Azpeitiarrak dira behe-debatarren eta zestoarren arteko gaur egungo konponezinaren nolabaiteko “errudunak”, bi gazte azpeitiarrek aurkitu baitzuten Ekaingo altxorra 1969. urteko ekainean, Aranzadi Zientzia Elkarterako lanean zebiltzala. Kobazuloaren inguruan laginak ateratzen ari zirela, zulotxo batetik haize hotza irteten zela ohartu ziren. Antza denez, atzerago zulo handiagoa dagoenaren seinale. Zulotxoa zabaldu eta bertatik sartu ziren narrasean. 20 metro inguru egin zituzten era horretan, zuloa apurka-apurka zabalduz zihoan bitartean. Bat-batean, barruko horma batean zaldiak eta beste hainbat figura aurkitu zituzten margotuta, Ekaingo altxorra. Aranzadi elkarteko J.M. Barandiaranek eta J. Altunak kobazuloa bisitatu eta margoak ikusi ondoren, Ekain ixteko erabakia hartu zuten.
Denborak eta Altamira edo Lascaux-en gertatutakoak, Ekain ixtea har zitekeen erabakirik onena izan zela argi erakutsi dute, baina orduan ez zuen ez kritika gutxi sortu. Kultura lapurtzen ari zirela, turismoa erakartzearen kontrako neurria zela… horrelakoak entzun behar izan zituzten Barandiaranek, Altunak eta konpainiak. Santimamiñe, Galdamizko Arenaza, Orioko Altxerri, Arabako Solacueva… jende guztiarentzat zabalik egotearen ondorioz hondatu den ondarearen adibide dira; Ekain, berriz, eredugarri da ondarea zegoen bezala gordetzeko lan horretan. Izan ere, Ekaingo pinturen labar-multzoa eta bera hartzen duen zuloa egun berean aurkitu zirenez, ez da tartean aukerarik egon norbait sartuz zerbait hondatu zedin.
1969. urtetik hona ezer gutxi aldatu da Ekainen. Hasiera-hasieran jarritako burdinazko bi ateak han daude oraindik, Aranzadiko norbait sarri-sarri joaten da ateak ikuskatzera, ez da sekula argindar finkorik jarri, bisita-kopurua eta adina (18 urtetik gorako 6 lagun) mugatuak dira, linternak erabiltzen dira eta bisita Aranzadiko gida batek zuzentzen du.
Hartutako neurriei esker, Ekaingo labar-arteak ez du inolako gaitzik jasan behar izan, ez zuririk ez berderik eta ezta beste edozein koloreko gaitzik ere.
Labar-artean bi motako kalteak sortzen dira kobazuloetara egindako bisiten ondorioz, gaitz berdea eta gaitz zuria izenarekin ezagutzen direnak. Gaitz berdea bisitarien arropetan eta oinetakoetan alga, goroldio, onddo, edo bakterio-esporak sar daitezkeelako sortzen da. Espora horiek kolonietan antolatzen dira eta ugalduz joaten dira; batzuetan argiaren beharrik gabe (onddoak eta bakterioak); beste batzuetan, argiak eta bisitariek sortzen duten karbono dioxidoaren laguntzaz (algak, goroldioa). Koloniak ziklo klorofilikoa osatuz, kobazuloetako hormak berdez jazten dituzte, margoak estaltzeraino. Antibiotikoen, fungiziden edo algiziden bidez egiten zaio aurre gaitz berdeari.
Gaitz berdea baino askoz ere kaltegarriagoa da gaitz zuria , margoak ukitu barik ezin baitzaio aurre egin. Kararrizko hormaren gainean kararrizko kristaltxoak jartzen direnean sortzen da gaitz zuria . Kobazuloetan kaltzio karbonato eta bikarbonatoen arteko erreakzioak berez gertatzen dira, baina bisiten ondorioz, tenperaturak gora egiten duenez eta karbono dioxidoa sortzen denez, erreakzioak aldatu eta kristaltxoak agertzen dira. Lascaux-eko kobazuloan gertatutakoak jarri zuen agerian bisiten eta margoen gaitzen arteko harremana.
Bere sasoian hartu ziren neurriak hartu izanagatik, gaitzik ez du Ekainek; erakusteko asko bai, ordea. Ekaingo kobazuloa oso ezaguna bihurtu da historiaurreko ikerketa-arloan, bertan dauden labar-arteko irudiengatik. Paleolitoa aztertu nahi den edozein lanetan ezinbesteko omen dira Ekaingo pinturak. Guztira 70 irudi daude Ekainen, 64 margo eta 6 grabatu. Gainera, pintura batzuek grabatu-lana ere badute. Pintura gehienetan kolore beltza erabili den arren, bost pinturetan okrearekin nahasita ikus daiteke. Zaldia ageri da gehien, bisonteak ere sarri; oreinak eta basauntzak ikus daitezke, izokin bat, eta azkenik, hartz pare bat. Adituek diotenaren arabera, pinturak Erdi eta Goi Madeleine aldikoak izango lirateke, duela 12.000-15.000 urtekoak.
Hainbeste erakusteko, …eta ikusteko hain aukera murritzak? Argi dago Ekain ixteko erabakia zuzena izan zela; zabalik utzi izan balitz, behar bada, gaur egun ez litzatekeelako zer ikusirik egongo. Hala ere, altxorra gordeta edukitzeko erabakiak kontraesan punttu bat ere izan dezake; zeren eta inork ikusi behar ez baditu, zertarako gorde? Aranzadi Zientzia Elkartekoek aitortzen dutenez gero eta jende gehiagok egiten du Ekaingo kobazuloa bisitatzeko eskabidea. Bestalde, gazteendako (interesa izan edo ez) itxita daude Ekaingo ateak, ez baita 18 urtetik beherakoen bisitarik onartzen. Hortaz, ondarea zaintzea eta ondarea zaintzen irakastea denon lana bada, zergatik ez eman denei aukera berdina? Horrelako pentsamenduen artean zebiltzala, primeran etorri zaizkie Aranzadikoei kobazuloen errepliken arloan gertatu diren aurrerapausoak. Baita gordetzeko asmo horrekin agertu diren bi proiektuak ere.
Hala ere, zestoarren eta behe-debatarren desadostasunak hortik datoz. Izan ere, jendeak bisita dezan, bakoitzak bere herritik gertu nahi du kobazuloaren erreplika, eta bakoitzak du bere proiektua.
Deba Behereko udalek bailara krisialditik irteten laguntzeko aukera ikusi dute Ekaingo proiektuan, turismoa indartzeko esperantza. Horretarako balizko bisitarientzat 40 hektareako natur ingurunea eta arlo desberdinak jasoko lituzketen lau eraikuntzako proiektua prestatu dute, balizko bisitariak egun oso bat bertan igarotzeko moduan jarrita.
Proiektuaren arabera, harrera egiteko eraikin bat egingo litzateke, erreplika gordeko lukeen 1.374 metro karratuko beste eraikin bat, arkeologi eta estetika-erakusketen zentroa, abangoardia berrien erakusketa-zentroa, eta azkenik, mitologia- eta espresio-tailerraren zentroa. Aurreko guztia Astigarribiako haranean kokatuko litzateke, Deba ibaiaren ezkerraldean eta Mutrikuko lurretan, herrigunetik lau kilometrora.
Zestoarren proiektua Sastarrain auzoan garatuko litzateke, jatorrizko kobatik 500 metrora eta herrigunetik kilometro ingurura. Zestoako proiektuak dioenez, Sastarrain osoaren babesa orain gutxi onartu den plan berezi batean sartuko litzateke, kobazuloaren ingurunea bere hortan gordetzeko. Erreplikan, zaldien galeriako pinturak, hartz-multzoa eta hartzen galeriaren ingurunea, eta zaldi baten burua egingo lirateke. 500 milioiko aurrekontua Sastarraingo gune babestua gorde, kobazuloaren erreplika egin, eta Lili jauregia museo bihurtzeko. Ekaingo erreplika, bainuetxearekin, Loiola alde batetik eta kostaldea bestetik oso gertu edukitzearekin, eta orain gutxi aurkitu den Iriakaitzeko haztarnategiarekin batera, interes-gune bat gehiago izango litzateke Zestoarentzat.
Eguneroko prentsek azkenaldian argitaratu dituzten berrien arabera, badirudi Zestoako proiektuak egingo duela aurrera. Eta egia da eztabaida berri izan dela, eta eztabaida egon hor dagoela, baina artikulu honen asmorako horrek ez du ezer asko esaten, helburu nagusia kobazuloen erreplikak egiteko teknika azaltzea baita.
Ondarea babesteagatik eta jendeari ezagutzera emateagatik egiten dira erreplikak, hots, kultura zabaltzeagatik. Kobazulo baten lehen erreplika 60. hamarkadan egin zen, alemaniarrek Munich-eko “Deutsches Museum”-erako Altamirako kobaren zati baten erreplika egin zutenean. Espainiako gobernuak eman zien erreplika egiteko baimena alemaniarrei, baina trukean Madrilgo Arkeologi Museoaren lorategi azpian beste bat egin behar izan zuten. Ondorengo erreplika Frantzian egin zen, Dordoniako Lascaux-en 1990en bueltan. Oso kopia leiala da, lurrazpian egina. Airea jatorrizko kobaren tenperatura berean dago, eta musikaren bidez historiaurreko kobek zeukaten tanta-jarioa gogorarazten da.
Apur bat beranduago Niauxko kobazuloaren erreplika egin zen Tarascon-en, Frantzian, baina kasu honetan museo baten barruan. Aipatutakoak, orain arte egin diren erreplikak dira. Dagoeneko martxan dagoen proiektua da Altamirako erreplika, museo baten barruan egingo da hau ere. Baina proiektu honek badu berezitasun bat, orain artekoek ez bezala, Altamirako erreplikan koba barruaz gain, garaiko lurraren baldintza geofisikoak eta pinturak egin zituen jende hark zapaldu zuen landaredia erreplikatu nahi da. Laster jakingo da Ekaingoarekin horrelakorik egiterik egongo den edo ez.
Arte-, zinema-, eta antzerki-munduaren dekoratuetako berezitasunak bilduz, Fac-simile izeneko teknika erabiltzen da kobazuloen erreplikak egiteko. Fac-similearen bidez obra zaharra berregiten da, tamaina errealean eta hiru dimentsiotan. Argazkigintza dago fac-simile teknikaren oinarrian. Teoria oso sinplea bada ere, datuak ongi biltzean dago lehen zailtasuna. Ondoren kobazuloko hormaren argazkia tailerrean proiektatzen da, erreplikaren hormaren gainean, ikuspuntuaren neurri biak errespetatuz (fokala eta posizionala), eta deformazio barik; hau da, tamaina eta itxura naturalean. Kalko bat egitea bezala litzateke, bai horma berregiteko eta baita margoak eta grabatuak berregiteko ere.
Horma bera berregiteak bi fase ezberdin izaten ditu: batetik, bolumen eta erliebe orokorren kopia; bestetik, hormaren berriztapen minerala. Lehen fasea egiteko estereofotometriaz (argazkigintza-teknikaz) baliatzen dira, estratifikatutako poliester-moldeak eginez. Moldeak arinak eta desmuntagarriak dira. Berriztapen mineralerako, lehen fasean ateratako moldearen gainean egiten da lana. Mineral naturaletan oinarrituta (area, buztina, silizea…) konposizio akrilikoak sortzen dira, manejatzeko errazak, moldeatzeko teknika denak onartzen dituztenak, kolore-gama osoa erabiltzea ahalbidetzen dutenak, zuzenketak egitea onartzen dituztenak, eta ikusi ezin diren loturak egiteko modukoak. Emaitza, errealismo eta fidagarritasun osoa gordetzen duen horma; horma, eta aldi berean, denbora luzez iraungo duen moldea, tailerrean egin, lotu, eraman, erakutsi behar den tokian jarri, eta ondo baino hobeto egokitzen dena.
Behin hormaren kopia eginda, margoen eta grabatuen kopia egin behar da. Kasu honetan ere, proiektatutako irudia erabiltzen da, lan originala fac-similaren gainera botata. Kolore originalak errespeta daitezen, historiaurreko artistek erabilitako kolorante berdinak erabiltzen dira: lurra, ikatza eta oxido naturalak. Berriztatzeko tresnetan, berriz, denetarik, pintzel finenetatik hasita ordenadore modernoeneraino: pintzelak lan zehatza egitea ahalbidetzen du; ordenadoreak, berriz, argazkiaren gaineko informazio gehiago eman dezake, irudia puntuz puntu zatituz eta ñabardura bakoitza isolatuz. Modu berean egiten dira grabatuak, molde akrilikoetan erraz egin daitezkeelako mota guztietako ebakidurak.
Adituen ustez teknika honek ikerkuntzarako du meritu gehien, lana bera egiterakoan zein baldintzatan egin zen ikus daitekeelako, baina hori baino gehiago ere bada. Izan ere, honelako tekniken bidez, orain arte gutxi batzuentzat gordeta egon den zerbait denon begien aurrean jartzen da. Eta iragana, etorkizuna bezala, denona izanda, denontzat da beharrezko. Txepetxek horretaz badaki zerbait.