1920. urterako milaka eguzki-sistemaz osatutako hiru galaxia ezagutzen ziren: geurea, Esne-bidea, eta Magallaes-en Hodei Handia eta Txikia, hirurak ere begi hutsez ikusteko modukoak. Baina, horiez gain, bazen begi hutsez ikus zitekeen beste egitura bat ere: Andromeda nebulosa edo hauts-hodeia. Horregatik, garai hartako aurrerapenik handienetako bat izan zen Andromeda ere galaxia bat zela konturatzea.
Hubblek Kaliforniako Wilson Mendiko teleskopioekin lan egiteko aukera izan zuen. Teleskopio haiei esker, Hubblek Andromeda galaxia oso urruti zegoela kalkulatu zuen, bi millioi argi-urte baino urrunago. “Hain urrun egonda ere begi hutsez ikusten bada, galaxia horren handitasunaren seinale da hori”, pentsatu zuen. Hala, Andromeda Esne-bidea baino lau aldiz handiagoa zela jakin zuten.
Edwin Powel Hubble.Horrek unibertsoaren garaiko kontzeptua aldarazi egin zuen, ezinbestean: ezagutzen zituztenez gain beste hainbat galaxia egon zitezkeela onartu behar izan zuten. Gainera, horrek esan nahi zuen unibertsoa uste zutena baino handiagoa zela.
Hubble, pixkanaka, Andromeda bera baino urrunago zeuden galaxiak aurkituz joan zen, teleskopio handiei esker. Teleskopioak hobetu ahala, lehen ikusten ez zituzten egitura gehiago aurkitzen zituzten zeruan. Horrek unibertsoa infinitua izan zitekeela pentsatzera eraman zituen astronomo asko, hau da, amaierarik ez zeukala.
Bistakoa da garai hartan astronomia eta kosmologia asko aurreratu zirela. Bada, aurrerakuntzarik emankorrenetako bat Doppler efektuaren erabilera izan zen. Izan ere, unibertsoa hedatzen ari zela jakin baitzuten hala. Izarren argiaren Doppler efektua erabiltzen ikasi zuten astronomoek, kolorearen eboluzioaren arabera Lurrera gerturatzen ala urruntzen ari den jakin baitaiteke.
Hubble teleskopioak ateratako irudia: galaxia binario bat. (Argazkia: NASA).Hubblek ere atera zion etekinik Doppler efektuari, eta ohartu zen galaxia bat zenbat eta urrunago egon orduan eta abiadura handiagoan urruntzen zela, hau da, abiadura eta distantziaren arteko erlazioa lineala zela. Hala, A galaxiara dagoen distantzia B galaxiara dagoenaren bikoitza bada, A bi aldiz azkarrago ari da urruntzen B baino. Erlazio hori definitzen zuen konstante bat zehazten saiatu zen: hain ezaguna den unibertsoaren zabalkuntzaren konstantea edo Hubbleren konstantea. “Izarraren argi-koloreak adierazten du izar hori urruntzen ala gerturatzen ari den, zer abiaduratan dabilen eta zer distantziatara dagoen”, zioen Hubblek.
Doppler efektuari esker, zeruan ikusten zituzten izarrik gehienak urruntzen ari zirela jakin zuten. Horrek zer pentsatu handia eman zien astronomoei. Izan ere, denboran atzera eginez gero, garairen batean agian unibertso osoa bat eginda egongo zela pentsatzen hasi ziren. Unibertso osoko materia guztia puntu bakarrean pilatuta egonik, Lurrean ez dauden kondizioak (tenperatura eta presioa) egon behar han, derrigor.
Hubble k Andromeda galaxia bat zela ikusi zuen. (Goiko argazkia: NASA).Horretaz gain, bat eginda zegoen materia hura sakabanatzen hasiko zen noizbait. Horrek, alde batetik, Big Bang-aren teoria eta unibertsoaren sorrerari buruzko beste hipotesi batzuk plantearazi zizkion zenbaiti; bestetik, unibertsoak adin bat zeukala pentsarazi zien. Unibertsoaren adina galaxien urruntze-abiaduraren bitartez kalkulatu zuten.
Kalkulu horien arabera, unibertsoa duela bi mila miloi urte jaio zen. Eztabaida ugari sortu zen datu hori zela eta. Izan ere, geologoek Lurraren adina kalkulatuta zeukaten (hiru mila miloi urte), eta, noski, Lurra ezin zitekeen unibertsoa bera baino lehenago sortua izan. Argi zegoen batzuk ala besteak erratu egin zirela kalkuluak egiterakoan.
Geologoek arrazoi zutela erakutsi zuen denborak, eta unibertsoa askoz ere zaharragoa zela onartu behar izan zuten astronomo tematienek. Gaur egun, unibertsoak 10-20 mila miloi urte dituela uste da, Big Bang teoriaren arabera. Teknikak hobetu ahala, adina zehaztu ahala, unibertsoa jaio zen unera gerturatuko gara, baina zehatz-mehatz ezingo da inoiz jakin. Hala ere, astronomoek zerura begira jarraitzen dute, inguratzen gaituen guztiaren jatorriaren bila.