Kirola eta osasuna, beti lagun?

Entrenamendu gogorrean murgildurik dabiltzan kirolariek gaixotzeko joera handiagoa omen dute. Inmunitate-sistema baxu dutela esan ohi da. Nola uler daiteke osasunaren paradigma bihurtu zaigun kirola, gaixotasun-iturri izan daitekeela esatea?

Ariketa fisikoa maiz egitea onuragarria da osasunerako. Hori da behintzat guztiok daukagun iritzi orokorra. Azken urte hauetan izugarri azpimarratu den puntua da gainera eta era guztietako kanpainak egin dira kirolaren alde, gizarteko sektore desberdinetara heldu nahian. Ez da hori artikulu honetan zalantzan jartzen dena: frogatua baitago ariketa fisikoak eta kirolak pertsona osasuntsuago egiten gaituztela (bihotzeko eritasunak eta odolaren presioa jaitsiz, esate baterako) eta horren ondorioz, bizitza luzatu. Baina zer gertatzen zaie gaixotasun infekziosoei? Ariketa fisikoak hauekiko erresistentzia handiagotu egiten al du ala, alderantziz, sistema inmunitarioa ahuldu egiten al du?

Gaur egun goi-mailako kirol-lehiaketak mugitzen dituen interes eta dirutza izugarriak ikusita, normaltzat jo dezakegu gai honen inguruan ahalik eta gehien jakin nahi izatea. Bartzelonako Joko Olinpikoetan parte hartu duten gimnasta gehientsuenek 35 ordutik gora entrenatu dira astero azken urtean. Beste kirol batzuetan, igerilari, arraunlari, txirrindulari eta korrikalariek adibidez, egunean lau ordutik gora egin dute piszinan, gimnasioan, errepidean etab.etan. Horrelako lan gogorrak eta, bide batez esan dezagun, diru-inbertsio izugarriak, azken orduko katarro batek hankaz gora botatzea ez da izango, noski, gozoa. Entrenatzaile eta kirolariek, beraz, interes handia dute ariketa fisikoaren eta sistema inmunitarioaren harremanak zeintzuk diren argi daitezen. Baina zientziak ez die oraindik erantzun esanguratsurik eman.

Hala ere, ez dago dudarik: ariketa fisiko gogorra egiten ari den pertsonak sistema inmunitarioa desorekatua izateko aukera gehiago ditu eta inmunitate-babesak bere mailara itzuli egiten dira esfortzua lasaitzen denean. Bien arteko harreman biologikoa zein den (hau da, gorputzean zer gertatzen den) da aurkitu behar dena.

Datu bitxi bat: poliobirusak jotako tenis-jokalariek paralisirako joera izaten dute erraketa edo belarakia erabiltzen duten besoan, baina arraunlariek bi besoetan izaten dute paralisia eta igerilariek gorputzadar guztietan.

Ikerlariek sistema inmunitarioko zelula eta molekulek ariketa fisikoari nola erantzuten dioten aztertu beharko dute, ariketa gogorrak infekzioetarako joera areagotu egiten duela frogatzeko. Eta egin ere, egin dute; kirolari-mota batekin eta bestearekin eginda hainbat ikerketa baitago. Datu horien argitan, frogatutzat ematen da kirolarien gaixoberatasun berezi hori.

Baina ikerketa horien datuak interpretatzean sortzen dira lehenengo dudak. Egia da kirolari askok leku irekian eta askotan eguraldi-baldintza gogorren menpe entrenatzen denbora luzea pasatzen dutela. Honek esplika dezake txirrindularien kasuan hain ohizkoak diren arnas aparatuko infekzioen maiztasun altua. Bestalde, bidaiak sarriago egin eta elkarrekin dabilen talde bateko kirolarien artean elkar infektatzeko aukerak ere ugariagoak izan daitezkeela pentsatu izan da. Nola esan daiteke, beraz, sistema inmunologikoa ahuldua daukatela?

Hasteko, sistema inmunologikoaren osagai desberdinak zeintzuk diren eta zein funtzio burutzen duten ikusiko dugu. Eta bi osagai aztertuko ditugu nagusiki, B zelulak eta T zelulak (linfozitoak).

Goi-mailako kirolaren inguruko interesek izugarri areagotu dute kirolariak jasan beharreko presioa.

B zelulek, azken finean, hauxe da egiten dutena: proteina arrotzak edo antigenoak identifikatu eta neutralizatzen ahaleginduko diren antigorputzak produzitzea. Antigenoak birus, bakterio edo parasitoen azalean aurki daitezkeen proteina-segmentuak izaten dira.

T zelulek, bestalde, hiru forma nagusi izaten dituzte. T zelula zitotoxikoek, birusak infektatutako zelulak eta zelula kantzerigenoak akabatzen dituzte; T zelula laguntzaileak, B zelulei antigorputzak sortzeko instrukzioak ematen dizkieten proteina mezulariak (zitokinak) sortzen dituztenak dira, eta T zelula ezabatzaileak, baldintza berezi batzuetan antigorputzen produkzioa eteten dutenak.

Lehen galdera hauxe da: ezer gertatzen al zaie zelula hauen kantitate erlatiboei ariketa fisikoan zehar? Ariketa gogor eta luzeak globulu zurien guztizko kontzentrazioa hiru edo bost aldiz handiagoa izateraino igoarazten duela frogatu da. Lehen begiratuan, beraz, ez dirudi sistema inmunologikoan eragin txarrik duenik. Baina, benetako balorazioa egin ahal izateko, globulu zurien mota bakoitzean nola eragiten duen ezagutu beharko litzateke. Eta puntu honi buruz behintzat, gauza argi gutxi dakigu. Kirolari-mota desberdinekin egindako ikerketetako datuak gainera, ez dira alderagarriak gertatu orain arte behintzat.

Kopuruen arazoa alde batera utzita, zelula inmunologikoek kanpoko antigenoaren aurrean erantzuteko duten prestutasunean ere egon liteke gakoa. Galderari beste formulazio bat eman beharko litzaioke honen arabera eta hori gutxi gorabehera honela adieraz genezake: ariketa fisikoak ba al du eraginik zelulen eraginkortasunean? Arlo honetan ere egin da hainbat ikerketa eta berriro ere eman diren erantzunak ez dira guztiz parekagarriak. Baina horietako batek interes eta itzal berezia sortu du.

Kanadako Waterloo Unibertsitateko ikertzaileek egindakoa da eta ariketa-mota eta -iraupen desberdinetan eta sasoi-egoera desberdineko pertsonekin burutua. Kasu guzti-guztietan ariketa egin eta berehala kendutako T zelulek aurretik kendutakoek baino indar txikiagoz ugaltzen ziren. Kasurik muturrekoena, maratoi-korrikalariena zela ikusi zuten: kirolari hauengan T zelulen eraginkortasuna % 30 txikiagoa zen lasterketa ondoren. Eta egun osoa behar zuten gainera beren T zelulek aurretik zuten ugaltzeko gaitasuna berreskuratzeko.

Beste datu harrigarri bat: astronautei ere antzeko zerbait gertatzen zaie, baina hauen kasuan arrazoia kontrakoa zela argudiatu izan da, hau da, muskuluak bat ere erabili ez izanaren ondorio izatea, alegia.

Sistema inmunitarioa nola zaindu?

Antigorputzen inguruko kontuek ere ilun diraute. Oro har, ariketaldiaren ondoren antigorputzen portzentaia % 10 handiagotzen dela onartzen da. Hala ere, ikerketa batzuen arabera, badirudi antigorputz jakin batzuen kasuan kontrakoa gertatzen dela. Adibidez, goi-mailako txirrindulariei egindako azterketa batean, atseden-egoeran A Ig maila normala izanik, ariketa gogorraren ondorioz % 70 jaisten dela frogatu dute (A Ig izerdi eta listuan agertzen den antigorputz nagusia da). Distantzia handiko goi-mailako korrikalariekin egindako beste ikerketa batean G Ig maila (hau odolean agertzen den antigorputz nagusia da) denboraldiaren bukaeran baxua dela egiaztatu da.

Orain arte esandakoarekin argi ikusten da oraindik ere gaiari buruz baieztapen biribil eta ozenik egiteko gutxiegi dakigula.

Kirola “gogorra” ez denean

Behin eta berriz erabili dugu “gogor” adjektiboa “ariketa fisiko” terminoaren atzetik. Zer esan nahi du horrek? Bestelako ariketen kasuan ez dagoela horrelako ondoriorik? Horrela gertatzen dela dirudi; ariketa fisiko arin hori egiten dutenak pertsona zaharrak badira bereziki. Txinako Xangaiko Unibertsitateko ikerketa batek dioenez, T zelula aktiboen kopurua % 40 igotzen da odolean tai txi (txinatarren ohitura zaharra den mantenimendu-ariketa) egiten duten 60 urtetik gorako pertsonengan. Kanadako Newfoundland Unibertsitatean 65 eta 100 urteko pertsonekin egindako beste azterketa baten ondorioek diotenez, ariketa arinak egiten dituztenek egiten ez dituztenek baino % 40 ospitalizazio-egun gutxiago behar dituzte arnas aparatuaren eritasunek jota.

Kirolarien iharduera giro heze eta hotzetan burutzen da hainbatetan. Baina horrek bakarrik ez omen du infekzioen aurreko ahultasuna azaltzen.

Ikus dezakegunez ariketa fisikoaren eta sistema inmunitarioaren harremanen mekanismo zehatza oraindik ere ezezaguna da. Hainbat zientzilarik stress-egoera larrien ondoren gertatzen den sistema inmunitarioaren lasaitzearekin antza izan dezakeela iradoki du. Ebakuntza, erredura eta traumatismoen ondoren erantzun inmunologiko konplexu eta bereziak gertatzen dira eta horien artean B eta T zelulen kopurua eta eraginkortasuna jaistea ere bai. Erreduren kasuan, T zelula suntsitzaileen produkzioa igotzeko mekanismoa jartzen da martxan, ustez, beroak hondatutako larruazal-zelulen errefusik gerta ez dadin.

Sistema inmunitarioak eragile genetiko, anbiental, psikologiko, fisiologiko eta metabolikoak ditu eta guzti hauengan eragin dezake ariketa fisikoak. Guzti hauen artetik hiru dira gehien aztertu direlako hona ekarriko ditugunak.

Lehenengoak hormonekin du zerikusia. Ezaguna da, adibidez, adrenalina-kontzentrazioa igo egiten dela kirol-ihardueran zehar, eta ikusi denez, adrenalina-infusio batek eta kirolak pareko eragina sortzen dute sistema inmunitarioko zenbait elementurengan.

Bigarrenak, “guztia buruaren kontu hutsa da” dio. Stress psikologikoan dauden pertsonak, ikasleak azterketa-garaian adibidez, gaixotasun birikoak sarriago eta inmunitatea ezabatzearekin zerikusia duten beste sintoma batzuk ere usuago izaten dituztela badakigu. Kirolak ere stressa sor dezake eta ez fisikoki parte hartzen duenarengan bakarrik; entrenatzaile eta arduradunengan ere bai baizik. Hortik letorke kirolariek infekziotarako luketeen erresistentzi falta.

Faktore psikologikoen eragina egiazkoa bada, nerbio-sistema zentralaren eta inmunitate-sistemaren artean komunikazio-sistemaren bat badela pentsatu behar da. Zein da, baina, komunikazio-sistema hori? Eginahalak asko izan badira ere, oraindik ez da garunaren eta inmunitate-sistemaren arteko komunikazio molekularra nola gertatzen den jakitea lortu.

Eta bada azken arrazoibide bat: zelula inmunitarioek elikagai gutxiago izanik, sistema inmunitarioa guztiz ahulduta geratzea. Ikerketa batzuek frogatu dutenez, zelula inmunologikoek glutamina izeneko aminoazidoa kontsumitzen dute eta oso abiadura handian gainera, eta, beraz, izugarrizko menpekotasuna dute aminoazido horrek odolean duen presentziarekin.

Adineko pertsonen sistema inmunitarioa-rentzat onuragarria da ariketa fisikoa.

Maratoi-lasterketan zehar, zelula inmunitarioen “erregai” garrantzitsu honen kontzentrazioa % 25era jaisten da lasterkarien odolean. Neurriz gaineko entrenamenduaren sindromea duten kirolarien artean ere glutamina-kontzentrazioa odolean baxua izaten dela aurkitu dute. Bestalde, sistema inmunitarioa ezabatua duten gaixoei glutamina hilabetez emanez, aminoazido horren kontzentrazioa odolean igo eta gaixotasun infekziosoen aurreko erresistentzia asko hobetzen dela egiaztatu da.

Teoria eta ikerketa guzti hauek ikusi eta gero, ariketa fisiko eta neurriz gaineko entrenamenduaren ondorio diren sistema inmunitarioaren alterazioen jatorria bakarra ez dela pentsatzeko arrazoiak ditugu.

Hala ere, beharrezkoa litzateke eragiteko bide bakoitzaren nondik norakoa zehatz ezagutzea, tratamendu egokiak bilatzekotan behintzat. Eta ariketa gogorraren eraginez zergatik garatu dugu sistema inmunitarioa ahultzeko mekanismoa? Erredura eta ebakuntzetan gertatzen den inmunitatearen beherakadaren arrazoia zein den badakigula uste dugu: zelula afektatuak ez errefusatzea. Babes-mekanismoa litzateke beraz. Horixe bera al da kirolarien kasuan gertatzen dena? Biopsien bidez jakin ahal izan denez behintzat, maratoi-lasterkariaren muskuluek asteak behar izaten dituzte beren onera itzultzeko.

Kirolaren eta inmunitatearen arteko harremanen azterketetan, kirola “botika” moduan erabiltzeko bide berria ikusi dute batzuk. Aurrekoan oinarrituz, zergatik ez pentsatu ariketa arina adineko pertsonen edo HIESak jotako gaixoen inmunitate-sistema estimulatzeko terapiatzat har daitekeenik? Edo alderantzizko eragina bilatuz, posible al litzateke oso ariketaldi nekagarriak autoinmunitate-gaixotasunak (artritis erreumatikoa, esate baterako) dituztenei agintzea?. Urrunegi joatea izango da segurutik, baina benetan bide kilikagarria ere bai, iradokitzen dituen aukerei begiratuz.

Rikardo Jimenez-ekin solasean

Kirolarien osasun-arazoez zerbait gehiago jakin asmotan, Donostiako San Juan de Dios klinikan dagoen Kirol-Medikuntzarako Zentrua delakora joan gara eta bertan Rikardo Jimenez doktorea elkarrizketatu dugu. Berak esperientzia handia du kirol-medikuntzaren alorrean eta besteak beste Elgorriaga-Bidasoa eta Eibar taldeetako medikua da.

Elhuyar: Zeintzuk dira elite-kirolarien osasun-arazoak?

Rikardo Jimenez: Oro har, pertsona arruntek dituzten osasun-arazo beretsuak dira elite-kirolarienak. Alabaina, horietako batzuek lana kanpoan egin behar dutenez, arnas aparatuan pertsona normalek baino arazo gehiago izan ditzakete. Horregatik, arnas aparatuko arazoak, goi- zein behe-arnasbideetan oso ohizkoak dira; amigdalitisak, bronkitisak, laringitisak, etab. Dena den, oso adierazgarria da osasun-arazo horiek kirolariak bere sasoirik onena lortu duenean agertzea. Horrek, kirolariak formaren gailurra erdietsi duenean bere defentsa-mekanismoak ahuldu egiten direla pentsarazten digu.

Honekin batera beste arazo batzuk ere agertzen dira (sistema inmunitarioarekin itxuraz erlaziorik ez dutenak); hortzetako arazoak, hain justu. Hagineko minak, txantxarrak, etab. larriagotu egiten dira. Lehen ez zitzaien arazo horiei garrantzirik ematen, baina duela zenbait urte hortz-arazo eta muskulu- eta lotuailu-arazoen arteko erlazioez jabetu ziren, eta harez gero arreta handiz tratatzen dira hortz eta haginak. Hortz-arazoen maila oso handia dela ikusi da.

Hala ere, honakoa azpimarratu nahiko nuke: batzuetan hiritar arrunt eta elite-kirolariaren artean osasun-arazoak alderatzea ez dela erraza, kirolariak hiritar arruntak ez duen kontrola eta segimendua dituelako. Horrexegatik, estatistikak oker xamar egon litezke.

Jatrogeniarekin erlazionatutako arazoak ere hor daude. Kirolariek esaterako, antiin-flamatorio asko hartzen dituzte lesioak tratatzeko eta, ondorioz, liseri-aparatuan arazoak izaten dituzte, hots, gastritisak, eta baita ultzerak ere hainbat kasutan.

Elh: Zein alde dago kirolari arrunt edo herrikoi eta elite-kirolariaren artean?

R. J.: Diferentzia nabarmena honakoa da: kirol herrikoian kirola osasunaren menpe egotea eta elitezkoan alderantziz gertatzea. Maiz, eliteko kirolaria lanean ari da, entrenamenduan zein lehiaketan, une horretan egiten ari dena bere osasunaren kaltetan dela jakinez.

Elh.: Adibiderik?

R. J.: Eliteko kirolariak normalen lanean segitzen du, nahiz eta epe luzera ondorio txarrak ekarriko dituzten lesio txikiak izan. Berak jakin badaki, ordea, atseden txiki bat hartuko balu ondorio horiek ez liratekeela jazoko. Baina, goi-mailako lehiaketak dituen eskakizunek ez diote hori egiten uzten, forma-galera etab. medio. Horren adibide egokia, kirolari askok beren ihardueraren bukaeran ukondo- edo belaun-artrosiak izatea da. Iharduera profesionala bukatu duen futbolariaren orkatilak aztertzen badira, patologi bilduma ederra aurkituko diogu.

Elh.: Elite-kirolaria aipatzen ari gara etengabe. Zer da, bada, elite-kirolaria?

R. J.: Bueno, kirola modus vivendi moduan duena dudarik gabe. Horrek une jakin batean, emaitza konkretuak izaten ditu, bestela bere bizimodua galduko luke eta. Dena den, eliteko kirolaritzat jo ezin direnen artean (beren emaitzak goi-mailakoak ez direlako edota hortik bizi ez direlako) badago kasu batzuetan eliteko kirolarien jokamoldea. Hori batzuetan, kirolari beterano eta hirugarren adinekoengan ere jazotzen da. Kirolari beterano batzuk eliteko kirolarien entrenamendu-maila dute; kirola desegoki interpretatzearen ondorioz, nere iritziz.

Berrogei urtetik gora giza gorputza makaldu egiten da. Adin horretatik gora, kirolari osasun-faktore moduan begiratu behar zaio eta ez lehiaketa-eremu bezala; bestela osasuna galtzeko faktore bihurtuko baita.

Elh.: Zer erlazio dago elite-kirolaren eta inmunizazio-sistemako arazoen artean?

R. J.: Eztabaida franko bada gai horren inguruan. Horri buruzko iritzi bateraturik ez dago. Adibidez, atzo estatubatuarrek egin berri dituzten hainbat azterketa berrikusi nituen eta horietan, ondorioa hau da: ez dagoela garbi.

Kirolarien artean hainbat fasetako prozesua gertatzen da. Lehen-lehenik moldapenprozesua jazotzen da eta kirolaren bidez bere osasun-egoera oro har hobetu egiten du, sistema inmunitarioa barne. Hori osasun-kirola izango litzateke. Emaitza helburu denean, berreskuratze-epeak asko laburtzen dira; gero eta maizago, gero eta ordu gehiago entrenatu beharra... Horrela une batetik aurrera gastua gertatzen da, bai sistema inmunologikoan eta bai endokrinologikoan ere. Entrenamenduaren eskakizuneei erantzuteko organismoak duen ahalmena gastatu egin da. Horrela organismoa autokontsumitzen hasten da. Nahiz eta bitaminak eta bestelakoak hartu, organismoak ez du kemena berreskuratzen. Urtebeteko balantze globala eginez gero, akaso bai, baina une jakin batean entrenamenduari aurreko txandan galdutakoa osorik berreskuratu gabe ekiten zaio.

Horrelako egoeran katabolismo proteikoak anabolismoa gainditzen du, hau da, hondatzeak osatzea gainditzen du.

Oso ondo aztertu ez den zenbait oligoelementu, zinka esaterako, ez da behar adina eskuratzen dieta normalean eta nahiz eta, kirolariak normalean behar dituen bitaminak irentsi, eta sarritan behar baino aboro, bitamina horiek ez ditu organismoak behar bezala xurgatzen eta asimilatzen.

Beste batzuetan hartzen diren bitamina, proteina eta abarretan oreka-arazoak egoten dira. Kirolariak maiz, nahiago izaten ditu bere entrenatzaile edo medikuak ematen dizkion formula magikoak, dietetikoki desorekatuak izan daitezkeenak, dieta-formulazio jakin eta ezagunak baino. Kirolariari zaila zaio zer jaten duen apuntatzea, zenbat pisatzen duen neurtzea eta horrelako lanak hartzea (gero dieta orekatua programatzeko) eta nahiago izaten ditu formula magikoak.

Laburtuz, elite-kirolaria puntu-puntuan dagoenean, eritasun infekziosoak izateko aukera gehiago dauka eta horrek sistema inmunea ahulagoa dagoela adierazten du. Gainera, eritasunari aurre egiteko ere egoera okerragoan dago, erantzuna motelagoa izan daiteke eta farmakologiaren premia handiagoa izan dezake. Aitzitik, kirola osasunaren menpe jartzen duen kirolariak inmunizazio-sistema garatuagoa edo indartsuagoa dauka.

Elh.: Gure artean zeintzuk dira elite-kirolarien eritasunik arruntenak?

R. J.: Lehen esan dudan legez, arnas aparatukoak dira ohizkoenak (batez ere goi-arnasbidekoak) eta agian horretan gure klimaren eragina dago. Dena den, nere esperientzian oso arrunt ez diren eritasunak aurkitu ditut eta horrek, neurri batean bederen, sistema-inmunologikoa ahuldu egiten dela frogatzen dit. Nik zistitis-kasu batzuk ezagutu ditut. Zistitisa ez da oso arrunta gure artean eta gazteen eta gizonezkoen artean are gutxiago. Nik ikusi ditut horrelako kasuak lehiaketa garrantzitsuenen atarian; olinpiadetara joateko marka minimoa lortzeko frogetan, esaterako.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila