Hipokrates, medikuntzaren oinarria

Jesukristo jaio aurreko V. mendean Medikuntza Hipokratikoa sortu zen, Kos eskolaren bitartez. Kos, Hipokratesen jaioterria da; oraingo Turkiatik hurbil dagoen irla txiki bat. Eskola horretako ikasleek “Corpus Hipocraticum” liburua idatzi zuten, bertan bere Maisuaren ezagumenduak bildu zituztelarik. Beren meriturik garrantzitsuena gaixotasunen berezitasunak eta ondorioak sistematikoki ikastea izan zen. Ordurarte Medikuntzak azalpen mitikoa zuen, gaixotasunak jainkoen zigor bezala hartzen zirelako, baina orduan Medikuntza zientifikoari hasiera eman zitzaion.

Garai haietan gaixotasuna goiko jainkoen zigorra zenez, osasunera bihurtzeko ahalmena sorgin eta aztiek zeukaten. Hauek supergizakitzat jotzen zirenez, jainkoen maltzurkeriak deusezteko zeregin erritualak burutzen zituzten. Beraz gaur diagnostikotik ezagutzen duguna haiek igarkizuntzat zeukaten, gure iragarpena seinaletzat zeukaten eta oraingo botika edo tratamenduak garai haietako pozoi edo konjurioak ziren.

Filosofia jaio zenean, Natura arrazionalki ikasteari ekin zioten. Filosofoak bizitzaren zergatiak eta legeak Naturan bilatzen saiatu ziren. Naturaren arau batzuk aurkitu zituztenean, Munduaren azalpen mitikoa hausten hasi zen. Aro horretako filosofo nagusiak (Aristoteles, Pitagoras eta Platon) Natura arrazoiaren ikuspuntutik azaltzen hasi ziren. Orduko Agrigentoko Enpedoklesek, Naturak lau oinarri-elementu zitueneko teoria azaldu zuen.

Teoria horretan bizidun guztiek 4 osagai zeuzkaten: ura, lurra, sua eta airea. Teoria hau Aristotelesek onartu egin zuen. Poliriok, Hipokratesen suhiak, bizidunen izaera Humore-teoriaren bidez azaldu nahi izan zuen, aurreko elementuen teoriarekin erlazionaturik. Humore bakoitzari oinarri-elementu bat dagokio: lurra humore fisikoari, ura humore likidoari, sua humore energetikoari eta airea humore gaseosoari. Humore bakoitzean elementu bat da nagusi, besteak ere barne daudelarik.

Aurreko teoriaz baliaturik, Hipokratesek bere teoria tipo-biologikoa asmatu zuen. Teoria hau Medikuntzari aplikatu zion; bere 4 humoreko teoria alegia. Humore bakoitza elementu ezberdinen nahasteaz osotzen da, elementu bat nagusi delarik. Modu honetan, behazun beltzean lurra da elementu nagusia, eta tipologia melankolikoari dagokio. Behazun horian sua da menperatzaile eta behazun-tipologiari dagokio. Odolean haizeak agintzen du eta odoltsuei dagokie. Guruin pituitarioan urak; patxadatsuei dagokienak. Humore baten nagusitasunak, eraketa-berezitasun batzuk sortuko ditu, bai alor fisikoan eta bai psikikoan.

Era berean, eritasun berezi batzuk jasateko erraztasuna izango lukete. Patxadatsuak adibidez, argalak eta depresiokorrak izango lirateke, eta pneumonia jasateko gaitasuna izango lukete. Hiprokratesen ustetan, eritasuna humoreen desorekagatik sortzen da; bai gehiegi dagoelako eta bai gutxiegi dagoelako. Humoreen proportziorik ezak beraiek desegitera bultzatzen ditu, usteltze-prozesu baten eraginez. Gaixotasunak sendatzea, orekara itzultzea da; falta dena emanez edo gehiegi dagoena kenduz.

Gizakiaren osatze-prozesuari edo orekara itzultzeko ahalmenari, Phisis deitu zion. Phisis delakoa autorregulazio edo homeostasi bezala itzul daiteke. Phisis edo senda-indar hau eritasuna osatzeko nahikoa ez denean, Hipokratesek bizimodu osasuntsuaren neurriak aplikatu behar direla esan zuen, hau da, Dietetika egin behar zela. Bizimodu osasuntsuaren ohiturak edo Dietetikak, bost atal nagusi ditu: elikadura, bizimodu aktiboa, lanbidea, egoera ekonomikoa eta herri bakoitzeko berezitasunak.

Elikaduraren desorekak gaixotasuna sor dezake; bai gehiegikeriagatik (adibidez obesitatea) eta baita urritasunagatik ere (abitaminosiak adibidez). Atal honetan medikuaren lana nabaria izan daiteke; helburu teraupetikoz dieta berezi batzuk aginduz, esaterako.

Bizimodu aktiboaren osagarriak, gimnasia, kirolak, paseoak, indarrezko lehiaketak etab. dira. Osasunaren gizarte-alorra kontutan hartzen zuten hipokratikoek, nahiz eta oraingo kontzeptu moderno bat dirudien. Dietetikaren azken osagaian (herri bakoitzeko berezitasunetan), Hipokratesek eguraldia, geografia, erlijioa eta kultura hartzen zituen kontutan.

Gaixo baten phisia edo senda-indarra eta medikuak agindutako neurri dietetikoak nahikoa ez balira, Terapeutika erabili beharko dugu. Teraupetika gaixotasunen tratamendua da eta hiru motakoa izan daiteke: Terapeutika mentala, fisikoa eta kimikoa.

Terapia mentala edo osasun-heziketa, gaixoaren heziketa da. Gorputza osatu aurretik arima osatu behar dela esan ohi da. Hipokratesek gaixoak medikuari hiru modutara lagun diezaiokeela esan zuen: bere senda-indarrarekin, bere obedientziarekin eta bere inteligentziarekin. Atal honetan tratamendu psikologikoak, psikoanalisia, hipnosia, etab. sartuko lirateke.

Terapeutika fisikoak elementu fisikoen bidez eragiten diren tratamenduak hartzen ditu bere baitan: magnetoterapia, hidroterapia, helioterapia, ...

Terapeutika kimikoa botiken tratamenduei dagokie eta hau da gaur egun Medikuntzan nagusi dena. Botikak iturri desberdinetatik datoz: landaretatik, animaliengandik edo mineraletatik. Botikak lau helbururekin erabil daitezke.

Lau helburuok lau terapeutika-mota mugatzen dituzte:

  1. Antipatia edo kontrakoaren terapeutika. Adibidez, sukarra jaisteko antitermikoak erabiltzea. Gauza bera esan dezakegu antibiotikoei buruz.
  2. Alopatia edo efektu desberdinen terapeutika. Hauek ez dute zuzenki aurka jokatzen; zeharkako bideren batetik baizik. Hipertentsioan adibidez, diuretikoak erabiltzen dira.
  3. Homeopatia edo efektu desberdintsuen terapeutika. Adibidez, hantura kentzeko apis (liztorren pozoitik hartutako hantura-eragile bat) ematen da oso kontzentrazio txikietan.
  4. Katarkikoak edo botika kanporatzaileak. Bost eratakoak daude: diuretikoak, anaforetikoak (izerdia ateraratzen dute), purgagarriak, hemetikoak (botarazi egiten dute) eta espektoratzaileak.

Aurreko terapi mota guzti horiek, bakarka edo batera erabil daitezke. Gaixotasuna osatzea lortzen ez bada, kirurgiaz pentsatu beharra dago (Kirurgia Medikuntzaren porrota dela esaten da). Kirurgiak ebakuntzarako teknika ugari ditu: erauzketa, konponketa, transplantea,...

Azkenik, Hipokratesek kirurgiak bere helburua lortzen ez badu “suak” lortuko lukeela esaten zuen. Orduko su-kontzeptu hori gaur eguneko radioterapiaz alda dezakegu, eta minbizi askotan azken terapi mota bezala erabiltzen da orain.

Laburpen gisa, Hipokratesen terapiari buruz hau esan dezakegu: Phisis, Dietetika, Terapeutika, Kirurgia eta Suak sendatzen ez duena ez du ezerk sendatuko. Phisiaren bukaera da eta gaixoari heriotza heltzen zaio.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila