamaika sentsazio eragiten dituzte. Hain zuzen ere, horretarako eraikitzen ditu gizakiak, sentsazioak, sentimenak pizteko. Eta, horretarako, natura nahi eran erabiltzen du, mendean hartu du. Gainerakoan, zaila da lorategi guztiak definizio batean batzeko ezaugarri gehiago aurkitzea; hain lorategi desberdinak daude!
Lorategiak, gizakia sentsazio bila
2006/03/01 | Rementeria Argote, Nagore | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: MEC)

Gaur egungo lorezaintzan denak balio du: ingurunearekin erabat integratuta egon daiteke lorategia edo kontrastean, lerro zuzenez josia edo ez, material naturalekin egina edo eraikuntzako hondakinekin... are gehiago, loreak eta landareak egotea ez da ezinbestekoa. Ez da beti nabarmentzen gizakiak egina dela, diseinatua, baina hala da, baita itxura naturala duenean ere.

Diseinu ausartenak

Punta-puntako lorezaintza zertan den jakiteko erakustoki aparta da Chaumont-sur-Loire-ko jaialdia, Frantzian. Nazioarteko lorategi-jaialdia da: urtero, berrehun bat lorategi-proiektu jasotzen dituzte, horietatik hogei aukeratu eta gauzatu egiten dituzte; horretarako prestatutako hogei partzela dituzte Chaumonteko etxaldean (berrehun metro koadrokoa bakoitza). Lorategi-diseinu ausartak, berriak, orijinalak, harrigarriak izaten dira, eta apirila eta urria bitartean ikusgai jartzen dituzte.

Urtero gai bat aukeratzen dute antolatzaileek, eta gai horrekin zerikusia duen lorategi bat diseinatzen dute parte-hartzaileek. 2006rako aukeratu duten gaia, esate baterako, hau da: "lorategian jostari".

Parte-hartzaileak taldeak izan ohi dira, profesionalak zein eskoletakoak. Normalean taldea ez dute lorezainek bakarrik osatzen; arkitektoak, paisajistak, diseinugileak, eszenografoak, ingeniariak... hainbat arlotako espezialistak batu ohi dira. Epaimahaiak bereziki baloratzen du taldea jakintza-alor anitzekoa izatea.

Talde bakoitzak bere eran interpretatzen du gaia, nahi duen materialak eta teknikak erabiliz... sormenarena da muga bakarra --partzelaren neurriaz eta aurrekontuaz gain, noski--.

(Argazkia: J. Plazaola)

Chaumont etxaldeko diseinuak ikusita, argi dago lorategiaren kontzeptua oso zabala dela. 2003an, esate baterako, zeresan handia eman zuen Adrian Geuze-k egindako diseinuak: lorategiko elementuen artean kalabazak eta hezur-piloa zeuden.

Chaumonteko diseinuak ausartegiak dira agian halakoetara ohitua ez dagoen batentzat, ez baitira sartzen lorategiaren definizio klasikoan --hiztegiaren arabera, "lorategia: landareak, eta batez ere lore apaingarriak, hazten diren lur-zatia" da--. Diseinu horietan natura (zentzu zabalenean) guztiz bortxatzen da artea egiteko.

Argi dago lorategiaren definizioa oso zabala dela gaur egun; eta diseinu berri horiek batzen dituen ezaugarri nagusi bat behinik behin badute: sentsazioak eragiten dituzte. Inor gutxi geratuko da epel halako lorategiak ikusita.

Beste muturrean, natural-naturalak, itxuraz

Dena dela, gaur egungo joerak ez daude beti arkitekturarekin eta punta-puntako diseinuarekin hain hertsiki lotuta; klasikoagoak dira, nolabait esateko, hiztegiko definiziotik gertuago daude. Stockholmeko Rosendal lorategia, esate baterako, Chaumonteko diseinuetatik urrun dago, konbentzionalagoa da. Lehenengo begiratuan baratze bat dirudi; berehala ohartzen da bat, ordea, karga estetiko handia duela. Hango lore-multzoak, zuhaitzak, barazkiak eta gainerakoak ez daude hola-hala jarrita. Alderantziz.

Rosendal lorategian arreta pizten duen lekuetako bat hondakinak konpost bihurtzen diren gunea da, lorategi eta baratze gehienetan ezkutatu egiten den gunea, hain zuzen ere. Ez da kasualitatea; aitzitik, gaur egun ingurumenak duen garrantziaren seinale da. Izan ere, XXI. mendeko lorezaintzan joera bat nabarmentzekotan, ingurumenarekiko ardura eta begirunea da joera hori.

2005eko Chaumont-sur-Loire-ko nazioarteko lorategi-diseinuen jaialdiko irudiak; gaia: Lorategiek memoria dute. 2006ko diseinuak apirilaren 29tik urriaren 15era egongo dira ikusgai.
J. Plazaola

Nekazaritzan bezala, lorezaintzan ere geroz eta garrantzia handiagoa ematen zaio ingurumenari, eta, hori dela eta, ingurumen-lorezaintza indarra hartzen ari da.

Ingurumen-lorezaintzan nekazaritza ekologikoaren irizpide berberei jarraitzen zaie. Tokiko klimara eta lurrera ondoen egokitutako landareak aukeratzen dira, larregi ongarritu eta ureztatu beharrik ez izateko. Eta, landareak eta lurra ez ezik, ekosistema osoa hartzen da kontuan --besteak beste izurririk ez izateko erarik eraginkorrena, eta, batez ere, garbiena da, pestizidak ahalik eta gutxien erabiltzea baita lorezaintza ekologikoaren premisetako bat--. Garbi dago, eredua natura da. Horrek ez du kentzen natura menperatuta egotea, noski.

Dena dela, lorategietan oso ohikoak dira kanpoko espezieak oraindik ere. Itxura denez, Ingalaterrako lorezaintzaren eragina da hori. Kanpotik ekarritako espezie asko erabili izan dituzte, eta hango klimara egokitu ere egin dira asko.

Lorategi ingelesek paisaia naturala bilatzen dute ('paisaia' da, hain justu, gizakiaren eragina ikusten delako). Paisaia-lorezaintza deritzon lorezaintza-eredua XVIII. mendekoa da, Erromantizismoaren garaikoa. Kent, Brown eta Repton paisajistek mundu ideala bilatzen zuten (greziarren Arkadiaren ideia zuten buruan), eta, horretarako, mundu ideal horretako elementuak ezartzen zituzten paisaian: belazeak, zuhaitzak, ardiak... Hala, ingurune natural baten sentsazioa lortzen zuten; baina interbentzio-maila oso handia zen.

Irribarrea eragiten dute gaur egungo diseinu batzuek.
Chaumont-sur-Loire-ko jaialdia

Aintzirak, belazeetako gorabeherak, zuhaitz-multzoen kokapena zelaiaren marko gisa belazean sartu-irtenak eginez... guztia diseinatua zen. Zuhaitzak, esate baterako, inausten zituzten, baina 'txukuntzeko' baino ez; ez zedila igarri zainduta zeudenik.

Ingalaterrako lorategiak eredu izan dira baratze-lorategien oparotasunari dagokionez ere. Gertrude Jekyll-ek jarraitzaile asko izan ditu. XIX. mende bukaerako eta XX.aren hasierako lorategi-diseinatzaile horrek landare-espezie zerrenda amaigabea erabiltzen zuen; eredu gisa, oroimenean zeukan txikitako Ingalaterrako countryside hura omen zuen, landazabala, alegia. Hura zela eta, landazabaleko landareak sartu zituen, besteak beste, lorategi eta baratzeetan.

Bestalde, klima epelagoetatik Ingalaterrara ekarritako espezieek lore eta fruitu gutxiago ematen zuten, oro har. Hori konpontzeko, hormaren kontra hazten zituzten; hala, hormak beroa pilatzen du, eta landareak ingurune epelagoa dauka hazteko. Adibidez, magnolia bat ikus daiteke etxe ingeles bateko horman loraldi betean, landare igokari bat balitz bezalaxe hazita; eta udareondo bat fruta gozo-gozoz beteta baratzea inguratzen duen hormaren kontra.

Eta hormatik gertu hazten zituzten loreak ere, lur-sail estuetan pilatuta, hormaren babesa eta beroa aprobetxatzeko. Hala, nahasian hazten zituzten arrosak, izpilikua, ezpela, bergenia...

"Naturak ez ditu maite lerro zuzenak"

(Argazkia: J. Plazaola)
Paisajista ingelesen premisetako bat zen naturan ez dela lerro zuzenik ageri. Ingalaterrako ingurune naturala zutenez eredu, bada ez zuten lerro zuzenik sartzen diseinuetan, paisaian, alegia.

Lerro zuzenak oso ohikoak dira gaur egungo lorategietan, ordea. Zuzen-zuzen moztutako heskaiak edo landarezko hesiak --topiaria izenarekin ezagutzen den artea, apaintzeko inaustea--, esate baterako, beste lorezaintza-eredu batetik mailegatu dira. Izan ere, helburua ez da beti izan naturala ematea: Frantziako Arrazionalismoaren garaian (XVII. mendea), esate baterako, helburua natura menperatua agertzea zen, gizakia naturaren gainetik zegoela sentiarazi behar zuten. Gogoan izan Versailles-eko lorategia (Andrée le Notre-k diseinatua).

(Argazkia: J. Plazaola)

Itxuran oso lorategi desberdinak diseinatzen bazituzten ere, paisajista ingelesek frantziarrengandik edan zuten hasiera batean; eta frantziarrek, noski, aurretik izan ziren beste lorategi-diseinu batzuk izan zituzten eredu (Italiako Errenazimendukoak, besteak beste). Eta abar.

Lorategi bateko elementu bakoitza banan-banan hartuta (iturria, loreak, argia eta itzala, zuhaitzak...), atzera egin daiteke lorategien historian, estilo batetik bestera. Ikusten denez, gaur egungo lorategietan aurrez landu izan diren estiloen aztarnak ageri dira. Eta agian horrexek egin ditu hain desberdin... Definizio bat emanez gero, baten bat kanpoan geratuko litzateke beti. Batzen dituen ezaugarri bat, behintzat, bada: lorategietan natura moldatu du gizakiak sentsazioak eragiteko.

Eskerrak Mendikoiko Joseba Plazaolari artikulua prestatzen laguntzeagatik eta argazkiak uzteagatik.

32
Donostiako bulebarretik Villandryra, edo alderantziz
Agian norbaitek pentsatuko du hemen bertan oso diseinu ausartak ditugula: duela urte batzuk Donostiako bulebarrean azak eta zerbak landatu zituztenean, harrituta geratu zen jendea. Estilo berri-berria zirudien; modernoa, benetan. Baina gizakiaren sormenak euskarriren bat izan ohi du. Historiak erakusten du estilo batek aurrekoetatik edaten duela hala filosofian nola arkitekturan, eta lorezaintzan ere gertatu da hori. Gaur egun, aurretik izan diren lorezaintza-estiloak aintzat hartzen dira, eta, horretaz gain, arkitekturak eta espazioen diseinuak indar handia hartu dute lorategien diseinuan.
Villandry.
(Argazkia: J. Plazaola)
Euskal Herriko lorategietan azak eta bestelako barazkiak ikusten dira, eta, hasieran harrigarria zirudien arren, ondo pentsatuta, nahiko naturala da; izan ere, lorategia baratzearekin lotzea saihestezina da lehenengo lorategietatik hasita, Mediterraneoko lorezaintzan eta, ondorioz, mendebaldeko herrietan, behinik behin --Japonia eta Txinakoak beste kontu bat dira--.
Horren adibide da ezagutzen den lorategirik zaharrena ere: Amenofis III.ak eraiki zuena K. a. 1400 inguruan, Tebasen, Niloren kanal baten ertzean. Lorategi hartan ura ubide zuzenen bidez zabaltzen zen lorategi osora, eta ubideen ertzetako zuhaitzek itzala ematen zuten. Itzalaz gain fruituak ere ematen zituzten zuhaitzek: datilak palmondoak, piku antzerako batzuk sikomoroak, mahatsa mahatsondoak... Horiekin batera, jasminak, krisantemoak, nartzisoak, mandragorak eta beste hainbat landarek kolorez eta lurrinez betetzen zuten ingurua.
Donostiako bulebarra.
(Argazkia: L. Cancio)
Erdi-erdian uraren depositu nagusia zegoen. Beraz, ezinbestean, elementuak era geometrikoan antolatuta zeuden. Lorategiko elementu horietako asko erabilgarriak izan arren, egitura hori ez da baratze bat soilik: lorategi bat da. Bestalde, elementu horietako asko arkitekturako elementu apaingarrien inspirazio-iturri izan ziren, Hispania islamiarreko habeenak, esate baterako.
Aurreragoko lorategi gehienek zituzten baratzearen elementuak: fruta-arbolak, landare sendagarriak... Dena dela, Villandryko lorategia aipatu beharra dago, Tours-etik gertu. Izan ere, baratzea eta lorategia erabat uztartuta daude; ezin bata bestetik bereizi.
(Argazkia: L. Cancio)
Erdi Aroko monasterioetako lorategiaren eredu da Villandry. Lorategia apaingarria da, eta diseinu garbia du; baina barazkiak eta landare sendagarriak eta aromatikoak dira nagusi lorategiaren maila batzuetan. Dena den, gaur egun ikusgai dagoena joan den mendean berreraikitakoa da; eta lorategiak izandako eboluzioa nabarmena da. Izan ere, gaztelua XII. mendekoa den arren, lorategi mailakatua XVIII.ekoa da. Lorategi hura galdu egin zen, eta 1906-1924 urteetan Joaquin Carvallok berregin zuen.
Villandryko baratzean, besteak beste, kalabazak, azak eta erremolatxak daude. Beraz, barazkien lorategiak ez dira gaur-gaurkoak.
Rementeria Argote, Nagore
3
218
2006
3
041
Botanika; Historia; Nekazaritza
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila