Karbono, hidrogeno eta oxigenoz osatutako energi lehengaiak: karbohidratoak

Aurrekoan ura elikagaien bihotza dela esaten bagenuen, oraingoan karbohidratoak, Naturan ugarien dauden osagaiak izateaz gain, gorputzaren energi iturri oparoenak direla esan behar dugu. Hauek karbono, hidrogeno eta oxigeno atomoaz egituratuta egon arren, bakoitzeko kantitatea eta lotura-mota medio, karbohidrato ezberdinak sortzen dira.

Elikagaiaren ikuspegitik sailkatzeko bi multzo egingo ditugu: erabilgarriak, hau da, gure gorputzak energia ateratzeko erabil ditzazkeenak batetik eta ez-erabilgarriak, bestetik. Azken hauen egitura dela eta gorputzak ezin du beraiengandik energiarik atera eta ondorioz, gorputza garbitzeko baino ez ditu erabiltzen. Hauetaz hurrengoan hitz egingo dugu.

Erabilgarrien artean beste bi azpitalde bereiztu behar dira:oinarrizkoak, hizkuntz arruntan azukre izenaz ezagutzen direnak eta karbohidrato konplexuak.

Oinarrizkoak glukosa, fruktosa, galaktosa, sakarosa (azukre arrunta) eta abar dira. Hauen ezaugarri orokorrak berdinak dira: gozoak, uretan disolbagarriak eta hesteetan erraz xurgatzeko modukoak.

Gorputzak elikagaietatik eskuratzen dituen bezalaxe aprobetxatzen ditu, ia eraldaketarik gabe. Ondorioz, odoleko glukosa-maila (gluzemia) jan orduko igotzen da. Elikagai gozoak (gailetak, marmelada, irasagar-gozokia, txokolatea, gozokiak,…) eta frutak dira aberatsak karbohidrato-mota honetan.

Konplexuak berriz, oinarrizkoen katea luzez eratzen diren arren, ez dira gozoak eta liseriketan entzimek apurtu egin behar dituzte xurgatu ahal izateko. Xurgaketa askoz geldoagoa izaten da eta ondorioz, gluzemia pixkanaka igotzen da. Patata, arroza, lekaleak, zerealak, ogia eta pasta dira iturri nagusiak.

Azkenik esan, dieta orekatua egin nahi baduzu bederen, egunean behar duzun energiaren % 50-60a karbohidratoetatik lortu behar duzula, baina ondoko proportzioan: % 10 oinarrizkoetatik eta gainerakoa, % 40-50a, konplexuetatik.

L aburrak

  • Desorekak elikaduran: anorexia eta bulimia
    Egungo gizarteak inposatzen dituen estetika-ereduek benetako buruhausteak eragiten dizkiete neska-mutil gazteei. Neurri zorrotz horietan sartu nahiak gaixotasun ugari sortzen du. Euskal Autonomi Elkartean esaterako, 700-800 anorexi kasu ezagutzen dira 14-18 urte bitarteko nesken artean. Arazoaren hedapen itzelak sortu duen kezkak eraginda, gaixotasunari aurrea hartzeko kanpainak bideratzen hasiak dira herrialde garatuetako zenbait lurraldetako ikastetxeetan, gurean barne.
  • E bitamina, arteriosklerosiaren babesle
    Erresuma Batuetan egin den ikerketa batek azaldu duenez, E bitamina ugari hartzeak dentsitate gutxiko lipoproteinak oxidatzea dakar eta ondorioz, arteriek jasaten duten arteriosklerosia gutxiagotu egiten du. Dena dela, frogatu denez, ez du eraginik bihotzeko beste gaixotasun larriagoetan.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila