Glaukoma garaiz diagnostikatzea, funtsezkoa

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Noiz egin zenuen azken ikusmen-azterketa? Ez zara gogoratzen? Tira, beharbada gure begiek arreta handiagoa behar dute. Izan ere, glaukoma begiko gaixotasun ohikoenetakoa da, eta behar bezala eta garaiz tratatu ezean ikusmena osorik edo partzialki gal daiteke. Hori eragozteko lanean ari da EHUko ikerketa-talde bat, eta berriki sari bat jaso dute.

American Glaucoma Foundation entzutetsuak saritu du EHUko Medikuntza Fakultateko proiektua. Erakunde horrek lehenengo aldiz saritu du Europako ikerketa bat.

Proiektuaren helburua glaukoma duten animalia-ereduak sortzea da, haietan gaixotasuna eragiten duten mekanismo zelularrak eta molekularrak ikertu ahal izateko. Talde honek txerriekin egiten du lan.

Gaixotasunari aurrea hartzeko aukera emango duten metodologiak zehaztu nahi dituzte, edo, gutxienez, diagnostiko azkarra egiteko aukera izan eta gaixotasunak eragiten duen itsutasuna geldiarazteko terapiak garatu nahi dituzte. Sariari esker, guztira 120.000 dolar jasoko dituzte ikertzaileek bi urtean.

Elena Vecinok zuzentzen duen taldean zortzi ikertzaile ari dira lanean, eta, duela gutxi, ONCEren lehenengo saria jaso dute ikerketa-lan berarekin Biomedikuntzaren, I+Gren eta itsuentzako teknologia berrien 3. nazioarteko sariketan.

Glaukoma

Begi-globoak nozitzen duen gaixotasun honen bereizgarria nerbio optikoaren zuntzetako kalte itzulezina da. Eta hori begiaren barnealdeko presioa igotzearen eraginez sortzen da.

Glaukoma hitza grezieratik dator, eta begi-niniak hartzen duen kolore berdeskari egiten dio erreferentzia (glaukos = berdeska).

Glaukoma duen txerri baten ebakuntza.
E. Vecino

Baina zergatik sortzen da glaukoma? Begiaren barnealdean humoreak elikatzen ditu begi-globoaren egiturak. Humorea likido zeharo garden edo aratza da, eta argiak zeharkatu egiten du. Hala, argiak interferentziarik gabe jotzen du erretinan. Humore likidoa gorputz ziliarrean sortzen da eta begi-ninian zehar mugitzen da, begiaren aurrealdeko kameraraino iritsi arte. Han kristalinoaren eta kornearen aurrealdeko azala elikatzen ditu. Zirkulazio soil-soila da. Baina aztoratzen denean arazo larriak sor daitezke.

Begiaren aurrealdeko kamerara handik irten daitekeen baino likido gehiago sartzen bada, presioak gora egiten du, eta presio hori nerbio optikoaren zuntzek jasaten dute. Begi barneko humorearen presioa aldatu egiten da pertsona batetik bestera; oro har, 12 eta 21 mmHg bitartekoa izaten da.

Glaukoma da begiko gaixotasunen artean ohikoenetakoa; urtero bi milioi kasu berri diagnostikatzen dira munduan. Familian aurrekariak izatea, adina eta arraza dira gaixotasunaren faktore erabakigarrienetako batzuk. Glaukomaren kasurik gehienetan, begiko presioa igo egiten da eta horrek erretinako zelulen heriotza eragiten du, gaixoa itsu gelditu arte.

Gainera, glaukoma tratatzen duten espezialistek arazo larri bati egin behar izaten diote aurre: sintomarik ez da agertzen gaixotasuna oso aurreratua egoten den arte, eta, gainera, oraingoz ez dago jakiterik zergatik hiltzen diren zelulak.

Glaukoma zenbat eta lehenago hauteman, orduan eta tratamendu eraginkorragoa egiteko aukera du gaixoak. Hala ere, hasieran sintomarik agertzen ez duten gaixotasunetan, diagnostikatzeko modu bakarra oftalmologoak eginiko azterketa da.

Beraz, ikusmena ez galtzeko garaiz hautematea funtsezkoa dela kontuan izanik, aldian behin ikusmen-azterketa egitea komeni da. Gainera, adin jakin batera iritsitakoan —50 edo 60 urte ingurura— guztiok maiztasun jakin batez aztertu beharko genuke ikusmena (begiaren barnealdeko presioa neurtu eta abar), adina bera arrisku faktorea baita.

www.basqueresearch.com

Glaukoma-motak

Argazkiak: E. Vecino

Oftalmologoek dozenaka mota bereizten badituzte ere, oinarrizkoenak hiru baizik ez dira:

    Jaiotzetiko glaukoma: gurasoetatik seme-alabetara igarotzen da. Jaio eta berehala, malko ugari isurtzeaz eta fotofobiaz gain, begi-globo handi samarra ere izaten du umeak.
    Angelu irekiko glaukoma kronikoa: denetan ohikoena da eta likidoa kanporatzeko sistemaren akatsak sorrarazten du. Pixkanaka-pixkanaka eta sintomarik agertu gabe iristen denez, garaiz hautematea ez da kontu erraza. Begiaren barnealdeko presioa neurtuta bakarrik diagnostika daiteke.
  • Glaukoma akutua edo angelu itxikoa: bat-batean agertzen da, eta min handia ematen du, begian iltzea sartua balego bezala. Ikusmena ere bat-batean gutxitzen da, pazienteak lauso ikusten du.

Jaiotzetiko glaukomaren eta glaukoma akutuaren sintomak aski jakinak dira gaixotasunaren hastapenetatik, glaukoma kronikoaren kasuan ez bezala. Izan ere, azken horretan hasieran ez da sintomarik hautematen eta agertzen direnean, nerbio optikoa kalteturik egon ohi denez, ikusmena galdu egiten da: aurrean dauden gauzak bakarrik ikusten dira ondo; alboetakoak edo begi-ertzetik begiratzen direnak, aldiz, nekez. Ikusmen-galera hori geroz eta larriagoa izaten da, konponbiderik eman ezean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila