Klimaren inguruko Gailurren gezur eta egiak

Azaroaren 2tik 13ra bitartean Klima Aldaketari buruzko Konbenioaren Aldeen biltzarra ospatu zen Buenos Airesen. Joan den urtean Kioton erabakitakoaren arabera, eta bertan onartutako protokoloa sinatu, berronetsi eta indarrean jarri bitartean, urtero ospatuko da munta txikiagoko konferentzia bana. Kiotoko Protokoloko Aldeen hurrengo bilkura erraldoia 1999aren bukaeran (seguruenik 2000. urtean) ospatuko da. Emisioak gehiago murrizteko konpromisoak ordurako utziko dira eta bitartean, Buenos Airesen kasu, emisioen komertzioa erregulatzeko mekanismoak, besteak beste, eztabaidatuko dira.

Kioton gertatutakoa

1997ko abenduan ospatutako Kiotoko Klima Gailurra orain arte klimaren inguruan ospatutako biltzarrik erraldoiena eta garrantzitsuena izan zen. Lege aldetik protokolo loteslea onartu zen bertan. Protokolo horren bidez herri aberatsenetako berotegi-gasen emisioei mugak ipini zitzaizkien. Bada, 39 estatuk 2008-2012 urte bitarteari begira berotegi-gasak, 1990eko maila oinarri hartuta, % 5,2 murrizteko konpromisoa hartu zuten.

Guztiek ordea ez dute berdin murriztu beharko: Europako Batasunak % 8, Estatu Batuek % 7, Japoniak % 6, Ukrainak, Errusiako Federazioak eta Zeelanda Berriak maila berdina gordeko dute eta, azkenik, Norvegia, Australia eta Islandiak % 1,8 eta 10, hurrenez hurren, igoko dituzte. Europako Elkarteko estatuek ere ez dute guztiek berdin jokatu beharko: batzuek asko murriztu beharrean badaude ere, beste batzuek beren emisioak emendatu ahal izango dituzte, Espainiak kasu, zeinari, lotsagarriro, emisioak % 13 handiagotzea egokitu baitzaio.

Bestalde, garatu gabeko estatu gehienek ez zuten Kioton inolako konpromisorik hartu, nahiz eta herrialde garatuak zinikoki hori lortzen bapo ahalegindu izan. Bistan da Kiotoko erabaki hori hutsaren hurrengoa besterik ez dela egoeraren larritasuna ikusita. Adituen gobernu arteko panelak eginiko adierazpenen arabera, murrizketa globalak gutxieneko % 25ekoa behar du izan kliman eragin nabarmenak izan ditzan. Alabaina, murrizketaren aurka dauden energiaren eta automobilaren multinazionalak, koaliziotan bilduta, presio gogorregia eginez emaitzek haien aldera egitea lortu zuten.

Onenean, Kiotoko protokoloa industriari eta gobernuei eginiko keinu bat izan daiteke, beren energi sistema aldatzen has daitezen eraginkortasuna bilatuz eta energi iturri berriztagarriak zabalki erabiltzen hasiz.

Protokoloaren tranpak

Gobernuek beren irudia garbitzeko erabili zuten Kiotoko bilkura: herrialde aberatsek, klima-aldaketaren erantzukizun handiena dutenek, hain zuzen ere, asmo ederrak agertu bai, baina neurri eraginkorrak hartzeko gogo gutxi erakutsi zuten. Gainera, protokoloa ez betetzeko “ihesbide” ugari proposatu zituzten, eta ihesbide horien itxuratzea da, hain zuzen ere, Buenos Airesen eztabaidatu denaren mamia.

Hiru bide proposatu dira: batetik, emisioekin salerosketa egitea, bestetik, emisioak konpentsatzeko bide bezala karbono-hustubideak gogoan izatea (“emisio netoen” ikuspegia) eta, azkenik, murrizketari begira berotegi-gas guztiak modu bateratuan gogoan izatea (“gasen otarraren” ikuspegia).

Komertzioa Kiotoko protokoloa sinatu zuten 38 herrien artean burutuko litzateke eta ondokoan datza: 2008-2012 epean herri batek baimendurikoa baino gutxiago emititzen badu beste bati sal diezaioke baimendutakoaren eta emititutakoaren arteko aldea eta horrela beste herri horrek bere baimendutako kopurua neurri horretan gaindi dezake. Horrela % 5,2 kopuru globala gordetzen da.

Komertziatzeko beste bide bat herrien arteko “emisioak murrizteko unitateen” salerosketa litzateke. Horren arabera, herri aberatsek (edo enpresa handiek) emisioak areago murriztuko lituzketen proiektuetan inbertitzeko parada izango lukete. Bi modukoa izango litzateke salerosketa hau: herri aberatsen artekoa bata (“baterako egikaritzea” deitua) eta herri garatuaren eta garatze bidean dagoenaren artekoa, bestea (“garapen garbirako mekanismoa” deitua).

Dudarik gabe, Kiotoko protokoloa “mende honetako komertzio-akordiorik garrantzitsuena” bihur daiteke. Gainera, emisioen trafikoak ihesbide erraza eskaintzen die ordaintzeko gai diren herriei, ez baitute beren energi sistemak aldatzeko beharrik izango. Horrek etorkizunean ondorio kaltegarriak ekar diezazkieke, ez baitira, hondamen handirik jasan gabe, murrizketa gogorrei aurre egiteko gai izango.

“Emisio netoen” eta “gasen otarraren” ikuspegiak

Emisio netoa berotegi-gasen industri emisioen kopuruari ekosistemek zurgatzen duten berotegi-gasen kopurua kenduz kalkulatzen da. 2009-2012 urte-bitartetik aurrera aplikatu ahal izango da. Karbonoaren hustubideak kalkulatzea arazo korapilotsua da ekosistemetako karbono-fluxua kalkulatzeko zehaztasun eza dela eta. Bestalde, hustubide naturalak, basoak batik bat, iragankorrak izanik, karbono-iturri bihur daitezke degradatzen badira. Ikuspegi netoak sortzen dituen arazoak saihesteko komeni da hustubideak sortzeko eta emisioak murrizteko bi helburuak elkarrengandik banantzea.

Bestetik, “gasen otarraren” ikuspegia berotegi-gas guztien (sei denetara) emisioak bateratuta gogoan izatean datza. Horretarako, gas hauek atmosfera berotzeko duten gaitasun desberdina kontuan hartzen da eta konbertsioa egiten da guztia “CO2aren baliokide” bihurtuz. Horrela murrizterrazenak diren gasak gutxitzea lortzen da eta berotegi-gas katramilatsuena, CO2 alegia, murriztu beharra saihestu egiten da. Hori gerta ez dadin, murrizketa-helburuak gas bakoitzeko ezarri beharko lirateke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila