Erresberatrola, ardoaren indar terapeutikoa

Orive Arroyo, Gorka

Farmazian doktorea. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzailea

Farmazia Fakultatea UPV-EHU, Vitoria-Gasteiz

Zarate Sesma, Jon

Farmazian doktorea. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzailea

Farmazia Fakultatea UPV-EHU, Vitoria-Gasteiz

Osasun publikoan arazo gehien dakarren droga alkohola da. Pertsona eta familia asko suntsitzen ditu, eta argi dago gure indar guztiekin egin behar dugula gehiegizko kontsumoaren aurka. Osasun-zientzietan adituak garenok ardura garrantzitsua daukagu borroka horretan, eta alkoholaren inguruan idaztean kontu handia izan behar dugu. Hala ere, ardo gehiegi edateak osasunean izan ditzakeen eragin kaltegarriak ahaztu gabe, ardoaren indar terapeutikoez hitz egin nahi dizuegu artikulu honetan; hain zuzen ere, ardo beltzean horren ugaria den erresberatrol substantziaren eragin terapeutikoez. Besteak beste, bihotza babesten eta minbizia prebenitzen zein tratatzen izan dezakeen eraginaz eztabaidatuko dugu, betiere, arrazonamendu zientifikoan oinarrituta.

Erresberatrola, ardoaren indar terapeutikoa
2008/07/01 | Zarate Sesma, Jon; Orive Arroyo, Gorka | Farmazian doktoreak. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzaileak.

(Argazkia: Artxibokoa)
Erresberatrola hainbat landarek estresari, lesioei, infekzio fungikoei eta erradiazio ultramoreari erantzuteko sortzen duten konposatu polifenolikoa da, estilbenoen taldekoa. Erresberatrola mahatsaren azalak, ardoak, kakahueteek eta Vaccinum espezieko baiek (ahabiek) dute.

Mahatsaren azaleko erresberatrol-kantitatea hainbat faktoreren menpe dago; horien artean, mahats-barietatea, jatorri geografikoa eta infekzio fungikoak dira garrantzitsuenak. Horrez gain, hartziduran ardoa mahatsaren azalarekin kontaktuan dagoen denborak mugatzen du ardoaren erresberatrol-kontzentrazioa; beraz, ardo zuriek eta gorriek beltzek baino kontzentrazio txikiagoa dute.

Edonola ere, erresberatrolaren ahalmen terapeutikoaz eztabaidatzeko, jakietan zer kontzentrazio duen jakiteak ez du ezertarako balio. Jaki horiek hartu ostean odolean zer kontzentrazio lortzen diren jakitea da benetan garrantzitsua. Azkenekoarekin loturik, boluntario osasuntsuekin egindako ikerketa batean, ahotik hartutako 25 miligramo erresberatrolen xurgapena aztertu zen. Eta, emaitzen arabera, nahiz eta xurgaturiko kantitatea nahiko txikia izan, erresberatrola gai izan zen xurgapen-mintza zeharkatu eta hesteetatik odolera pasatzeko; horrek etorkizunean erresberatrola aho bidez emateko aukera zabaltzen du.

Frantziar paradoxa

1992an piztu zen zientzialarien artean erresberatrolak osasunean izan ditzakeen onurak ikertzeko interesa. Orduan, Siemann-ek eta Creasy-k ardo beltzaren erresberatrol-maila zehaztu zuten lehen aldiz bereizmen handiko kromatografia (HPLC) bidez, eta "frantziar paradoxa" ( French Paradox ) azaldu zezakeela ikusi zuten. Frantziar paradoxaren arabera, Frantzian gaixotasun koronarioen hilkortasun-tasa beste herrialdeetan baino txikiagoa izatea ardo beltzaren kontsumo handiagoari zor zaio, nahiz eta frantziarrek gantz asetan ugaria den dieta izan eta asko erre.

Harrezkero, hainbat ikerketak frogatu dute erresberatrolak gaixotasun kardiobaskularrekin erlazionatutako mekanismoetan parten hartzen duela, eta iradoki dute sistema kardiobaskularrean babes-funtzioa izan dezakeela. Horrez gain, kultura-zeluletan eta animalietan eginiko entseguetan ikusi dute beste zenbait prozesutan ere parte hartzen duela: minbiziaren garapenaren inhibizioan, hanturazko gaixotasunen eta gaixotasun neurodegeneratiboen prebentzioan edo tratamenduan, eta bizitza-luzeran.

Argi dago, beraz, polifenol horren izena mundu osoko zientzialari baten baino gehiagoren proiektu zientifikoen txostenetan irakur daitekeela, edo irakurri ahal izango dela. Artikulu honen helburua ahalmen terapeutikoaren adierazle diren froga zientifikoak aurkeztea da, ondoren bakoitzak bere ondorioak atera ditzan.

Bihotzaren mesedetan

Hartziduran ardoa mahatsaren azalarekin kontaktuan dagoen denborak mugatzen du ardoaren erresberatrol-kontzentrazioa.
Artxibokoa
Aterosklerosia bihotzekoa izateko arrisku-faktore garrantzitsua da, eta eragile askoren menpe dago. Besteak beste, odoleko plaketak pilatzea eta odol-hodien hormako muskulu-zelulak ugaritzea dira eragile nagusiak. Eragile horiek kontrolatzea ezinbestekoa da bihotzeko arazoak saihesteko, eta hainbat ikerketatan frogatu dute erresberatrola gai dela horretarako. Bihotza babesteaz gain, efektuak beste talde batzuetako antioxidatzaileekin baino askoz kontzentrazio txikiagoetan lortzen dira.

Gainera, erresberatrola plaketen agregazioa inhibitzeko eta basodilatazioa eragiteko gai dela frogatu dute; hortaz, arteria koronarioen eta garuneko arteria nagusien oklusioaren prebentzioan eta tentsio arterialaren jaitsieran eraginkorra izan daitekeela uste dute.

Minbizia prebenitzeko gaitasuna

Konposatu askoren gaitasun kartzinogenoa metabolizatu ostean azaltzen da; hau da, substantzia horiek kartzinogenoak izan daitezen, zitokromo P450 taldeko entzimaren batek aktibatu egin behar ditu. Bada, erresberatrolak, entzima horien espresioa eta aktibitatea murriztuz, konposatu kartzinogenoen sorkuntza eragozten du.

Erresberatrola mahatsaren azalak, ardoak, kakahueteek eta Vaccinum espezieko baiek (ahabiek) dute.
(Argazkia: Artxibokoa)

Horrez gain, erresberatrolak zelulen bizi-zikloaren erregulazioan parte hartzen du; batetik, zelula normaletan, heriotza edo minbizia eragin dezaketen mutazioak eragozten ditu, eta, bestetik, zelula kantzerigenoen heriotza, hazkuntza, angiogenesia eta metastasia inhibitzen ditu. Halaber, erresberatrolaren hanturaren aurkako efektuak tumoreen inbasioa inhibitzen du.

In vitro eginiko esperimentuetan frogatu dute eraginkorra dela tumore-zelula hauen ugaritzea inhibitzen: minbizi linfoidea eta mieloidea; mieloma anizkoitza; bularreko, prostatako, urdaileko, koloneko, areko eta tiroideko minbizia; melanoma; buruko eta eztarriko kartzinoma epidermoidea, obulutegiko kartzinoma eta umetoki-lepoko kartzinoma.

Minbiziak prebenitzen soilik ez, erresberatrolak gehiago bizitzen ere lagundu dezakeela dirudi. Izan ere, erresberatrola hartzeak C. elegans zizarearen eta D. melanogaster fruta-euliaren bizia luzatzen duela frogatu da. Badirudi efektu hori sirtruina deritzen entzimen jarduera areagotzen duelako gertatzen dela. Horrez gain, Nature eta Cell aldizkari ospetsuetan argitaratutako lanen arabera, erresberatrolak, sirtruinak aktibatuz, gastu energetikoa areagotu egiten du, eta gantzetan aberatsa den dietarekin elikatutako saguak babestu egiten ditu diabetesa, loditasuna eta degenerazio hepatikoa pairatzeko arriskutik. Azkenik, sirtruinen aktibatzaileak gaixotasun neurodegeneratiboak --hala nola alzheimerra-- prebenitzeko erabilgarriak izan daitezkeela ere ikusi da (ez dezagun ahaztu gaur egun gaixotasun neurodegeneratiboen intzidentzia oso handia dela).

Erresberatrolaren gaitasunak in vitro eta in vivo aztertzeaz gainera, boluntario osasuntsuekin ere egin da saio kliniko bat.
2002 University Relations, Arkansasko Unib./NSF

Etorkizun ahaltsua

Orain arte ikusitakoaren argitara, etorkizunean erresberatrolaren gaitasun terapeutikoa nabarmena izan daiteke. Hala ere, ez dezagun ahaztu, aipatutako ikerketetan --zelula-kulturetan eta gizakia baino maila baxuagoko espezieetan eginikoak-- gizakietan aho bidez hartuta lor daitezkeen baino kontzentrazio askoz handiagoak erabili direla eta, beraz, bide luze baten hastapenean gaudela oraindik.

Dena den, baso bat ardo edan ostean odolean lortzen den erresberatrol-kontzentrazioarekin, terapeutikoak izan daitezkeen eraginak lortzeko gai izan dira zientzialariak, in vitro bada ere. Adibidez, oxido nitrosoaren sintesiaz arduratzen den eNOS entzimaren jarduera areagotzea lortu dute, eta tentsio arterialaren jaitsiera eragin; hori oso onuragarria da sistema kardiobaskularrarentzat.

Argi dago, beraz, baikorrak izateko arrazoiak ematen dizkigutela datuek. Horren harira, David Sinclair-ek, Nature eta Cell aldizkarietan argitaratutako lanetan parte hartu duen eta erresberatrolaren ahalmenean fede itsua duen Harvardeko Unibertsitateko ikertzaileak, Sirtris Pharmaceuticals enpresa biofarmazeutikoa sortu du. Enpresaren helburua da sirtruinen aktibatzaileen --adibidez, erresberatrolaren-- eta aho bidez har daitezkeen formulazio berriak sintetizatzea.

(Argazkia: Artxibokoa)

Dituzten patenteen artean, SRT501 erresberatrolaren formulazioa da aipagarriena. SRT501ak orain arteko formulazioak baino egonkortasun eta xurgapen-maila askoz hobea du, eta, hortaz, farmakoaren kontzentrazio handiagoak lortzen dira odolean. SRT501en eraginkortasuna eta segurtasuna neurtzeko, 85 boluntario osasuntsurekin entsegu kliniko bat egin dute, eta beste bat hasi dute 90 diabetikorekin. Hain zuzen ere, entsegu kliniko horien emaitzek erakutsiko digute orain arte in vitro eta laborategiko animalietan lortutako datuak gizakietara estrapola ote daitezkeen.

Zarate Sesma, Jon; Orive Arroyo, Gorka
3
244
2008
7
032
Biokimika; Osasuna
Artikulua
47

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group