Izotz-ibai luzeak, haran zabalak, mendi zizelkatuak… glaziarrek garrantzi handia dute kontinentearen dinamikan eta eboluzioan. Gainera, izotzaren eremutik kanpo ere eragiten dute, inguru bateko ur-emarian, higaduran eta sedimentuen zabaltzean, itsasora heltzen den isurian... Gizakion bizitzan ere garrantzi handikoak dira.
Egun, ordea, gero eta mugatuago daude glaziarren kokalekuak. Hala ere, hainbat lekutan daude Europan, mendilerro nagusietan eta latitude handiko eremuetan. Tamaina eta itxura anitzekoak dira, eta askotarikoak dira eratzen dituzten formak eta modelatzeak ere.
Glaziarren tamaina beti aldatzen da urtaroen arabera; neguan elurraren metatzea gertatzen da, eta udan, aldiz, ablazioa. Klima-aldaketen eraginez, ordea, eskala handiagoko aldaketak gertatzen dira, eta, momentu honetan, Europako glaziar gehienak txikitzen ari dira, munduko beste asko bezala. Azken mendeetako maximoa XVI. eta XIX. mendeen artean lortu zuten, Izotzaro Txikia izeneko garaian. XX. mendearen hasieratik hona, aldiz, txikituz joan dira.
Gainera, azken hamarkadetan atzerakadaren abiadura handitu egin da kasu askotan. Joan den mendeko lehen erdian batez beste 0,3 ºC berotu zen Ipar hemisferioa. Azken laurdenean bakarrik, beste hainbeste berotu zen. Aldaketa horien ondorioz, glaziarren atzerakada nabarmena izan da 1930etik aurrera. Metatze-eremuak atzeratu egin dira, eta gero eta gorago joan beharra dago glaziarrak topatzeko.
Vatnajökull-en, Europako inlandsisik handienean, adibidez, urtean hamar metroko atzerakada neurtu dute. Glaziar kontinental hori Islandiaren ekialdean dago, eta handik irteten diren haran-glaziarrak garai batean kostalde osoan hedatzen ziren.
Hori da Breidamerkurjökull-en kasua ere. Mendearen hasieran elur-muturra kostalderaino heltzen zen, 1960an hiru kilometrora zegoen eta egun zortzira. Gainera, depresio handi bat dago glaziarraren muinean. Hortik apurtuko omen da, eta egundoko izotz-masa askatuko omen du fiordean.
Mendi-glaziarren kasua are larriagoa da. Islandiakoek baino tamaina askoz txikiagoa dute, baina urteko hamar metro ingurukoa da atzerakada horietako askotan ere. Europako garrantzitsuenak Alpeetan daude, mendi handien babesean sortu eta lautadetaraino hedatzen dira. Mendikate horretako glaziarren hedadura % 40 gutxitu da 1850etik, eta bolumenean erdia galdu dute.
Pirinioetan ere handia izan da galera. 1870ean 45 km 2 osatzen zituzten glaziarrek. 2000n, berriz, 5 km 2 inguru baino ez ziren geratzen, eta abiadura handian ari dira atzeratzen, gainera. Bereziki azkarra izan da azken hamabost urteetako atzerakada.
Hainbat erabat desagertu dira, eta geratzen diren izotz-eremuetako gune aktiboak gero eta gutxiago dira, izotzaren elikadura eta izotz-gorputzaren higidura oso mugatuta geratu direlako. Zirku glaziar izandako asko orain elurtegiak baino ez dira, eta glaziar-izaera galdu dute.
Hego-isurialdean iparrekoan baino txarragoa da egoera, eta 1980tik hedaduraren erdia baino gehiago galdu dute. 1991tik hona hamazazpi glaziar desagertu dira, eta gaur egun hamar gune aktibo baino ez dira geratzen. Adituen esanean, gainera, inguru horien gehiegizko ustiapenak bultzatu egin du atzeratzea.
Duela urte gutxi elurrez eta izotzez estalita zeuden tokietan, orain lurra eta arroka biluzia dago, eta horietan glaziarren ekintzaren arrastoak ikus daitezke. Leku batzuetan berreskuratu egin dira lur-eremu horiek nekazaritzarako edo bestelako ustiapenerako, eta aldaketa handia eragin dute inguru horretako bizimoduan.
Beste leku batzuetan, ordea, arazo larriak eragiten ari da glaziarren atzerakada, batez ere, erliebe handiko guneen inguruetan. Horietan, higadura handitu egin da denbora laburrean izotzetik aske geratu diren lekuetan, haizearen eta euriaren kontra ez baitago inolako babesik.
Gainera, hidrologian ere aldaketa handiak gerta daitezke etorkizunean, glaziarretako izotzak garrantzi handia baitu bailaretako ur-emariaren dinamikan.
Glaziarrak asko atzeratzen badira, hasiera batean emaria asko handituko da, izotza urtzearen ondorioz. Une batetik aurrera, aldiz, emari-gutxitze handia gerta daiteke, iturri nagusia gero eta txikiagoa izango baita. Hainbat kasutan, gainera, erabat desager daiteke.
Klima-aldaketaren adierazgarri moduan erabili izan dira glaziarrak, eta orain ere nabarmen ari dira erakusten horren ondorioak. Azken urteetan asko eztabaidatu da aldaketa horren benetako neurriaz, horretan gizakiak izan duen parte-hartzearen norainokoaz. Izan ere, berotzealdiak lehenago ere izan dira, eta Lurra orain baino askoz beroago egon da.
Izotzaro Txikiaren aurretik, kasu, glaziarren hedadura orain baino txikiagoa zen Europako hainbat lekutan. Islandiako kostaldeetan, adibidez, ez zegoen izotzik garai hartan. Baina eztabaida berotu egin du aldaketak, batez ere azken hamarkadetan, zer abiaduratan gertatzen ari diren ikusteak. Eta eztabaidak aurrera egiten duen bitartean, gero eta izotz gutxiago pilatzen da glaziar askotan.
Ez da erraza, etorkizunean zer gertatuko den iragartzea, baina, aditu askoren aurreikuspenen arabera, atzerakadak bere horretan jarraituko du. Momentuz behintzat, hor ditugu kontinentearen izozkailu ikusgarri horiek, paisaiaren protagonista.