Etxabereen identifikazio genetikoa

Mamalioen genoma (zeluletan kokatzen den informazio genetikoaren multzoa) tipikoak 3.000 milioi nukleotido-pare ditu, sekuentzia lineal batean antolatuta eta informazio-eduki izugarria du. Espezie bereko indibiduoen artean dagoen aldakortasun genetikoa ere izugarria da. Indibiduo baten genoma osoa ezagutuko bagenu eta beste indibiduo batena irakurri, gutxienez milioi bat nukleotido desberdin aurkituko genituzke!

Geneez (hots, produktu bat, adib. proteina bat, emateko irakurtarau bat osotzen duten sekuentziez) aparte, genomaren eskualde batzuetan guretzat inolako esanahirik ez duten sekuentziak agertzen dira. Sekuentzia hauen funtzio-eza abantaila bihur daiteke batzuetan, indibiduotik indibiduora desberdintasunak izan baititzakete, eta hortaz indibiduoen markatzaile espezifikotzat har baitaitezke. Sekuentzia hauen artean tandemean (bata bestearen jarraian) kokaturiko sekuentzia oso laburrez (2, 3 edo 4 nukleotidokoak) osoturiko mikrosatelite edo STR (Short Tandem Repeat) izeneko sekuentziak aurki daitezke. STRak oso polimorfikoak (aldakorrak) dira eta, hortaz, oso baliagarriak dira populazioen biologiaren zenbait aplikaziotan, geroago ikusiko dugunez.

Gure lan-taldeak esperientzia handia du markatzaileen bidezko etxabereen populazioen aldakortasun genetikoaren analisi eta ebaluazioan. Izan ere, Euskal Herriko ezaugarri orografikoengatik batetik, eta hemengo baserritar eta abeltzainek bertako arrazak mantentzeko egin duten esfortzuari esker bestetik, bertako arrazak mendeetan mantendu izan dira gure ingurunean. Bertako 15 arraza ditugu, hauetatik 6 arriskuan eta 7 egoera kritikoan kontserbazioari dagokiola. Bestalde, hauetako arraza batzuetan, hauen ekoizpena handitzeko helburuarekin, Hasle Elkarteak Hobekuntza Planak burutzen ari dira, Aldundien eta Jaurlaritzaren laguntzaz. Hobekuntza Plan guztiak genealogi eta ekoizpen-datuetan oinarrituta daudenez, hautespenarekiko erantzuna gutxituko luketen akats genealogikoak saihestea ezinbestekoa da. Hortaz, gure arrazen Kontserbazio eta Hobekuntza Planetan baliagarria izango den sistema genetiko baten garapena planteatu genuen STR izeneko markatzaile genetiko polimorfikoetan oinarrituta.

Lan hau aurrera eramateko STRen hautaketa modu errazean azal daiteke. Sekuentzia labur hauek PCR (Polimerasaren erreakzio kateatua) bidez anplifikatu daitezke, DNA kantitate txiki batetik sekuentzia hauen oso kopuru handia lortuz. Honek ondorengo analisi guztiak asko erraztuko ditu. PCR teknikak bestalde, STR bat baino gehiago aldi berean anplifikatzeko aukera ematen du. Hortaz, genomaren eskualde (locus) desberdinetako informazioa aldi berean eskuratzeko bidea ematen digu. Gainera, azkeneko urteetan garatu den teknologiari esker, fluorokromo desberdinekin markatutako DNA-zati edo aleloen (locus jakin batean indibiduo desberdinek izan ditzaketen sekuentzia desberdinak) aldibereko detekzioa baimentzen duten aparatuak garatu dira. Gure kasuan ABI-Prism 310 izeneko analizatzaile genetikoa, alelo desberdinen bereizmenerako elektroforesi kapilarra burutzen duen, eta laserraren bidez alelo desberdinak detektatzeko gai den aparatua erabiltzen dugu. Aparatu honek modu informatizatuan aurkezten ditu emaitzak. Honek guztiak analisien abiadura, estandarizazioa eta batez ere kalitatea bermatzen du.

Puntako teknologia honekin STR bidezko bereizmen handiko sistema garatzea da gure helburua, animalien identitatearen kontrol eraginkor baten bila. Honek batez ere aitatasunaren determinaziorako itzelezko abantaila esan nahi du. Lehen esandakoaren arabera STRak oso aldakorrak dira (5-10 alelo locuseko), eta erabilitako teknologiak 11-12 locus aldibereko azterketarako bidea ematen digu. Hortaz, indibiduo desberdinak genetikoki identifikatzeko ahalmen handia izango dugu eta kume batek ar jakin bat aitatzat duen probabilitate handiz baieztatzeko modua. Bestalde, indibiduo hauek osotutako populazioen aldakortasuna kuantifikatzeko gai izango gara. Azkenik populazio desberdinak erkatuz gero, hauen arteko erlazioak aztertzeko gai izango gara, ezagutza hau oso garrantzitsua izan baitaiteke gure arrazen historia ebolutiboa ezagutzeko.

Gure asmoa ondokoa da: ahal den heinean gure zerbitzuekin abeltzainen beharrizanei erantzuna ematea eta gure emaitzak lehenengo mailako sektorearen garapenerako baliagarriak izatea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila