Hildako zuhaitzez betetako basoa ez dago gainbeheran, inondik ere. Enbor ustelek bizia ematen diote oihanari, onddoak eta goroldioak ez ezik beste animalia askok ere aurkitu baitute han beren txokoa. Inurriak, koleopteroen larbak zein anfibioak enbor usteletara joaten dira bazka bila, hotzetik ihesi edota harraparietatik ezkutatzeko.
Are gehiago, sustrai eta enbor zaharren zulo txikiak ere baliagarri zaizkie animalia askori: okil beltzak habiak egiten ditu eta muxarrak hazien despentsak, neguan egiaz probetxuzkoak izango zaizkiolako. Hartara, ez da harritzekoa hildako enborrek bizirik zeudenean baino biomasa bizi gehiago izatea beren baitan.
Baso naturaletan barra-barra egoten dira eroritako zuhaitzak, eta bada aditurik uste duenik natur parkeetako basoetan ere oihan naturaletan adina egur ustel utzi beharko genukeela. Biodibertsitatea handitzeko balio dutelako, batetik, eta usteldu ahala humusa sortu eta lurzorua aberasten dutelako, bestetik.
Nahikoa da lurjausiak gertatzea edo tximistek gogor jotzea zuhaitzak hil eta basoan egur ustela pilatzen joateko. Biodibertsitatea ugaritzeaz gain, basoan soilguneak ere sortzen dituzte, eta zuhaitz gazteei txokoa egin. Azkenean, zuhaitz gazteen, helduen eta ustelduen mosaikoa eratzen da. Alegia, egitura konplexua eta aberatsa duen basoa. Arazoa da egurra ekoizteko erabiltzen diren basoetan nekez lor daitekeela horrelako konplexutasuna: matarrasak erabat suntsitzen du aniztasuna. Eta, alderantziz, basoa sastrakaz eta eroritako enborrez beteta dagoenean zaila da basogintzan ohikoa den makinaria sartzea.
Hortaz, biodibertsitatea ugaritzea helburu duen kudeaketa ezin da edozein basotan egin. Errazena litzateke babestutako basoetan egitea, baina natur parkeetako basoak nola kudeatu behar diren ere ez dira ados jartzen adituak. Argitu beharreko kontua da; izan ere, orain arte Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, 14 izan dira babestutako guneak, natur parkeak eta biotopoak kontuan hartuta. Baina Eusko Jaurlaritzak babestutako guneak emendatzeko Europara bidali duen proposamena onartzen bada, epe laburrean guztira 52 izango dira Batasunaren intereseko leku. Eta horrek eztabaida sortu du: nola kudeatuko dira babestutako gune horiek guztiak?
Jose Ramon Diez biologian doktorea da, eta, haren ustez, “kontua da basoa kudeatzeko era asko dagoela eta helburuen arabera kudeatzen dela. Basoak hainbat helburu bete behar du halabeharrez: biodibertsitatea zaintzea, lurra eta ziklo hidrologikoa babestea, aisialdia eta dauden egur-eskaera txikiak asetzea. Beste sasoi batean helburua egurra ekoiztea bazen ere, egun kontserbazioak izan behar du lehentasuna. Komeni da sikiera natur parkeetako baso publikoak horretara bideratzea; baina, zoritxarrez, babesguneetako ordenazio-planek ez dute lehentasun hori bera ezartzen, eta ez dute basoaren konplexutasuna areagotzeko neurririk zehazten”. Bitartean, WWFk argitaratutako txostenak argi utzi du kinka larrian dagoela Europako basoen biodibertsitatea.
Alejandro Cantero Amiano: “Orain gure helburua da pago mugarratuen basoak beren hazien bidez birsortzea”
Alejandro Cantero IKTko mendi-ingeniaria da. Azken 14 urteetan mendi publiko eta ondarezkoen ordenazio-planak landu ditu diputazioentzat, bereziki natur parkeetakoak.
Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, 60.000 hektarea ditugu natur parke izendatuta, eta horietatik bi heren zuhaitzez estalita daude. Gehienak espezie hostozabal autoktonoak dira. Egur-produkziora bideratutako zuhaitz-landaketak ez dira ugariak. Gorbeiako natur parkea da gehien dituena: 15.000 baso-hektareatik 5.000 egur-ekoizpenerako pinudiak dira. Urkiolan eta Aiako Harrian ere badira. Baina, gainerakoan, hostozabalak dira nagusi. Izan ere, radiata ez da ondo hazten 500-600 metrotik gora eta gure natur parke gehienak mendi-inguruetan daude, hain zuzen emankor ez diren lekuetan.
Hostozabalen baso horiek zer helbururekin kudeatzen dira: biodibertsitatea zaintze aldera edo egurra ekoizte aldera?Ez, ez, natur parkeetako hostozabalen basoak ez dira egurra ekoizteko erabiltzen. Oso pago gutxi mozten da, ez du eskaera handirik. Hostozabalen basoak biodibertsitatea kontserbatzeko kudeatzen dira.
Eta, nolako lanak egiten dira baso horietan?Une honetan zuhaitzei berez hazten uzten diegu. Pentsatzekoa da basoan ez bada mozketarik egiten berez etorriko dela biodibertsitatea.
Dena den, gure basoen historia ulertu behar da; EAEko basoak ez dira baso nafarrak bezalakoak. Haiek urte luzez hazten utzi eta gero oinarritik mozten zituzten, berriz ere pago berriak sortzeko. EAEn ikatza egiteko erabili izan dira, behin eta berriz ipurditik moztu eta ipurdi-kimu eran hazten ziren enbor estuak. Eta pago trasmotxoak edo mugarratuak ere lurretik pare bat metrora mozten ziren, eta argimutil-itxura hartu dute: enbor lodia eta goranzko adar ugari.
Egun egur horrek ez du batere balio, zerratokiek ez dute ezer ematen trukean. Beraz, egin behar duguna da kimu nagusia utzi eta besteak kendu, epe luzera oin bakoitzetik enbor nagusi bakarra haz dadin. Hala, zuhaitzak hobeto egingo die aurre izurriteei, kazkabarrari, hotzari...
Azken finean, mendiaren iraunkortasuna ziurtatu behar dugu, eta pago horietako askok ehunka urte dituzte; ipurdiak eta sustraiak izugarri zaharrak dira, eta askotan gaixo egoten dira. Edozein izurritek denak hil ditzake ondorengorik utzi gabe, eta pagadia gal daiteke. Gure helburua da basoa pago horien hazien bidez birsortzea. Hortaz, kimuak mozten ari gara orain, uzten dugun kimu nagusi horrek haziak eman ditzan.
Euskal Herriko baso gehienak monoespezifikoak dira. Natur parkeetan hori konpontzeko kudeaketarik egiten duzue?Ez, ez da ezer egiten. Egia da hemengo pagadietan pagoa besterik ez dagoela, eta, beraz, pagoari lotutako fauna baino ez. Askoz ere interesgarriagoa da astigarra, gorostia eta bestelakoak dituen pagadia.
Polen-lagin zaharrak aztertuta ikusi da lehen hemengo pagoa beste espezieekin bizi zela, izeiarekin lehiatzen zuela, esaterako. Nik inoiz pagadien ordenazioren batean proposatu izan dut izeiak landatzea. Ikaragarri gustatuko litzaidake pagadietan izeia eta pinua nahastuta azaltzea. Baina naturalista askok ezezko biribila ematen dute, kanpokoak direla argudiatuz. Ez dutena esaten da pagoa ere kanpotik etorri zela garai batean, eta izeia baino geroago, gainera.
Eta egur hilik badago basoetan?Egon badago, baina gutxi. Basoko biomasa osoaren % 5 baino gutxiago osatzen dute zutik geratzen diren hildako enborrek edo lurrean erorita daudenek. Baso naturalekin alderatuta, oso gutxi.
Espezie batzuentzat badira gaixotasun-iturri. Esaterako, pinudietan eta baso-landaketetan oro har, ez da komeni egur hil asko izatea; intsektuen haztegiak dira. Beraz, bateragarriak dira, baina egur hil gutxi utziz gero.
Eta zer diote baso-jabeek? Onartzen dituzte horrelako teknikak?Bai, ari dira onartzen. Beren elkarteetan aholkuak ematen dizkieten teknikariak dituzte, eta poliki-poliki ari dira beren basoetarako kudeaketa-planak egiten, badakitelako horrela diru-laguntzak jasoko dituztela eta gero ekoiztutako egurrarentzako ziurtagiria jasoko dutela.
Agian gehiago kostatzen zaio kaleko jendeari. Basora joan eta edozein tokitan aurkitzen ditu eroritako enborrak bidean gurutzatuta; ezin da erraz paseatu. Natur parkeetako bisitariek diote hori txerrikeria bat dela, baso zikina dela. Naturalistei gustatzen zaizkien baso birjinak bisitariei ez zaizkie gustatzen.
Jorge Gonzalez Esteban: “Euskal Herriko basoak basamortu funtzionalak dira”
Biologian doktorea da eta aholkularitza-enpresa batean egiten du lan. Euskal Herriko hainbat natur parketako basoen diagnostikoa egin du: Bertizkoa, Aiako Harrikoa, Aralarkoa eta Gorbeiakoa, besteak beste.
Baso-estaldura gero eta handiagoa da, baina ez dago benetako basorik Euskal Herri osoan. Baratze soilak dira. Berdin dio bazkarako garagarra den, azenarioak edo Pinus radiata . Berdin urtebeteko zikloa duten, 5 urtekoa edo 40 urtekoa. Azken finean, heldutasunera inoiz iristen ez diren landaketak dira. Esaterako, Iratiko basoan bertan —Europako pagadirik handiena— oso ustiaketa eraginkorra egiten da. Landatu, hazi eta moztu! Beti gazte izatera behartzen dugu basoa, izugarrizko astindua ematen zaio. Eta horrelako basoek oso dibertsitate estruktural txikia dute.
Dibertsitate estrukturala galtzeak zer ondorio ekarri ditu?Baso batean lodiera eta adin askotako zuhaitzak behar dira, zuhaitz zaharrak, usteltzen ari direnak, erabat ustelduta daudenak... Horrek biodibertsitatea emendatzen du, baliabideak ugaritzen dituelako. Hemen, inurri gorria babestu beharreko animalien zerrendan sartu beharko dute laster, eta egur ustelean bizi diren larbak ere gero eta urriagoak dira. Ondorioz, horiek guztiak jaten dituzten okil beltzak ere berdin.
Anfibioen komunitate osoa ere galtzen ari gara: arrabioak, apoak, uhandreak... denak ari dira desagertzen. Bertizko basoa da dibertsitate estruktural handiena duena, ehun urtez gizakiak ez duelako esku hartu. Han 1.000-2.000 arrabio dago hektareako. Baina Aralarko pagadietan 10-20 arrabio baino ez da aurkitzen. Eta arrabioa da ekologian espezie gako deritzen horietako bat.
Hemengo basoak ederrak iruditzen zaizkigu, estetikoki zoragarriak: orbel gorrizta hori, enbor luze eta zuriak... Ederrak direla sinetsarazi digute. Baina izugarrizko pobrezia dago; zuhaitz-baratzeak baino ez dira. Baso isilak eta tristeak sortzen ari gara. Basamortu funtzionalak dira.
Egur hil gehiago izateak konponduko luke arazoa?Euskal Autonomia Erkidegoan ia ez dago egur hilik, eta dagoen gutxi hori adarrak eta enbor txikiak baino ez dira. Oso egur fina da eta azkarregi usteltzen da. Enbor lodiak behar dira, poliki-poliki usteltzen direnak. Arazoa da zuhaitzei ez diegula beren ziklo osoa amaitzen uzten, beti heldu aurretik mozten baititugu.
Gainera, baso naturalak ez dira hemengoak bezalako zuhaitz-masa jarraituak izaten. Haizeak eta suteek zuhaitzak botatzen dituzte eta soilguneak sortzen dituzte. Soilgune horiek guztiek zuhaitz gazteei hazten uzten diete, eta, beraz, basoak birsortzeko bide naturalak dira. Gure basoetan biodibertsitatea sortu nahi badugu, horrelakoak eragin beharko ditugu. Berez gertatu zain egon gabe, guk eragin beharko ditugu. Berandu izan aurretik arrabioak hazten hasi behar dugu, okil beltzak hazten...
Baina horrek ez du dirurik ematenDuela gutxi Nafarroak dituen baliabide naturalen balorazio ekonomikoa egin du: ugatzak baloratu zituen... dituen espezieak, azken batean. Prezioa jarri zien. Polemika handia sortu zuen, baina balio izan du gizarteari ikusarazteko horrek guztiak dirua balio duela, balio handia duela. Eta gero eta handiagoa, seguruenik.
Zure ustez, egokia al da une honetan natur parkeetako basoetan egiten den kudeaketa?Natur parkeetako babes-erregimena hutsala da. Egurra ateratzen jarraitzen dute. Aiako Harrian bakarrik lortu da erabakitzea baso publikoetan berezko landaretza baino ez dela jarriko. Koniferoak kendu eta hostozabalak sartzen joango dira. Baina gehienek erabateko konpromiso falta dute. Gorbeian, esaterako, 9.000 baso hektareatik bi erreserba baino ez dago: 25 ha-ko pagadi-zati bat eta 60 ha-ko beste bat, sastrakadi mediterraneoa eta lau haritz dituena. Hori da administrazioak eboluzio naturalean utzi nahi duen guztia.
Bertizen, Urbasan eta besteren batean bakarrik hitz egin daiteke baso-itxurako zatiez. Bertizen, adibidez, ikaragarria da pagadia. Tamaina eta adin desberdinetako zuhaitzak daude: 60 urteko pago bat, ondoan 20ko bat, 100eko bat... Zenbatzen hasita ere, zuhaitzen % 15-20 hilik daude: erorita, ustelduta... Baina basoa bizirik dago; ikaragarria da han dagoen bizia! 150 urtetik gorako zuhaitzak daude, guztiz osasuntsu eta sendo!
Fontanako Basoa, laborategi esperimental bihurtuta
Italiarrek esperimentu deigarri bati ekin diote Fontanako natur erreserban: haizeak, elurrak, parasitoek eta suak basoetan eragiten dituzten ondorio bortitzak imitatzea erabaki dute. Alegia, zuhaitzak hiltzea. Nolabait, baso naturaletan ehunka urtetan berez gertatzen diren fenomeno horiek guztiak oso denbora-epe laburrean eragin nahi dituzte, oihan naturalaren garapena bizkortzeko.
Kanpotik ekarritakoak bakarrik hil dituzte -haritz amerikarrak- bertako landaretzari laguntzeko, baina zuhaitzak apropos hiltzeak polemika sortu du: nahita bota eta zulatu dituzte, usteltzen hasi edota hegaztiek habia egin dezaten; zuhaitz askori azala kendu diete, gaixotasun batek jota hil eta tente geratu den zuhaitza imitatzeko; beste batzuen adaburua errotik moztu dute. Eta, are gehiago, eztanda txikien bidez inausi dituzte, haizeak trontzatu balitu bezala; eta inausi arren berriz ere erneko ziren beldur zirenean, fungizidak sartu dizkiete azkarrago hiltzeko.
Teknika gogorregiak dira batzuen ustez, eta ausart eta eraginkorrak besteen ustez. Aldeko zein aurkako, inor ez du epel utzi berriak. Oraingoz, Europako Batasunak oniritzia eman dio eta proiektua finantzatu du, denbora gutxian basoan konplexutasun espaziala eta estrukturala handituko den esperantzaz.
Erabiliko zenuke hemen horrelako teknikarik?
Jorge Gonzalez Esteban:
“Horrelako esperimentuak behar-beharrezkoak dira, eta hemen teknika horiek erabiltzearen alde nago. Ez suteak eta eztandak, agian, baina bai zuhaitz jakin batzuk moztea, zuloak egitea, etab. Nik natur parke guztietan planteatuko nituzke esperimentaziorako tailerrak: Gorbeian, Izkin, Urkiolan, Aiako Harrian... Baina ez orain ditugun erretserba txiki eta barreiatuetan; lursail handiagoak behar ditugu, 300-400 hektareakoak.
Dena den, biodibertsitatea emendatzeko italiarren antzeko teknikak erabiltzen badira, argi dago sail horietan egurra ekoiztearekin ahaztu egin beharko dugula. Bi jarduerak ez dira bateragarriak. Argi dagoena da gehiago ikertu behar dela, hemen ez baita ezer egiten. Datu-baserik ere ez dugu: zer dugun ez dakigu ia, eta hori oso ondo datorkie batzuei, horrela ez dakigulako zer galtzen dugun ere.”
Alejandro Cantero Amiano:
“Niri esperimentu horiek arriskutsuak iruditzen zaizkit, ez naiz horien aldeko, inondik ere. Nik uste dut natur parkeek esperimentaziorako lekuak izan behar dutela, baina esperimentazio onuragarria egiteko. Adibidez, baso batean izeiak landatu eta kalte egiten dutela ikusiz gero, gaixotasun-iturri direlako edo dena delakoagatik, izeiak kendu eta kito! Atzera egin daiteke. Baina zuhaitzak hil eta ez badu funtzionatzen, beste 100-200 urte beharko ditugu basoa bere onera ekarri eta berriz ere esperimentatu ahal izateko. Nik itxarongo nuke italiarrei zer emaitza ematen dien ikusi arte.”