Ilargia: hain hurbil, hain urrun

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Urtearen hasieran, “Ilargiaren urtea” izango zela iragarri zuen batek baino gehiagok. Izan ere, Ilargia helburu zuten hainbat egitasmo zeuden planifikatuta epe motzera, eta zurrumurru bat ere zabaldu zen: 2018a gizakia berriro Ilargira eramango zuen urtea izan zitekeen. Egitasmoetako batzuk, ordea, bertan behera geratu dira, eta beste batzuek, berriz, ez daukate data ziurrik. Baina bada aurrera doanik ere.
ilargia-hain-hurbil-hain-urrun
Ilargiaren grabitatea neurtzeko GRAIL misioaren jaurtiketa. ARG.: NASA/Kim Shiflett.

Lehenengo zaputza egitasmo pribatuetan itxaropena jarrita zutenek hartu zuten. Hain zuzen, urteko lehen hilabetea bukatu baino lehen iritsi zen zuhurrenek aurreikusitako erabakia: Googlek bertan behera utzi zuen Google Lunar X Prize lehiaketa.

Lehiaketa 2007ko irailean sortu zuen Googlek, espazioaren esplorazioa bultzatzeko asmoz. Horretarako, 20 milioi dolar eskaini zituen Ilargira ibilgailu bat bidaltzeko, azalean mugitzeko eta handik irudiak bidaltzeko gai zen lehenarentzat. Eta beste 10 milioi agindu zituen bigarrenarentzat. Alabaina, hamar urte baino gehiago itxaron ondoren (hasieran 2012an zegoen helmuga), lehiaketa etetea erabaki zuen, justu talde batek baino gehiagok bide onetik zihoala iragarri zuenean.

Daniel Marin Arcones Kanarietako Astrofisika Institutuko astrofisikariak hasieratik esan zuen saria ez zela nahikoa halako egitasmo batek behar zuen inbertsioa berdintzeko. “Tamalez, denborak arrazoia eman dit”, adierazi du. Bitartean, gainera, Txinako espazio-agentziak, lehian zebiltzan taldeei aurrea hartu, eta Chang’e 3 zunda eta Yutu ibilgailua bidali zituen Ilargira.

Eta orain ere, Txina da nagusi Ilargia helburu dutenen artean. Hori uste du Marinek berak ere: “Aurten, garrantzitsuena Txinaren Chang’e 4 misioa izango da. Izan ere, ontzi bat Ilargiaren alde ezkutuan pausatzen den lehen aldia izango da”.

Azaldu duenez, horren aurretik Chang’e 5a jaurtitzeko asmoa zuten. “Ilargian laginak hartu eta haiek Lurrera ekartzea zen misio horren helburua, baina ontzia jaurti behar zuen suziriarekin, Martxa Luzea 5arekin, arazoak izan dituzte, eta, beraz, aurreratu egin behar izan dute Chang’e 4a. Bitxia da, Chang’e 5a 4a baino lehenagorako zutelako aurreikusia, baina orain zenbakiak hurrenkera egokian geratuko dira”.

Chang’e 4ak, berriz, suziri arrunta behar du, eta ontzia bera Chang’e 3aren berdina da. Azken hori Ilargiaren azalean dago eta gaur egun oraindik badabil. “Egia esan, Txinako espazio-agentziaren planak motel doaz, baina oso programa sendoa dute. Gainera, beste espazio-agentzia batzuen aldean, interes zientifiko nabarmena du”, dio Marinek.

Daniel Marin Arcones. Astrofisikaria Kanarietako Astrofisika Institutua.

Hain zuzen, hori da Naiara Barrado Izagirre Zientzia Planetarioen Taldeko astronomoaren galdera: “Zergatik jarri da berriro boladan Ilargia? Berez, iaz baino interesgarriagoa da orain Ilargia? Ez, bolada hau politikatik dator, ez zientziatik”.

Zergatik Ilargira?

Barradok argi du: “Esploraziorako grina gure espeziearen ezaugarri nagusietako bat da; beti bilatuko du leku berriak ezagutzea”. Baina leku hori Ilargia izatea Donald Trumpen adierazpen batzuen ondorioa da. Hori uste du Barradok: “Obamak Marte zuen helburu, eta orain, Trumpek, batek daki hari kontra egiteagatik edo zergatik, Ilargira joango direla esan du. Hori bai, horretarako baliabiderik jarri gabe”.

Bat dator Marin: “Zain gaude zer erabaki hartzen duen Donald Trumpen administrazioak. Azken finean, NASA da espazio-agentzia handiena, eta oraindik ez dago garbi zer egingo duen. Deep Space Gatewayk baldintzatuko du guztia, alegia, hura martxan jartzen den ala ez, bide bat ala bestea hartuko du NASAk”.

Deep Space Gateway Ilargiaren inguruan egongo den base bat izango da. Nazioarteko Espazio Estazioko (ISS) kide berberak daude proiektuan, hau da, AEBko, Europako, Errusiako, Japoniako eta Kanadako espazio-agentziak; eta, berez, 2020rako dago aurreikusita. Ilargitik gertu tarteko geltoki bat izatea da haren funtsa.

Marinek gogorarazi duenez, teorian, ISSa 2024an bukatuko da, “nahiz eta ia ziur 2028ra arte luzatuko den”. Edonola ere, haren ordezko bat beharko du NASAk. “Gainera, justifikazioa ere behar du SLS suziria eta Orion ontzia garatzen jarraitzeko”. Iaz Deep Space Gatewayk aurrerapauso handia eman zuen, Obamaren gobernuak erabat geldituta baitzeukan programa hori, eta Trumpek, berriz, bultzatzeko aukera ireki dio NASAri. Hortaz, baliteke aurten jakitea azkenean zer gertatzen den Gatewayrekin”.

Naiara Barrado Izagirre. Astronomoa Zientzia Planetarioen Taldea.

Bitartean, aurten bertan, orbitatzaile bat, ibilgailu bat eta modulu bat bidaliko ditu Indiak. Chandrayaan-2 izena du misioak, eta helburu zientifikoa du. Hala, ibilgailuak bi espektrometro eramango ditu, Ilargiko elementuen konposizioa aztertzeko. Moduluak, berriz, sismografo bat, termometro bat eta plasma (kargatutako ioien geruza) neurtzeko tresna bat daramatza. Azkenik, orbitatzaileak bost tresna daramatza; haietako batek zenbat ur dagoen aztertuko du.

Zientzia, arrazoia ala aitzakia

Dena dela, Naiara Barradoren esanean, zientzia planetarioen ikuspegitik, ez da erraza arrazoitzea zergatik izan behar duen Ilargiak lehentasuna. “Garai batean, esaten zen interesgarria izango litzatekeela teleskopio bat izatea Ilargian. Ilargiaren alde ezkutuan jarriz gero, ez luke Lurraren interferentziarik izango. Baina hori James Webb teleskopioarekin ere lortuko da”.

2019. urterako dago aurreikusita James Webb behatoki espaziala martxan jartzea. Hubblen eta Spitzerren ordezkoa izango da, eta Lurretik urruti egongo da, Lurra-Eguzkia sistemaren L2 puntuaren inguruan, hain zuzen. 6,5 metroko diametroko ispilu bat izango du, eta argi ikusgaian eta infragorri ertainean orain arteko teleskopioek izan ez duten erresoluzioa lortuko du. Horri esker, galaxien sorrera eta bilakaera, zein izarren eta planeten jaiotza ikertzeko datu preziatuak lortzeko aukera izango dute astronomoek.

“Izatekotan, Marterako aurreikusita dauden teknologiak probatzeko eta astronautak trebatzeko balio lezake gizakia Ilargira bidaltzeak”, uste du Barradok. Ez da hori, ordea, NASAren helburua, hori baino lehen Gateway egin nahi baitu. Erabaki horren atzean, SLS suziriaren ahalmena dagoela iruditzen zaio Marini: “SLS suziriak ez du nahikoa indar Ilargiaren azalean estazio bat jartzeko karga eramateko. Txanda batean baino gehiagotan eraman beharko luke, baina horretarako ez dago dirurik. Errazagoa da estazio bat jartzea Ilargitik hurbil”.

Baina, horretarako ere, arrazoiak behar direla ohartarazi du Marinek: “Asmatu behar dute eskifaiarik gabeko misioekin egin ezin den zer egin dezaketen Gatewaytik. Proposamen asko daude, adibidez, ezkutuko aldetik laginak bidaltzea, baina hori Txinak ere egin nahi du, modu automatikoan. Hain zuzen, hori da Chang’e 6aren helburua: alde ezkutura joan eta handik laginak ekartzea; baina urte batzuk barru izango litzateke hori. Agian erabiliko lukete Gateway tarteko geltoki bezala, laginak kontrolatzeko eta aurrena basean analizatzeko. Baina ez du zentzu gehiegirik, batez ere txinatarren programak Gateway egitasmoari aurrea hartzen badio”.

Fengyn 4-01 satelitearen jaurtiketa, Larga Marcha suziri batekin. ARG.: Xinhua.

Kontuak kontu, arrazoi zientifikoek gako izan beharko lukete. “Esaterako, Hego poloko izotz-biltegiak ikertzea. Badakigu izotza, egon, badagoela, baina ez du ematen lehen uste zuten adina dagoenik; funtsezkoa izango da hori argitzea. Horren arabera izango da posible, adibidez, base iraunkor bat jartzea Ilargian”.

Base bat Ilargian

Aspaldiko ametsa da Ilargian base iraunkor bat jartzea. Hau esan omen zuen XIX. mendean Konstantin Tsiolkovski fisikari errusiarrak: “Lurra da gizateriaren sehaska, baina ezin dugu sehaska batean bizi betiko”. Ilargia kolonizatzeaz ari zen.

Ametsa ez da itzali, eta ESAk badu egitasmo bat, “nahiko sendoa”, Marinen hitzetan: “Moon Village izena du, eta orain ESAn agintean daudenek aurrera atera nahi dute, kosta ahala kosta, baina ez dute ez dirurik, ez baliabiderik, ez ezer. Hala ere, NASA erakartzeko balio dezake”.

Hori bai, ez litzateke gauzatuko epe motzera. “Azkar jota, diru eta zorte askorekin, 2030erako izango litzateke, eta hor eragin handia izango du zenbat izotz dagoen Hego poloan. Izan ere, izotzetik oxigenoa eta hidrogenoa atera daitezke, eta horiekin erregaia ere izango lukete. Baina jakin behar da zenbat dagoen, eta zenbaterainoko purutasuna duen, erregolitoarekin nahasita dagoela ematen baitu, eta erauzteko zaila izan daiteke”.

Horrekin lotuta, ikerketa asko egiten ari dira ikusteko nola erauzi eta balia daitezkeen Ilargiko lehengaiak. Adibidez, aspalditik ari dira ikertzen nola atera oxigenoa erregolitotik, baina horretarako energia beharko litzateke eta ez litzateke erraza izango.

Deep Space Gateway basearen irudikapena. ARG.: NASA/Lockhedd.

Barradok, hala ere, ez du uste oztopo gaindiezinak direnik. “Hori denbora-kontua da. Dirua badago, egin daiteke”. Adibidez, gogorarazi du badaudela Ilargiko helio-3a ustiatzeko ikerketak: “Helio-3a oso interesgarria da energia lortzeko, fusio nuklearraren bidez. Lurrean oso urria bada ere, Ilargian ugariagoa da, eta ikertzen ari dira nola ustiatu, energia-iturri gisa”.

Dena dela, Ilargia baino helmuga erakargarriagoa da Marte, bai NASArentzat, baita gainerako beste agentzientzat ere. Horretan ere bat datoz Barrado eta Marin.

Marinen arabera, “logikoa da dirua Marteko misioetara bideratzea, Ilargikoetara baino. Egia da Ilargia tarteko geltoki gisa saltzen dutela; hain zuzen, horrela planteatu du NASAk: lehenik Gateway, gero misioren bat Ilargiaren azalera, eta 2030eko hamarkadaren erditik aurrera, edo 2040aren inguruan, Marte”.

Plan horrek arazo batzuk ditu, ordea. Hasteko, eta horretan ere ados daude Barrado eta Marin, ez dago Ilargitik igaro beharrik Martera joateko. Baina Ilargiak beti pizten du lilura, eta hori ondo dakite egitasmo pribatuak bultzatzen dituztenek. Horren erakusgarri da Space X-ek iaz egin zuen adierazpena, aurten bi turistak Ilargia inguratuko zutela iragarri baitzuen. Horretarako, Falcon Heavy suziria eta Dragon ontzia erabiliko zituela ere zehaztu zuen.

Falcon Heavyren jaurtiketak ikusmin handia sortu duen arren, Marinen iritziz, oraindik ez da frogatu suziria eta ontzia seguruak direnik: “Egin, egin dezakete, baina ez dut uste aurten izango denik; segurtasun-irizpideak eta baimenak falta dituzte”. Hori bai ez du ukatzen prestigio handia emango liokeela. “Jendeak, oro har, ez daki zenbaterainoko aldea dagoen pertsona bat Ilargiaren azalean jartzearen eta haren inguruan itzuli bat ematearen artean”, dio Marinek. Horrenbestez, hori izan daiteke Ilargirako misioak bultzatuko dituen azken arrazoia: ospea. Ia-ia, duela 50 urte bezala.

Moon Village, Ilargiko bizilekua
“Duela mende-erdi errusiarrak lehen aldiz iritsi ziren lekua eta estatubatuarrek lehen pausoak eman zituztenekoa”. Hitz horiekin definitu zuen Ilargia Jan Wörrnerrek, ESAko zuzendari berriak, han base iraunkor bat jartzeko asmoa zuela adierazteko zabaldu zuen oharrean. Izena ere eman zion, Moon Village.
Duela bi urte egin zituen adierazpen horiek. Mundu osoko kideentzat egongo omen zen irekita, eta, ahalegin handia eskatuko zuela onartu zuen arren, garaia dela iritzi zion. “Bere garaian, Apolo misioak erakutsi zuen ezen, konpromisoa badago, posible dela pauso erraldoi bat ematea. Hirurogeiko hamarkadan egin genuen, hamar urteko epean. Orain, teknologia askoz ere garatuagoaz, guztiz prest gaude berriro lortzeko”, adierazi zuen ohar berean Andreas Mongensenek, ESAko astronauta batek.
Europar Batasunarekin batera, AEBk, Errusiak, Txinak, Indiak, Japoniak eta, neurri txikiago batean, beste herrialde batzuek hartuko lukete parte. Nolabait, ISSaren jarraipen bat izango litzateke, abantaila batekin: Ilargiak dituen baliabideak ustiatuta, aukera legoke behar diren lehengai guztiak handik lortzeko.
Moon Village basearen irudikapena. ARG.: ESA/Foster eta kideak.
Arazoak ere baditu, ordea: batetik, ez dakite zehatz zer-nolako baliabideak dauden, ezta zenbat edo zer egoeratan dauden ere; bestetik, Ilargia ez da oso leku abegikorra: erradiazio kosmikoa eta Eguzkiarena jasotzen ditu, sarritan mikrometeoritoak erortzen dira, eta tenperaturak muturrekoak dira.
Horrenbestez, babesteko kupulak diseinatzea izan da lehen lanetako bat. Aidan Cowley zientzialariak gidatzen du ikerketa, eta, zehaztu duenez, Ilargiaren zoruko harriak eta hautsa, erregolitoa, izango dira lehengaia. Pausoak hauek izango omen dira: ibilgailu autonomo bat bidali Ilargira, hark kupula puzgarri bat jartzea azalean, eta, hura oinarri hartuta, astronautek basea eraikitzea, erregolito-geruzak gehituz. Sumendien inguruetan ari dira egiten probak, adibidez, Eifel parke bolkanikoan (Alemania), hango lurra Ilargikoaren antzekoa baita.
Eifeletik Ilargirako bidea, inoiz egiten bada ere, luzea izango da. Egitasmoaren aurkezpenean, ESAko zuzendariak aitortu zuen gutxienez hogei urte beharko direla. Ez du etsitzen, ordea: iaz berretsi zuen asmoa bizirik dagoela: “Bada Ilargian base bat jartzeko garaia; denok elkar hartuta lortuko dugu”.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila