Gorputza, energia kontsumitzen duen makina (II)

Laburrak

Aurreko zenbakian azaldu genuenari jarraituz, gutariko bakoitzak duen energia kontsumoa kalkulatzeko kontutan hartu behar ditugun gainerako faktoreei begiratuko diegu oraingoan; gorputzaren osaketa eta ariketa fisikoa aztertuko ditugu.

Giza gorputza oro har, ura, gantza eta giharrez osaturiko makina dela esan daiteke; horiexek dira gure osagaiak. Nolanahi ere, osagai horien proportzioa ez da berdin ematen kasu guztietan eta adibidez, gizonezkoek emakumeek baino proteina-kopuru handiagoa dute eta gantz gutxiago —gorputzaren %15 gizonezkoek eta %25 emakumeek—.

Gauzak horrela eta pentsatzekoa denez, energia beharrak desberdinak izango dira: emakumeok energia gutxiago behar izaten dugu gantzen metabolismoa motelagoa delako eta aldiz, proteinen metabolismoa bizkorragoa denez gero, gizonek behar handiagoak izan ohi dituzte. Beheko taulan aipatu dizuegun alderdi hori isladatzen da: iharduera bera burutuz, emakumeek eta gizonezkoek energi kontsumo desberdinak dituztela garbi ikusten da.

Arestian esan bezala, kontutan hartu beharreko faktoreen artean, eguneroko iharduera dugu. Izan ere, lan-motak eta ariketa fisikoak zerikusi handia dute gure beharrekin. Jakina denez, bulegoan lan egiten duen pertsona batek igeltsero batek baino kaloria gutxiago erretzen ditu. Norberaren lanak eskatzen duen ariketa aukeratzea zaila da, baina hortik kanpo egin dezakegun ariketa fisikoa oso aldakorra izan daiteke eta gainera, norberak aukeratua.

Esan dugu lehen ere emakumeek kaloria gutxiago erre ohi dutela, baina kirolaria baldin bada, egun osoa etzanda ematen duen mutilak baino kaloria gehiago erreko ditu emakumeak. Hortaz, badira lege biologiko garrantzitsu batzuk, baina gure energia kontsumoa, ehin handi batean, guk aukera dezakegu. Ondoko taula eredu bezala hartuta, zuetariko bakoitzak egiten duen iharduera eta eguneroko energi beharrak kalkula ditzakezue. Eta hortik aurrera, zerorrek atera kontuak!!!

  • Aluminioaren toxikotasuna
    Aluminioa oso zabaldurik dagoen materiala da. Euri azidoa, kosmetikoak, edota uren araztegiak aipatu izan dira lurreko aluminio-kopurua areagotzearen arrazoi gisa eta beraz, garapenarekin zerikusi zuzena duela esan daiteke. Orain arte, giza gorputzean eragiten dituen ondorioak ezezagunak baziren ere, nerbio sistemako gaixotasunekin eta giltzurrunetako zenbait gaitzekin eragin zuzena duela baieztatu dute azken ikerketek.
  • Gosariaren garrantzia
    Udako sasoia aproposa izaten da gosari lasaiak egiteko. Aurreko hilabetetan indartutako ohiturari bada, eutsi egin behar zaio, eguneko lehen otorduak gure makina indartzeko balio izaten du eta.
    Esaera zaharraren arabera, gosariak errege-erreginek egin ohi dutenaren modukoa izan behar du: laranja zuku egin berria edo ordezkorik, esnea zerealekin, kafesnea eta tostadak mermeladarekin, gailetak… Jakina, norberak bere gustuen arabera egin beharko du hori ere, baina hona hemen urrezko araua: egunero gosaltzea ez ahaztu!
EMAKUMEA (60 kg)GIZONA (70 kg)

Etzanda
Zutik
Eserita (telebista ikusten)
Ibiltzen
Korrika bizkor
Gidatzen
Bizikletan

60 kcal/h
105 kcal/h
90 kcal/h
140 kcal/h
350 kcal/h
155 kcal/h
360 kcal/h72 kcal/h
125 kcal/h
105 kcalh
160 kcal/h
410 kcal/h
180 kcal/h
420 kcal/h
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila