Hogeita hamahiru tona horiek bere tokian jartzea ere ez zen erronka makala izan. Jose Maria Elosegi ingeniariak hartu zuen horren ardura. Txillidak helikoptero bat eskatu zuen AEBko enbaxadan, piezak garraiatzeko; baina ezezkoa eman zioten. Orduan, Elosegik harkaitzen gainetik zihoan trenbide moduko 80 metroko zubi bat eraiki zuen. Zubi haren bidez, pieza bakoitza bere lekura eraman eta harkaitzean ongi finkatu zituen Elosegik. Geroztik han dago Haizearen orrazia , itsasoaren astinduei eta haserrealdiei tinko eutsiz.
Ez zuten, itxuraz, itsasoak eramango zuen beldurrik. Izan ere, denborak artelanei ematen dien balioaren zain egon izan balira bezala edo, iaz inauguratu zuten, ofizialki, Haizearen orrazia . Bere garaian inolako ekitaldi ofizialik egin ez, eta 30. urteurrenaren ospakizunen baitan, Chillida-Leku museoaren ekimenez, egin zuten inaugurazioa.
Eta urteurren horretako ekintzen artean, teknologia, berriz ere, eskulturaren zerbitzura jarri da. Hogeita hamar urte hauetan eskulturaren altzairuzko piezek nola iraun duten, eta zein egoeratan dauden jakiteko azterketa bat egin du Inasmet-Tecnaliak. Zentro teknologiko horretako Angel Maria Irisarri ikertzaileak kontatu dizkigu azterketa horren xehetasunak, argitaratu berri duen Estado Actual de Conservación del Peine del Viento liburuan ere bildu dituenak.
Eskulturaren kokalekua ederra denik inor gutxik ukatuko du, baina hango kondizioak material asko kikiltzeko modukoak dira: haizea, euria, baina, batez ere, itsasoaren eragina; fisikoa eta kimikoa. Denboraleetan gogor jotzen du itsasoak, eta gainerakoan ere zipriztinez eta kresalez inguraturik dago beti. Eta, hezetasuna material askoren etsaia bada, hezetasun gazia zer esanik ez. "Altzairu arrunt bati gatzak eraso gogorra egingo lioke" dio Irisarrik.
Horregatik, kondizio horiek eta zenbat denbora pasatu den kontuan hartuta, materiala zein egoeratan zegoen jakitea komeni zen, eskulturarentzat arriskurik balego erremedio egokiren bat garaiz aplikatu ahal izateko.
Hala, Inasmet-Tecnaliako ikertzaileak eskulturaren materialaren egoera aztertzeari ekin zioten joan den urtarrilean. Kontuan hartu beharreko lehenengo gauza zen eskulturaren diagnosia egiteko zein teknika erabil zitekeen. Izan ere, "metalekin egiten diren azterketetan, ohikoena lagin bat hartu eta hura aztertzea izaten da. Baina, kasu horretan, lagin hori suntsitu egiten da. Haizearen orrazia -ren kasuan, jakina, ezin genuen eskultura hondatu, eta, horretarako, derrigorrezkoa zen teknika ez-suntsitzaile bat erabiltzea" azaltzen du Irisarri jaunak.
Erreplika metalografikoen bidez gainazaleko heterogeneotasunak eta akatsak detektatu daitezke, eta baita materialaren mikroegituran gertatu diren aldaketak ere. Izan ere, gainazal baten topografia aztertzen du teknika horrek. Horretarako, substantzia egoki bat jarri behar da aztertu nahi den gainazalaren gainean, ongi zanpatuz; eta gainazalaren erliebe negatiboa lortzen da horrela. Erliebe hori mikroskopioz aztertu ondoren, hainbat informazio lor daiteke; besteak beste, nekeagatiko hausturak eta korrosioak eragindako kalteak detekta daitezke.
Teknika horren mugarik garrantzitsuena da gainazala bakarrik aztertzen duela, eta, beraz, ez duela materialaren barruko mikroegituraren berri ematen. Hala ere, korrosio-erasoak eta nekeagatiko zartadura gehienak piezaren periferian gertatu ohi dira; eta, beraz, fenomeno horiek eragindako kalteak detektatzeko baliagarria da teknika. " Haizearen orrazia -ren kasuan, arrisku nagusia inguruneko baldintzek eragindako korrosio-erasoak dira, eta, eraso horiek, gero barrura sar badaitezke ere, kanpoan hasten dira" dio Irisarrik.
Haizearen orrazia -n erreplika metalografikoen teknika aplikatzeko lehenengo pausoa izan zen azalera txiki batean kanpoko oxido-geruza kentzea, altzairua bistan uzteko. Lan hori kontu handiz egin zuten, eskulturan ahalik eta kalterik txikiena eragiteko. Eta prozesu horretan kendutako oxidoa ere gorde egin zuten, gero hura ere laborategian aztertzeko.
Behin altzairua bistan utzi ondoren, ongi leuntzea izan zen hurrengo pausoa, hainbat lixa eta diamante-hautsa erabiliz. Aztertutako azalera 50x30 mm-koa da, eta astebeteren buruan berriz ere oxidoz estalirik zegoela ikusi zuten, gainerako eskulturaren gisa berean. "Non egin genuen ez badakizu, ez duzu ikusiko" dio Irisarrik. Beraz, esan daiteke eskulturari eragindako kaltea hutsaren hurrengoa dela.
Leuntzearen prozesua kritikoa da, eta ezinbestekoa da ongi egitea, irregulartasunak utziz gero erreplikak zehaztasun osoz jasoko baititu. Eta horrek asko zailtzen du behaketa; are gehiago, litekeena da interpretazio okerrak egitea ere. Horregatik, komeni da ondo ziurtatzea prozesu hori ongi egin dela. Horretarako, materialaren mikroegitura nabarmenduko duen erreaktibo bat aplikatu eta lehortu ondoren, mikroskopio txiki baten bidez, in situ egin daiteke lehen behaketa. Horrela, leuntze-prozesua eta erreaktiboak egindako lana egokiak diren, edo prozesua berriz egin behar den balioesten da.
Erreplika egiteko azalera kondizio egokietan zegoela ziurtatuta, erreplika itsastea izan zen hurrengo urratsa. Erreplikak zelulosa azetatozko orri batzuk dira. Orri horren gainazala azetonaz disolbatu ondoren, aztertu nahi den gainazalaren gainean jartzen da, eta azetona lurrundu arte itxaron. Urrats hori ere beharrezkoa da doitasun handiz egitea, orria itsastean edozein tolestura txiki geldituko balitz mikroegituraren behaketa asko zailduko litzateke eta. Azkenik, orria desitsatsi eta porta batean jartzen da, gero mikroskopio optikoan eta elektronikoan behatu ahal izateko.
Bestalde, ez zuten aurkitu ingurune industrialetan ohikoak izaten diren orban belzkararik, ez eta sufrearen oxidoek eragindako kolore horixkarik ere. Hala, eskulturaren kokalekuko kondizioak, alde batetik, gogorrak badira ere, poluzioaren aldetik begiratuta leku egokia dela esan daiteke; izan ere, "okerragoa litzateke poluitutako ingurune batean egotea, tximinietatik ateratzen diren sufrearen oxidoetatik abiatuta azido sulfurikoa sortzen baita, eta horrek bai, horrek altzairua jango luke" dio Irisarrik.
Baina ez dago halako arazorik, eta ingurune horretako mehatxu handienari dagokionez, korrosioari hain zuzen, badirudi Txillidaren eskulturak ongi eusten diola. Erreplika metalografikoetan ikusi dute mikroegiturak ez duela aldaketarik izan. Horretarako, ezinbestekoa izan da Lenbur Fundazioak gordeta zuen jatorrizko materialaren zati batekin konparatzea. Konparaketa horri esker ikusi dute materiala sortu zen egunean bezalaxe dagoela; mikroegitura osasuntsua duela.
"Nahiko ziur geunden ez zela arazorik egongo, baina, izatekotan, tentsiopeko korrosioa deritzanak kezkatzen gintuen" azaltzen du Irisarrik. Materialean barrura sartzen den korrosioa da; "oso arriskutsua da, kanpotik ez da ikusten, eta materiala apur dezake". Baina erreplikaren bidez ikusi dute ez dagoela halako arazorik, eta materiala egoera onean dagoela.
Itsasoko uraren eta kresalaren kloruroa da altzairuari kalte gehien egin liezaiokeena; baina oxido-geruza aztertuta ikusi dute kloruroa kanpoaldean ugaria bada ere barrura ez dela ia sartzen, eta, beraz, materialari ez diola eragiten. Hain zuzen ere, oxido-geruza horrek babesten du materiala.
Patrizio Etxeberriak prestatutako aleazioak fosforo asko, kobrea, nikela eta kromoa ditu, eta, horri esker, oxido jarraitua eta oso trinkoa sortzen da. Burdinaren oxidoak, esaterako, material guztia ongi estaltzen du, baina porotsua eta hauskorra da, eta pitzaduretatik sartzen den korrosioak azkar egiten du aurrera. Reco altzairuan, berriz, "oxido-geruza ez da guztiz iragazgaitza, baina zeharkatzeko oso zaila da" dio Irisarrik, "eta, horregatik, korrosioa gero eta motelagoa izango dela uste dugu".
"Fosforoa altzairuarentzat txarra da normalean, hauskorragoa egiten baitu, baina korrosiotik babesteko ona da; eta garrantzitsuena kobrea da, oso ona da itsas atmosferatik babesteko". Bestalde, oso karbono gutxiko aleazioa da, eta horri esker eman ahal izan zizkioten forma bihurgunetsu horiek. Karbono gehiago duen altzairuak, corten altzairuak esaterako, erresistentzia mekaniko handiagoa du, eta xaflak bakarrik egin daitezke.
Bestalde, urarekin zuzeneko kontaktuan ez egotea ere garrantzitsua da: "itsasoko urarekin bustitzen da, baina euriak garbitu egiten du, eta eguzkiak lehortu; horrek guztiak oxido-geruza on bat sortzea eragiten du". Etengabe bustita egongo balitz, beste kontu bat litzateke; orduan, korrosioak aurrera egingo luke. Horixe da orain konpondu behar duten Hawaiko Aloha estadioan gertatu dena. Etengabe bustita zegoen gune batean hondatu egin da altzairua. Izan ere, bustitze-lehortze zikloa oso garrantzitsua da oxidozko babesgarri on bat lortzeko.
Irisarrik ez du zalantzarik: "Materiala oso ongi aukeratu zuten". Batetik, konposaketa egokia da, eskulturak behar zituen formak hartzeko, eta, aldi berean, korrosiotik ongi babestuta egoteko. Baina, gainera, oxidoak ematen dion kolore gorrixka ongi dator ingurunearekin. "Altzairu herdoilgaitza ere aukera oso ona izango zatekeen, kontserbazioaren ikuspuntutik, baina haren tonu metalikoak ez zuen bat egingo paisaiarekin". Eta areagoa doa, "burdinak Euskal Herriaren historian izan duen garrantziagatik ere, ongi aukeratutako materiala da".
Txillidaren hitzetan, miresten dituen haizeari eta Donostiari egindako omenaldiaz gain, etorkizunari buruzko galdera bat da Haizearen orrazia . Eta etorkizunari buruz hitz egiten ere ausartu da Inasmet-Tecnaliako ikertzailea: "tsunamirik ez bada, eskulturak luze iraungo du". Badirudi, beraz, aurrerantzean, eta urte askoz, haizearen altzairuzko orraziak arazorik gabe eutsiko diela itsasoaren erasoei eta kresalaren gaziari.