Izurri beltzak ekarri zuen nahaste-borraste ekonomiko nahiz sozialak eta Ehun Urteko gerrak, ez zuten estudiorako behar den giro patxadatsua izateko aukera handiegirik ematen. Hala ere, mundua etengabe aldatuz zihoan.
Aurreko lan batean Duns Scoto-ren eta Ockham-eko Gilermoren enbatek Eskolastikaren harresian ireki zituzten pitzadurak ikusi ditugu; Ockhameko Gilermok Aita Santuaren presondegitik egin zuen ihesak eta Bavariako Luisek eman zion babesak, Elizaren botere monolitikoaren aurkako iraultza suposatzen dute eta, bidez batez, Elizaren aginte unibertsalaren kontrako nazioen eskubideen aldarrikapena.
Errenazimentuaren izpiritua Italian agertu zen lehen aldiz. Garai hartan Italia aurreko garaitan izandako suntsipenetik bere burua altxatzen ari zen. Agian erromatar arkitekturaren hondakinez inguraturik egoteak, klasikoak maitatzeko bidea erraztu egin zien. Bestalde, Quattrocento ko estatu-hiriak gaur eguneko estatu modernoen abiaburu izateaz gain, oso topaleku egokiak ziren kulturaz nahi zientziaz arduratzeko.
Italiaren puntu honi buruzko abantaila ulertzeko, XIII. mendeko Parmako Salimbene izeneko frantziskotarraren eritzia ezagutzea ez da alferrikakoa izango: Italiatik kanpoko erresumetan hirietan jende xehea baino ez da bizi, nobleziako zaldunak eta damak beren bolizko dorre feudaletan bizi dira, hau da, lurren ardura aurrera eramateko beren nekazal jauregietan egon ohi dira. Italian aldiz, goimailako jendea hirietan bizi da eta bertan igarotzen dute beren denbora gehiena. Ezpa irik gabe, nagusiak han egoteak etxaldeetako errendimendua hobetu egiten du, baina bide batez, eta komunikazio zailetako garai hartan, baserritako bizitzan kulturarako behar diren harreman intelektualak ez dira erraz sortzen. Aldiz, Italiako iparraldeko jende handiaren bizimodu hiritarrak horretarako giro egokia eskaintzen zuen, ondorio bezala Errenazimentua sorteraziz.
Errenazimentua ez zen literatur iraultza soilik izan. Nahiz eta denbora aldetik literatur elementua aurrena eta nagusienetakoa izan, beste elementu batzuk ere hartu behar dira kontutan. Iraultza honen aitzindaria Petrarca —1304-1374— dugu. Honengan Danteren olerkietan ezkutatuta dagoen Erdi Aroko eskolastikatik oso urruti dagoen beste izpiritua ikus daiteke. Petrarca eskolastikoek erabiltzen zuten latin kaskarra arbuiatuz latin onaren aldeko agertzen den lehenengo kultur gizona dugu. Horrekin batera, pentsakera klasikoaren benetako izpirituaren berreskuratzearen aldekoa eta berak suposatzen duen arrazoiaren libertatearen zalea ere bai.
Petrarca mende batez erratu zen, baina hurrengo mendearen hasieratik, XV.etik alegia, literatura klasikoaren aldeko interes berezia plazaratu zen. Hau dela eta, greko asko ekialdetik mendebaldera etorri ziren literatura eta antzinako kultura grekoa irakastera. 1453.ean turkoek Konstatinopolis bereganatzeak prozesu honi bultzada handia eman zion. Horren eraginez, beraiekin batera beren liburuak eta eskuskribuak zekartzaten irakasle prestu asko iritsi ziren mendebaldera. Eskuskribuen bilaketa modan jarri zen.
Italiako eta Europa osoko monastegietako liburutegietan harrapaketa eta lapurreta ugari egin zen eta ekialdean ordezkariak zeuzkaten merkatal-gizonek bereak eta bost egin zituzten mendebalderaino iritsi gabe zeuden idazki grekoak ekar erazteko. Beraz, zortzi edo bederatzi mende geroago mendebaldeko kultur gizonek antzinako grekoen zientzia eta filosofia ezagutzeko aukera eta grina izan zuten.
Baina ezagupen hori baino garrantzi handiagokoak, berak zekarren ikerketarako libertatearen izpiritua eta gai guztiak aztertzeko gogoa ziren; hau da, humanismoak sorterazi zuen giroa. Nahiz eta, erlijio autoritarioak emandako joerei jarraitu eta, beraz, beste gaietan ere agintariek esandakoa onartzeko prest egon, humanistek zientziak geroago ezagutuko zuen pizkundearen bidea urratu zuten. Humanismorik gabe zientzi pentsamoldeko gizonek teologiak finkatutako aurreritziak apurtzea sinestezina da.
Humanismoa Italiatik iparraldera iragan zen. Iragate honetan lehenengotakoa Johann Müller —1436 -1476— dugu. Hau Königsberg izeneko hirian jaio zen eta horregatik Regiomontanus izengoitia eman zitzaion. Berari dagokio lehen aldiz zientzia eta humanismoa uztartzea. Ptolomeoren eta beste zenbait idazle grekoren lanak latinera itzuli zituen eta 1471n Nürenberg-en behatoki bat eraiki zuen, bertan pisuzko erloju bat eta zenbait astronomi tresna egin zituelarik.
Hala ere, Alemanian Errenazimentuaren ondorio nagusia ikerketa biblikoak medio zirela eta, Erreforma dugu. Alemaniak beste interes batzuk eta kultur kemen berria izan zituen, baina ez zituen Italiaren autokulturaren zaletasuna eta fintasun paganoa bereganatu. Frantzia italiar izpirituarekin Alemania baino baterago zetorren eta bertan mugimendu humanistikoagoa garatu zuen.
Iparraldeko Errenazimentuan izenik handiena Rotterdam-eko Desiderio Erasmo (1467 1536) dugu. Erasmok humanismoan bere garaiko hutsak garbitzeko jakintzaren eragina ikusi zuen: monastegietako jakinduri eza, Elizaren gehiegikeriak, eskolastikoen harrotasuna eta moralitatearen maila eskasa, besteak beste. Teologo eskolastikoek beren gogoen arabera handik eta hemendik ateratako testuak erabiltzen zituzten bitartean, Erasmok Bibliak, bere osotasunean, eta Elizako Gurasoek irakatsi eta esan nahi duten guztia agerterazi nahi zuen.
Bolada batean eta Leon X.a Aita Santuarekin —1513-1521—bereziki, Vatikanoa bera antzinako kulturaren kabia bihurtu zen. Baina, 1527.ean inperioko gudariek Erroma zapaldu ondoren, mundu berri hura hankaz gora jarri zen, eta Aita Santuak aurreko politika eskuzabalari bukaera eman zion, ulertzen edo kontrolatzen ez zuenaren aurka gogor borrokatuz eta kultura modernoaren martxa oztopatuz.
Papera gure aroaren lehen mendean izan zen asmatua Txinan. Ustez, asmatzailea Tsai Lun izenekoa izan zen. Hala ere, Europan papergintzari azkeneko gurutzadatik etorritakoek eman zioten hasiera. Mende bat geroago gutxi gorabehera eta tipo askatuen asmaketarekin, molde finkoen bitarteko inprimaketa gauzatu zen eta, beraz, pergaminoan eskuz idatzitako sistema aspergarriaren amaierari hasiera eman zitzaion.
Aldi berean, nahiz eta nabigazio-maila apala izan, aurkikuntza geografikoek izugarrizko arrakasta eta bultzada ezagutu zuten. Lehenengo esploratzaileak portugesak ziren. Hauek arabiar-judutar astronomia erabiltzen zuten. Esperantza Oneko Muturra inguratuz Indiaraino iritsitako lehenengoa da Gama Vasco izan zen 1497an. Garai hartan Lurraren biribiltasunaz grekoen teoria onartua zegoen. Teoria honen arabera, Atlantikoan zehar mendebalderantz joanez Asiako kostalderaino iritsi beharko zen eta beraz itsasbidea zegoen Indiako gauzak Europaraino ekartzeko.
Ideia hau grekoengan ere ikus daiteke; besteak beste, Posidoniogan. Porrot egin zuten mila saio egin ondoren arrakastako unea iritsi zen: Kristobal Colombek 1492ko urriaren 12an Ameriketako kostaldea ikusi zuen. Hogeitalau urte geroago eta hiru urteko bidaia egin ondoren, euskaldun batek (Joan Sebastian Elkanok alegia) Lurrari bira osoa eman zion, ezpairik gabe gure planetaren biribiltasuna frogatuz.
Bidaia handi hauen ondorio hurbila, lur berrien aurkikuntzarekin batera pentsakeraren zabaltzea eta irekitzea da. Baina ez zen hori bakarrik gertatu. Lur berrietara merkatalgoa hedatuz, mendebaldeko industriek bultzada ezagutu zuten. Bultzada hau bi eratara eman zen. Batetik, merkatu berriek eta horniketa-iturriek izan zuten eragin ekonomiko zuzen eta zeharkakoagatik. Bestetik, prozesu honek ekarri zuen moneta-faktoreagatik.
Moneta ez da berez aberastasuna; ikurra baizik, trukerako bide bat alegia. Mundu Berriko urreak eta zilarrak moneta ugaltzea ekarri zuten eta beraz, prezioak igo egin ziren. Goratze honen bitartez, ekoizlearen nahiz merkatariaren irabaziak igo egin ziren. Aberastasunak eta berak dakarren lasaitasunak, burulanerako behar den giroari lagundu zioten eta kulturaren ingurua Erdi Arokoa baino askoz zabalagoa bilakatu zen.