Gizonezkoentzako pilula antisorgailuak: zergatik ez?

Atxotegi Alegria, Uhaina

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Carl Djerassi kimikaria dugu jaiotzak kontrolatzeko pilulen aita. Produktu horri buruz hausnarketa zientifiko eta moral ugari egin du, eta oraindik ere horretan dihardu.

1939an, hamasei urte zituela, AEBetara emigratu zuen Austrian bizi zuten nazismoari ihesi. Kimikari gaztea zela, CIBA farmazia-konpainia suitzarrarentzat lan egin zuen New Jersey-n. Garai berean, Winsconsin-eko Unibertsitateko Kimika Fakultatean doktore-tesia aurkeztu zuen: erreakzio kimikoen bidez, sexu-hormonen testosterona maskulinoa estradiol eme nola bihur daitekeen azaldu zuen bere lanean.

Bikote askorentzat umerik ez izateko metodo egokia da pilula antisorgailua.

Hamar urte enpresa berean jardun ostean, Syntax S.A.-ren Mexikoko enpresan jarraitu zituen bere ikerketak. Bertan, substantzia esteroidalak sintetizatzen saiatu zen, eta baita lortu ere. 1951n, ordurako kortisona sintetizatzen bazen ere, emaitza hobea lortu zuen: lehengai merkeagoa atzemateaz gain, erreakzioari etapa ugari murriztu zizkion. Baina, horrez gain, aho-antisorgailu bat lehen aldiz sintetizatzen ere asmatu zuen. Emaitza horien ondorioz, Wayne-ko Unibertsitateak zoriondu zuen lehenik eta Stanford-ekoak ondoren. Zientzia-arloko domina ugari ere jaso zituen.

Produktu horrek bikote asko lasaitu bazituen ere, beste askok izugarri kritikatu zuten, eta Carl Djerassi hiltzailetzat jo zuten batzuek. Izan ere, pertsona askoren begitan pilula antisorgailua izugarri kaltegarria da. Horien aburuz, hormona sintetikoak dosi handian dituzte eta emakumeen osasunerako kaltegarriak dira. Pastilla hori hartzen duten emakumeek bularreko eta uteroko lepoko minbizia izateko probabilitate gehiago dutela nabarmendu dute: bi minbizi-mota horiek % 50 igo omen dira hormona bidezko kontrazepzioak mendebaldeko herrietara iritsi zirenetik. Japonian eta ekialdeko herrietan, aldiz, pilula horien erabilera oso murritza denez, mota horretako minbizien kasu gutxi ezagutzen da.

Kritika ezkorrak egiten dituztenen ahotan, arrisku kardiobaskularrak ere maiz izaten dituzte pilula-hartzaile horiek. Infartua, apoplexia, biriketako enboliak eta beste koagulazio batzuk sarriago izaten omen dituzte emakume horiek.

Haurrengan ere badute eraginik antisorgailuek: urte askoan pilula hartzen duten amen haurrek sexu-malformazioak eta bihotzeko arazoak izateko arrisku gehiago dute.

Kezka sozial eta moralak konpondu nahian...

Betiere aztertzaile-lanetan jarraitu zuen arren, laborategiko lana utzi eta azterketa filosofikoagoetan murgildu zen geroago Carl Djerassi. Izan ere, zientziak berarekin dakartzan aurrerapen eta arazoei buruz hausnartzeari ekin zion. 1970ean, adibidez, Stanford-eko Unibertsitatean klaseak ematen hasi zen ugalketaren alorrean egin diren aurrerapenek gizartean eta politikan zein eragin izan duten azaltzeko. Urte berean, gizakien jaiotzak kontrolatzeko teknika berri gisa gizonezkoentzako pilula antisorgailu bat proposatu zuen bere artikulu batean.

Bihotzeko arazo eta malformazio gehiago izan ohi dute urte askotan pipula hartutako amen haurrek.

Horrez gain, Mexikon lanean jardun zuen garaiko lankideekin harremanetan jarri, eta garatze-bidean dauden herrialdeetan zientzia sar dadin lanean aritu zen.

Bestalde, berak lortutako pilula antisorgailuari buruz gogoetak egiten ibili ondoren, gaur egun gobernuei eta industriei produktu horri akatsik ateratzea ez zaiela komeni nabarmendu zuen, horiek ordezkatzeko beste produktu batzuen ikerketetarako diru-laguntzarik ez baitute eman nahi.

Kimikaria eta soziologoa

Ausarta dugu Carl Djerassi. Izan ere, 60 urte bete ondoren, hainbat laborategi-gelatan produktu kimikoak aztertzen jardun eta hainbat unibertsitatetan klaseak ematen urteak igaro ostean, literaturara jauzi egin zuen. Anitz eta era ezberdinetako argitalpenak idatzi ditu Djerassik: istorio laburrez osaturiko bilduma bat, poesia, autobiografia zientifiko bat, oroitzapen-bilduma eta hainbat nobela kaleratu ditu.

Carl Djerassik argitaratutako azken liburuaren azala.

Argitaratu dituen bederatzi nobeletatik azkenak This man’s pill du titulua. Iaz argitaratu zuen liburu hori, pilula antisorgailuaren 50 urteurrena zela eta. Bertan, pilula horren istoria eta zientzia-kontuak azaltzen ditu. Moralaren, etikaren eta biologiaren arteko dilemak aurkezten saiatzen da, zientziak gizartearekin eta politikarekin dituen harremanak baztertu gabe.

Fikzioa zientzian egiten diren aurkikuntza edo eztabaida ugari azaltzeko metodo gisa erabiltzen duela dio Carl Djerassik. Bide batez, mundu zientifikoa gustuko ez duten asko erakartzeko baliabide ona izan daitekeela iruditzen zaio. Fikzioan, bestalde, austriarraren arabera “guztia onarturik dago, edozer pentsa edo idatz dezakezu”; eta hori da gustukoen duena. Zientzialari batek, aldiz, bere karrera profesionalean ezin lezake horrelakorik egin.

Literaturak, gainera, bakoitzak ditugun kezka eta iritziak kaleratzeko aukera emateaz gain, bakoitzak bere burua hobeto ezagutzen laguntzen duela pentsatzen du. Kimikariak, orokorrean, produktu kimikoen oso analizatzaile ontzat ditu, baina beren produktuek gizartean sorraraz ditzaketen ondorioak oso gutxitan aztertzen omen dituzte. Literaturari esker bere burua hobeto ezagutzeko aukera izan du, eta lanbide bereko profesionalek zein portaera izaten dituzten aztertzeko ere bai. Idazketak, beraz, besteak kritikatzeko balio izateaz gain, bere burua kritikatzeko ere balio dio.

Zientzien Akademia Nazionaleko eta Arteen Akademia Amerikarreko kide honek, gaur egun, esperimentu zientifikoak egiteari utzi badio ere, giza esperientziak lantzen dihardu, eta unibertsitateko gazteak alor horretan trebatzen ere bai.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila