Zientziarentzat aldiz, kukuaren hainbat ezaugarri ezezagun izan dira eta beste batzuk berriz, espekulazioz beteak, askotan, aipaturiko sinesmen herrikoi errotuen eraginez. Ikus ditzagun beraz, hain herrikoia den, eta aldi berean, hain gutxi ezagutzen dugun hegazti honen nondik norakoak.
Bizidun orok, bizi-zikloa osatzeko ugalketari ekin behar izaten dio eta naturan ugal-estrategien eraniztasuna izugarria da. Hauen artean txundigarrienetakoa dugu habi-bizkarroitza. Aristotelek, duela 2.300 urte, kukuaren joera bizkarroia deskribatu zuenez geroztik, gai honi buruz asko ikertu da, eta gaur egun, portaera honen mekanismoa oso ondo ezagutzen da. Dena den, eboluzioan zehar estrategia honi lagundu dioten faktoreak, portaera honen eraginkortasuna eta zergatiak, ez dira behar hainbat ikertu, ekologia ebolutiboaren ikuspuntutik hutsune nabarmenak azalduz.
Izaki askoren arazo nagusia beste bizidunak dira (harrapari, bizkarroi, etab.) eta hauei aurre egiteko eboluzionatu dute. Harrapariak ere eboluzionatu egin du, etengabeko arma-lehian sartuz. Horrela, ezaugarri asko, koeboluzio baten ondorio zuzena izaten dira; hau da, izaki talde batek, beste batek jarri dizkion traba eta zailtasunak gainditzearren garaturiko adaptazioak. Ingurumari horretan kokatu behar dugu, hain zuzen, kukuak eta bere ostalariek izan duten eta duten norgehiagoka ebolutiboa. Alde batetik, kukuak, ostalaria engainatzeko erabili dituen estrategiak dauzkagu, eta bestetik, ostalariek, kukuaren iruzurrari aurre egiteko garatu dituzten moldaerak.
Kuku emeek arrautza mimetikoak, (ostalariaren oso antzekoak neurri, kolore eta forman) uzten dituzte beste espezieren baten habian eta berauen esku geratzen da txitaldiaren ardura. Jende askok, kukuaren ostalari bakarra txantxangorria dela uste izan badu ere, Europa guztian, 100 ostalari baino gehiago ezagutzen zaizkio kukuari; Euskal Herrian, bizkarroitza lotsagabe hau jasaten duten ostalari arruntenak honakoak izaten dira: Txepetxa ( Troglodytes troglodytes ), txantxangorria ( Erithacus rubecula ), lezkari arrunta ( Acrocephalus scirpaceus ), lezkari karratxina ( Acrocephalus arundinaceus) , buztanikara zuria ( Motacilla alba ), larre-buztanikara ( Motacilla flava ), tuntuna ( Prunella modularis ), negu-txirta ( Anthus pratensis ) eta buztangorria ( Phoenicurus ochrurus ). Ostalari aukeraketa ez da zorizkoa; denak, kukua bera baino 2-3 aldiz txikiagoak eta intsektujaleak dira. Ostalariaren neurria, aurrerago ikusiko dugunez, kukuaren arrautzekin loturik dago eta intsektujaleak izatea, noski, kuku-txitoaren elikadurarekin.
Ostalari-aukeraketan, txitaketaren garapenak berebiziko garrantzia du. Kukua beti ostalaria erruten hasi ondoren joango da habira. Baina ostalariaren txitaketa oso aurreratua baldin badago, habia apurtu egingo dio ostalaria habi berria eraiki eta arrautza gehiago jartzera behartuz. Izan ere, txitaketa aurreratuegietan, ostalariaren txitoak lehenago jaioko lirateke eta kukua jaiotzean, besteak kozkortuta egongo lirateke; egoera honetan, kukukumeak ez luke behar hainbat bazka eskuratuko habikideen lehiaren ondorioz.
Beraz, kukuaren erruketa-sasoia ostalarien txitaldiak baldintzatzen du. Kuku umeak zelatan egon ohi dira, ostalariak zaintzen eta askotan habia nola eraikitzen duten ere behatzen dute. Ostalariak horretaz jabetzen badira, kukuari eraso egiten diote. Kuku emeak habi-jabeen ausentziaz baliatzen dira, arrautza erruteko, ekintza hau hamar segundotan burutu dezaketelarik!. Bi egunetik behin erruten dute, gehienetan arrautza bana habiko eta 8-15 arrautza denera bakoitzak. Ostalariaren habian arrautza utzi aurretik, ostalariaren arrautza bat lapurtzen dute, horrela, habiko arrautza kopurua berdinduz.
Arrautza lapurreta honek, uste okerrak zabaldu izan ditu. Pentsatu izan da, kukuak arrautzak ostalariaren habitik gertu errun, mokoan hartu eta habi barruan uzten dituela. Sinesmen hau erabili izan da, hain zuzen, sarrera estua edo korapilatsua duten habietan gertatzen diren bizkarroitzak azaltzeko. Kukuak beti zuzenean ostalariaren habian erruten du eta horretarako hainbat moldaketa ditu: hanka luze eta indartsuak, ostalariaren habiari eutsi eta bertan ezartzeko, kloaka ere luzeska da eta arrautzaren oskola lodia, kukua ondo sartzen ez den habi itxietan, goragotik errun arren arrautzak ez dira erraz hausten.
Kuku eme bakoitzak arrautza mota bakarra errun dezake eta hortaz, arrautza horri dagokion ostalaria izango du soilik. Ondorioz, arrautzen forman eta kolorean oinarritutako eme-leinu ezberdinak topatuko ditugu. Horrela, kuku eme batek, bera hazi zuen ostalariaren itxurako arrautzak errungo ditu. Esate baterako, kuku bat txantxangorriaren habian jaio bada, honek ere txantxangorriaren moduko arrautzak errungo ditu eta ezin izango du txepetxaren habian arrautzarik jarri, honek ezagutu egingo luke eta. Esperimentuen bidez, hau frogaturik badago ere, fenomeno honen ondorio genetikoak ikertzeke daude.
Arrautzen ezaugarriak baldintzatzen dituen mekanismo genetikoa emeak soilik daramala uste da; hortaz, arrek ez dute arrautzaren ezaugarrietan aldaketarik sortzen gurutzamenduan: eme-leinu desberdinak daude eta, arrek, espeziearen unitatea bermatzen dute.
Oro har, ostalariek ez dituzte arrautza arrotzak onartzen habietan, eta beraien arrautzekiko desberdinak direnak kanporatu egiten dituzte. Ostalarien diskriminazio hau izan da, hain zuzen, arrautza mimetikoak bultzatu dituen presio ebolutiboa; ostalariaren arrautzen itxurakoek soilik lortuko baitute ostalaria engainatzea. Edonola ere, ez da hau izan arrazoi bakarra; kukuen arteko lehiak ere faboratu baitu mimetismo hau. Kukuaren arrautza duen habi batera, bigarren kuku bat inguratzen bada, errentagarriena noski, kukuaren arrautza kanporatzea izango da, eta ez ostalariarena. Lehenengo kukuaren arrautzatik jaioko baita lehenengo txitoa, eta honek topatzen dituen arrautza guztiak kanporatuko baititu.
Arrautzaren mimetismoa, bi ezaugarritan oinarritzen da: kolorea eta neurria. Oro har, kolorea ostalariaren arrautzaren oso antzekoa izan ohi da, kasuan kasu, bere pintar eta guzti. Baina mimetismoa ere ez da kasu guztietan ematen. Salbuespen hauek oso adierazgarriak izan daitezke eta adibide egokia dugu, tuntunaren kasua. Tuntunak, arrautza urdinskak erruten ditu eta parasitatzen duen kukuak, aldiz, zuriskak. Beraz, arrautza mimetikoak, ostalarien diskriminazioak bultzatu baldin baditu, nola azaldu mimetismo falta hau?
Tuntunarekin eginiko hainbat ikerketatan, (habian, kolore eta itxura ezberdineko arrautzak jarriz) argi geratu da tuntunak arrautza guztiak onartzen dituela, edozein kolore eta neurrikoak. Eta ez, tuntuta ez da itsua, baina badirudi, tuntuna kukuaren ostalari berria dela eta ez duela oraindik arrautzak errefusatzen “ikasi”. Hori baieztatzeko, beste ikerketa-mota bat burutu daiteke: kukuaren ostalariak ez izan arren, zenbait txorik, kukuaren arrautzaren aurrean nola jokatzen duten behatzea. Izan ere, ostalari ez diren hegazti batzuk, ostalari arruntak baino diskriminazio-maila handiagoa erakusten dute.
Esate baterako, euli-txori grisari ( Muscicapa striata ), kukuaren arrautza ipintzean, aise bereizten du, eta gaur egun ez da sartzen kukuaren ostalari-zerrendan. Tuntunaren fenomenoa azaltzeko erabili dugun irizpide berari jarraituz, euli-txori grisa, garai batean, kukuaren bizkarroi izan zela eta lehian kukua gainditu egin zuela esan dezakegu.
Kukuaren arrautza oso txikia da bere gorputzaren aldean (proportzionalki beste txoriena baino hiru aldiz txikiagoa) oro har, ostalariarena baino zertxobait handiagoa delarik. Kasu honetan ere mimetismo arrazoiak tarteko badira ere, beste batzuk egon daitezke: kukuak arrautza-kopuru handia ekoizten du (8-15), eta hori gastu handia da. Horrexegatik, energi balantzeak tarteko, arrautza txikiak ekoitziz, berauen kopurua emendatu ahal izan dute. Eta zenbat eta arrautza gehiago errun, orduan eta kume gehiago izateko aukera, noski.
Kukukumea 11-12 eguneko txitaketaren ondoren jaioko da, habikideak baino lehenago (Ostalari gehienek 14-15 eguneko txitaketa dute) eta gurasoen arreta eta bazka guztia monopolizatuko ditu. Dirudienez, inkubazioa kukuaren obiduktuan hasten da eta hori da habian lehenago jaiotzeko arrazoia. Aurreratze honek berebiziko garrantzia du; izan ere, kukukumeak ostalariaren arrautzak kanporatzeko beta izango baitu, horrela, lehiakideak kanporatuz.
Txito jaio berriak, isilak eta itsuak dira; baina, berehala hasten dira, aldamenean dauzkan arrautzei bultzaka, buruzbera jarrita, hanka indartsuak habiko pareten aurka estutuz eta arrautza bizkarraldean ipinita, arrautza habitik jaurtitzen dute. 3-4 ordutan arrautza guztiak jaurtiko ditu. Askotan gurasoak lekuko dira baina ez dute inongo keinurik ere egiten hondamendia ekiditearren. Batzuetan, kukukumea, arrautzekin ez baino, txito jaio berriekin topatzen da habian, eta kasu hauetan, ito egiten ditu.
Habiko jaun eta jabe bihurtu denean, gurasordeek ekarritako intsektu guztiak berarentzat izanen dira eta egun gutxitan haien neurria erruz gaindituko du. Ikuskizun paregabea bihurtzen da, txepetxa kukukumearen buru gainera igo eta bazka nola eskaintzen dion ikustea, ustezko bere kumeaz harro.
4-5 astera, txitoa inguruko adarretara inguratzen hasiko da, hegalaldi laburrak eginez, nahiz eta gurasordeek ekartzen dizkieten jakiaz elikatu. Astebete edo bi beranduago habia erabat utziko du eta Afrikara egin beharreko bidai luzea prestatzeari ekingo dio: etengabe janez, gantz asko pilatuko du soinean. Bigarren urterako, kukuak ugaltzeko gai izaten dira.
Arrautzen mimetismoa zehatza da oso eta kukukumeak, aldiz, ez du ostalarien txitoen inongo antzik. Zergatik agertzen dute hainbesteko zuhurtasuna arrautza arrotzak onartzeko garaian eta, aldiz, zergatik daude edozein txito hazteko prest, guztiz desberdina eta beraiek baino askoz handiagoa izanagatik ere?
Pentsa zitekeen, ostalariak kukuaren arrautza, bereekin konparatuz bereizten duela, eta txitoekin, ezin duela hori egin, kukukumea bakarrik dagoelako. Baina hau ez da horrela, txitaketa mistoak (kukuaren eta ostalariaren txitoak) inolako arazorik gabe hazten dituztela ikusi baita. Beraz, txitoarekiko diskriminaziorik ez dagoenez, hautespen naturalak ez du bultzatu txito mimetikoa.
Autore guztiak ados ez egon arren, badirudi, diskriminazio-falta honen arrazoi nagusia, naturan horren ohizkoa den errentagarritasuna dela: hautespen naturalak arrautza arrotzak bereizteko mekanismoa garatu izana abantailatsua da, ostalaria arrautza kanporatu eta txitaldia salbatzeko garaiz baitabil; edo beste kasu batzuetan gertatzen den moduan, habia utzi eta berri bat eraikiz txitaldia aurrera ateratzeko. Aldiz kuku-txitoa bereizten ikasteko mekanismoak garatzeak ezer gutxirako balio dezake; izan ere, ordurako berandu izaten baita txitaldi berri bati ekiteko. Horregatik, ostalariek ez dute edozein arrautza txitatzen, baina aurrean ikusten duten lehenengo txitoa bazkatzen hasi ohi dira, badaezpada ere.
Eboluzioa aztertzean denboraren tunelean zorabiatzeko arriskua izan arren, askotan bertan murgiltzea ezinbestekoa da; hainbat portaera eta moldaera horrela soilik uler baitaiteke. Eta gainera, ikusi dugun moduan, ez daukagu urrutira joan beharrik portaera bitxiak aztertzera; gure inguruan gertatzen diren hainbat jokaeren zergatiak ikertzeke baitauzkagu.
Kukua ( Cuculus canorus ), neurriz, usapal baten modukoa da. Oso isats luzea izaten du 13-15 cm ingurukoa. Burua nahikoa txikia da eta hegoak berriz, zorrotzak. Helduek, burua, paparra eta bizkarraldea gris-urdinskak izan ohi dituzte. Sabela, berriz, zuriska da, zeharka marra marroiskak eta estuak dituelarik. Hegoak eta isatsa dira gorputz-atalik ilunenak, ia beltzak baitira. Isatsa mota zuriz apaindua du. Arra eta emea oso antzekoak dira eta noizbehinka, kuku eme guztiz arreak aurki daitezke.
Gazteak gorriskak edo grisak dira. Hegan doanean gabiraiaren ( Accipiter nisus ) antza handia hartu ohi du. Lurrean ibilera baldarra du, eta kantuan ari denean ohizko silueta aldatzen du, burua jaitsi, hegoak itxi, isatsa altxatu eta zabal-zabal duela aritzen baita. Kantu ospetsua arrarena izaten da (kuku); emeak kantu apalago, baxuago eta ezezagunagoa du.
Kukuak banaketa geografiko zabala du. Europa eta ia Asia guztian zehar txitatzen du, tundra eta basamortuetan izan ezik. Negua, Afrikako hegoaldean igarotzen du. Afrikan duen banaketa geografikoa ez da oso ondo ezagutzen, baina badirudi, gehienak Namibia eta Hegoafrikan kontzentratzen direla. Euskal Herrian espezie arrunta dugu txitaldi garaian.
Bizilekuari dagokionean ez ditu eskakizun handiak eta ia nonahi ageri da, mendi biluzietan, baso-eremu oso zabaletan, irla ozeanikoetan eta gune oso urbanizatuetan izan ezik. Dena den, habitata txitatzeko behar duen baliagai nagusiak baldintzatzen du; hau da, ostalariak. Bazkatzera belardietara jaisten dira, baina ez dituzte gogoko belardi oso zabalak; horregatik habitat ohizkoenak soilunez tartekaturiko basoak izaten dira.
Aipatu dugunez kukua hegazti migratzailea da eta negua Afrikan igarotzen du. Honek, kukua neguan gabirai bihurtzen zeneko ustea zabaldu zuen, Aristotelek zioen moduan: “kokkus metaballei ex ierakos” eta sineskera horri, oraindik, hainbat herritan eusten zaio. Bestalde, urteroko migrazio hau dela eta, Azkuek aspaldiko euskara zaharrean, “urtean behin” adierazteko, “kukutik kukura” esan ohi zela zioen.
Hegoalderako bidaia Abuztu inguruan hasten dute kukuek eta neguko egoitzara helduak gazteak baino lehenago iristen dira. Afrikan berriz, Apirila arte egoten dira. Udaberrian, Apirila-Maiatza aldera iristen dira hona, arrak lehendabizi eta emeak eta urtebeteko gazteak ondoren. Bidai luze hau gauez eta talde txikitan burutzen dute. Urtebeteko gazteak, oro har, jaio ziren lekuaren inguruetara itzultzen dira eta helduek ere leialtasun handia diete urteroko txitaketa-eremuei.
Jateko kakalardo eta beldarrak ditu gustuko; gainontzeko hegaztiak muzin egiten dieten beldar iletsu eta pozointsuak barne. Armiarma, zizare, bare, marraskilo, igel eta zapo gazteak, hegaztien arrautzak eta txikoak ere jan ditzake. Gehienetan, bazka, bakarka eta behatokietan ipinita bilatzen badute ere, lurrean, landareak hegoekin astinduz ere ikusi izan da, intsektuak uxatu eta jakia erraz eskuratuz. Irentsi baino lehen beldar iletsu eta pozointsuei astindu bortitzak ematen dizkie, hesteetako edukina jaurti dezaten. Beldarren ile pozointsuei aurre egiteko, paparoa moldaturik daukate; izan ere, noizik behin, bertako muki-ehunak mudatu egiten dira eta ileak oka eginez kanporatu egiten dituzte.
Ugalkideen aukeraketa eta beraien arteko harremana ez da oso ondo ezagutzen, baina emeak urtero ar bat baino gehiagorekin parekatzen direla dirudi, eta gainera urtero ar desberdinekin. Dena den, azterturiko populazio gehienen sexu-ratioa (ar:eme proportzioa) 1:1 denez, ez da beste parekamendu-motaren bat egotea baztertzen. Udaberrian, arrak txitaketa-eremuetara iristen direnean, lurraldeak finkatzen dituzte kantuen bidez. Ondoren, emeak iristean, kantuak motelduz doaz; aurrerago, erruketa garaia inguratzen denean, berriro buru-belarri kantuan ihardunez. Azkenik, uda amaieran kantuak eten egiten dira, nahiz eta oraindik, egun batzuetan kukua gure artean ibili.