Elkarren amorante, elkarren etsai

Irazabalbeitia, Inaki

kimikaria eta zientzia-dibulgatzailea

Elhuyar Fundazioa

Kaltzada, Pili

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Txirritak halako zehaztasunez deskribatu zuen hori “Norteko Ferrokarrila” zen; zeharo harriturik geratu bide zen lehen aldiz burdinezko sugetzarra bere begiez ikusi zuenean. “Hamaika ikusteko jaioak gara” pentsatuko zuen bere artean. Bertso horiek dira, irakurle, trenak sortu zion liluraren lekuko. Ondoko orriotan ez duzu seguruenik Txirritak erakutsitako zorroztasuna aurkituko, ez baikara gu maisu txiki-handiaren parean jartzekoak. Guk ere, deskribatu nahi izan dugu sarritan ikusitako trena, baina bestelakoa da “atera” zaiguna: bertsorik ez dago; bai, ordea, Txirritak azaldu zuen lilura bera. Ea zu ere liluratzeko balio duen!
1984. urtean iritsi zen Euskal Herrira lehen lurrin-makina. Baionan egin zuen gure arteko lehen agerraldia eta geroztik, gora-behera batzuk tarteko, trena edo errei gaineko garraiobidea garapenaren ardatza izan da. Trenbiderik gabe, izan ere, nekez ulertuko genuke gaur egungo Euskal Herria.

“ Nola esanaz ur irakinak
egiten zuen nigarra
preziso al da beti kalderan
kiskaltzen egon biharra?
ez daukat beste alimenturik
sua, kia eta txidarra
ongi miatzen baldin banauzu
hotzian badet indarra”

“ Nire munduko jakinduria
izan da oso azala
Jaingoikuari eskatzen diot
arren argitu nazala
garai batian ez genekien
elektrikari bazala
orain ur hotzak dabilzki
trenak lehen irakinak bezala”

Elkarren amorante, elkarren etsai

Gaur egungo Euskal Herriko tren-sarearen lehen arrastoak 1832 urtekoak dira. Bilbo eta Britainia Handiaren arteko lotura aski ezaguna da eta hango esperientziak hona ekarri nahian, Bilbo eta Balmaseda arteko trenaren proiektua garai hartan hasi zen mamitzen, gerra-garaiko zirkunstantziak zirela medio bertan behera geratu bazen ere. Nafarroan, bitartean, Iruñea eta Zaragoza lotuko zituen trena errealitate bihurtu zen hortik oso gutxira.

Euskal Herrian trena lehen aldiz Lapurdin ikusi zen. Pereire anaiek sortutako MIDI konpainiaren ekimenez, Bordele eta lrun lotzeko aspaldi zegoen asmoa gauzatu zen, Akizetik zetorren lurrin-makina Baionara iritsi zelarik l854an.

Hamar urte geroago argia ikusi zuen Hegoaldea zeharkatuko zuen lehen trenbide-sare garrantzitsuak. Pereire anaiak izan ziren, Iparraldean bezala, sare hau gauzatzeko ardura hartu zutenak. Horretarako, “Compañía de los Caminos del Norte” izeneko elkartea sortu zuten. Egitasmo honen arabera, ordea, Bilbotik ez eta Gasteiztik igaroko zen trena, Bizkaian hazkunde-bidean zegoen industria berriaren kalterako.

Ondorioz, Bilboko hainbat elkartek hiriburua eta Tutera lotuko zituen eta Norteko Konpainiarekin Mirandan bilduko zen trenbide-sarea sortu beharra aldarrikatu zuen. Garai hartako kronikek diotenez, dirua harripetik lortu omen zuten bizkaitarrek eta Norteko Konpainiaren lehen trena iritsi baino urtebete lehenago martxan jartzeko pronto zegoen bilbotarren ahaleginaz sorturiko trenbidea.

1882an sortu zen Bilbo eta Durango lotzen zituen trena, “Locos del Durangillo” izeneko taldeak sutsuki bultzatuta. Trenbide ‘merkea’ lortu nahi zen eta horretarako errei-zabalera estuko proiektua aurkeztu eta hobetsi zen. Eredua Hego Euskal Herrian sortzear zeuden trenbide-sare gehienetara hedatu zen eta eraginkortasun ekonomiko zein teknikoa zela medio, metro bateko zabalera duten trenbideak nagusitu ziren Euskal Herrian.

Gerra Zibilaren aurreko urteak oparoak izan ziren Euskal Herriko trengintzan. Sareak handiagotu ziren eta ibilgailuei garai horretako teknologiarik aurreratuena ezarri zitzaien. Gaur egungo ikuspegitik aztertuz gero, aldaketarik aipagarriena trenak higitzeko ordurarte erabilitako lurrina baztertu eta elektrizitatea ezarri izana da, zalantzarik gabe. Bilbo eta Donostiako trenbideetan ezaguna zen jadanik, baina garai horretan trenbide sare nagusietara hedatu zen, mantenimendu-lanak erraztuz. Honen ondorioz, lurrinak garrantzia galdu zuen eta hedadura gutxiko sareetara mugatu zen.

Gora-behera handiko urteak

l950eko hamarkadak Euskal Herriko trengintzaren gainbehera ekarri zuen. Errepide garraioa bultzatu zen eta, ondorioz, trenbide-sareak atontzera zuzenduta zeuden inbertsioek ihes egin zuten. Herri arteko trenbideak hasieran eta beste batzuk ondoren, Euskal Herriari ospe handia eman zion trenbide-sare mardula ahultzen hasi zen. Garai horretan, bestalde, trenbide-jabetza eskuz aldatu zen.Hegoaldeko zabalera handiko trenbideak RENFE konpainian bildu ziren eta Iparraldekoak SNCF delakoak batu zituen. Esku pribatuetatik publikora pasatzeak min handia egin zien Euskal Herriko tren konpainia txikiei. Horietarik asko burua altxatu ezinik geratu zen publifikazioaz geroztik.

Hemendik aurrerako pausoak ezagunagoak dira guztiontzat. Sareak hobetu dira, aldaketa nabarmen eta ikusgarri asko gertatu da, baina trena berreskuratzeko asko falta da oraindik. Bidean asko galdu du Euskal Herriko trenbide-sareak. Urolako Trena desagertu izana, adibidez, ez da erraz ulertzen den erabakia.

Desagertutako trenek hutsune handia utzi dute eta ez dirudi betetzen asmatzen ari denik. Epe motzera begiratu izanak ondorio latzak utzi dizkigu epe ertainera.

Erreiez ere banaturik

Dakigunez, Iparraldeko trenek Europako zabalera —hau da, 1,44 m— dute eta Hegoaldekoak, berriz, 1,67 m-koak dira. Zergatik ote? Arrazoi asko aipatu izan da hanka sartze historikoa justifikatzeko. Estrategia militarra izan zela esan izan da, baina tren ahaltsuagoak lortzeko asmoa omen da gaur egun zentzugabetzat hartzen den ezarpen honen gibelean dagoena; izan ere, trenbidea zabalagoek tren-makina potenteagoak ekarriko zituztela uste baitzen. Honek Europatik urrunduko gintuela beranduago edo beranduegi ohartu ziren garaiko “estrategak”.

Burdinbidearen Euskal Museoa

Urteak igaro dira eta Baionako geltokira lehen lurrin-makina iritsi zenetik euri franko egin du. Denbora ez da alferrik igaro eta Euskal Herriko historian pisu handia izan duen trenarekin dugun zorra oraintsu hasi omen gara kitatzen. Azpeitiko Geltoki Zaharrean bisita daitekeen Burdinbidearen Euskal Museoa horren adibide garbia eta bizia da.

Hango lantegi eta erakusketak bisitatuz, beste inon baino hobeto ohar gaitezke trenak gure historian izan duen garrantziaz. Geltoki zaharretako erloju-bilduma, lurrin-makinak, mende-hasierako kontrol-sistemak, diesel tren-makinak eta abarrek osatzen dute eskaintza. Denboraren martxa moteldu egiten da Museoan; unerik esanguratsuenetan geldialdiak eginez, Euskal Herriko historian zehar bidaia daiteke bertan. Trenez, noski.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila