Esperantzari leiho bat, zabaldu omen diote...
Horrela zioen duela urte batzuk Oskarbi taldeak kantatzen zuen abesti ezagunak; Bitoriano Gandiaga fraile frantziskotarrak idatzitako poesia eder bat musikatuz eginak. Eta horixe esan dezakegu gaur egun malariaren aurkako txerto berria dela eta.
Baina irakurleen artean despistatu bat baino gehiago egongo dela pentsatuz, gauzak hasiera-hasieratik konta ditzadan. Arazoa honakoa da: malariaren aurka Patarroyo ikertzaile kolonbiarrak merkaturatu duen txertoak gaitz horren tratamendurako itxaropen handia piztu duela (eta horregatik hartu dugu titulurako “lizentzia poetikoa”).
Txerto berria esan dut, eta berez ez dela hain berria aitortu beharra dago; 1988. urtean amaitu baitzituen beren urte askotako lanak Bogotako Santafé-ko Inmunologi Institutuan Manuel Patarroyo buru zutela bertako ikertzaile-talde zabalak. Txertoak, SPf66 izen teknikoaz bataiatu zutenak, berrikuntza handiak eta guztiz garrantzitsuak ditu. Eta hori hiru arrazoirengatik:
Baina, berrikuntzarekin batera, txerto horrek zalantzak eta duda-mudak sortu ditu mundu osoko zientzilarien artean. Patarroyo irakaslearen iritziz, inolako tradizio zientifikorik gabeko herrialdean sortu delako, metodologia erabat berriarekin eta hirugarren Munduak zuen osasun-arazo nagusienari heldu izanik, halako errezelo-giro bat sortu zuen zientzilarien artean; ez baitzuten uste, hasieran, txertoa eraginkorra izango zenik.
Dena den, Tantzaniako hegoaldean (mundu osoan malaria-intzidentziarik handiena dagoeneko zona batean) egindako entseiu klinikoak iritziz aldarazi ditu. Izan ere, txertoak lortutako eraginkortasun-indizea (% 31koa) oso zabaltzat hartu ezin badaiteke ere, ohizko txertoekin konparatzen badugu SPf66 txertoak aurrerapen historikoa eragin du, munduan triskantzarik handiena sortzen duen gaixotasunetako baten kontrako borrokan.
Malariaren transmisioa 103 herrialdetan gertatzen da oraindik ere (azken datu epidemiologikoen arabera) eta lurralde horietako populazioa 2.000 milioi pertsonatik gorakoa da. Urtero-urtero 300-400 milioi sortzen ematen dira eta 1-3,5 milioi heriotza, horietatik gehienak Afrikan Saharatik hegoaldeko umeen artean. Entseiuan lortutako emaitzetatik abiatuz, txertoarekin hiru kasutatik bat ebitatuko litzateke eta, beste ikerketa batzuk frogatuz gero, baita heriotzen herena ere.
Hegoamerikako hainbat zonatan egin ziren txertoaren aurreneko entseiuak, eta horietan % 45-65eko eraginkortasuna lortu zen. Hala ere, beharrezkoa zen endemikotasun handiagoa zuten zonetan ere txertoa eraginkorra zela baieztatzea. Horregatik, Tantzaniako hegoaldeko populazioan entseiua egiteko baimena lortu zuten. Zona horretan pertsona bakoitzak urtean 300 ziztada infektatzailetik gora jasotzen dituela kalkulatzen da.
Ikerketa honetan, ausaz aukeratuta, itsu bikunean eta plazeboarekin kontrolatutako kontrol-taldea erabiliz, 586 ume erabili ziren, 1-5 urte bitartekoak. Horietatik 274 umek txertoaren 3 dosiak hartu zituzten bitartean, beste 312ri plazeboa eman zitzaien. 1992ko uztailetik 1993ko uztailera bitartean egindako ikerketa honek, urtebeteko jarraipenaren ondotik gaixotasun klinikoen intzidentzia % 31 murrizten zela frogatzeaz gain, txertoak inmunogenizitate altua eta oso ondorio sekundario gutxi zuela frogatu zuten, injekzioaren lekuan nabarmentzeko moduko ondorio bakarra (eta kasuen % 1-6an soilik) inflamazioa izanik. Interesgarria da, halaber, ikerketa bitartean txertoa hartu zuten umeetatik bat bakarra hil zela esatea, plazeboa hartu zutenetatik 5 hil zirelarik. Beraz, gaixotasunaren transmisioa oso-oso altua den zonan txertoa segurua, inmunogenikoa eta neurri batean babeslea dela frogatu ahal izan zen.
Txertoarekin lortzen den inmunitateak umeen herena besterik ez babestea, porrottzat hartu du zenbait zientzilarik. Baina OMEren gaixotasun tropikaletarako programa-buru den Tore Godal medikuaren esanetan, “garrantzi handikoa da Plasmodium-a bezain azkarra den parasitoaren aurka babesa lor daitekeela frogatu izana.”
Patarroyo irakasleak berak esan duenez, OMEk 1995. urtean ekingo dio jende-talde zabalak txertatzeari, gaixotasunak transmisio-tasarik altuena duten herrialdeetan. Eta jakin nahi den puntuetako bat honakoa da: ea txertoak gaixotasunaren heriotza-tasan zer-nolako eragina duen; alderdi hori ez baita apenas ikertu orain arte. Dena dela, ezin bazter daiteke 3 pertsonatik batek malaria harrapatzea ebitatuko lukeen eta 3 pertsonatik bat arrazoi horrexegatik hiltzea ebitatuko lukeen txertoa, horrela urtero milioi bat heriotzatik gora ebitatuko lirateke eta.
Oraingoz, ikerketetan ikusitakoaren arabera, txertoaren eraginkortasuna gutxienez 3 urtean mantentzen dela esan daiteke; oraindik 5 urterako planteatutako ikasketak ez baitira bukatu. Berriz txertatzea beharrezkoa gertatuz gero, aurreneko txertoa jarri eta 3 urtera emandako beste oroitzapen-dosi batekin pertsona beste 3 urterako inmunizatuta geratuko litzateke.
Bestalde, sintesi klinikoz lortutako txertoa izateak bere prezioa oso merkea dela esan nahi du. Ildo honetatik, Patarroyo irakasleak bere txertoa OMEren esku jartzeko planteatu zuen eskakizunetako bat hortik abiatzen zen: 3 dosien prezioa, guztira, ez zedila 40 pezetatik (2 liberatik) gorakoa izan. Horrela, Hirugarren Munduko herrialdeek txertoa erabiltzeko aukera edukiko lukete. Gaur egun ikertzen ari diren beste txerto batzuk, berriz, askoz ere erabilgarriagoak lirateke; zona endemikoetara bidaiari edo turista moduan joandako pertsonentzat adibidez. Izan ere, SPf66 txertoa Hirugarren Munduko biztanleentzat sortu da, eta horiexek dira, hain zuzen ere gehien behar dutenak.
Aurreko guztiak itxaropenerako bideak zabaltzen dituen arren, ez da ahaztu behar ikerketa ez dela inmunizazioari buruzko hainbat zalantza argitzeko gai izan.
Oraingoz oso goiz da galdera horiei guztiei erantzuteko. Edonola ere, “The Lancet” aldizkari ospetsuak ikerketa horri buruz argitaratu berri duen lanak ongi baino hobeto baloratzen du Manuel Patarroyo ikertzaile kolonbiarrak egindakoa. Geroak esango du, Bitoriano Gandiagaren hitzak errepikatuz “bizi ote den ikusteko” ala “desilusio-usai bat irten omen den, leihotik”.