Eskola-osasunerako heziketa

Agirre, Jabier

Medikua eta OEEko kidea

Begi-bistakoa da osasunak duen garrantzia. Eskolako aro honetan esperientzia eta ezagutza asko finkatzen dira umearengan, eta esperientzia eta ezagutza horiek osasunaren aldeko ohitura, jarrera eta erizpide baliagarriak sorterazten ditu umearen baitan. Esperientzia/ezagutza horien bidez, umea norberaren eta besteen osasunarekiko erantzukizunaz jabetu egiten da.

Eskolak ba al du berezitasunik?

Ondorengo puntu hauetan oinarrituko genuke eskolak osasun-heziketan duen garrantzia:

  • Haur guztiengana heltzeko posibilitatea dago.
  • Haurrak eskolan denbora luzea ematen du.
  • Oso garai aproposa da, haurrak beren nortasuna eraikitzen ari direlako eta horregatik oso errezeptiboak direlako.
  • Osasunari buruzko informazioa beste informazio-mota batzuekin batera, globalizatuta, hartzeko posibilitatea eskaintzen zaio irakasleari (jokoak, jolasak, etab.)
  • Maisu-maistrek haurrarengan eduki dezaketen eragina.

Irakaslearen eginkizunaren garrantzia

Maisu-maistrak dira haurrentzat eredu edo jarraibide, eta beraien jokabidea imitatuko dute haurrek. Horregatik oso argi ulertzen da eredu edo adibide positiboak eskaintzearen garrantzia (erretzeari, garbitasunari, etab.i dagozkienak).

Osasun-heziketa egitea, beste heziketa-mota asko bezalaxe ez da informazio hutsa transmititzea; trasmititu nahi duguna bizi eraztea baizik (argiago eta garrantzitsuago oraindik eskolaurrean), eta hau esaten dutenaren bidez baino hobeto lorzen da maisu-maistren portaeraren bidez.

Maisu-maistrak dira haurra gehitxoen ezagutzen dutenak (gurasoek ezik, eta batzuetan hauek baino hobeto).

Osasun-programaren funtsezko oinarriak

  • Lehen-lehenik, osasun-programa batek eskola–maila guztietan egon behar luke, h.d. hasi eskolaurrean eta irakaskuntz maila guztietan zehar irakatsi behar litzateke.
  • Egokitua izatea. Gizartearen behar, ahalmen eta bestelako ezaugarrietara (ohitura, sinesmen, etab.etara) egokitua. Ez da berdin Euskal Herrian aritzea, edo oso bestelako gizarte-mota batean aritzea. Horretarako inkestak, estatistikak, elkarrizketak eta behar litzatekeen hainbat material erabiliko da.

Haurraren ezaugarrietara egokitua egon behar du; bere adinari begira bereziki. Horregatik,

  • 9 urtetik beherako haurretan OHITURAK lan du behar dira nagusiki
  • 10-11 urtekoetan, JOKAERAK eta OHITURAK landu behar dira.
  • 12-13 urtekoetan, JOKAERAK, OHITURAK eta EZAGUTZAK.

Dena den ez genuke hemen ahaztu behar familiak (eta baita gizarte berak ere) puntu honetan jokatzen duen papera.

  • Haurrak eskolan ikasitakoa etxean praktikan jar dezan.
  • Etxean, eskolan ikasitakoa potentzia (edo agian kontra ere egin) diezaioten
  • Umearen hurbileko inguruneak (gizarteak, baina bereziki auzoak) eduki dezakeen garrantzia.
    • Azkenik, osasun-heziketa hau beste gaiekin batera, era koordinatu eta globalizatuan eman behar litzateke. (Heziketa fisikoa, Biologia, Natur Zientziak, etab.).

Zeintzuk lirateke programa honen helburuak?

  1. Bere gorputzarentzat mesedegarri diren ekintza eta portaerak ikastea.
  2. Bere gorputzak ondo ibiltzeko behar dituen ingurune hurbileko faktoreak ezagutzea: argia, airea, espazioa, zarata, ...
  3. Gelaz kanpoko faktoreak ere ezagutu eta nolabait menderatzea (jolastokia, inguruko kale edo zelaiak)
  4. Dabilen leku ezberdinetan arriskutsu izan daitezkeen faktoreak ezagutzeko ahalmena.
  5. Lagun eta maisu-maistrekin harreman onak finkatzea; ikasgela bait da umearentzat familiaren ondorengo harreman-lekurik nagusiena.
  6. Gizarte baten barruan dagoela senti erazi eta baita bere heziketa gizartearekin, familiarekin, etab.ekin loturik dagoela ere.
  7. Osasuna zerbait baliotsu bezala senti erazi, eta beraren alde beti borrokatu beharko duela irakatsi.
  8. Umearengana jokamolde aktibo eta kritikoak sortu eta finkarazi.

Aipatu ditugun helburu orokor horiek lantzeko gai-zerrenda luzea erabil daiteke. Honako hauek gutxienik bildu beharko ditu:

  • Garbitasun eta higiene pertsonala
  • Ariketa fisikoa, loa, atsedena eta erlaxazioa.
  • Elikadura, nutrizioa (mantenua) eta hazkuntza.
  • Aho eta hortzaginen osasuna.
  • Giza gorputzaren egitura eta funtzionamendua.
  • Gaitzen prebentzioa eta kontrola.
  • Istripuen prebentzioa. Segurtasuna eta lehen laguntzak.
  • Osasun mentala eta emozionala.
  • Osasun sexuala. Sexualitatearen eboluzioa.
  • Ingurunearen osasun-maila.
  • Alkohola, tabakoa, drogak.
  • Osasun-zerbitzuen erabilera zuzena.

Eskola-Osasuneko Azterketak

Osasun-azterketa hauek atal garrantzitsu bat hartzen dute eskola-higienearen programa barnean, baina badira, noski, beste zenbait ekintza eta bide ere.

• Zer dira azterketa horiek?

Itxuraz osasuntsu dauden umeetan egiten diren azterketa sistematiko eta errutinarioak dira. Horrela, modu goiztiarrean, asistentzia medikoko zerbitzuek zuzen ditzaketen osasun-arazoak atzeman eta diagnostikatzeko helburua beteko da.

• Azterketa hauek zein helburu dituzte?

  • Ez, nahitaez, eskolaroko erikortasuna eta hilkortasuna murriztea.
  • Baliagarriak dira, ordea, erikortasun kronikoa jaisteko.
  • Pertsonaren etorkizuneko bizi-kalitatea hobetzeko balio handikoak dira.

• Azterketa hauen erabilgarritasuna

Erabilgarritasuna ERRENDIMENDUAren baitan dago, h.d., lehendik ikasleak berak edota bere gurasoek ezagutzen ez zituzten eritasun eta gaitz-egoera atzemandakoen kopuruaren baitan.

Gure inguruari dagokionez, sistematikoki burutzen diren eskola-osasuneko azterketek “errendimendu” altua dute oraindik ere (h.d. lehendik ezezagunak ziren anomalia asko detektatzen da), eta bestalde, osasun-zerbitzuak gai dira, kasurik gehienetan, atzemandako arazoak konpontzeko.

Horregatik, eskolumeen osasun-azterketen programa bat martxan jartzea erabilgarri eta komenigarri bezala jo dezakegu.

• Azterketa horien aldizkotasuna

Azterketa horien komenientzia onarturik, garrantzi handikoa da burutu behar direneko aldizkotasun minimo bat markatzea. Gure artean, beharrezko edo derrigorrezko eskolaratzea sei urterekin hasten da, eta OHO-ko zortzi ikastaroek osatzen duten zikloa hartzen du barne. Datu horiek kontutan hartuta, hiru une aukeratu dira OHO-ko zikloan, eskolumearen azterketa burutzeko egokien bezala:

OHO-ko 1. urtea ..... Eskolaratzearen hasiera bait da.
OHO-ko 2. urtea ..... Pubertaroa bere puri-purian da go.
OHO-ko 8. urtea ..... Hemen bukatzen bait da lehen eskola-aroa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila