Beheko taulan gehien jaten ditugun haragiak eta hauen zenbait ezaugarri dituzue.
Aipatutako datuak urtebetetik beherako abereei dagozkienak dira, kontuan hartu behar baita abereak zahartu ahala, batetik ur gutxiago dutela eta, bestetik, koipe eta kaloria gehiago dituztela. Proteina-kopuruak bere horretan dirau. Adinaren arabera ez da aldatzen.
Hasieran esan bezala, abereen elikadurak ere badu zer ikusirik. Adibidez, esnez soilik elikatutako abereen haragia txuriagoa izaten da eta ez du ia batere burdinarik. Larrean hazi eta belarrez elikatutakoek, ordea, haragia gorriagoa dute eta burdinatan aberatsagoak dira. Bestetik, jarduera fisikoren bat egiten duten animaliak egun guztian geldirik daudenak baino askoz gihartsuagoak izaten dira. Horregatik izaten dute ehizakiek koipe gutxiago eta proteina gehiago.
Taulako informazioaz baliatuz ondoriozta daitekeenaren haritik, badira jendeak haragiaren inguruan izan ohi dituen argitu beharreko zenbait zalantza. Batetik, indioilarra oilaskoaren pare jartzen dute gehienek, baina taulari so eginez gero, nabarmena da indioilarrak askoz koipe gehiago duela.
Bestetik, nahiz eta, guk, zaldikia behar adina estimatu ez, gure bizilagun frantsesek oso gustukoa dute. Etorkizunerako kontuan hartzekoa da, proteinaeta mineral asko baititu eta koipea gutxi. Hirugarrenez, aipatzekoa da txerrikia dugula haragietan "ardi beltza", guztiok baitakigu koipetan aberatsa dela. Baina horrek ez du erabat baztertu behar dugunik esan nahi, txerrikiaren kontsumoa astean behinera edo bi astetik behinera mugatzen badugu ez dugu eta arazorik izango.
Azkenik, barrunbeak aipatuko ditugu. Talde honetakoak dira gibela, bihotza, birikak, mingaina, giltzurrunak, muinak, tripakiak, muturrak... Guztiek kolesterola gainezka dute, eta hori ez ezik, azido urikoa ere ugari dute. Beraz, kontuz jaki hauekin; gehienez hilabetean behin jatea gomendatzen da.
Beraz, aurrerantzean xerra edo saiheskia aurrean ikusita bere jabe ohia zein zen, nola bizi zen, zer jaten zuen eta zein adin zuen jakin dezakezue, baina kontuz. Hori guztia asmatzen denbora asko pasatuz gero hoztu egingo zaizue, eta hori ez da komeni. On dagizuela!
Janaria