Gaur egungo kontsumitzaileak kalitatearekiko duen jokaerak bestalde, elikagai enpresa batek beti bere produktuez egiten den erabilerara egokitzen saiatu behar duela ekarri du ondorio gisa.
Pagolaren arabera (2), bezeroek nabaritzen dituzten kalitatearen hiru alderdi zehaz daitezke: diseinuaren, produktuaren eta zerbitzuaren kalitatea.
Diseinuaren kalitatea bezeroaren nahia jakitean datza, hori zehaztapen neurgarri bihurtu, eta ondoren, bezeroak eskatzen duen kalitatea lortzen dela bermatuko duen sistema diseinatzean.
Produktuaren kalitatea bestalde, diseinuari egokitzen zaion prozesu produktiboaren ondorio da, hau da, akatsik gabeko prozesu produktiboarena.
Azkenik, zerbitzuaren kalitatea, entrega-epeak eta -baldintzak betetzean datza, baita produktua saldu ondorengo arazoei emango zaien erantzunaren prestutasunean eta arintasunean ere.
Elikagai-enpresak bere bezeroek edo kontsumitzaileek bere produktuen kalitateaz zer ulertzen duten jakiten duenean, kalitatezko produktu horiek etengabe eskaintzeko gauza izango dela bermatu behar du. Eta horretarako, hain justu, Kalitatea Bermatzeko Sistema enpresan bertan ezartzea behar-beharrezkoa da; sistema hori aurrez ezarritako eta sistematizaturiko aktibitate-multzo bezala definitzen da eta jakina denez, kalitatearen eskakizunak beteko dituela ziurtatzeko, beharrezkoak diren produktuak, prozesuak edota zerbitzuak ditu jomuga nagusi. Sistema horren helburua produktu egokiak eskaintzen eraginkorra dela ziurtatzea da eta ondoren, konfidantza eskaintzea.
Erabaki hori hartzean, enpresa batean kalitatea ziurtatuko duen sistema ezartzeak espezializaturiko profesional-talde bat eskatzen du eta talde horren ardura, produktuaren diseinutik hasi eta berau entregatu arte kalitatea bermatzea da.
Rubio-k (3) kalitate-sistemak lortu beharreko lau oinarrizko helburu aipatzen ditu: enpresaren edozein aktibitatetan akatsak egitea ekiditzea, ekintza prebentiboak ezarriagatik ere azal daitezkeen akatsak detektatzea, akats horiek eragiten dituzten arrazoiak aurkitzea eta produktuak zein prozesuak hobetzeko iharduerak ezartzea eta agiri desberdinen bidez, kalitatearen eskakizunak bete direla objektiboki erakustea.
Kalitatea Bermatzeko Sistema ezarri ahal izateko, enpresek 9000 Saileko Nazioarteko Arauak erreferentzia gisa hartu ohi dituzte, Normalizaziorako Nazioarteko Erakundeak ( International Organization for Standardization , ISO) 1987ko martxoan argitaratutakoak. Ondoren, 1987ko abenduan, Normalizaziorako Europako Batzordeak (CEN-ek) 29000 Saileko Europako Arauak hartu zituen. Halaber, Normalizazio eta Zertifikaziorako Espainiako Erakundeak (AENOR-ek) 66-900 Saileko UNE arauetan bere egin zituen.
ISO 9000 Saila, edota EN 29000 eta UNE 66-900 Sailak, kalitate-sistemei buruzko bost arauz osatuta daude (horien funtzio espezifikoa 1. irudiko eskeman jasotzen da). ISO 9000 Araudiak kalitateari buruzko kontzeptu nagusiak definitzen ditu, hau da, kalitatearen politika, gestioa, ziurtapena, kontrola, etab., eta sail bereko beste arauak aukeratzeko eta erabiltzeko ildo orokorrak ezartzen ditu. Enpresak produktu berrien diseinua egiten duen kasuan, ISO 9001 Araudia hartuko du; gainerakoetan, enpresek ISO 9002 Araudia hartu ohi dute.
Arau horiek guztiek, aldez aurretik zehazturiko kalitatea lortzen dela bermatzeko kontuan izan behar diren elementuak zehazten dituzte, horiei buruzko betebeharrak (ISO 9001etik ISO 9003raino) finkatuz edota gomendioak (ISO 9004) eskainiz.
Gure kasuari dagokionez, elikagai-enpresek ISO 9002 Araua erabili ohi dute. Arauak ondoko puntuei buruzko zehaztapenak ezartzen ditu:
Gainera, Kalitatea Bermatzeko Sistemak ISO 9004 Araudian jasotzen diren beste zenbait elementu ere bere baitan har ditzake, hala nola, merkatu-ikerketa, produktu berrien garapen-kontrola, kalitatearen kostu kontrola, produkziorako tresneriaren mantenimendua, salmenten kontrola, etab.
Esandakoaren ondorio gisa, kalitatea bermatzeko sistema ez dela fabrikazio-kalitatera mugatzen esan daiteke, hau da, sistemak kontsumitzaileak, banatzaileak edota beste fabrikatzaileak eta hornitzaileak ere barne hartzen dituela: enpresaren osotasunari eta bere inguruneari ere eragiten die kalitatea bermatzeko sistemak.
Elikagai-enpresa batean kalitateak hiru mailatan izan behar du eragin zuzena (4):
Lau arlotan bana daitekeen arren, ISO 9000 Araudia eredua baino ez da. Ondorioz, enpresa bateko Kalitatea Bermatzeko Sistema osatuko duten gainerako elementuak aukeratu beharko dira eta hori, hurrengo puntuen arabera egiten da nagusiki:
Kalitatea Bermatzeko Sistema enpresan ezartzea eginkizun zaila da; enpresa osoak hartu behar du parte sail desberdinen bitartez.
2. irudian ikus daitekeenez, kalitatearen gestioa Zuzendaritza Exekutiboaren ardura da: berak definitu behar du kalitatearen politika eta hori lortzeko jarraitu beharko diren kalitatearen helburu orokorrak. Zehaztu den kalitate-politika ezarriko den kalitate-sistemaren oinarria izango da, hau da, ikuskaritza-sistema zabal baten bidez aktibatzen den eraketa, prozesuez, ardurez, prozedurez eta baliabideez osatutako egitura inplementatzeko orduan.
Praktikari dagokionez, kalitate-sistema ezartzea hamabi urratsetan laburbil daiteke:
Lehenengo bost betekizunak enpresako Zuzendaritza Exekutiboari dagozkio batez ere. Horrek, kalitatearen politika ezartzeaz eta garatzeaz gain, nahi den kalitatea lortzeko erakundeko kide guztiek parte hartuko dutela ziurtatuko du.
Zuzendaritzaren inplikazioa ezinbestekoa bada ere, prozesuko aldi desberdinetan aritzen direnen partehartzeak garrantzi handia du. Hori lortzeko modurik eraginkorrena autokontrola bultzatzea da. Metodo horren arabera, langileak beraiek dira lanaren arduradunak, kantitateari zein kalitateari dagokienez. Metodo hori aurrera eraman ahal izateko, langileek formazioa ona izatea eta langileen eta nagusien arteko informazio-trukaketa egokia izatea funtsezkoa da. Bide horretatik lortzen diren abantailak garrantzitsuak dira, ikuskaritzan arituko den langile-kopurua gutxiagotzea, edota baliogabeko produktuen bolumena murriztea, besteak beste, akatsak berehala detektatzen baitira. Hala ere, sistema honek arrakasta izan dezan, autokontrol-metodoen prestakuntza teknikoak ere egokia izan behar du (zehaztapenak, neurketarako tresneria, argibideak, etab.). 3. irudiak jasotzen du Kalitatea Bermatzeko Sistemaren egitura dokumentala.
Kalitatearen Eskuliburua Zuzendaritzak zehaztu duen kalitate-politika eta berau lortzeko enpresak duen egituraren eta kalitate-sistemaren deskripzioa azaltzen dituen dokumentua da. Dokumentu bakarra eta eratzailea eta enpresan kalitatea eskuratzeko egiten den guztiari buruzko informazioa eskaintzen du: kontrol-neurriei, iharduerei, atalei eta horien arduradunei buruzkoa. Teorian edonork ikusteko eta erabiltzeko modukoa da, baina bere izaera publikoa murriztu daiteke enpresaren irizpideen arabera; enpresako Zuzendari Orokorrak onartu beharrekoa da.
Atal desberdinetako prozeduren Eskuliburua dokumentu-bilduma egituratua da eta batez ere datu teknologikoak biltzen ditu. Bertan iharduera espezifikoak nola egiten diren azaltzen da zehaztasun osoz. Eskuliburuan finkatutako asmoak aurrera ateratzeko erabili beharko den prozeduraren, metodologiaren eta ekintzen deskripzio xehea ematen du. Aurrekoa ez bezala, pribatua da, eta Kalitate-Batzordeak zein, prozedura bakoitzaren kasuan, dagokion arduradunak baimendu beharrekoa da.
Prozeduren Eskuliburutik beste zenbait dokumentu eratortzen dira: Lan-jarraibideak, arau teknikoak, zehaztapenak, erregistroak, etab.
Bestalde, Produktuaren Kalitate-Plangintza zehaztu diren ezaugarri horiek izango dituzten produktuak lortuko direla ziurtatzeko egin beharreko ihardueren multzoa da. Ondoko agiri eragingarriek osaturik dago:
3. Ikuskapen-arauak sarrera-, prozesu- eta azken produktu-mailan.
Aipatu ditugun eginbideen emaitzak kalitate-erregistroetan biltzen dira. Bertan kontrol-grafikoak edota bide-orriak ere sartzen dira.
Dokumentazio-lan horrek garrantzi itzela du; datuak estatistikoki tratatuz gero, produkzioaren etapa guztiak kontrolpean dauden ala ez jakin daiteke, edota akatsak eta horien arrazoiak detektatu, ondoren zuzentzeko neurriak eta hobetzeko estrategiak definitu ahal izateko.
Kalitatea Bermatzeko Sistema eraginkorra izatea nahi bada, etengabe hobetzeko oinarria eskaini eta erabateko kalitatea eskuratzeko bidea zabaltzen duen prozesu jarraia antolatu behar da; izan ere, Erabateko Kalitatea bat-batean ezartzea ez baita biderik gomendagarriena. Esandakoak bitxia dirudien arren, badu oinarririk: enpresak ez du izaten aurrez ezarrita kalitatea bermatzeko egitura batek eskaintzen duen egokitasunik. Aldiz, honek eskatzen duena zera da:
Zentzu honetan, oinarrizko desberdintasunak daude homologazio- eta egiaztapen-sistemen artean (5).
Homologazioa Administrazioak ematen du, derrigorrezkoa da eta araudien arabera egiten da. Normalean segurtasun-arazoak medio ezartzen da. Egiaztapena ordea, ez da nahitaezkoa eta erakunde pribatu batek ematen du. Zehaztapen teknikoen arabera (ia beti arauen arabera) ezartzen da eta bere jatorria ez da segurtasuna izaten, kalitatea baizik.
ISO 9000 Araudiak era honetan definitzen du Egiaztapena: Produktu edo zerbitzu jakin batek arau edo zehaztapen tekniko batean finkaturiko eskakizunak betetzen dituela ziurtatzea, zeregin horretarako baimena duen erakunde batek sortutako tresna fidagarrien bidez.
Arauak ezartzen hasi ahala, beren kalitate-sistemak egiaztatzeko interesa sortu da enpresetan. Egiaztapena, aginpidedun erakunde batek enpresaren Kalitatea Bermatzeko Sistemaren baliagarritasunari buruz egiten duen azterketan datza, baina produktua ebaluatu edota kontrolatu gabe. Espainiako estatuan AENOR da egiaztapen-erakundea eta baliagarritasuna UNE 66-91, 66-902 edota 66-903 Araudien ereduen arabera egiten da. 4. irudian enpresa baten egiaztapen-prozesuaren fluxuen diagrama azaltzen da.
Lehenik eta behin, eskaera formala egin behar zaio AENORi; honek galdeketa luzatuko dio bezeroari bere kalitate-sistemaren egoera ezagutzearren. Azterketa horren ondoren, bere diagnostikoa emango du. Hori negatiboa bada, AENORek detektatu dituen akatsak zuzendu beharko ditu enpresak. Aldiz, positiboa bada, enpresak AENORi aurkeztuko dizkio ISO 9000 Araudia eredutzat harturik egindako Kalitatearen Eskuliburua eta Prozedurak. Dokumentazio hau aurkeztu ondoren AENORek ebaluazio-programa prestatuko du, enpresarekin batera. Honek sistemari egingo zaion ikuskaritzarako egutegia finkatuko du eta prozesu hori amaitutakoan, txostena aurkeztuko da.
Horren arabera erabakiko du AENORek enpresak egiaztapen-baldintzak betetzen dituen edo ez. Ezezko kasuan, enpresak egokiak ez diren praktikak, agiriak edota sistemak zuzendu beharko ditu. Egiaztapena lortzekotan, enpresak urtero gainditu beharko ditu Jarraipenerako Ikuskaritzak, egiaztapena lortzea ahalbidetu zuen Kalitatea Bermatzeko Sistemak bere osotasunean irauten duen ala ez frogatzeko. Hirugarren urtean, arazorik sortu ez bada, Berrikuntza Ikuskaritzek ordezkatuko dituzte Jarraipen Ikuskaritzak eta horiek ez dira hain maiz gainditu beharko.
Egiaztapenak berarekin dakartzan abantailen artean, ondokoak aipa daitezke: merkatuan elementu bereizle gisa erabili ahal izatea, oraingo eta etorkizuneko bezeroen artean konfidantza sortzea, bezeroek egindako ikuskaritzak baztertzea eta egiaztapenerako erakunde desberdinek sinatutako aintzatespen-akordioak
Beste industri sektoreetan egiaztapena bezeroek eskatuta egiten bada ere, elikagaien sektorean lehen urratsa enpresak berak ematen du. Hori horrela izanik, egiaztapena helburutzat hartzeko arriskua dago, aintzatespena enpresak merkaturatzen dituen produktuen kalitatea bermatzeko behar diren estruktura, metodoak eta bitartekoak badituela frogatzeko modua delakoan. Horregatik, Rubiok (3) dioen bezala, kalitate-sistema elikagai-enpresaren neurrira eratzea komeni da eta ez egiaztapenaren arabera; geroago, eta bezeroek eskatuz gero edota merkatuan abantailak lortuko direlako ustetan, sistema egiaztapenaren eskakizunetara moldatu ahal izango da. Kalitatearen kudeaketa egokiak sortzen dituen abantailak berez nahikoak dira kalitate-sistema ezartzeak merezi dezan, nahiz egiaztapena izan ez.
Bukatzeko, elikagai-enpresa batean kalitatea, hobekuntzaren bila etengabe ematen den bilakaera dela esan dezakegu; kalitatearen kontroletik hasi eta egiaztapena lortu arte edota Erabateko Kalitatea eskuratzeraino. Hau lortzeko enpresa osatzen duten pertsona guztien partehartzea eta kontsumitzailearekiko komunikazio egokia giltzarri dira, beti ere enpresa bere nahietatik hurbil mantendu dadin.