Koloretako argazkilaritza (I): koloretako pelikula

Nogeras, Itziar

Elhuyar Fundazioa

Pelikulaz hitz egin dugu jada, 88. alean hain zuzen ere, bertakoa goitik behera errepikatzen hasi gabe, hura oinarri, koloretako pelikularen berezitasunak aztertuko ditugu.

Aurrera jo aurretik, bi berezitasun nagusi daudela esan behar: bata, bi formatarako pelikulak egotea da (bihurgarria edo diapositibetarakoa eta negatiboa) eta bestea, pelikulak argi-iturrien arabera egokituta egotea da (argi naturalera ala argi artifizialera).

Pelikula negatiboa. Pelikula negatiboan, kameran argitan jarri eta errebelatu ondoren tonu negatiboz eta kolore osagarriz eratutako irudia lortzen da. Horren irudi positiboa lortzeko paperean kopiak egin behar dira. Pelikula negatiboek kolore laranja iluna dute, kontrastea txikiagotzeko eta kolore-zehaztasun handiagoa lortzeko daramaten tindagai laranjaren ondorioz.
I. Nogeras

Diapositibak (edo gardenkiak) sortzen dituen pelikula bihurgarriaz kameran argitan jarritako emultsioa errebelatu eta zuzenean eratzen da irudi positiboa. Argi-iturri baten bidez pantaila edo gainazalen batean proiektatuz edo bisore bidez ikus daitezke diapositibak. Mota horretako pelikula gehienak etxean errebela daitezke (Ektachrome, Fujichrome eta Agfachrome-koa, kasu); Kodachrome-koa, aitzitik, behar duen errebelatze-prozesu konplexua eta sekretua dela eta, fabrikatzaileak berak errebelatu behar du.

Diapositibetarako pelikularen abantaila nagusiak ondokoak dira: tresna berezirik gabe errebelatu ahal izatea, kolore-intentsitate eta zehaztasun paregabea lortu ahal izatea eta merkeago izatea.

Pelikula negatiboaz kameran argitan jarritako emultsioa errebelatu eta tonu negatiboz eta kolore osagarriz eratutako irudia lortzen da. Hori tarteko pausoa da eta irudi positiboa lortzeko paperean kopiak egin behar dira. Koloretako pelikula negatibo guztiak etxean bertan errebela daitezke. Zuri-beltzean bezala, negatibotik positiboak egin daitezke paperean, baina horretarako laborategia behar da. Diapositibetan ez bezala, positibatzerakoan ilundu zein argitu egin daitezke kopiak eta koloreak iragazkien bidez zuzendu edo aldatzea ere badago. Koloretako papereko kopiak ikusteko ez da inongo tresnarik behar eta nahi adina kopia egin daitezke negatiboetatik. Kopia ugari nahi dituen argazkilariarentzat pelikula negatiboa aukera egokia da.

Bai diapositibetatik bai negatiboetatik zuri-beltzeko kopiak egin daitezke eta negatiboetatik diapositibak zein diapositibetatik kopiak egiteko aukera ere badago (errebelatzeaz hitz egiten dugunean luzeago arituko gara horretaz). Pelikula bat hautatzeak ez du beste formetarako bidea ixten, baina emaitza onenak gure asmoa zein den jakin eta horretarako prestatutako pelikula erabiliz lortuko ditugu.

Goiko pelikula negatiboaren irudi positiboa edo kopia. Pelikula negatiboan, kameran argitan jarri eta errebelatu ondoren tonu negatiboz eta kolore osagarriz eratutako irudia lortzen da. Horren irudi positiboa lortzeko paperean kopiak egin behar dira. Pelikula negatiboek kolore laranja iluna dute, kontrastea txikiagotzeko eta kolore-zehaztasun handiagoa lortzeko daramaten tindagai laranjaren ondorioz.
I. Nogeras

Sentikortasunari dagokionean, zuri-beltzekoetan legez, zenbat eta pelikula azkarragoa hainbat eta bikor nabariagoa (eta definizio eskasagoa) izango dugu eta definizio handiena argi-baldintzek uzten duten pelikula motelena erabiliz lortzen da.

Bestalde, marka batetik bestera, tindagai-motak direla eta, koloreak ez dira berdin erreproduzitzen eta norberak, lortu nahi dituen emaitzen arabera, aukera egin beharko du. Pelikula batzuk kolore “beroak” (gorri-horiak) eta beste batzuk kolore “hotzak” (urdin berdeak) erreproduzitzen dituzte hobeto.

Elkarrekikotasunaren akatsa gogora ekarriz (ikus argazkilaritza VIII; 87. alean), askoz nabariago da berori koloretako argazkietan, pelikulek sentikortasuna galtzearekin batera, kontraste eta dentsitatea galtzeaz gain, kolorea deformatu egiten baita. Ez da komeni, beraz, 1 s-tik gorako eta 1/1000 s-tik beherako obturatze-abiadurak erabiltzea.

Esposizioa neurtzeko garaian (ikus argazkilaritza X eta XI; 89. eta 90. aleetan), diapositibek pelikulek baino esposizio-latitude edo kontraste-tarte txikiagoa dutela gogoan izan behar da. Koloretan oro har eta diapositibetan batez ere, esposizioa oso zehatz kalkulatu behar da, ez badugu kolorea desitxuratzea nahi. Gehiegizko eta gutxiegizko esposizioak eragin desberdina du diapositibak ala negatiboak erabilita. Oro har, diapositibek hobeto onartzen dute gutxiegizko esposizioa gehiegizkoa baino. Negatiboetan berdin dio. Latitude handiagoa dutenez, kolorearen dentsitate egokia positibatzerakoan eskura daiteke. Alabaina, gutxiegizko esposizioa saihestea gomendatzen da.

Koloretako pelikularen egitura

Koloretako pelikula bata bestearen gainean doitasun handiz jarritako zuri-beltzeko hiru emultsio-geruzaz osatuta dago. Horietako bakoitza kolore primario batekiko (urdin, berde eta gorriarekiko) sentikorra da eta gainerako koloreak horietatik sintetizatzen dira. Gaineko geruzak urdinari, erdikoak berdeari eta behekoak gorriari erantzuten dio.

Urdinaren azpian iragazki horia dago, horren lana argiaren izpi urdinak beste bietara pasatzen ez uztea da eta errebelatzerakoan desagertu egiten da. Oinarria eta bizkarra zuri-beltzekoarenak bezalakoak dira (ikus argazkilaritza IX; 88. alean). Lau geruzek 0,001 mm-tik beherako lodiera dute eta kolore guztiak erreproduzitzeko ahalmena dute. Zuria eta gris neutroekiko geruza guztiek erantzun bera daukate. Pelikula negatiboek kolore laranja iluna dute, kontrastea txikiagotzeko eta kolore-zehaztasun handiagoa lortzeko daramaten tindagai laranjaren ondorioz.

Bestalde, sarreran esan bezala, pelikulek argi-iturrira edo, bestela esanda, kolore tenperatura batera ala bestera (egun argiko argiaren kolore-tenperaturara edota argi artifizilaenetara), egokituta egon behar dute. “Argi zuria” deritzona espektruko kolore guztiak hartzen dituen uhinen nahasketa da. Nahasketa horren konposizioa argi iturriaren arabera aldatu egiten da. Esate baterako, kandelaren argiak urdina baino gorri gehiago du, egun garbiko itzaletan, zeru urdinetik iristen den argia dela eta, urdina nagusitzen da,... Horietako bakoitzak bere kolore-tenperatura du, Kelvin gradutan adierazia.

Pelikula ez dagokion argi-iturriarekin erabiliz gero, kolore-desbideratzeak gertatzen dira (barnealdeetan, egunsentian eta ilunabarrean bezala, gorria nagusitzen da eta kanpoaldeetan urdina). Horren irtenbideetako bat (halako emaitzik nahi ez bada, behintzat), iragazkien artikuluan aipatu genuenez (argazkilaritza XIII; 92. alean), iragazki zuzentzaileak erabiltzea da. Argazkia ateratzerakoan izan gabe, laborategian ere iragazkien bidez zuenketak egin daitezke. Baina, ahaztu gabe horrek negatiboetarako balio duela, diapositibak ezpaitira prozesu horretatik pasatzen.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.