LIFE proiektua, Aiako Harrian lagungarri

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

Ingurune natural bat kudeatzeko lanaren helburu nagusia da hango ekosistemak ahalik eta egoera onenean izatea, eta horretarako egin beharreko hobekuntza edota aldaketa guztiak egitea. Horretara iristeko, ordea, muga bat izaten dute kudeatzaileek: dirua. Egoera hobetzeko egin ditzaketen lanak administrazioak bere gain har ditzakeen baino garestiagoak dira batzuetan. Aiako Harria parke naturalean, beste diru-iturri bat lortu zuten lagungarriak izan zitezkeen hobekuntzak probatzeko: Aiako Harria LIFE proiektua.
LIFE proiektua, Aiako Harrian lagungarri
2008/03/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: M. Olalde)

LIFE programa Europako Batasunean ingurumenaren inguruan egiten diren ekimenak finantzatzeko sortutako tresna bat da. Hain zuzen, ekimen berritzaileak sustatzeko sortutako finantziazio-lerro bat da, helburu jakin batzuk dituzten kudeaketa-ekintza berriak ikertzeko eta haien erabilgarritasuna probatzeko.

Aiako Harria parke naturalaren kudeatzaileek ikusi zuten LIFE programa haien esparrura egokitzen zela. Izan ere, jakin-min handia zuten kudeatzeko ohikoak ez ziren moduek izan zitzaketen emaitzen inguruan. Hortaz, parke naturalaren kudeaketa hobetzeko proiektu bat prestatu, eta diru-laguntza eskatu zuten 2005eko deialdian.

Haiekin batera, beste 182 taldek aurkeztu zituzten proiektuak. Baina haietatik guztietatik 54 proiektu baino ez zituzten onartu, eta Aiako Harrikoa seigarren lekuan gelditu zen. Onuraduna Gipuzkoako Foru Aldundia izan zen, Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiaren bitartez. Lau urtean egin behar dituzte proiektuan proposatutako ekintza guztiak; hau da, 2009ko udazkenera arte ariko dira horretan lanean.

Helburu baten atzetik, proiektu biribila

LIFE programaren baldintzetako bat da proiektuek alderdi bat baino gehiago jorratu behar dutela. Hala, proiektu guztiek jarduera bat baino gehiago izan behar dute --ikertzea, ekintzak gauzatzea eta emaitzak dibulgatzea, hain zuzen--, eta helburu bakoitzarentzat aurrekontuaren diru-proportzio jakin bat bideratu behar dute.

Aiako Harriko LIFE proiektuak lau jarduera-ildo ditu helburu horietara egokitzeko: baso-kudeaketa berritzailea egitea, habitat naturalak berreskuratzea, espezie interesgarrienen iraupena bermatzea, eta lortutako emaitzak zabaldu eta Aiako Harriak duen garrantziarekiko sentikortasuna areagotzea.

Ezkerrean, Soldanella villosa ; goian, Galemys pyrenaicus eta behean, Trichomanes spaciosum . Bereziki hiru espezie hauen habitatak babestu eta zaintzeko asmoa dute.
T. Aierbe/GFA; J. González; M. Olalde/IKT

Horretarako, emaitza zehatz batzuk lortzea espero dute. Habitatei dagokienez, batetik, Aiako Harriko pagadi eta hariztien egoera hobetu nahi dute, eta, bestetik, kanpoko zuhaitzak landatuta dauden eremuetan berez dagozkien espezieak sartzen joango dira, kanpokoak moztu ahala. Bestalde, interesa duten espezieen (bereziki Soldanella villosa loredun landarea, Trichomanes speciosum iratzea eta Galemys pyrenaicus muturluze piriniarra) habitatak babestu eta zaintzeko asmoa dute, eta, azkenik, Aiako Harriko zati batzuen jabe partikularren, kudeaketa-erakundeen eta gizarte osoaren ezagutza- eta kontzientziazio-maila handitu nahi dute.

Emaitza horietako bakoitza gauzatzeko, hainbat ekintza ari dira aurrera eramaten. Horietako batzuk aurretik inoiz egin ez zituzten jarduera berritzaileak dira. Adibidez, kanpoko zuhaitzekin egindako landaketak ordezkatzeko lanetan probatu dute horrelako ekintza bat. Lehenengo lana kanpoko zuhaitzak ateratzea da (baso horiek behar bezala ustiatzeko, zuhaitzak behar adina hazi arte itxaroten dute ateratzeko). Eta, ateratakoan, bertako zuhaitzekin betetzen dute hutsunea.

Aipatutako jarduera berritzailea zuhaitzak ateratzeko modua da. Metodo tradizionalean zuhaitzak herrestan ateratzen dituzte, eta, kontuz ibilita ere, hainbat landare kaltetzen dira bidean. Hori saihesteko, moztutako egurra kable bidez ateratzea probatzen ari dira. Hala, birlandaketa gutxiago egin behar izango dituzte atzetik.

Lana nola egin asmatu egin behar izaten dute batzuetan. Esate baterako, Añarbe ibaiaren egituraren konplexutasuna areagotzeko, besteak beste, enborrak sartu behar zituzten ubidean. Noski, hori egiteko beharrezko tresnak bazituzten, baina egoera jakin batzuetan, enborrak ubidearen puntu zehatz batean uztera iristeko, egin ahala asmatu zuten prozedura. Izan ere, ez da basogintzaren ohiko jarduera moztutako enborrak ibaian uztea.

Proiektua, gerora ere baliagarria

Esperimentu batzuen emaitzak ez dituzte egun batetik bestera ikusiko; aitzitik, urte asko beharko dituzte. Baina esperientzia hori izatea oso baliagarria da, bai Aiako Harriaren kudeatzaileentzat, bai lanak egin dituzten erakundeentzat --lan egiteko modu berriak ikasteak lehiakorrago bilakatzen ditu--, eta bai baso-kudeaketan lan egiten duen edonorentzat.

Ahalegin handia egiten ari dira lanen berri emateko: argibide-panelak jarri dituzte, bisitak egiten dituzte obrak bertatik bertara ikusteko, eta abar.
M. Olalde/IKT; X. Rubio/GFA

Izan ere, emaitzak lortutakoan jakingo dute zein ekintzek merezi duten eta zeintzuek ez. Kudeatzaileentzat oso baliagarria da hori diru-laguntzak eskatzeko orduan, errazagoa baita dirua lortzea proposatzen ari diren ekintza batek aurretik emaitza onak eman dituela erakusten badute.

Kontrakoa ere gerta daiteke; alegia, ustez emaitza onak emango zituen ekintza batek benetan horrelakorik ez ematea, edo jadanik erabiltzen duten beste ekintza bat baino garestiagoa izatea. Hau da, metodologia tradizionalak eta berriak konparatzeko aukera dute.

Adibidez, konparazio hori egiten ari dira lehen aipatutako kablearen kasuan. Eremu batean zuhaitzak ateratzeko kablearen sistema erabiltzen ari dira, eta beste batean ohiko metodologia. Bai batak eta bai besteak alde onak eta txarrak dituzte: zuhaitzak kable bidez ateratzen ari diren eremuan, landaketa gutxiago egin beharko dituzte, baina oso metodo garestia da.

Ohiko metodologia, berriz, askoz merkeagoa da, baina ateratze-lana bukatutakoan zuhaitz gehiago landatu beharko dituzte, landaketaren jarraipena egin beharko dute, eta abar. Hemendik urte batzuetara ikusiko dute zuhaitzak ateratzeko bi moduetako zeinek merezi duen.

Lau haizeetara zabaldu

Habitat naturalak berreskuratzeko, oso garrantzitsua da birsortze naturala. Zuhaitz jaioberriei kalterik ez egiteko, kable bidez ateratzen dira enborrak.
T. Aierbe/GFA; G. Arrugaeta

Ahalegin handia egiten ari dira probatzen ari diren kudeaketa-lanen emaitzak ezagutzera emateko. Batetik, web orrialde bat dute (www.lifeaiakoharria.net), eta han txertatzen dituzte egindako lanak, lortutako ondorioak, argitaratutako dibulgazio-artikuluak eta abar. Bestetik, bisitak egiten dituzte obra jakin bat bertatik bertara ikusi nahi duenarentzat, eta behar dituen xehetasun eta datu guztiak ematen dizkiote. Obretan ere argibide-panelak jarri dituzte, proiektuaren nondik norakoak azaltzeko, jende artean banatzeko informazio-liburuxkak egin dituzte, eta abar.

Gainera, ekainetik aurrera ere erakusketa ibiltari bat egingo dute, eta natura-parkeak barne hartzen dituen udalerri guztietara eramango dute. Eta gaztetxoen artean naturarekiko interesa pizteko eta Aiako Harrian LIFE proiektuak duen garrantzia ezagutzera emateko, bideo-joko bat prestatzen ari dira.

Aiako Harria LIFE proiektua, beraz, baliagarria izaten ari da gauza berriak probatzeko. Natura-gune baten kudeaketa, ordea, hori baino askoz gehiago da, inoiz bukatzen ez den jarduera bat baita. Proiektu horrekin hasi aurretik egiten zituzten hobekuntza-lanak, eta bukatu ondoren ere jarraituko dute lan gehiago egiten, beti bezala, erabilgarri duten diruak mugatuta.

Hornitzaileak bilatzeko lan gogorra
LIFE proiektuaren zuzendaria Inma Lizaso da, eta koordinatzaileak Ibai Portu eta Marta Olalde. Haiekin hitz egin genuen, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu zizkiguten. Besteak beste, bazkideak lortzeko izan zituzten gorabeheren berri eman ziguten.
Proiektua aurrera eramateko, ezinbestekoak ziren bazkideak. Izan ere, LIFE programan aurkeztutako proiektuen kostua erdi bana finantzatu behar dute proiektu bakoitzaren bazkideek eta Europako Batasunak. Proiektuak, denera, bi milioi euroko aurrekontua zuen; beraz, milioi bat euro finantzatzeko prest zeuden erakundeak bilatu behar izan zituzten.
(Argazkia: -)
Ez zen lan erraza izan. Askotan ezezko erantzuna ematen zieten erakundeek, uste baitzuten asmo handiegia zela aurrera ateratzeko modukoa izateko. Bakoitzarekin elkartzean dirua eskatzen zieten, batetik, eta bestetik, galdetu egiten zieten zer ekintza ikusten zuten interesgarri Aiako Harrian gauzatzeko. Eta hori guztia ziur jakin gabe proiektua egia bihurtuko ote zen.
Azkenean, Aiako Harriak barne hartzen dituen ia udalerri guztietako udalak sartu ziren proiektuan, Basoa eta Naturgintza fundazioak ere bai, baita Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritza eta Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza ere.
Lakar Iraizoz, Oihane
3
240
2008
3
035
Ingurumena; Ekologia
Artikulua
53
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila