Atal honetan garbiketarako tekniken hobekuntza zertan datzan azalduko da, hondakin-uren tratamendurako irtenbideak hurrengo baterako utziz. Azken atalean estalduren industrian burututako hobekuntzen inguruko zenbait esperientzia ere azalduko da.
Elektrolitoetan oinarri-materialetatik eratorritako metal poluitzaileak eta elektrolitoaren aditiboen degradazio-produktuak metatzen dira.
Bainuen bizitza luzatu ahal izateko, elektrolitoaren osagai nagusiak (gatzak, tentsoaktiboak,...) etengabe analizatu behar dira eta balio teorikoetara doitu. Bestalde, garrantzitsua da bainua zergatik berritu nahi den ongi jakitea, hots, bainuaren kalitatea hondatzen duten substantzia metatuak ezagutu behar dira eta substantzia hauek ondorio negatiboak sortzen zein kontzentraziotan hasten diren.
Bainuetako ezpurutasun edo poluitzaileak mota askotakoak izaten direnez, garbiketarako erabili behar diren prozesu edo teknikak anitzak eta espezifikoak izaten dira. Teknika hauen bidez metal astun poluituak ezabatzea, gatzak prezipitaraztea eta gehigarri organiko degradatuak nahiz ezpurutasun edota partikula disolbagaitzak kanporatzea lortzen da. Teknika hauetariko batzuk ondokoak dira:
Halaber, deskoipeztaketa-prozesuen mantenimendurako teknika eraginkorrena olio-bereizgailuak erabiltzea da. Desugerketari dagokionez, bestalde, mantenimendu-neurriek bideragarritasun praktiko txikia dute eta horregatik, prebentzio-neurri egokiena aldez aurretik egoki garbitzean datza.
Arraste, aurreko bainu edo garbiketetatik datozen piezen gainazalera itsatsitako likidoari esaten zaio. Arrasteak murriztea da, danbordun instalazioetan batez ere, prebentzio-neurri eraginkorrena, bai ingurugiroaren ikuspuntutik eta bai poltsikoari begira ere. Arrasteen minimizazioa lortzeko zenbait neurri honakoak ditugu:
Garbiketa-teknikaren hobekuntzari heldu aurretik eragiketa bakoitzeko garbiketa-urari begira zein mailatako kalitatea bilatzen den aurreikusi behar da, garbiketa-teknikaren hobetzea alferrikakoa izango baita zenbateraino garbitu nahi den aurretik jakiten ez bada. Izan ere, gehienetan behar baino askoz gehiago garbitzen da, baita 1.000 bider gehiago ere. Gainera, gogoan izan behar da hornidura-uraren, isurketa-kanonen eta uren tratamendurako produktu kimikoen kostuak gero eta handiagoak direla egun.
Kalitatea definitzeko metodologiarik sinpleena garbiketa-kalitatearen irizpidea da; alegia, jarduneko bainuaren kontzentrazioaren eta azken garbiketa-aldiaren arteko zatidura. Adibidez, 1.000ko irizpideak azken garbiketa-bainua baino 1.000 bider gutxiago diluituta dagoela esan nahi du.
Nolanahi ere, kalitate-irizpide doituaz lan egitea ura aurrezteko lehen pausoa den arren, hautatu den garbiketa-teknika da erabakiorrena erabiltzen den ur-kantitateari begira.
Garbiketa-prozesua optimizatzen duten teknika gehienen joera garbiketa-ura behin eta berriz erabiltzea da. Horrela karga poluitzailea bolumen txikiagoan kontzentratzea lortzen da eta, ondorioz, herrestatutako elektrolitoa bainura itzultzea errazteaz gain ur erdikontzentratuak merke eta seguruago tratatzea lortzen da.
Eragiketa bakoitzaren ondorengo garbiketa-etapen kopurua funtsezkoa da ur-emari txikiaz eraginkortasuna lortzeko. Estaldura-eragiketetarako hiru etapa eta aurretratamenduetarako (deskoipeztaketa eta desugerketak) bi edukitzea da gomendagarriena.
Erabiltzen diren teknika nagusiak ondokoak dira:
Bainu-mota | Garbiketa-kalitaterako irizpidea (Co/Cn) |
• Deskoipeztaketa | 500-1.000 |
• Desugerketa | 1.000-2.000 |
• Zinkeztaketa (zianurorik gabe) | 1.000-5.000 |
• Beste zenbait metalizatu (zianurorik gabe) | 2.000-10.000 |
• Zianuro-zinkeztaketa | 5.000-10.000 |
• Beste zenbait zianurodun (Cu, Ag, Letoia) | 10.000 |
• Kromo apaingarria | 10.000-50.000 |
• Kromo-pasibatuak | 200-2.000 |