Ideogramak eta piktogramak

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Txina da eredu. Han letrarik gabe idazten dute; karaktere-mota asko erabiltzen dituzte, ordea, ideiak eta kontzeptuak marrazteko, eta, beraz, zeinu grafiko asko eta asko behar dituzte adierazi nahi duten guztia idatzi ahal izateko. Horregatik, idazkera txinatarraz jabetzeko prozesua zaila da oso. Alde horretatik, mendebaldeko letrak eraginkorragoak dira idazkera-sistema gisa. Baina bi idazkerak ematen duen baino gertuago daude elkarrengandik.
Ideogramak eta piktogramak
2006/02/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: G. Roa)
Ume bat eta teilatu bat; bi elementu horien marrazkiak elkartuta sortu zuten txinatarrek zaindu aditza adierazten zuen ikurra: ume bat teilatu baten azpian. Denborarekin, ikurraren itxura aldatu egin zuten; ertzak zorroztu eta hainbat marra kendu zituzten, itxura sinpleagoa eta modernoagoa emateko asmoz; itxura ez ezik, ordea, ikurraren esanahia ere aldatu zuten, eta, gaur egun, teilatupeko umearen ikurra ideograma adierazten duen karakterea da.

Adibide bat besterik ez da, baina oso adibide adierazgarria. Argi azaltzen du nola adieraz daitekeen ideia bat ikur bakar bat erabilita. Ikur bat, kontzeptu bat. Ez dirudi oso idazkera-sistema eraginkorra, milaka kontzeptu adierazteko milaka ikur edo karaktere behar baitira. Hala ere, beste mota bateko adibideak ere badira txineran.

Adibide horietako sinpleena piktograma da: karakterea adierazi nahi duenaren marrazkia da. Dortoka adierazteko ikurra, esaterako, dortoka baten marrazkia da (jakina, denboran zehar eraldatuta). Ideogramak konplexuagoak dira, marraztuta dagoenaz gain istoriotxo bat erabiltzen dutelako ideia abstraktu bat adierazteko. Teilatupeko umearen ikurra halakoa da, bai eta argitasuna adierazteko erabiltzen dutena ere: Ilargia eta Eguzkia elkarren ondoan jarrita.

Abantaila argi bat daukate bi ikur-mota horiek. Ahoskerarekin lotuta ez daudenez, hau da, hots jakinei ez dagozkienez, txineraren edozein dialektotarako balio dezakete. Dialekto bakoitzean modu batera ahoskatu arren, denek irakur dezakete idatzitakoa. Ideogramak eta piktogramak unibertsalak dira edo izan daitezke. Hala ere, txinerak ez ditu piktogramak eta ideogramak bakarrik erabiltzen.

Fonetika tartean

(Argazkia: G. Roa)

Hotsak kodetzen dituzten ikurrak ohikoak dira txineran, ikur guztietan ohikoenak, hain zuzen ere. Bi sinbolok osatzen dituzte; lehenengoak esanahia ematen dio ikurrari eta bigarrenak adierazten du nola ahoskatu behar den.

Ama adierazten duen karakterea horren adibidea da. Itxuraz ikur bakarra da, baina bi zati ditu: ezkerraldekoa emakumea -ren ikurra da; eskuinekoaren esanahia, aldiz, zaldia da berez, baina kasu honetan balio fonetikoa du: /ma/ ahoskatzen da, eta kasu horretan adierazten du ikur osoa irakurtzen dela /ma/. Beste adibide bat tximeleta adierazten duen karakterea da: ezkerraldeko sinboloa intsektuarena da eta eskuinekoa /hu/ ahoskatzekoa.

(Argazkia: G. Roa)

Konbinazioaren bide horretatik osatzen dira txinerako hiztegietan agertzen diren karaktereen % 90, baina badira beste hainbat karaktere-mota ere: besteak beste, karaktere 'adierazleak' dituzte, gainean eta azpian adieraztekoak, esaterako (jakina, karaktere guztiek adierazten dute zerbait, baina piktogramen eta ideogramen bidez idazten ez diren kontzeptuak idazteko balio dute hauek).

Hizkuntza guztietan bezala, maileguzko hitzak ere badituzte. Kasu horietan, ia beti, karaktereak konbinatzen dituzte esanahi berriak adierazteko. Ordenagailua adierazteko, adibidez, garunaren eta elektrizitatearen ikurrak konbinatu dituzte: garun elektrikoa. Erraza eta argia da, eta, modu horretan, ordenagailuaren karaktereak ez du eskatzen ahoskera berririk ikastea. Argi geratzen da karaktere horretan txineraren eboluzioa: hasieran kalkulatzeko makinatik jo zuten, baina, denborarekin, garun elektrikoa hobetsi zuten, ulergarriagoa zelako.

Trikimailu fonetikoak ere erabiltzen dituzte maileguak egiteko. Washington hitza idazteko, adibidez, /wah/, /sing/ eta /dun/ silabei dagozkien hiru karaktere fonetiko konbinatzen dituzte. Zer esanik ez, mendebaldeko hizkuntzek hainbat hitz txinatar mailegatu dituzte bide beretik, tifoia esate baterako.

Txinatik at

(Argazkia: G. Roa)
Idazkera konplexu hori ez da Txinan bakarrik erabiltzen. Txinera oso zabalduta dago, besteak beste Txinaren mendeko diren edo izan diren herri askotan, baina horrek ez du esan nahi hizkuntza berdin-berdina denik guztietan. Politikak zerikusi handia du horretan. Hizkuntza sinpleagoa lortu nahian, eta batasun-ideia hizkuntzaren bitartez zabaltzeko asmotan, hainbat sinplifikazio proposatu zituzten XX. mendean zehar, bai nazionalistek bai eta komunistek ere. Txinan eta Singapurren erabiltzen dituzte forma sinplifikatu horiek, baina Hong Kongen, Taiwanen eta itsasoaz haraindiko komunitate txinatarretan sistema tradizionalari eusten diote.

Japonian eta Korean karaktere asko hartu dituzte idazkera txinatarretik; Kanji eta hanja izena dute hango sistemek, hurrenez hurren. Sistema horietako ideograma askok eta askok 'eboluzionatu gabeko' forma zaharrarekin iraun dute herri horietan, eta beste batzuk han bertan sortutakoak dira. Baina, horrez gain, herri bietako idazkerek silaba fonetikoen sistemak erabiltzen dituzte, asko sinplifikatu diren ideogramak, azken batean.

Japonian, bi sistema erabiltzen dituzte, hiragana eta katakana izenekoak; azken hori maileguzko hitzekin erabiltzen dute batez ere.

Ekialdeko herrietako idazkerak, beraz, ez dira ideograma hutsak, hitzen alde fonetikoa ere oso landuta dute. Txinan ere ahalegin berezia egiten dute hotsak kodetzeko, eta ez da harritzekoa; hizkuntzak oso aldakorrak dira eta idazkera azkar egokitu behar zaie, eta lan horretan asko laguntzen dute silabek eta letrek.

(Argazkia: Ondo ikusteko jo PDFra)
Letrak izatea, alfabeto bat izatea alegia, oso baliabide garrantzitsua da. Letra gutxi batzuk besterik ez da behar milaka kontzeptu idatziz adierazteko. Azken batean, hotsekin jokatzea abstrakzio-maila baten ondorioa da, eta hori eraginkorragoa da karaktere askoko sistema bat baino, ikuspuntu 'matematiko' batetik ikusita, behintzat. Zenbakitan jarrita ederki ikusten da alfabetoen eraginkortasun hori.

Karaktere-kopurua

Txinako Qing dinastiaren hasieran, XVII. mendean, 50.000 karaktere bildu ziren hiztegi batean. Gero, urteekin, kopuru hori asko murriztu zen. Gaur egun, txinatar kultu batek 6.000 karaktere inguru ezagutzen ditu, eta ordenagailu-sistemek 6.500 dituzte kodetuta, gutxi gorabehera. Hong Kongen eta Taiwanen kopuru hori bikoitza da, 13.000 karaktere ingurukoa.

Mendebaldeko idazkeretako alfabetoek ez dituzte hainbeste karaktere. Normalean, 27 letra maiuskula erabiltzen dituzte, 27 minuskula, 10 zenbaki-ikur, puntuazio-ikurrak (puntua, koma, galdera-ikurra eta abar) eta hizkuntza bakoitzaren berezko ikurrak (azentuak direla edo letra bereziak direla eta abar). Gainera, azken urteotan sortu edo, behintzat, barneratutako sinboloak ere agertzen dira, @ kasu (agian, horiei matematikako ikurrak eta horrelakoak ere gehitu beharko genizkieke). Horiek guztiak kontuan hartuta ere, 100 karaktere inguru erabiltzen dituzte mendebaldeko idazkerek; eta kopuru horrekin ia edozein kontzeptu adieraz dezakegu idatziz.

(Argazkia: G. Roa)

Ikuspuntu horretatik ez dago zalantzarik: mendebaldeko alfabetoak ekialdeko karaktere-sistemak baino askoz eraginkorragoak dira. Seguru asko egia da hori, eta horregatik ari dira ekialdeko idazkerak sinplifikatzen eta, tradizioak uzten duen heinean, ikur edo karaktere fonetikoak barneratzen. Baina gauzak ez dira hain sinpleak.

Mendebaldeko piktogramak

Mendebaldeko herrietan ideogramak eta piktogramak ohikoak dira, nahiz eta gehienak idazkeratik kanpo erabiltzen ditugun.
G. Roa
Mendebaldeko idazkerari erreparatuz gero, erraz aurkitzen dira piktogramak eta ideogramak. Zenbakiak, adibidez. Jatorrian, zenbakiek angelu zorrotzen bitartez adierazten zituzten kantitateak. Zerok ez du angelurik; batak angelu zorrotz bakarra du; biak bi angelu zorrotz eta abar. Piktograma hutsak dira. Denborarekin biribildu egin dira, eta angelu zorrotzak desagertu egin dira, baina esanahiak gaur arte iraun du, txinatarren dortokaren piktogramak bezala. Hain zuzen ere, zenbaki piktografikoek arrakasta handia izan dute Txinan ere. Argi dago 3 ikurra hiru hitza baino eraginkorra dela kasu askotan; hizkuntzaren arabera, hiru idatziko dugu, edo tres, trois, three, drei, tre edo três , baina hiztun horiek guztiek ulertzen dute 3 ikurra.

Horrez gain, mendebaldeko jendea piktogramaz eta ideogramaz inguratuta bizi da. Oinezkoentzako semaforoetan bi ideograma izaten dira: batek errepidea zeharkatzeko baimena ematen du eta besteak debekatu egiten du. Ez dira araututako ideogramak, baina ulertzen dira. Komuneko ateetan jartzen diren gizonezkoen eta emakumezkoen marrazkiak ere ideogramak dira, azken batean. Eta beste adibide-piloa dago.

Izan ere, mendebaldeak ere badu ideogramen eta piktogramen beharra. Idazkera-sistema baten barruan daude, ez beti araututa, eta ez beti testu baten barruan erabiltzeko, baina badaude. Teilatuaren azpiko umea, ideograma alegia, mundu osoan dago ikusgai, betiere, lekuan lekuko beharretara egokituta.

22
Roa Zubia, Guillermo
3
217
2006
2
034
Bestelakoak
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila