Etxeko istripuak: seguru ote gaude?

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Azken urteotan, etxeko istripuak bikoiztu egin dira gure herrialdean, zaharren eta adin txikiko umeen artean batik bat. Eta lesiorik gehienak larriak ez diren arren, beti ebita daitezke, neurri sinple batzuk hartze hutsarekin.
B. Kortabarria

Ikerketa eta estatistikek diotenez, etxean istripu gehien gertatzen diren orduak eguerdikoak (11-12 bitartean) eta arratsaldeko 6ak dira. Emakumeak, 45 urtetik gorakoak batez ere, dira istripurik gehien jasaten dituztenak (betidanik horrela izan da, beraiek baitira etxean ere ordu gehien egiten dituztenak).Adineko pertsonak eta haurrak dira arrazoi hori dela medio, urgentzietako zerbitzuetara bisitaldi gehien egiten dituzten beste kolektiboak.

Espainiako Traumatologi Elkarteko buru den Antonio Herrera doktoreak dioen bezala, "pertsona edadetuetan usuena erorketak dira, aldakako, eskumuturreko eta sorbaldako hausturak sorrarazten dituztenak. Umeetan, berriz, istripurik ohizkoenak ebakiak eta zauriak izaten dira, elektrizitateagatiko istripuak, eta garbiketa-produktuengatiko, aerosol intsektizida edo detergenteekiko intoxikazioak." Eta, noski, sukaldea eta bainugelak dira istripurik gehien gertatzen direneko gelak, eta atzetik datoz eskailerak eta balkoiak.

Zer egin prebentzio-gisa helduetan?

Betikak hartzen dituen adineko batekin bizi bazara, gogorarazi iezaiozu hartu beharreko dosia zein den fraskoaren ohartxo bat itsatsiz.

Arrisku-egoera guztiei aurrea hartzerik ez dago, baina horietako asko bazter daitezke, egunero-egunero egiten ditugun ekintza edo jarduera batzuk zuzenduz, eta etxebizitza behar bezala egokituz, batez ere mugitzeko gaitasuna eta erreakzio-ahalmenak gutxituak dituen adineko pertsona batekin bizi baldin bagara.

Ondorengo aholku hauek (bereziki pertsona-talde horrentzat pentsatuak, baina baita gainerako familiartekoentzat ere) istripu posibleak ebitatzen lagunduko dizute:

  • Behar izango dituzten gauzak ez dira leku altuetan gorde edo pilatu behar. Erabiltzaileen eskura utzi behar dira, horrela ez baitu aulkira igo beharko haiek hartu eta erabili nahi dituenean.
  • Botikak hartzen baditu, gogorarazi iezaiozu hartu beharreko dosia, fraskoaren gainean ohartxo bat itsatsiz. Horrela, ez da nahastuko farmakoak ahoratzerakoan.
  • Adineko pertsonak sarritan joaten dira komunera, baita gauez ere. Eta arrazoi horixe izaten da erorketa gehien ekartzen dituen egoeretako bat, gainerako senideak ez molestatzeko ez baitute askotan argirik pizten eta ilunpetan ibiltzen baitira. Bainugelatik hurbilen dagoen gelan egin beharko lukete lo, eta erraz iristeko moduko interruptoreak jarri behar zaizkie ohetik gertu.
    Mugitzeko gaitasuna eta erreakzio-ahalmenak gutxituak dituen pertsona batekin bizi baldin bazara, kontuz alfonbrekin istripu askoren eragile baitira.
  • Kontuz alfonbrekin istripu asko eragiten baitira horietan oztopotu eta eroriz. Banda itsasgarriekin lurzorura lotzea komeni da. Moketak ere oso soluzio egokia dira erorketak amortiguatzeko.
  • Ahal dela lurzoru bustiak ebitatu behar dira; bai sukaldean eta baita komunean ere kontuz zeramikarekin, nekez lehortzen baitira. Bestalde, etxe osoko lurzoruak gehiegi ez ziratzea komeni da (kontuz, bada, argizariarekin).
  • Ez-ohizko egoeretan (oporretan, esate baterako) edota ospitalean egun batzuk igaro ondoren, arreta berezia edukitzea komeni da. Frogatuta dago egoera horietako ohitura-aldaketek erorketa-kopurua gehitzea dakartela.
  • Ez pilatu etxe barruan adineko pertsonarentzat oztopo edo traba besterik izango ez diren altzariak.
  • Gomazko zola duten zapatak edo zapatilak etxean erabiltzea oso ideia ona, labainkada eta irristada beldurgarriak ebitatzeko.
  • Bainu-ontzietan edo dutxetan gertatzen diren erorketa ugariak prebenitzeko, labainkaden kontrako gomazko itsasgarriak jartzea komeni da, eta baita heltzeko moduko dispositiboak paretetan ere. Azken gailu hauek oso baliagarriak izango dira komunean eseri edo bertatik jaikitzeko unean, batez ere zangoetan astrosia dutenentzat.

Etxekoandrearen istripuak

Umerik baduzu detergenteak eta bestelako garbikariak giltzapean edo leku altu baten gorde.
B. Kortabarria

Kontu berezia eduki ondoren aipatuko diren egoeretan, eta ez egin inoiz gehiegikeriarik etxean disgusturen bat eduki nahi ez baduzu, behintzat.

  • Parte altuak garbitzerakoan. Aulkiren batera igotzen bazara, ziur egon zure pisuari eusteko modukoa eta sendoa dela. Hobe zenuke, dena den, eskaileraren bat erabiltzea.
  • Kontuz leihoetako kristalak garbitzerakoan. Kalera begira daudenak garbitzeko erabili tresna luze samarren bat, inoiz ez saiatu esku bakarrarekin eta gorputz-erdia kanpora ateraz.
  • Presioko lapikoa irekitzerakoan, lasai, utzi behar adina hozten. Presaka bazabiltza, bota iezaiozu ur hotza gainera, txorrotada bat edo beste, baina inoiz ez murgildu lapikorik.
  • Batidora edota haragia xehetzekoa inoiz ez garbitu entxufatuak badaude. Aparatua oraindik ere korronte elektrikoari lotua badago, inoiz ez da eskurik sartu behar kutxila edo hortz zorrotzen artean.
  • Ez utzi sukaldeko trapurik edo plastikozko poltsarik suaren ondoan.
    Eta umeen kasuan, zer?
    Ondorengo gomendioak baliogarriak izan daitezke:
  • Sukaldean, zartagin eta eltzeen heldulekuak beti barrurantz utzi; detergenteak eta bestelako garbikariak giltzapean edo leku altu batean gorde; ez utzi umea labera hurbil dadin piztuta badago; eta ez utzi umea sukaldean bakarrik, sutan zerbait baldin badago, batez ere.
  • Ez utzi plastikozko poltsarik umearen eskueran.
  • Etxeko entxufe guztietan segurtasun-gailuak jarri.
  • Umeetan istripurik ohizkoeenak ebakiak eta zauriak izaten badira ere, nahikoa usuak dira erredurak.
    E. Arrojeria
    Leihoren bat irekita utziz gero, ez dadila inguruan aulkirik egon, bertara igo ez dadin. Ahal bada leihoak eta balkoiak baranda osagarriekin babestu.
  • Ez utzi lisaburdin berorik umeen eskueran.
  • 3 urtetik azpikoa bada, umeak ez luke objektu txikiekin edota pieza desmuntagarri txikiak dituzten jostailuekin jolastu behar.
  • Botikak leku altuan gorde, eta ahal bada giltzapean.
  • Ez gorde inoiz garbiketako produkturik edarien enbaseetan.
  • Alkohola eta tabakoa helduentzat dira; ez utzi umeen eskura.
  • Ez utzi umeei etxetresna elektriko txikiekin jolasean (batidora, lehorgailua,berogailuak, etab.)
  • Eskaileren aurrean barandak jarri.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila