Erromatarren garaitik da ezaguna Itsaso Hilaren sendatzeko ahalmena. Kondairak dioenez, Marco Antoniok Kleopatrari oparitzeko konkistatu zituen lakua eta haren inguruak, eta ordutik hona haren ospea handitu besterik ez da egin. Gaur egun hainbat bainuetxek, hotelek eta osasun-etxek inguratzen dute lakua, eta hango gatzak dituzten kosmetikoak oso preziatuak dira mundu osoan.
Hala ere, halako altxorra arriskuan jarri du gizakiak, eta hain berezi egiten duten ezaugarriak gordetzea gero eta zailagoa bilakatzen ari da. Baina, lehenik eta behin, ikus dezagun zerk egiten duen Itsaso Hila hain berezi eta preziatua.
Turkiako Taurus mendietatik Sinai penintsularen hegoaldera arte, 1.000 km-ko luzera duen rifta dago. Rifta bi plaka tektoniko banatzen ari diren lekuan sortzen den bailara da. Rift horren sakonune batean dago Itsaso Hila izenarekin ezagutzen dugun lakua; Israel, Palestina eta Jordania arteko mugan, Judeako desertuaren erdian.
Sorrera tektonikoa izateak azaltzen du, nolabait, itsas mailatik beheren dagoen Lurreko puntua izatea. -417 m-ra dago zehazki, eta, horregatik bertara heltzen den urak ezin du beste inora jo. Jordan ibaia da bertara heltzen den ibairik garrantzitsuena: Galileako itsasoan sortu eta Itsaso Hilean bukatzen du bidea.
Horietaz gain, uadiak dira lakuko ur-iturri nagusiak. Uadiak ura urteko sasoi jakin batzuetan bakarrik duten ubideak dira; gainerako urte guztian lehorrak egoten dira. Hala ere, askotan lur azpiko ibaiak ere uadietan zehar joaten dira, eta lurrazaletik gertu pasatzen diren puntuetan oasiak sortzen dira.
Oasietan azaleratzen den urak izugarrizko garrantzia du inguru hartako ekosisteman, baita lakuaren ur-horniketan ere. Ur gezarekin eta gaziarekin betetako hezeguneak sortzen dira leku horietan, eta izugarrizko flora eta fauna aberatsa garatzen da.
Ur-iturri horietaz gain, lakuaren inguruan ur sulfurotsu eta termalak dituzten iturriak ere badaude. 35-60 °C bitarteko tenperatura izaten du iturri horietako urak, eta gehienak mineralez josita egoten dira. Iturri horietako ur eta gatz mineralek asko aberasten dute lakuaren konposaketa kimikoa.
Itsaso Hileko protagonista nagusia gatza da. Lakuko ura ozeanoetako ura baino 10 aldiz gaziagoa da: 340 gramo gatz dago ur litro bakoitzean. Gatza ez da sodio kloruro soila; are gehiago, itsasoan baino sodio kloruro gutxiago dago lakuan. Horren ordez, beste hainbat gatz aurkituko ditugu, batez ere kloruroak (magnesio, sodio, potasio eta kaltzio kloruroak eta bromo-kloruroak). Gatz-kontzentrazio hain handia nola sortu den aztertzerakoan, ezaugarri berezi askoren ondorio logikoa dela ikusiko dugu.
Lakua Judeako basamortuan kokatuta dago; beraz, basamortuko klima da nagusi inguru horretan. Urteko 25-50 mm ur jausten da metro karratuko, eta urte osoan bero egiten du: neguan tenperatura ez da 20 °C -tik jaisten eta udan ez da arraroa 35 °C -ko tenperaturak gainditzea. Hori dela eta, uraren lurruntze-tasa oso handia da. Egunean 25 mm ur lurruntzen da; beraz, urte osoan egiten duen euri guztia egun pare batean lurruntzen da.
Lurruntze bortitz hori da uraren gatz-kontzentrazio altuaren eragile nagusietako bat. Edozein modutan, logikoa da pentsatzea lurruntze horren eraginez lakuak aspaldi lehortuta egon beharko zuela. Baina, azken datuen arabera, lakuak gutxienez 12.000 urte dituela dakite zientzialariek. Nola jasan dezake lakuak hain lurruntze handia lehortu gabe?
Horren erantzuna altueran bilatu behar da, edo, hobeto esanda, altuera-gabezian. Hasieran esan bezala, itsas mailatik beheren dagoen puntua da eta, beraz, inguruan dagoen ur dena bertan pilatzen da. Lur azpiko ibai eta erreka guztiek ere han bukatzen dute beren bidea; beraz, nahiz eta urtaroaren arabera ur-emaria oso aldakorra izan, beti dago ur-iturriren bat. Horregatik da posible lakuak gatz-kontzentrazio hain altua izatea.
Gatz-kontzentrazio hain handiak ezaugarri bereziak ematen dizkio urari. Alde batetik dentsitate handia du ur horrek. Horregatik, ur horietan murgiltzen saiatzen den pertsonak, igeri egin ordez flotatu egiten du.
Gatz-kontzentrazio altuaren beste eragin bat pisua da. Ura oso astuna bilakatzen dute gatzek, eta horrek lakuaren hondoan dauden sedimentuetan eragiten du. Sedimentuek, jasan beharreko pisuaren ondorioz, lakuaren ertzetara mugitzeko joera dute. Hori dela eta, urtero 3 mm hazten da laku-ertzeko gatz-geruza.
Horrenbesteko gatz-kontzentrazioak ezinezkoa bilakatzen du ezagutzen ditugun lakuetako ekosistemen antzekorik garatzea. Jordan ibaitik lakura heltzen diren bizidunak, arrain eta intsektuak, bertan hiltzera kondenatuta daude. Baina, harrigarria badirudi ere, badaude muturreko kondizio horietan bizi daitezkeen bizidunak ere. Mikroorganismo halofiloak dira. 1936an deskribatu ziren lehenengo aldiz lakuan bizi diren izaki mikroskopikoak. Ordura arte, han ez zegoela bizirik uste zen.
Mikroorganismo halofiloak 0,2 M baino gatz-kontzentrazio altuagoetan bakarrik bizi daitezkeen izaki mikroskopikoak dira. Azterketa sakonagoak egin ostean, mikroorganismo horiek endemikoak direla ikusi da (munduan leku horretan bakarrik aurki daitezkeen espezieak) eta espezie ugari identifikatu dira dagoeneko, horien artean Dunaliella parva alga berdea eta zenbait halobakterio-espezie ( Haloarcula marismortui, Halorubrum sodomense, Halobaculum gomorrense... ). Izaki horien metabolismoaren nondik norakoak misterio handia izan dira zientzialarientzat orain gutxira arte.
Osmosiaren legearen arabera, ia ezinezkoa da halako gatz-kontzentrazio altuetan zelulak ez deuseztea, zelularen kanpoko inguruneak barrukoak baino gatz-kontzentrazio altuagoa badu, urak zelulatik ateratzeko joera izango baitu. Hori gertatuz gero, noski, zelula hil egingo da.
Baina mikroorganismo halofiloek muturreko baldintza horiek jasateko modua aurkitu dute: zelulek, aktiboki, solutu inerteen kontzentrazio altuak mantentzen dituzte barnean, hau da, zelularen barnean kanpoan dagoena baino ioi-kontzentrazio altuagoa mantentzen dute. Horrela, urak ez du ihes egiten eta zelulek behar den ura gordetzen dute.
Zelula barnean hain kontzentrazio altua izateak ere arazoak sor ditzake metabolismoan, baina ioi-kontzentrazio altua jasateko gai diren proteina bereziak ekoizteko gaitasuna garatu dute mikroorganismo horiek.
Lakuko uretan, mikroorganismo halofiloak izan ezik ez dago beste bizidunik. Hala ere, lakuaren inguruko uadietan sortzen diren oasiek oso flora eta fauna aberatsa dute. Oasietan pilatzen dira bizidun gehien, bertan dagoelako desertuan hain preziatua den ura. Alabaina, leku horietan ere ez dira gatzaz guztiz libratzen.
Oasietako hezegune askotako ura gazia izaten da, nahiz eta lakuko kontzentrazioa baino txikiagoa izan. Beraz, ur gazia jasan dezaketen landareak bakarrik hazten dira leku horietan, esaterako, bertako endemikoa den lezka: Typha angustata . Oasietako leku lehorragoetan milazkak gailentzen dira, Tamarix tetragyna eta Tamarix nilotica espezieak, zehazki. Zuhaitz horiek, ur gazia neurri batera arte jasateaz gain, lurzoru lehorretara ere ongi moldatuta daude eta, beraz, oso landare egokiak dira lakuaren inguruan hazteko.
Alabaina, arazo larriak ere baditu lakuak. Ur-maila jaisten doa etengabe, lakura heltzen den ur-kantitatea asko jaitsi delako azkenaldian. Ur-mailaren jaitsieraren arrazoiak asko dira: inguruko ur-beharrei erantzuteko Jordan ibaian presak eraiki dira, uadietako ura nekazaritzarako erabiltzen da eta iturri termaletatik hartzen diren urak osasun-arazoak tratatzeko erabiltzen dituzte bainuetxeetan. Hori guztia turismoak eskatzen duen ur guztia kontuan hartu gabe.
Ur-kantitatearen jaitsiera horrek ondorio oso latzak ekartzen dizkio lakuari eta haren inguruari. Kontuan hartu behar da lakua eusten duten harriak oso porotsuak direla. Orain gutxira arte, arroka horiek guztiz hidratatuta egon dira, baina ur-maila jaisten doanez, arrokak lehortzen hasi dira. Lehortzearen ondorioz, poroak airez betetzen dira, arrokak asko ahultzen dira, eta ez dute gainean daukatena eusteko nahikoa indar; beraz, guztia hondoratzeko gero eta arrisku handiagoa dago. Zientzialarien esanean, gaur egun lakuaren ertza mende-hasieran baino sei metro beherago dago, eta lakuak bere azaleraren % 30 galdu du dagoeneko.
Horrekin lotuta, beste arazo handi bat sortu da: lakuan bukatzen diren zenbait ibai, kostaldea beherago dagoenez, lur azpiko ibai bilakatu dira. Ibai horien urak, lakurako bidean, lur azpiko materia areatsua beraiekin eramaten du. Horren eraginez, lurrazala asko ahuldu da eta lakuaren inguruko lurra ere hondoratzeko arriskua dago.
Horren guztiaren irtenbidea ez da inolaz ere erraza, ordea. Jordaneko ura behar beharrezkoa da inguruko nekazaritza, industria eta turismoa hornitzeko, eta azken bietatik lortzen den dirua oso iturri garrantzitsua da hango biztanleentzat. Alabaina, urik gabe, gatzezko laku lehor bat besterik ez litzateke geratuko. Ahal den eta azkarren arazoa konpontzeko neurririk hartzen ez bada, hain inguru bereziak aspalditik duen izen horrek dioena egia bilaka daiteke oso epe laburrean.
Itsaso Hila zenbakitan
Osasunerako onurak
Hasieran aipatu bezala, Kleopatrak berak, eta erromatarrek oro har, jadanik bazekiten Itsaso Hilak zer nolako onurak zituen osasunerako. Bereziki azaleko gaitzak sendatzeko oso egokiak omen dira lakuko kondizio klimatikoak. Esaterako, inguruko mendietara baino askoz UV izpi gutxiago heltzen dira lakura.
Hori izpiek uretara heldu aurretik egin behar dituzten 400 metro gehigarriei zor zaie. Dirudienez, distantzia gehigarri horri esker, atmosferaren beheko aldeak UV izpiak xurgatzeko denbora gehiago du. Hori dela eta, askoz ere arrisku gutxiago dago UV izpien eragin txarrak pairatzeko eta, ondorioz, azala erretzeko.
Horretaz gain, gatz mineralen kontzentrazio egokiak daude lakuan, eta oso onak omen dira azalerako. Magnesioa, potasioa, kaltzioa, bromoa eta antzekoak kontzentrazio altuetan agertzen dira, eta mineral guztiek dituzte gorputzean eragin onuragarriak.
Horregatik, UV izpien eragin txikiak, mineral-kontzentrazio egokiak, klima beroak, poluzio atmosferiko txikiak eta dauden ur termalek leku oso egokia bilakatzen dute osasun-arazoak dituen jendea tratatzeko. Ikusi besterik ez dago lakuaren inguruan eraiki diren bainuetxe, osasun-zentro eta antzekoen pilaketa.